Heriotza iragarritako baten kronika
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Xalbador Garmendia
Sendoa, 1982

 

 

        Urteak joan urteak etorri ez genuen mihian beste esatekorik. Gure eguneroko biziera, ordura arte honenbeste ekandu linealez meneratua izan zena, antsia komun beraren inguruan kolpean jiratzen hasia zen. Absurdoa posible egin izan zuten anitz kasualitate-kateatu ordenatu nahiz aritzen ginenean oilaritea etortzen zitzaigun gainera, eta bistakoa zen ez genuela honela egiten misterioak argitzeko irrikagatik, halabeharrak bat bederari markatu zion lekua eta misioa zehaztasun guztiz zein zen jakin gabe gure arteko inori bizitzen segitzea ezina zitzaiolako baizik.

        Anitz jende jakin gabe geratu zen. Alertatzeko asmotan goizaldera arte zain egon zitzaizkion gurasoen etxera atsedetara joan beharrean, gotzainari etorri arte aitona-amonarenean bi orduz zain egoteko izan zuen bultzadari zergatik amore eman zion ez zion bere buruari sekula esplikatu ahal izan Cristo Bedoya, halako batez zirujau ezaguna izango zenak. Krimena galarazteko zerbait egiterik izan baina egin gabe geratu ziren gehienak aitzakia honekin kontsolatu ziren, hots, ohoreari dagozkion arazoak estanko sakratu direla non sarbidea dramako parte hartzaileek bakarrik duten. «Ohorea maitasuna da», esaten aditzen nion neure amari. Odoletan ez zeuden bi ganibeta odoletan ikustea izan zen Hortensia Baute-ren parte hartze bakarra, hala ere haluzinazioaren poderioz hain hunkiturik sentitu zuen bere burua ze penitentzi krisian jausi zen, eta egun batean ezin gehiago jasanik kalera biluzik jo zuen. Flora Miguel, Santiago Nasar-en andregaiak, despitaz mugetako teniente batekin hanka egin zuen zeinak Vichada-ko kautxu biltzaileen artean prostituitu zuen. Aura Villeros, hiru azaldiri jaiotzen lagundu zien emaginak, berria izan zuenean maskuriko espasmoa izan zuen, eta heriotza egunera arte txiza egiteko zundaren beharrean izan zen. Rogelio de la Flor jauna Clotilde Armenta-ren senar jatorra 86 urterekin bizitasun aparta zuena, Santiago Nasar bere etxeko ate itxiaren kontra nola zatikatzen ari ziren ikusteko jaiki zen azkeneko aldiz, eta barne-zarrada ezin izan zuen gainditu. Azkeneko istantean itxi zuen atea Plácida Linero-k, baina ordu onean zuritu zuen bere burua zukeen kulpaz. Divina Flor-ek «nire semea etxea sartzen ikusi zuela zin egin zidalako itxi nuen —kontatu zidan—, eta ez zen egia». Aitzitik, arbolen augurio bikaina txorien dohakabeaz konfunditu zuelako ez zion bere buruari inoiz barkatu, eta bere garaian kardaminaren haziak murtxikatzeko zegoen ohitura kaltegarriaz jorik hil zen.

        Krimena burutu eta handik hamabi egunetara, herritarrak arre-arre aurkitu zituen sumarioa zertu zuen instruktoreak. Jauregi Munizipaleko oholezko bulego ilun-zikinean, beroaren espejismoaren kontra eltzeko kafea kanabera-ronarekin hartzen ari zelarik, draman izan zuten inportantzia azaltzeko irriki biziz inork hots egin gabe deklaratzera trumilka heldu zen jendeteria bideratzeko, errefortzuko tropak eskatu beharrean izan zen. Graduatu berri zen, eta oraino Lege Eskolako ehun beltzezko jantzia zuen soinean, eta urrezko eraztuna bere promozioko ezaugarri eta guzti, eta ama erdiberri zoriontsuaren hantustea eta lirismoa. Nola zeritzan ordea ez nuen inoiz jakin. Haren izaeraz eta jitez dakigun apurra sumarioaren bidez jakin genuen, zeina krimena egin eta hogei urte geroago Riohacha-ko Justizi Jauregian bilatzen jende askok lagundu zidan. Artxiboetan ez zen inolako klasifikaziorik, eta ehun urtez zabaldu ziren espedienteak bi egunez Francis Drake-ren kuartel jenerala izan zen eraikin zaharkituaren lurrean pilaturik zeuden. Mareagora zenean behetxeak urez gainezka egiten zuen, bulego bakartietan bolumen josigabeak hantxe ur-azalean batetik bestera. Ni neuk uretan orkatilaraino sartuta askotan arakatu nuen auzi galduen urmael hura, eta bost urtez bilaka ibili ondoren kasualitatez erreskatatu.

        Epaikariaren izena ez zen inon ageri, baina gauza nabarmena zen literatur sukarraz kiskalirik zegoen gizona zela. Espainol klasikoak irakurririk zituen segurik, bai zenbait latindar ere, eta oso ongi ezagutzen zuen Nietzsche, bere garaiko magistratuen artean modan zegoen idazlea bera. Bazterretako oharrek, eta jakina ez tintaren koloreagatik bakarrik, odolaz idatzirik ziruditen. Suertean egokitu zitzaion enigmarekin hain zegoen txunditurik, ze sarri-sarritan denbora-pasa lirikori eman zitzaion beti ere bere ofizioak eskatzen zuen zorroztasunaz kontrastean. Batez ere, hain heriotza iragarria inolako behaztoparik gabe burutzeko literaturari galarazirik zaizkion honenbeste kasualitatez bizitza baliatzea, ez zitzaion inoiz gauza legitimoa iruditu.

