ILUNABARRAREN AZPIAN, BERLINEN
Otto Rene Castillo

Bajo la tarde en Berlín
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017

 

        I

 

Bazentozen

haizea bezala

urrundik.

Eta zugan zetozen

itsasoan bezala

ilargiaren samurra

eta eguzkiaren urratsa.

Zutik, ilunabarra

urruntasun bat zen

gar grisetan.

Zuhaitzen azpian

tristeak ziren zeruak.

Ez zen udaberria,

baina bai neguaren azkena.

 

 

        II

 

Ilunabar oroz

niregana helduko zinen

ilunabarra zen.

Handik harat

nire ereinotzezko leuntasunari

lotuak egongo ziren

zure pausoak.

Eta jadanik ez nintzen

munduan barrena bakarrik ibiliko,

arima biztanle barik

gosetu baten mahaia bezala.

Egun hartan

negar asko eta irri asko geneukan

oraindik jaiotzeko.

Kasik ezustean, hiri jendetsuko

ilunabarraren azpian

elkar topatzen dutenak ginen.

 

Hotz egiten zuen berokiaren barnean ere.

Inoiz ez nintzen izan orduan bezain zoriontsua ordea.

Ez zen udaberria, laztana,

baina bai neguaren azkena.

 

ILUNABARRAREN AZPIAN, BERLINEN
Otto Rene Castillo

Bajo la tarde en Berlín
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017