Hamahiru ate
aukeraketa eta itzulpena:
Joseba Sarrionandia / Mitxel Sarasketa
Elkar, 1985

 

MAX AUB

 

 

 

Espainerazko literaturan ahaztu samar geratzen ari den idazle honek,

Mexikoko bere erbestean izkiriaturiko Crímenes Mexicanos ipuintxoekin,
umore beltzaren gainak ukitu zituen,
mexikanoen izakera ere doi doi ikertzen zuela.

 

 

 

HILKETA MEXIKANOAK

 

      Zein akabatu, horixe zen ene zalantza bakarra: linotipista ala zuzendaria. Hauxe hautatu nuen, entzunagoa. Zetatik zotara dagoen aldea.

 

* * *

 

      Ez, nik ene burua hil behar nuen. Baina pistola enkaskilatu zitzaidan. Benetan, neuretzat zen azkenengo bala. Zer axola bateren batzuk ene aurretik eramatea? Han, leihotik, ez zen batere salbatzen. Ene ehiztari denboran bezala.

 

* * *

 

      Jainkoa hil gauza guzien gainetik, eta lagun urkoa ere akabatu ahalbait, harik eta mundua esku ahurra bezain garbi geratu. Bertan harrapatu ninduten. Futbol zelai haretan: hainbeste idiota eserita! Eta ni ametrailadoraz segan, segan, segan. Lastima, amaitu orduko harrapatu nindutela.

 

* * *

 

      Bere izena oroitzen ez nuelako hil nuen. Zu ez zara sekula izan Zeremonialeko nagusiordea, ni bai, nagusi funtziotan gainera. Eta Lehendakaria ene aldamenean, ni ilaran zetozetanak aurkezten, eta pertsonaia hura, iladan, iristen, iristen...

 

* * *

 

      Nik laugarren tomoa berari utzi niola, eta berak ezetz erantzuten zidan! Eta ene liburutegian liburu Karen hutsunea, hilobi bat bezala...

 

* * *

 

      Betokerra zen eta bekaitzez soegiten ninduela iruditu zitzaidan. Bekaitzez begiratzen ninduen! Hemen, edozein hilda ere, zerraldo dagoela esaten da.

 

* * *

 

      Hainbeste istorio! Zer axola bata ala bestea! Klienteak zeuk hautatzen dituzu ala?

 

* * *

 

      Niri asko gustatzen zait zinea. Ni funtzioa hasten deneko ordu esaktoan ailegatzen naiz beti. Eseri, lasaitu, finkatu eta hitz bat ere ez dut galtzen, sarrerako xartela ene diruz ordaindu dudalako, gainera ikastea asko gustatzen zaidalako. Ez dut eragozpenik nahi, eta iladaren erdian eseritzen naiz, horregatik, ene aurretik inor iragan ez dadin. Ez dut aguantatzen! Eta bikote hura zurumurruka egondu zen notiziero unibertsalaren denbora guzian. Ene desatsegina erakutsi nien, nehurrian. Nahiko isilik egondu ziren marrazki animatuen filmean zehar, ez zen hain ona eta gainera ikusirik nuen (ez dago hori emateko eskubiderik, estrenuko zinetoki batean). Dokumentalean zehar solasean aritu ziren berriro. Asaldaturik itzuli nintzen heurengana, eta host minuturako isildu ziren, baina filmea hasi zenean, ordukoa jadanik ezin zen aguantatu. Inguruko guziak enekin ados zeudela iruditu zitzaidan, eta seseka hasi nintzen. Orduan ene aurka jarri ziren guziak. Injustoa zen hura. Oraindik ere mintzo zen bikoteari zuzendu nintzen, oihuka:

      — Isilduko ote zarete inoiz!

      Orduan, gizon harek gordinkeria bat esan zidan. Niri! Orduantxe atera nuen nik ene burdintxoa. Hari eta besteei, ea isiltzen ikasten zuten.

 

* * *

 

      Nik semea nahi nuen, jauna! Laugarren alaba erditu zidanean, akabatu egin nuen.

 

* * *

 

      Urdaileko mina nuela hil nuen.

 

 

Hamahiru ate
aukeraketa eta itzulpena:
Joseba Sarrionandia / Mitxel Sarasketa
Elkar, 1985