        Halarik ere, bere arta demasaren ondotik gehien alarmatu zuena hauxe izan zen, hots Santiago Nasar iraina kausatu zuena ote zen jakiteko arrastorik, txikienik ere ez zuela aurkitu. Angela Vicarioren adiskideak, engainuan bere konplizeak izan zirenak, eztei-egun aurretik sekretua nola aditzera eman zien luzaz konta eta konta aritu ziren, baina haiei ere ez zien inoren izenik azaldu. Honelaxe deklaratu zuten sumarioan: «Mirariaren berri eman zigun, ez santuaren». Angela Vicario, bestalde, bereari beti. Epaikari instruktoreak bere estilo zeharrekoarekin Santiago Nasar nor zen ba ote zekien galde egin zionean, beti bat, ez-axola erantzun zuen:

        —Nire autorea izan zen.

        Halaxe datza sumarioan, baina egin zen eraz eta lekuaz beste ezein zehetasunik gabe. Hiru egun soilik iraun zuen judizioan, alderdi zibilaren ordezkariak kargu horren hutsaltasuna agerian jartzen eginahalak egin zituen. Santiago Nasar-en kontra egiazko probarik ezaz hain zen handia epaikari instruktorearen txundidura, ze egin zuen lan ederra aldian behin desilusioaz desbirtuaturik dagoela dirudien. 416. orrialdean bere eskuz eta botikariaren tinta gorriaz hauxe idatzi zuen bazterreko oharrean: Emadazue aurreiritzi bat eta mundua mugituko dut. Etsipenezko parafrasi horren azpian, odol tinta bereko marra finaz, bihotz bat geziaz zeharkaturik marraztu zuen. Harentzako bezala Santiago Nasar-en adiskiderik minenentzako, azken ordutako haren portaera bere inozentziaren aldeko proba biribila izan zen.

        Egozten zitzaion injuria-laidoaren prezioa zein izango zen oso ongi ezagutzen zuen arren, heriotza-eguneko goizean, izan ere, Santiago Nasar-ek ez zuen duda izpirik izan. Ingurukoen jite santu-itxurazkoaren berri bazuen eta jakin bazekien bikien izaera xinpleak ez zuela amore emango laido-eskarnioaren aurrean. Inortxok ere zuen erabat ongi ezagutzen Bayardo San Román, Santiago Nasar-ek ordea aski ongi ezagutzen zuen haren hantuste mundutarraren azpian bere jatorrizko aurreiritziei edozein ama-seme bezain menpeko zitzaiela jakiteko. Honenbesteko axolagabetasun kontzientea, beraz, suizida zatekeen. Horretaz aparte, noizbait behar eta azkenik Vicario anaiak hiltzeko jarririk zirela jakin zuenean, ez zuen erreakzionatu ikaraz bailegoen, hor nonbait esan izan denez, are inozentziaren nahasmen-desconciertoa izan zen eta.

        Zergatik hil behar zuen konprenitu gabe hil zela, horixe da nire inpresioa. Nire arreba Margot-i gure etxera gosaltzera etorriko zela agindu ondotik, Cristo Bedoya-k besotik heldu eta kaitik barrena eraman zuen, eta bata zein bestea hain oharkabe eta axolagabe ibili ziren ze ilusio faltsuak ernarazi zituzten. «Jainkoari eskerrak eman nizkion —esan zidan Meme Loaiza-k—, hain pozik zirelako, hori eta horrenbestez arazoa konpondurik zela uste izan nuen eta». Jakina, ez zuten guztiek beste honenbeste maite Santiago Nasar. Polo Carrillo, lantegi elektrikoaren jabeak, haren baretasuna sinpleziarena baino are zinismoarena zela pentsatzen zuen. «Aberaskumea zelako ukiezina zela uste zuen», esan zidan. Fausta Lopez, bere emazteak, komentatu zuen: «Turko guztiak antzekoak». Indalecio Pardo orduantxe pasatu zen Clotilde Armentaren dendatik, eta bikiek esan zioten gotzainak alde egin bezain laster Santiago Nasar-ez beste egingo zutela. Beste askok bezalaxe gautxorien fantasiak zirela uste izan zuen, alabaina Clotilde Armenta-k egia hutsa zela sartu zion, eta Santiago Nasar-engana joan eta mezutu ziezaiola eskatu.

        —Ez zaitez alferrik molesta —esan zion Pedro Vicario-k—: dena den jadanik hilik balego bezala da.

        Desafioa arrunt bistakoa zen. Indalecio Pardo eta Santiago Nasar-en arteko harremanak ondotxo ezagutzen zituzten bikiek, eta uste izan bide zuten beroriek lotsagarri gertatu gabe krimena galarazteko huraxe zela pertsonarik aproposena. Portua abandonatzen ari ziren taldeen artean aurkitu zuen baina Santiago Nasar Cristo Bedoya-ri besotik helduta, eta ez zuen abisua emateko ausardiarik izan. «Enuxu-banuxu geratu nintzen», esan zidan. Bakoitzari sorbaldan zartatekoa jo, eta hantxe utzi zituen pasean-pasean. Ia konturatu ere ez ziren egin, eztei-eguneko diru kontuak egiten lanik asko bazuten eta.

