DESERRIA I
Negarra zen nire deserria.
Polizien behako gris betierekoa nire aurpegi askiezaren gainean.
Gosearen ostatuak herriak bortxatzeko dolar eskutadaz haratago. Hilero katondutako ekipaia malkoz eta hautsez egina zen exodoa amaitzeko prest.
Itsasertz arrotzetan ibili nintzen nire herriaren aurpegiaren bila. Kaioz egindako egunsentiak nire atzetik. Indar zakarrez emandako besarkadak hartzen nituen arimaren zokoenean larrosazko lurrikara sentitzen dutenengandik; bosteko tinkatzeak iheseko gauetan non gure amaren ibai-behakoa sutzen zen, eta zeibaren dimentsio zaharra txorien hiria defendatzen uraren betiereko erasotik.
Sorterriaren malkoa nintzen ni Amerikaren masailean behera.
odolaren begi-ninietan ama haizeak daramatzatenetakoa naiz. Haurtzaroko aurpegia amestu ezkero enarez negar egiten dutenetakoa. Tximeleta arinen atzetik doazenetakoa. Eta neguko arratsaldeetan paperezko ontzietan nabigatzen dutenetakoa. Ozta naiz nire herriaren itsasgora gazte bat. Eta hala ere ba diotsot: bihar nire adatsa urdindu egingo da arrainez. Nire aurpegia ezabatuko dute lainoaren eskuek. Nire hezurren behakoa hautsezko haize batean galduko da. Baina bihotza osorik izango da gudari banderak goi.
Zuk, nire herriko merkatari horrek, entzun ezazu: Sumatu al duzu aberria oinez zure odolaz haratago? Itzarri al zaitu inoiz haren taupada ozenak? Entzun al dituzu, neguko egunetan, urrun bateko kafetegian jesarrita, beren borrokaz ari diren gizonak? Ikusi al duzu deserritua erdi hilik gela ziztrin batean etzana, kaxez osaturiko ohearen gainean maitasunean huts egin dioten semeen garaiera lausoaz galdezka? Entzun al duzu algara lantuka? Egin al duzu inoiz negar gure aberriaren sabel gorenaren gainean? Entzun al duzu Komunista! dizutela esaten ergelki, despota jainkotzen dutenen artaldekoa ez zarelako? Ikusi al duzu jostun eztia musu samurra ematen bere printze mekanikoaren aurpegi oliotsuan? Tinkatu al duzu munduaren etorkizun kolektiboa eraikitzen duten langileen eskua? Ikusi al duzu nola egiten duten irri ume txiroek beren haurtasunaren optimismo ederrean?
Nire herri garbiko merkatari horrek, zure isiltasuna handiagoa da haren aberastasun osoa baino. Eta zuek, indiferenteok, zer diozue? Ixo! Ez erantzun ezer. Ez ireki ahoa ez baldin bazarete gai protestaka erantzuteko. Eta beste galdera mingarri bat guztiontzat: Ba ote dakizue zer den deserria? Bai zera jakingo duzue! Neuk esango dizuet: deserria tristura baizik ez dabilen etorbide luzea da.
Deserrian, egun guztiek agonia dute izena, beste barik.
Eta hauxe azkenik, nire herriko merkatariok eta indiferenteok. Deserrian galtzen ahal da bihotza, baina galtzen ez bada inoiz ez dizute bere samurtasuna hilko, ezta bere ekaitzen bizi-indarra ere!
DESERRIA |