Nola izendatuko zaitut, Aljeria
Assia Djebar

«Oui, comment te nommer, Algérie» (Vaste est la prison, 1995)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2015

 

Bai, nola izendatuko zaitut, Aljeria
Eta erortzen banaiz, halako egun batez, zuloan gibelatzen garelarik,
Abandona nazazu, buruz beheiti, neure begiak zabalik
Ez nazazu oheratu ez lurrean, ez putzu idor batean
izatekotz uretan
edo haizearen hostoetan
Neuk jarraikitzen baitiot gaueko zerua behatzeari
belarraren hotzikarak usaintzeari
irri guztien marretan barre egiteari
bizitzeari, oinak aitzinean dantza egiteari
eztiki usteltzeari!
Odolak, enetzat, errautsaren zurian dirau
Isiltasuna da
Damua da
Odola ez da lehortzen, iraungi baino ez da egiten.

Ez zaitut izendatzen, Aljeria samina
idazten zaitut
oihukatzen zaitut, begiaren «e» horrekin
Gure emakumeen hizkuntzan iturria den begia
Zure begia nigan, ihes egiten dizut, ahanzten zaitut, o behialako amatxi!

Eta halere,
«jakin gabe ere, iheslari», ez ote naizen izendatua
zure ildoan
iheslari eta jakinki, gaurdanik
migrazio ororen arrastoa hegaldatzea da
bahitzailerik gabeko bahiketa
zeruertzeko marra ezin ahitua
Nigan ezabatzen dira abiapuntuak oro
Desagertzen da sorburua
berriz abiatuta ere.

Iheslari eta jakinki, lasterketaren erdian
Pertsekuzio nekaezina setiatzearren idaztea
Urrats bakoitzean zabaldutako zirkulua berriz hetsi egiten da
Aitzinean heriotza, antilope setiatua
Aljeria ehiztaria, irentsia da nire baitan.

 

Nola izendatuko zaitut, Aljeria
Assia Djebar

«Oui, comment te nommer, Algérie» (Vaste est la prison, 1995)
euskaratzailea: Josu Landa
armiarma.eus, 2015