        Haien norabide berari jarraituz jendea plaza alderat sakabanatzen ari zen. Jende-talde handia zen, estu-estu guztiak. Baina Escolastica Cisneros-ek nabaritu uste izan zuen bi adiskideak inolako oztoporik gabe zihoazela zentrotik aurrera, zirkulu huts baten barrenean, jendeak bazekien-eta Santiago Nasar-ek hil behar zuela, eta inork ez zuen hura ukitzeko ausardiarik. Cristo Bedoya-ri ere haiekiko izan zuten postura berezia gogoratzen zitzaion. «Aurpegia pintaturik bagenu bezala begiratzen ziguten», esan zidan. Haiek pasatzen ari zireneanxe zabaldu zuen bere zapata-denda Sara Noriega-k, eta izuturik geratu zen Santiago Nasar-en aurpegi zurbila ikusita. Hark ordea lasaitu egin zuen.

        —Zer nahi duzu, Saratxo —esan zion geratzeke—, biharamun honekin!

        Etxeko ate ondoan pijama jantzita eserita zegoen Celeste Dangond, gotzainari ongietorri egitera joan eta jantzirik geratu zirenei dena irri eta trufa. Kafea hartzera gonbidatu zuen Santiago Nasar. «Pentsatzen ari zen bitartean denbora luzatzearren izan zen», esan zidan. Nire arrebarekin gosaltzeko arropaz aldatzera presaka joan beharrean zela erantzun zion ordea Santiago Nasar-ek. «Erabateko nahaspila sortu zitzaidan —esplikatu zidan Celeste Dangond-ek— izan ere bat-batean eman zidan buruak, egin behar zuenaz hain seguru egotekotan, inork ezin zezakeela hil». Aldez aurretik egiteko asmotan zuena egin zuen bakarra Yamil Shaium izan zen. Zurrumurruaren berri izan orduko bere jenero dendatik atarira irten eta Santiago Nasar-en zain geratu zen abisua emateko. Ibrahim Nasar-ekin ailegatu zen azkeneko arabiarretarik zen, hil arte beti harekin kartatan aritu zena, eta oraindik ere familiako kontseilari hereditarioa izaten segitzen zuen. Santiago Nasar-i hitz egiteko hark bezainbat aginpide beste inork ez zuen. Zer gerta ere ordea zurrumurrua funtsik gabea baldin bazen alferrik alarmatuko zela eta, lehen-lehenik Cristo Bedoya-rekin kontsultatzea nahiago izan zuen, hau hobeto informaturik zegokeelakoan. Pasatzeko momentuan hots egin zion. Dagoeneko plaza izkinan ziren, eta Cristo Bedoya-k Santiago Nasar-i sorbaldan esku zartatxo bat eman eta Yamil Shaium-en deiari erantzunez honengana bildu zen.

        —Larunbatera arte —esan zion.

        Santiago Nasar-ek ez zion erantzun, baizik eta arabiarrez Yamil Shaium-i zuzendu zitzaion eta honek ere arabiarrez erantzun zion, barrez leher gaizto egin beharrez. «Hitz jokoa zen guztia, beti jostaketan ari», esan zidan Yamil Shaium-ek. Geratu ere gabe, Santiago Nasar-ek eskuaz agurtu eta plazako izkinaz bestaldera egin zuen. Geroztik ez zuten gehiago ikusi.

        Cristo Bedoya Yamil Shaium-ek eman zion albistea aditu bezain pronto ziztu bizian irten zen dendatik Santiago Nasaren atzetik. Izkinaz bestaldera egiten ikusirik zuen, hala ere ez zuen aurkitu plazan sakabanatzen hasita ziren talde tartean. Hartaz zenbaiti galde egin eta beti erantzun bera:

        —Oraintxe arestian ikusi zaituztet elkarrekin.

        Ia betarik izan ez eta dagoeneko etxean izatea ezina iruditu zitzaion, baina halarik ere barrenean sartu zen hartaz galde egitera, etxaurreko atea atalaga eman gabe eta erdi zabalik aurkitu zuen eta. Lurrean zetzan papera ikusi gabe sartu zen eta erdi ilunpetan ahaleginean hotsik atera gabe batetik bestera egin zuen salan, artean bisita egiteko goizegi baitzen, baina zakurrak aztoratu ziren etxeko beste muturrean eta bidera irten zitzaizkion. Giltzak astinduz baretu zituen, izan ere nagusiagandik halaxe zuen ikasirik, eta ondotik erasoka zituela su alderaino sartu zen. Karreran Divina Flor-ekin gurutzatu zen, salako zorua leuntzeko asmotan urontzia eta piltzarbiltzailea eskuan. Santiago Nasar artean etxera gabe zela segurtatu zion. Su aldean sartu zenean orduantxe zuen su gainean koneju gisatua ezarririk Victoria Guzmán-ek. Honek berehalaxe konprenitu zuen. «Bihotza ahotik atera hurran zuen», esan zidan. Santiago Nasar etxean ote zen galde egin zion Cristo Bedoya-k, eta hark xalo-xalo plantak eginez bezala ez zela oraindik lotara etorri erantzun zion.

        —Serio ari natzaizu —esan zion Cristo Bedoya-k—. Hiltzeko asmotan atzetik dabilzkio.

        Victoria Guzmán-i ederki ahaztu zitzaion bere xalotasuna.

        —Mutil gizagaixo horiek ez dira inor hiltzeko gauza —esan zuen.

        —Larunbataz geroztik zurrutean ari dira —esan zuen Cristo Bedoya-k.

        —Horrexegatik hain zuzen —errepikatu zuen besteak—: ez da hordirik bere kaka jango duenik.

