TABERNAN ASTEAZKEN
Otto Rene Castillo

Miércoles en taberna
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017

 

I

 

Elkarrekin

bisitatu dugu

arratsalde honetan

taberna zahar bat

Berlineko

mugetan,

ene maitea,

eta elkarrekin ikusi dugu

barrutik

euriaren hasmenta

nekeza

leihoz eta karrikaz

betetzen zela.

 

II

 

Oraindik ere

entzuten dut

nola ari diren hizketan

zure eskuak

nire eskuekin

gure mahai gainean

non tulipan batek

bere egun mingarrien

eta batere samurtasunik ez dakarrenaren

egunsentia

gogoratzen duen,

jakin badakienez

laster utziko diola

bizitzeari.

 

Aldameneko

mahaietan

gizonezkoek hitz

eta kantu.

Nahi duen eran

gauzatzen du

nork bere poza.

 

Emakumezko

eder eta bakartiak

kafe aspertu bat

hurrupatzen du

eguzkia urduritzen dela

bere pattar argiaren

bihotzean.

 

Nerabe leun

bikote batek

adi

jarraitzen du

gure ezpainen

hegaldi bateratua,

ene maitea,

eta bizi osoan

ez dute atzenduko

oroitzapen hau.

 

 

III

 

Sakon jo gaitu

aurpegian

euriaren eta haizearen

arretak

taberna zaharretik

irten garenean.

Ez diogu

halakoari

garrantzirik eman,

oraindik ez baitakigu

gerora

euria eta haizea

bakarrik

izango ditugula lagun

bizitzak,

nire bizitza latzak

bananduko gaituenean.

 

IV

 

Orain,

ene maitea,

bagatoz

hiri handiaren

barnera.

Artean,

zure zoriontasuna

nirearekin besarkatzen da

luzaz,

egun, ekaineko

asteazken honetan

maite dudan

eta nigan daramadan

Berlin honetan,

nigan bizi direlako

betirako zure begi-niniak,

ene maitea.

 

TABERNAN ASTEAZKEN
Otto Rene Castillo

Miércoles en taberna
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017