Hamahiru ate
aukeraketa eta itzulpena:
Joseba Sarrionandia / Mitxel Sarasketa
Elkar, 1985

 

ANIBAL MACHADO

 

 

 

Herri giro eta gai arruntetan zentzu ezkutuak
eta poesia berezia atzematen dakiten
idazle brasildarren artekoa da Anibal Machado.

Biaduktoko neskatila suizidatuaren istorioan ere,
hiriko jendearen kronika legez beti, gertaera goibeletik
giro harrigarri eta poetikora eramanen gaitu.

 

 

 

BIADUKTOKO SUIZIDA

 

      Neskatilak biaduktora igan eta Jainkoari eman zion bere arima. Leku txarra zen hura gorpua sokatik zintzilik egoteko, zeren azpian kalea baitzegoen, jendez beterik.

      Argi gorriak eragotzi egin zuen transitoa, harik eta bonberoek zeruko gorpu hura kendu arte.

      — Ba ote du bragarik?

      — Badu.

      — Ez du bragarik.

      — Bai, badu.

      Motoristak begira daude. Soldadoak begira daude. Jendea begira dago. Zalantzan daude oraindik, braga duen ala ez. Orduan haizeak, halan deliberatu ondoren, neskatilaren gona astindu du. Zum-zum entzuten da jende multzo artean.

      — Ez du bragarik.

      Komisarioak handik alde egiteko esaten die kalean bildu direnei. Debekaturik dago begiratzea. Lanean ari dira bonberoak. Gauak inguratu egiten du biaduktoa. Haizeak biluztu egin du neskatila suizidatua. Astroen arraildura, eta izar berri bat hasten da goian zintzilik dagoen neskatilaren gorpuan. Izarniatzen.

      Samindurik daude andereak, zerutik izar berri hura ahalbait arinen kendu dezatela bonberoei eskatzen, ez baita komeni hiriaren gainean dirdiraka luzaroan egon dadin. Eta bonberoak lanean ari dira, gizonak handik behetik zeuri, biaduktoko suizidatu hori, zeuri begira dauden artean, zutaz liluraturik baina isilik guziak; hantxe dago zeure okina ere, zeinagatik hil baituzu zure burua, okin hura, zeina berandu hasi baita zutaz maitemintzen, zure biluztasuna gaueko zeruan kriseilu legez azaltzen, kale bete beteko jende zurumurruaren gainean ikusi zaituenean eta gero.

 

 

Hamahiru ate
aukeraketa eta itzulpena:
Joseba Sarrionandia / Mitxel Sarasketa
Elkar, 1985