        Cristo Bedoya aretora itzuli zen, non Divina Flor-ek leihoak zabaldu berri zituen. «Jakina bada ez zuela euririk ari», esan zidan Cristo Bedoya-k. «Hortxe nonbait ziren goizeko zazpiak eta dagoeneko eguzkiaren printza urreztatuak leihotik barrena». Salako atetik barrura Santiago Nasar sartu ez zela seguru al zegoen galde egin zion berriro Divina Flor-i. Oraingoan ez zion lehenbizikoan bezain seguru erantzun. Plácida Linero-z galde egin zion, eta istant bat lehentxeago gau-mahaian kafea utzi ziola erantzun zuen hark, baina ez zuela iratzarri. Honelaxe ohi zuen egunero: zazpietan itzar, kafea har, eta gero beheiti nolako otordua jarri behar zen esatera. Cristo Bedoya-k erlojuari begiratu zion: 06:56ak ziren. Orduan bigarren bizitzara igo zen, Santiago Nasar ez zela han sartu bere burua konbentzitzera.

        Logelako atea barrutik itxita zegoen, amaren logelatik barrena irten baitzen Santiago Nasar. Bere etxea bezain ongi ezagutu ez ezik hain konfiantza handia zuen etxekoekin ze Plácida Linero-ren logelako ateari bultza egin zion handik ondoko logelara pasatzeko. Eguzkiaren izpi-sorta hauskara sartzen zen sabaileihotik, eta hamakan saiheska etzanik zegoen emakume ederrak, ezkonberriaren eskua masailean, itxura irreala zuen. «Agerpen baten antzekoa izan zen», esan zidan Cristo Bedoya-k. Beha egon zitzaion istant batez, haren ederraz liluraturik, eta gero logelatik alderik alde egin zuen, bainu aurretik zuzenean iragan zen, eta Santiago Nasar-en logelan sartu. Lehen bezala ohea ukitu gabe zegoen, eta besaulkian zaldi gainean ibiltzeko arropa ongi tolestatuta, eta arropa gainean zaldizkoaren kapela, eta lurrean botak ezproien ondoan. Gau-mahai gainean zegoen Santiago Nasar-en eskumuturreko erlojuak 06:58ak markatzen zituen. «Armaturik aterea izango zela pentsatu nuen bat batean», esan zidan Cristo Bedoya-k. Gau-mahaiko kutxatilan hantxe aurkitu zuen ordea magnum-a. «Inoiz ez nuen tiro bat jo —esan zidan Cristo Bedoya-k—, baina errebolberra hartzea erabaki nuen Santiago Nasar-i eramateko». Gerrikoan egokitu zuen alkandora azpian, eta krimenaren ondotik bakarrik konturatu zen kargatu gabe zegoela. Kutxatila ixten ari zen momentuan eskuan kafe-kikara azaldu zen atean Plácida Linero.

        —Jainko maitea —egin zuen oihu— hau ikara sartu didazu!

        Cristo Bedoya bera ere ikaratu zen. Argitan bete-betean ikusi zuen, larretxori urreztatuez apainduriko bataz jantzita eta ilea nahas-mahas, eta haren xarma engoitik aienaturik zen. Zerbait lotsatuta bezala esan zion Santiago Nasar-en bila sartu zela.

        —Gotzainari ongietorri egitera joanik da —esan zuen Plácida Linero-k.

        —Lehorrera egin gabe alde egin du —esan zuen hark.

        —Halaxe egingo zuela uste nuen —esan zuen Plácida Linero-k—. Ama txarrenaren semea da.

        Ez zuen segitu, Cristo Bedoya nondik nora jo ez zekiela zegoela orduantxe konturatu zen eta. «Jainkoak barkaturik didala espero dut —esan zidan Plácida Linero-k—, ze hain nahasirik eta konfunditurik ikusi nuen lapurreta egitera etorririk zela bat batean burura baitzitzaidan». Zer zuen galde egin zion. Egoera susmagarrian aurkitzen zela kontziente zen Cristo Bedoya, alabaina ez zuen egia ezagutarazteko kemenik izan.

        —Minutuko lorik ere ez baitut egin —esan zion.

        Argitasun gehiago eman gabe alde egin zuen. «Dena dela —esan zidan— lapurretan ari zitzaizkiola uste zuen beti». Plazan aita Amador-ekin egin zuen topo, elizatik itzulian meza hutseginaren jantziak berarekin, baina ez zitzaion iruditu haren arima salbatzeaz aparte beste ezer egin zezakeenik Santiago Nasar-en alde. Berriro ere portu aldera abiaturik zen eta hor non konturatzen den Clotilde Armenta-ren dendatik hoska ari zaizkiola. Ate ondoan zegoen Pedro Vicario, zurbil eta txima jario, alkandora askatuta eta besoak ukondoraino hazita, eta berorrek eskuzerraren ahoaz fabrikatu zuen ganibeta latzarekin. Bere jarrera nabarmenegia zen kasuala izateko, ez hala ere krimena egitea galarazteko azkeneko minutuetan erakutsi nahi izan zuen bakarra ez agerikoena ere.

        —Cristobal —egin zuen deiadar—: esaiok Santiago Nasar-i bera hiltzeko hementxe zain jarrita gaudela.

        Hori galarazteko mesedea egin ziokeen Cristo Bedoya-k. «Errebolberraz tiroa jotzen jakin izan banu, Santiago Nasar bizirik zatekeen», esan zidan. Bala blindatu baten indar suntsigarriaz honenbeste entzuna zen, ze burutazioak berak bakarrik halakoxe zirrara egin zion barruan.

        —Jakin ezak motorea alderik alde pasatzeko moduko magnum-arekin armaturik dagoela —egin zuen oihu.

        Hori ez zela egia bazekien Pedro Vicario-k. «Zaldizkoen arroparik ez zeramanean, armarik gabe zen beti», esan zidan. Halaz guztiz ere arrebaren ohorea garbitzeko erabakia hartu zuenean halaxe armaturik egongo zela pentsatu zuen aldez aurretik.

        —Hilek ez diate disparatzen —egin zuen oihu.

