HEDA HEURE BURUA LEKU OROTAN
Tyree Daye

Leave Yourself All Over
euskaratzailea: Beñat Sarasola
armiarma.eus, 2024

 

Amona Carrierentzat

 

Erakuts iezadazu maitatzen

soilik hildakoek dakiten moduan.

 

Batzuetan hain da bizia zu ikusteko irrika

ezen nire burua  amesten baitut hegal gorriz mukuru.

 

Amari sekula egingo ez nituela

agindutako gauza horiek egiten ditut.

 

Ez nindukezun ezagutuko ezta hiria ere.

 

Hiru autopistek zeharkatzen dute

                behialako tabako-lurra.

 

Negar egiten dut gauero zugatik,

ez naiz geldituko jaialdi

more distiratsuak gorabehera,

zeru oro izutzen duten su artifizialak.

 

Zure hilobia bisitatzeko bidean,

non zure seme bakartiaren aldamenean ehortzi zintuzten

zeina inork hego egokirik eman ez zion aingeru

baten gisara ibiltzen baitzen Youngsvillen,

zu ikusi nahi zintudan hiri txiki horretan

non gure abizenak soja-labore bat ureztatu baitzuen,

nekez laboratua gizon zuri baten promesa pean.  

 

Hilerri zabal horretan hegagorri bat nola ikusi nahi zintudan.

Iritsi nintzenean jubileoa han izatea nahi nuen,

klera-gorri lumak zerua gezitzen odol-ilargi txiki bat bezala.

Uste dut ezingo ditudala hildakoak utzi sekula.

 

Nire aldarea beste mundu oso batzuez beterik.

Jada ez zarenean mamu izango

zure seme-alaben artean, biloben artean,

 

Aingeru oso bilakatzen zarenean, nire etxean

lasai lagatako txori,

gogoratuko al zara gurekin eta hala moduz eratutako gure bizitzekin?

 

Badakit lan gogorra dela hilik egotea.

 

HEDA HEURE BURUA LEKU OROTAN
Tyree Daye

Leave Yourself All Over
euskaratzailea: Beñat Sarasola
armiarma.eus, 2024