ODOL ZAKARRA
Otto Rene Castillo

Áspera sangre
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017

 

Heriotzazko

kolpe bakarrean

suntsitu dute

goiz honetan

nigan zen aberea.

 

Berdez kantari besterik

ez dakien

udaberriko

goiz honetan,

Berlingo karrika hauetan.

 

Orain lasaia izango naiz

ibaia bezain

zabala eta mumurkaria.

Eta min emango didatenek

nire oinazea pairatuko dute,

aberetasun lerdeak

nire odol zakarretik

harrotzen zueneko baino

askoz sakonago.

 

Gizaki gisa

uste dut

asko heldu naizela

agian

igarria nagoelako

luze gabe

hil behar dudala.

Alabaina

nik

satsean barrena

herrestan ibili naizen honek

ona izan nahirik

eta beti gaiztoa izaten jakin nuen honek,

uste dut

nire bihotzean tinko

leuntasunak eskubidea duela

gauza guztien gainetik

edonon pizteko

udaberria bezala

hain goi eta garden

hain gozo eta gozo

nigan zen aberea

hila den goiz honetan Berlinen

kolpe eskerga eta izugarri batez.

 

Nigandik

ez dute ostera entzungo

bihotz eztandarik.

Orain badakit

haizea besterik ez dabilela nirekin

eta nire oinatzen ondotik

beste batzuk helduko direla ezabatuz.

 

Eta udaberri goiz honetan

Berlinen

igarria nago

irri gazte eta samur bat

loratu dela

negua hurreratu dadin

hondoratzeko.

Alabaina,

ergela ni, jarraitzen dut

luze gabe amaituko den

nire bide latz eta lakarra.

 

ODOL ZAKARRA
Otto Rene Castillo

Áspera sangre
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2017