        Pablo Vicario ate ondoan azaldu zen orduan. Anaia bezain zurbil, eztei-eguneko jaka jantzirik eta ganibeta periodikoan bilduta. «Horrexegatik izan ez balitz —esan zidan Cristo Bedoya-k—, bietarik nor zein zen ez nukeen sekula jakingo». Pablo Vicario-ren ondotik Clotilde Armenta azaldu zen, eta axkar-axkar ibiltzeko esan zion oihuka Cristo Bedoya-ri, herri mari-purtzil hartan hark bezalako gizon batek beste inork ezingo zuela tragedia galarazi eta.

        Handik aurrera gertatu zenaz herri osoa jabetu zen. Oihuz alertatuta portutik itzulian heldu zen jendea plazan posizioak hartzen hasi zen hantxe krimena ikusteko. Cristo Bedoya-k Santiago Nasar-en berririk ba ote zuten galde egin zien zenbait ezaguni, eta inork ez zuela ikusi. Club Social-aren ate ondoan Lazaro Aponte koronelarekin egin zuen topo eta Clotilde Armenta-ren denda aurrean orduantxe gertatu zenaren berri eman zion.

        —Ez da posible —esan zuen Aponte koronelak—, nik neronek bidali nituen lotara eta.

        —Oraintxe arestian ikusi ditut zerriak hiltzeko ganibeta batekin —esan zuen Cristo Bedoya-k.

        —Ez da posible, lotara bidali baino lehen nik neuk kendu nizkien eta —esan zuen alkateak—. Horretara baino lehen ikusi bide zenituen.

        —Oraintxe dela bi minutu ikusi ditut eta bakoitzak ganibeta bana zuen zerriak hiltzekoetarik —esan zuen Cristo Bedoya-k.

        —Mila deabru —esan zuen alkateak—, beste batzuekin itzuliko ziren orduan!

        Guztiorretaz berehalaxe arduratuko zela agindu zuen, baina Club Social-ean sartu zen gauean joka asmotan ziren domino partiduan bertan izango zela esatera, eta handik irten zenerako jadanik krimena buruturik zen. Cristo Bedoya-k orduantxe egin zuen bere hankazulo bakar larria: pentsatu zuen azkeneko momentuan arropaz aldatu baino lehen gure etxean bazkaltzea erabaki zuela Santiago Nasar-ek, eta hara jo zuen haren bila. Ibai bazterretik aurrera egin zuen, topo egiten zuen guztiari pasatzen ikusi al zuen galde eginez, baina inork ez zuen haren zantzurik. Ez zen larritu, gure etxera jotzen zuen beste kamiorik bazen eta. Prospera Arango, cachaca-k, aita etxeko espaloian hilzorian zuela eta haren alde zerbait egiteko erregutu zion, zinez gotzainaren bedeinkazio iheskorrari kutsagaitz. «Handik pasatzerakoan ikusi nuen —esan zidan arreba Margot-ek —,eta orduko hil itxura zuen». Gaixoa zertan zen finkatzeko lau minutu behar izan zituen Cristo Bedoya-k, eta urgentziazko laguntza ekartzera beranduago etorriko zela agindu zion, Prospera Arango-ri gaixoa logelara eramaten laguntzen beste hiru minutu galdu zituen ordea. Irten zenean zarata-hots urrunekoak aditu zituen eta plaza aldean txapliguak lehertzen ari zirela iruditu zitzaion. Korrika egin gogo zuen, baina gerrian txarki egokiturik zuen errebolberrak galarazi egiten zion. Azkeneko izkinaz bestaldera egin zuenean gibelez gibel zegoen nire ama ezagutu zuen seme tikiena lorrean zuela ibilki.

        —Luisa Santiaga —egin zion oihu—: non da zure semebitxia.

        Nire amai doi-doi itzuli zen aurpegia malkotan blai.

        —Ene bada motel —erantzun zuen—, hil egin dutela ziotek!

        Bai izan ere. Cristo Bedoya haren atzetik zebilen bitartean, Santiago Nasar Flora Miguel, bere andregaiaren etxera sartu zen, azkeneko aldiz ikusi zuen izkinaz bestaldean hain zuzen ere. «Ez zitzaidan burura hor izan behar zuenik —esan zidan— eguerdia baino lehen ez ziren horiek inoiz jaikitzen eta». Aski zabaldurik zen familia osoak eguerdira arte lo egiten zuela Nahir Miguel-en aginduz, komunitateko jaun jakintsua bera. «Horregatik Flora Miguel, zeina hori eta horrenbestez inork ez zuen engainatzen, arrosaren pare zen kontserbaturik», dio Mercedes-ek. Egia hauxe da etxea itxirik uzten zutela, beste asko lekutan bezala, hala ere goiztiarrak ziren eta langile finak. Santiago Nasar eta Flora Miguel-en gurasoak konforme ziren horiek elkarrekin ezkontzeko. Nerabezaroan bete-betean zenean hartu zuen konpromisoa Santiago Nasar-ek, eta berori betetzeko prest zen, aitaren antzera ezkontzari buruz kontzepzio utilitarioa zuelako agian. Flora Miguel-ek, bere aldetik, dontzeila kutsu aski nabarmena zuen oraino, alabaina graziaz eta zentzuz eskas zen, eta bere azaldikoen eztei guztietan amabitxi izan zen, beraz konbenioa neskarentzat soluzio probidentziala gertatu zen. Ezkongaialdia erraza gertatu zitzaien, ez bisita benazkorik ez bihotzeko larritasunik. Ezkon eguna behin eta berriro atzeratu ondoren, azkenean hurrengo Eguberritarako izendatu zen.

