Hamahiru ate
aukeraketa eta itzulpena:
Joseba Sarrionandia / Mitxel Sarasketa
Elkar, 1985

 

KOSTAS AXELOS

 

 

 

Kostas Axelos izeneko bat agertzen da katalogoetan, Marx eta Teknika,
Etika Inestable baten Alde eta horrelako liburu trabukuen egilea.

Esadazu, autore hau eta zure bilduman agertuko dena pertsona bera diren.

Baliteke Etika Inestable baten Alde delako hori ere umore beltzekoa izatea.

J.E. Urrutia

 

 

 

EGIA

 

      — Amerika aurkitzera noa —aldarrikatu zuen egun batez Cristobal Colon harek.

      Eta joan egin zen. Bidaia luze baten ondoren, lurra ikusi zuen bat-batean.

      — Amerika da —esan zion bere jendeari.

      Inguratu eta lurrera jaitsi ziren. Hondartzan indio talde bat ikusi zuen, elkarren artean hitz egiten ari zena. Elkarri begira geratu ziren bi taldeak. Indioen buruzagia Cristobal Colon haren talderantza abiatu zen maiestatez.

      — Hi al haiz Cristobal Colon?

      Baietza entzun zuenean, bere jendearengana jiratu eta zera esan zien:

      — Mutilak, hemendik aurrera ez diagu ezkutatzen zertan ibili beharrik; aurkituta giaudek.

 

 

LENGOAIA

 

      Atlantidako zazpi biztanle paseoan dabiltza. Poeta. Pintorea. Apaiza. Bandidoa. Lukurrero edo usuragilea. Maitemindua. Pentsalaria. Koba baten aurrera heltzen dira. Bai leku egokia inspiraziorako —esan du poetak. Pintatzeko gai ederra —dio pintoreak. Leku ona otoitz egiteko —dio apaizak. Ezta ametsetan ere enboskadetarako holako lekurik —aitortzen du bandidoak. Gordailu paregabea —murmuriatzen du lukurreroak. Hau da hau ene maitasunarentzako babes lekua —egiten du maiteminduak amets. Koba bat da —gehitzen du pentsalariak.

 

 

MAITASUNA

 

      Gau aldera, ikasle alemaniar bat dantzaldira doa. Bertan neska gazte bat ikusten du, txit ederra, ile beltzekoa. Bere lepo luzearen inguruan, zinta mehe eta beltz bat, kibizto tipi batekin. Ikaslea gau osoan dabil berarekin dantzan. Egunsenti aldera, bere etxera darama. Jantziak kentzen hasten zaionean, neskak erregutu egiten dio, ez kentzeko mesedez lepo inguruan daraman zinta. Larru gorrian eta biluzik dauka bere besoetan, baina bere zintatxoarekin. Elkar maitatzen dute, eta loak hartzen ditu gero. Ikaslea lehena da iratzartzen, eta burko zurian dagoen neskaren aurpegiari begiratzen dio, lehengo lekuan segitzen du zintak. Hartu eta zintaren kibiztoa desegin du. Eta neskaren burua libratu eta lurrera doa.

 

 

HOMOSEXUAL BIKOTE BAT

 

      Masokistak: Hire oinetara jartzen nauk, gaur. Egidak benetan min, behin ere baino min gehiago, ahal duan gehiena.

      Sadikoak: Ez.

      Masokistak: Eskerrik asko.

 

 

IZANA, ETA DENAREN ESENTZIA

 

      Txinatar jakintsu bat paseoan dabil bere dizipuluarekin. Zubi baten gainetik ari dira pasatzen.

      Zein da zubiaren izana edo esentzia? —galdetzen du filosofo gaiak.

      Maisuak begiratu dio eta, bultzada batez, ibaira bota du dizipulua.

 

 

Hamahiru ate
aukeraketa eta itzulpena:
Joseba Sarrionandia / Mitxel Sarasketa
Elkar, 1985