ZURE BEGIETAN, ORAINDIK, ELBA IBAIA
Otto Rene Castillo

En tus ojos el Elba, todavía
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017

 

Egun osoan

harrotu du

haizeak

zure adatsa,

ene laztana.

 

Nik, bitartean

Elba zure begi-ninietan

luze datorrela ikusten dut.

Grisa da

ibaiaren ura

eta berak mainatzen ditu

nire eta zure bizitzaren

ertz isila,

askoz geroago

etortzekoa den

arratsalde baten

oroitzapena sortuz.

Grisa da, duda barik

Elbaren

joate zabala

baina zure begietan,

ene maitea,

ibaia urdin ageri da

urdin

samurtasun urdin.

Goialdean

kaioak

askatasuna dira.

Zure aurpegitik

ikusten ditut

jira eta itzul,

gorantz eta beherantz,

eta, aldizka,

edozein bazterretan geratzen dira

itsasoa behar duen

bakarrizketa luzea entzuten.

 

Nik zure keinuen

hondoan

ikusten ditut,

ohitua nago,

handik hilabeteetara.

 

Haizeak

ez du bakean uzten

zure adatsa,

ene laztana.


Zuk ordea

ez dakizu

zenbat maite zaitudan

egun honetan,

Elba ondoan.

Ausaz

azken eguna dugu

elkarrekin

bere ondoan.

 

Eta zuk, hala ere

gutaz ari zara

oraindik etorkizun litzatekeen.

zer edo zer bezala

Hain handia

izango da noski

ni beti

zure ondoan

edukitzeko desioa.

 

Nik, bestela baitakoan

ibaia zure begietan ikusten

jarraitzen dut

ene laztana,

eta horrela ikusi nahi nukeen

nire bizitzako

egun guztietan.

 

Orain

heldu gara.

Haizea

amorratzen ari da

kanpoan,

garratz.


Orduan

leuntasun egitada bat

dituzu nire eskuak

zure adatsean.

 

Elba urrun

geratu zen.

Aterpean gaude

orain

baina niregana

makurtzen zarenean

“Esan, zer daukazu?”

galdezka,

nire aurpegia

erantzunik gabe hondoratzen da

oraindik

zure begietatik datorren

ur urdinean.

 

ZURE BEGIETAN, ORAINDIK, ELBA IBAIA
Otto Rene Castillo

En tus ojos el Elba, todavía
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017