        Astelehen hartan gotzainaren ontziaren lehenbiziko orroekin itzarri zen Flora Miguel, eta handik berehalaxe enteratu Santiago Nasar hiltzeko zain-zain jarrita zeudela Vicario bikiak. Nire arreba mojari adierazi zionez —zoritxarraren ondotik hura beste inor ez zuen mintzatu—, nork esan zion ere ez zuen gogoan. «Hauxe bakarrik dakit goizeko seietan den-denek bazekitela», esan zion. Hala ere inork Santiago Nasar hil behar zuenik pentsaezina zitzaion, aldiz Angela Vicario-rekin ezkontzera bortxatuko zutela egin zuen gogoeta, ohorea berreskura ziezaion. Bere burua honela gutietsita ikusirik krisi handia jasan zuen. Herri erdia gotzaina noiz etorriko zain jarrita zegoen bitartean bera hantxe logelan negarrez amorrazio bizian, eta Santiago Nasar-ek ikastetxetik bidali zizkion eskutitzak kutxatilan zuzen-zuzen jartzen.

        Flora Miguel-en etxetik pasatzen zen bakoitzean, hala berean inor ez zegoenean, Santiago Nasar-ek giltzekin leihoetako sare metalikoari harramaska egiten zion. Astelehen hartan, altzoan eskutitz kaxa zuela zuen neska zain. Santiago Nasar-ek ezin zuen hura kaletik ikusi, berak bai ordea ikusi zuen sare metalikoaren zirriztuetatik hurbiltzen giltzekin harramaska egin baino lehenagotik ere.

        —Sar hadi —esan zion.

        Etxe hartan goizeko 06:45etan ez zen artean inor sartu, ezta medikua bera ere. Santiago Nasar-ek lehentxeago aztin utzi zuen Cristo Bedoya Yamil Shaium-en dendan, eta honenbeste jende zegoen plazan hari zer gertatuko zain, ze ez zen konprenigarri andregaiaren etxean sartzen inork ez ikustea. Besterik ezean ikusi zuen bakar baten bila ibili zen epaikari instruktorea, eta egiteko horretan ni adinaxe saiatu zen, baina ezina izan zen. Sumarioko 382. orrian tinta gorriz bazterreko oharrean beste sententzia hau idatzi zuen: Halabehar-faktalitateak ikusezinezko bihurtzen gaitu. Hauxe da egia Santiago Nasar ate nagusitik sartu zela, denen bistan, eta bere burua ezkutatzen ez zela ahalegindu. Flora Miguel salan zegoen haren zain jarrita, amorrazio bizian su eta fu, egun gogoangarrietan jantzi ohi zuen txirrindola zorigaitzeko soinekoaz jantzirik, eta kaxa eskuan utzi zion.

        —Hor dituk —esan zion—. Hobe hiltzen bahaute!

        Santiago Nasar hain txunditurik geratu zen, ze kaxa eskutik erori zitzaion, eta amodiorik gabeko bere eskutitzak lurrean barreiatu ziren. Logelan Flora Migueleraino heldu nahi izan zuen, baina honek atea itxi zuen eta krisketari eman zion. Behin eta berriro jo zuen atea, eta ordu garai hartan izateko ahots hertsakorregiaz deitu zuen, beraz, hori eta horrenbestez zer gertatzen ote zen familia osoa haraxe bildu zen. Izter-lehengusu eta ahaide politiko, adineko eta adingabekoen artean, hamalau eta gehiago ziren. Nahir Miguel, aita, izan zen azkena irten zena, bizarra gorri eta sorterritik ekarri zuen beduino txilabarekin, etxe barruan beti erabili ohi zuena bestalde. Askotan ikusirik nuen, eta kaizuz oso handia zen eta oso patxadosoa, baina gehien harritzen zitzaidana hark zuen bezalako nagusigo-larderiaren distira zen.

        —Flora —hots egin zion bere hizkuntzan—. Ireki ezazu atea.

        Alabaren logelan sartu zen, bien bitartean etxekoak Santiago Nasar-i begi xabalik sor eta lor so. Ahozpera belaunikaturik lurretik eskutitzak biltzen ari zen eta kaxan sartzen. «Penitentzia egiten ari zela zirudien», esan zidaten. Handik minutu batzuk barru logelatik kanpora egin zuen Nahir Miguel-ek, eskuaz seinale bat egin eta familia osoa desagertu zen.

        Santiago Nasar-i arabieraz zuzendu zitzaion handik aurrera ere. «Lehenengotik konprenitu nuen niotsanaz arrastorik txikiena ez zuela», esan zidan. Vicario anaiak bera hiltzeko zain jarrita zeudela ba al zekien galde egin zion isilka orduan. «Zurbil geratu zen, eta bere onetatik hain aterata, ze plantak egiten ari zela sinetsi ezinezkoa zen», esan zidan. Honetan batera etorri zen, alegia, beldurrarena baino are asaldurarena izan zela haren jarrera.

        —Zerorrek jakingo duzu haiek arrazoi dutenez —esan zion—. Dena den, orain bi irtenbide dituzu: ezkuta zaitez hemen, zeure etxean, edo atera zaitez nire fusila hartuta.

        —Ez dakit zer arraio den guztiau —esan zuen Santiago Nasar-ek.

        Ez zuen ezer besterik esan ahal izan, eta berori gaztelaniaz. «Txorikume bustia zirudien», esan zidan Nahir Miguel-ek. Eskutatik kaxa kendu behar izan zion, atea ireki behar-eta non utzi ezin asmaturik baitzebilen.

        —Baten kontra bi izango dira —esan zion.

