Hamahiru ate
aukeraketa eta itzulpena:
Joseba Sarrionandia / Mitxel Sarasketa
Elkar, 1985

 

FRANCIS PICABIA

 

 

 

"Francis Picabia izan zen lehenengoa,
hitz erlazio guztiak zilegi direla,
zenbat eta arbitrarioago eta aztoratzaileagoak
diren hainbesteko bertute poetikoa dutela entelegatzen"

André Breton

 

 

 

BEGI HOTZA

 

      Gure heriotzaren ondoren, bola baten barrura sartu beharko ginateke, zenbait koloretako egurrezko bola batera. Biraka bultzatuko lukete hilerriraino eta zeregin honetaz arduraturiko ehorzleek guante gardenak eramango lituzteke, maitaleei laztanen oroitzapenak gogora erazte arren.

      Bere instalazioa maite zenaren plazer objektiboaz aberastu nahi luketenentzat, kristelezko bolak leudeke, beren aitaitaren edo beren anaia bizkiaren biluztasuna begiratzeko.

      Inteligentziaren ildoa, steeple-chase kriseilua; gizakiek begirada artezeko beleen antza dute. Hilotz guzien gainetik abiatzen dira hegatsez eta estazioko nagusi dira larru gorri guziak!

 

 

BOST MINUTUTAKO ENTREAKTOA

 

      Lagun suitzar bat nuen, Jacques Dingue izenekoa; eta Perun bizi zena, 4.000 metrotako alturan; urte batzuk lehenago abiatua zen hara, herrialde haiek esploratzera, eta bertan india bitxi baten lilura nozitu zuen, honek ukatu egiten zizkion begipeak eta hura horrela zoratu zen. Ahultzen joan zen ezari ezarian, eta bizi zeneko etxolatik ezin zen ezta irten ere. Perutar mediku batek, zeinak bertaraino lagundu baitzuen, zaindu egiten zuen eta bere eskizofrenia alibiatzen entseatzen zen, baina hura sendaezina zela iruditzen zitzaion.

      Gau batean, gripe izurrite bat hedatu zen, Jacques Dingeri aterbea eskaintzen zion tribu tipi haretan; denak gaisotu ziren, salbuespenik gabe, eta berrehun indigena haietarik ehunda hirurogeita hamazortzi hil ziren egun guti batzuetan; aurki, mediku peruarra Limara itzuli zen ikaraturik. Ene laguna ere gaitz izugarri harek harrapatu zuen, eta sukarrarekin ezin zen mugitu.

      Hildako indio bakoitzak bazuen zakur bat edo gehiago, eta zakurrek laster ez zuten bizitzeko beste biderik izan beren jabeak jatea besterik; gorpuak irensten zituzten, eta horien arteko zakur batek eraman zion Dingueri berak maite zuen indiaren burua... Berehala ezagutu zuen eta hainbesteko zauzkada senditu zuen non batbatean sendatu baitzen erotasunaz eta sukarraz; indarrak itzuli zitzaizkion eta, orduan, zakurraren ahotik anderearen burua hartuta jolasten hasi zen, burua belaren bestaldera jaurti eta zakurrari ekartzeko aginduaz; hiru aldiz zuen jolastu, zakurrak sudurretik oratzen zuen burua eta ekartzen zion, baina hirugarrenean, Jacques Dinguek indartsuago jaurti zuelarik, burua hormaren kontra lehertu zen eta, alegantzia handirekin, eta bolo jokalariak egiaztatu ahal izan zuen agerturiko burmuin harek zirkunboluzio bakarra zuela; eta hain zuzen, ipurdi mami pare bat ematen zuela!

 

 

AFORISMO ALE BATZUK

 

      Gizasemeek, diplomak irabazi ahala galtzen dute beren izakera.

 

* * *

 

      Aileza beti gure zakilak gure sabel gainean itzala.

 

* * *

      Ahalkeak iraganaren azpian makurtzen dira.

 

* * *

 

      Mirestea, gaitzestea bezala, arrazoi txarren gainean eraiki ohi da.

 

* * *

 

      Hiltzear dagoen gizon ateoak apez bat eskatu du. Hobe luke emakume bat eskatzea!

 

* * *

 

      Zer litzateke eliza, Jainkoaren hilobia ez balitz?

 

* * *

 

      Ene pintura, bere senarrarekin larrua jo nahi ez duen emakumea da.

 

* * *

 

      Hilak baino zurbilagoak dira beti beren oheak.

 

* * *

 

      Paradisutik irten nintzen igande batez, ostiralean itsasertzeko arrosak ikustera joateko.

 

* * *

 

      Morala leku desegokian dago praken barru horretan.

 

* * *

 

      Ene atzean mintzo denak, ene ipurdiak begiratzen ditu.

 

* * *

 

      Nik behin batean neskatila bati erakutsi nion itsasoa, lehenengo aldiz ikusten baitzuen; berak esan zuenez ikusgarriagoa iruditu zitzaion lursagar soroa.

 

* * *

 

      Gurutzez beterik dabiltzan gizonek hilerrien antza dute.

 

* * *

 

      Larrua jotzea ez da gauza modernoa; hala ere, horixe da nik gehien maite dudana.

 

* * *

 

      Ideia burusoilekoak dira fede guziak.

 

* * *

 

      Gure zakilak begiak ukan behar lituzke, begion bidez amodioa hurbiletik ikusi dugula istant batez bederen sinesteko.

 

* * *

 

      Errege bat ezagutu dut, eta bere burua erregetzat hartzea da bere eromena.

 

* * *

 

      Carriere maisuak behin batean ikasle bati zelan pindatu erakusten ari dela diotso: “Hertsi itzazu begiak, eta ikusten duzuna egin!”

 

* * *

 

      Edozer gauza, ikusgarria gehiago izan ez dadin, aski da ez so egitea.

 

 

Hamahiru ate
aukeraketa eta itzulpena:
Joseba Sarrionandia / Mitxel Sarasketa
Elkar, 1985