        Santiago Nasar joan egin zen. Desfile egunetan bezala kokaturik zen jendea plazan. Guztiek ikusi zuten irteten, guztiek konprenitu zuten hiltzekotan zirela bazekiela, eta hain aztoraturik zegoen ze etxerako bidea ezin asmaturik zebilen. Esana izango da baina bat edo batek balkoitik hots egin omen zuen: «Hortik ez, turko, jo ezak portu zaharretik barrena». Boza nondik norakoa ote zen bilaka hasi zen Santiago Nasar. Bere dendan sartzeko egin zion oihu Yamil Shaium-ek. eta ehizako eskopetaren bila sartu zen, baina ez zitzaion gogoratu kartutxoak ezkutatuta non gorde zituen. Bazter guztietatik deiadarka hasi zitzaizkion, eta Santiago Nasar jirabiraka hasi zen ezker eskuin aurre eta atze, batera heldu zitzaizkion honenbeste deiadarrez zorabiaturik. Su aldeko atetik sartzeko asmotan etxera zuzendu zela gauza nabarmena zen, ordea bat batean konturatu bide zen ate nagusia zabalik zegoela.

        —Heldu duk —esan zuen Pedro Vicario-k.

        Biek batera ikusi zuten. Jaka erantzi zuen Pablo Vicario-k, aulkitxoan ezarri, eta alfange itxura zuen ganibeta zorrotik atera. Denda hustu aurretik, bere gisa inolako akordiorik gabe, batak zein besteak aitaren egin zuten. Orduan Clotilde Armenta-k Pedro Vicario-ri alkandoratik heldu zion eta hil egingo zutela eta korri egiteko Santiago Nasar-i oihu egin. Hain oihu hertsakorra izan zen ze beste guztiak zapaldu zituen. «Lehenbizian ikaratu zen —esan zidan Clotilde Armenta-k— ez baitzekien nor ari zitzaion oihuka ez nondik». Baina Clotilde Armenta ikusi zuenean berebat ikusi zuen Pedro Vicario ere, eta honek bultzada bat eman eta lurrera jaurtiki zuen emakumea, eta anaiari hurbildu zitzaion. Santiago Nasar etxetik 50 metrotara ere ez zegoen, eta ate nagusirat jo zuen korrika.

        Bost minutu lehentxeago, su aldean, herritar guztiek ezagutzen zutena kontatu zion Victoria Guzmán-ek Plácida Linero-ri. Nerbio sendo-hotzeko emakumea zen Placido Linero, eta ez zitzaion inolako alarma zantzurik nabarmendu. Semeari zerbait esan al zion galdetu zion Victoria Guzmán-i, eta hark jakinaren gainean gezurra esan zion, Santiago Nasar kafea hartzera jaitsi zenean artean ezeren berririk ez zuela erantzun zion eta. Salan, non pisuak garbitzen ari baitzen, Divina Flor-ek momentu berean ikusi zuen Santiago Nasar plazako atetik sartzen eta logeletara jotzen zuten eskailera espiraletatik igotzen. «Ezin eta garbiago ikusi nuen», kontatu zidan Divina Flor-ek. «Jantzi zuriz jantzirik, eta eskuan zerbait nik garbi ikusi ez niona, baina arrosa-xorta zela iruditu zitzaidan». Honelatan Plácida Linero-k hartaz galde egin zionean, Divina Flor-ek lasaitu egin zuen.

        —Oraintxe minutu bat igo da gelara —esan zion.

        Orduan ikusi zuen Plácida Linero-k lurrean zetzan papera, baina ez zitzaion burura biltzea, eta norbaitek geroago tragediaren zalapartan erakutsi zionean orduantxe bakarrik enteratu zen han zetorrenaz. Ganibetak biluzik korrika etxerat heldu ziren Vicario anaiak ikusi zituen ate zirriztutik. Zegoen zegoenetik anaiak ikus zitzakeen, ez ordea beste muturretik ate aldera korrika abiaturik zen bere semea. «Hura etxe barruan hiltzeko barrenera egin nahi zutela pentsatu nuen», esan zidan. Orduan ate ondora korri egin eta kolpe batez itxi zuen. Atalaga ematen ari zitzaionean Santiago Nasar-en oihuak entzun zituen, berebat ukaldi beldurgarrizkoak atean, baina hura goian zela uste zuen, logelako balkoitik Vicario anaiei irainka. Laguntzera igo zen.

        Bizpahiru segundo aski zituzkeen Santiago Nasar-ek sartzeko, eta orduantxe atea itxi. Ukabilez behin eta birritan jotzeraino iritsi zen, eta berehalaxe bihurtu zen esku hutsik arerioei buruz buru egiteko prest. «Aurpegiz aurpegi ikusi nuenean ikaratu nintzen —esan zidan Pablo Vicario-k—, zena baino bi aldiz handiagoa iruditu zitzaidan eta». Ganibeta zuzenaz eskuin aldetik eraso zion Pedro Vicario-ren lehenbiziko kolpeari eusteko, eskua altxatu zuen Santiago Nasar-ek.

        —Putakumeok! —egin zuen oihu.

        Eskuin eskuko ahurra alderik alde iragan zion ganibetak, eta gero saihets hezur barreneraino sarturik geratu zitzaion. Haren heiagora-garrasia bazter guztietan entzun zen.

        —Ai ene ama!

        Matarifearen bere pultsu gogorraz Pedro Vicario-k ganibeta atera eta bigarren kolpea sakatu zion lehengo lekuan bertan. «Harritzekoa bada ere ganibeta garbi-garbia ateratzen zen aldi bakoitz», deklaratu zion instruktoreari Pedro Vicario-k. «Gutxienez hiru aldiz sartu nion eta ez zen odol tantarik ageri». Hirugarren sastadaren ondotik sabelondoan besoak antxumaturik bihurritu zen Santiago Nasar, dena orroizka zekorraren pare, eta bizkarra ematen saiatu zen. Pablo Vicario-k, zeina baitzegoen bere ezker aldetik eskuan ganibeta kurboa, orduan sakatu zion bizkarrean sastada bakarra, eta odol zarrastadak presio altuan alkandora zipriztindu zion. «Haren usaina zuen», esan zidan. Hiru aldiz derrigorrez handizki zaurturik, Santiago Nasar-ek berriro aurpegia eman zien, eta bere amaren ate kontra bizkarrez apoiatu zen, gutieneko erresistentziarik gabe, batari eta besteari hein berean behin eta betiko hiltzen lagundu nahi izan balie bezala. «Ez zuen gehiago garrasirik egin», esan zion instruktoreari Pedro Vicario-k. «Aitzitik: barrez ari zela iruditu zitzaidan». Orduan elkarren lehian segitu zuten atearen kontra batak zein besteak kolpeak txandaka emanez, aise, beldurraren beste aldetik aurkitu zuten ur geldi liluragarritan flotatuz. Herri osoak berak egin krimenaz izuak harturik egin zuen deiadarra ez zuten aditu. «Zaldiz zalu korrika doanaren pare sentitzen nuen neure burua», deklaratu zuen Pablo Vicario-k. Alabaina laster jabetu ziren errealitateaz, biak ere akiturik baitziren, eta halaz guztiz ere Santiago Nasar ez zela sekula eroriko iruditzen zitzaien. «Kakazarra, lehengusu —esan zidan Pablo Vicario-k— ez dakik gizona hiltzea zein zaila den!». Hartaz betiko egiteko asmotan bihotzean sartu nahi izan zion Pedro Vicario-k, baina galtzarbean sartu zion, zerriek izaten duten lekuan. Egia esan beroriek ganibetazoka ate kontra eusten ziotelako ez zen Santiago Nasar lurrera erortzen. Desesperaturik, etsi-etsian Pablo Vicario-k sastako horizontala erantsi zion sabelean, eta eztanda eginez hesteak osorik azaldu ziren. Pedro Vicario-k ere horixe berorixe egin nahi zuen, baina lazturaren lazturaz pultsua okertu zitzaion, eta kolpe galdua jo zion izterrean. Santiago Nasar-ek hori eta horrenbestez hantxe segitu zuen istant batez ate kontra apoiaturik, baina bere erraiak eguzki argitan ikusi zituen, garbi eta urdinik, eta belauniko erori zen.

        Logeletan barrena oihuka haren bila ibili ondoan, bereak ez besteren oihuak non jakin ez adituz, Plácida Linero plazara ematen zuen leihora irten zen eta Vicario bikiak ikusi zituen elizarat korrika. Yamil Shaium, tigreak akabatzeko bere eskopetarekin, eta beste zenbait arabiar desarmatu atzetik jarraiki zituztelarik zihoazen korrika, eta orduan arriskua pasatua zela pentsatu zuen Plácida Linero-k. Ondoren logelako balkoira irten zen, eta ate ondoan Santiago Nasar ikusi zuen, ahozpez hautsetan, bere odoletatik ilki nahiz. Alderdi batetik zutitu eta haluzinazioak jorik ibilian hasi zen, zintzilik zituen hesteei eskuez eutsiz.

        Etxeari bira osoa eman eta su aldeko atetik sartze arren ehun metro eta gehiago egin zituen. Oraindik ere behar beste argitasun izan zuen kaletik ez joateko, biderik luzeena handixe zen eta, aitzitik, etxekonetik sartu zen. Poncho Lanao, beronen emaztea eta berauen bost seme-alabak, ez ziren enteratu handik hogei pausotara gertatu berri zenaz. «Oihuak aditu genituen —esan zidan emazteak—, ordea gotzainaren festarengatik zela pentsatu genuen». Gosaltzen hasi berri ziren heste mordoa eskuetan odoletan blai Santiago Nasar sartzen ikusi zutenean. Poncho Lanao-k esan zidan: «Ezin izan nuen sekula ahaztu haren kaka-usain nazkagarria». Baina Argenida Lanao, alaba zaharrenak kontatu zuenez, Santiago Nasar betiko itxura ederrean iaio zebilen, pausoa ongi neurtuz, eta bere sarrazeno aurpegia, ile kizkurra nahas-mahas alde banatara, behin baino ere ederragoa zen. Mahai aurretik pasa zenean irribarre egin zien, eta logeletatik barrena segitu zuen etxe atzealdeko atera arte. «Eman zigun sustoaz harri eta zur geratu ginen», esan zidan Argenida Lanao-k. Etxeko patioan, ibaiaz bestaldetik, kolaka bati ezkata kentzen ari zitzaion nire izeba Wenefrida Márquez, eta pauso sendoz etxeko bidea bilaka kai zaharreko harpausoetan beheiti egiten ikusi zuen.

        —Santiago, motel —egin zion oihu—, zer gertatzen zaik!

        Santiago Nasar-ek ezagutu egin zuen.

        —Hil egin naute, horra, andere Wene —esan zuen.

        Azkeneko harpausoan estropezu egin zuen, baina berehalaxe zutitu zen. «Heste tartean geratu zitzaion lur hondarra eskuaz astintzeko arreta ere izan zuen», esan zidan izeba Wene-k. Gero atzealdeko atetik sartu zen bere etxean, seiak ezkero zabalik, eta muturrez aurrera zerraldo erori zen su aldean.

 

Heriotza iragarritako baten kronika
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Xalbador Garmendia
Sendoa, 1982