Heriotza iragarritako baten kronika
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Xalbador Garmendia
Sendoa, 1982

 

 

        Ganibetekin egin sarraskia apenas izan zen Dionisio Iguaran doktorearen absentzia zela eta aita Carmen Amador egitera behartua izan zen autopsia gupidagabearen hastapena. «Hil ondotik berriro eho egin genuela zirudien», esan zidan garai bateko parrokoak Calafell-eko bere erretiroan. «Ordea alkatearen agindua zen, eta gizon basa haren agindua, nahiz eta burugabekeria hutsa izan, bete egin behar zen». Ez zen guztiz zuzen ari. Astelehen absurdo hartan eman zen nahaste-borrastean, probintziako gobernadorearekin hizketaldi telegrafiko urgentea izan zuen Aponte koronelak, eta hark eskua eman zion epaikari instruktorea bidaliko zuteneino dilijentzia-aurrekoak egiteko. Alkatea lehen garai batez armadako ofizialea izana zen, justizi arazoetan esperientzi izpirik gabea, eta uste baino kokoloagoa ezaupidea zuen norbaiti nondik nora hasi behar zuen galde egiteko. Haren lehenbiziko kezka autopsia izan zen. Cristo Bedoya-k, medizina egiten ari zen, Santiago Nasar-en adiskide mina zelako dispentsa erdietsi zuen. Harik eta Dionisio Iguaran doktorea itzuliko zeino gorpuak hoztuta iraungo zuela pentsatu zuen alkateak, baina giza tamaina neurriko izoztegirik ez zuen aurkitu, eta merkatuan zegoen egoki antzeko bakarrak ez zuen funtzionatzen. Aretoaren erdian agerian jarri zuten gorpua jendeak kontenpla zezan, aberatsentzat moduko hilkutxa egin arte hantxe burdinazko oharka meharrean etzanik. Logeletako haizegailuak eraman zituzten, baina hura ikustea honenbeste jendek gutiziatzen zuen ze altzariak zokoratzea eta kaiolak eta iratze poteak zintzilikarioetatik jaistea beharrezkoa gertatu baitzen, hala ere beroa jasanezina zen. Gainera, heriotzaren kiratsaz aztoraturik larritasuna areagotzen zuten zakurrek. Etxean sartu nintzenetik etenik gabe ahausika ari ziren, Santiago Nasar su aldean oraino hilzorian, eta Divina Flor oihuka negarrez aurkitu nuen eta atalaga batekin arrastoan haiei eutsi ezinik.

        —Lagun zakizkit —egin zidan deiadar—, barrukiak jatea da horiek nahi dutena eta.

        Giltzarrapoz itxita utzi genituen ukuiluan. Gorpuari lurra eman arte leku ezkutura eramateko agindu zuen geroxeago Plácida Linero-k. Eguerdi irian ordea, nola izan zen ez zuen inork jakin, zeuden lekutik alde egin zuten eta herioan etxean sartu. Plácida Linero, behin behingoz, bere onetatik atera zen.

        —Zakur tresna tzarrak! —egin zuen oihu—. Akaba ditzatela!

        Berehalakoan bete zen agindua, eta isiltasunak hartu zuen etxea. Gorpuaren egoeraz ez zen ordura arte beldurrik izan. Aurpegia osorik zuen, kantatzen zuenean ohi zuen espresio bera, eta Cristo Bedoya-k lehengo zokoan ezarri zizkion berriro erraiak eta ehunezko zapiaz troxatu zuen. Hala ere, almibar koloreko istilak dariola hasi ziren zauriak arratsaldean, euliak erakarriz, eta mantxa morea azaldu zitzaion bozoan eta astiro-astiro ilearen zainetaraino zabaldu zitzaion, halamoduz uretan lainoaren errainua. Ordura arte aurpegi errukibera-samurrekoa izan zenak, orduz geroztik arerio itxura hartu zuen, eta amak zapiz estali zion. Gehiago zain egoterik ez zela posible konprenitu zuen orduan Aponte koronelak, eta autopsia egiteko agindu zion aita Amador-i. «Astebe lurpean egon ondoren kanpora ateratzea okerragoa zatekeen», esan zuen. Medikuntza eta kirurgia Salamancan eginik zen parrokoa, seminarioan gradurik gabe sarturik zen ordea, eta alkateak berak ere bazekien horren autopsiak balio legalik ez zuela. Halaz guztiz ere, agindua bete erazi zuen.

        Sarraskia handia izan zen zinez, eskola publikoko lokalean egin zen botikariaren eta hor bakazioak hartzen ari zen medizinako lehenbiziko urteko ikasle baten laguntzarekin; botikaria zen oharrak hartzen zituena. Sasi-kirurgian erabiltzen diren tresna batzuk zituzten soilik, beste guztiak artisauen burdinak. Alabaina gorputzean egin zuten triskantza alde batera utziz, aita Amador-en informeak itxurazkoa eta egokia zirudien, eta instruktoreak berak sumarioari erantsi zion pieza erabilgarri zatekeelakoan.

        Honenbeste zauritarik zazpi, hilgarri ziren. Gibela, aurreko aldean zituen bi zulo handiez ia bi puska eginik zegoen. Lau intzisio zituen urdailean, eta horietarik bat hain larria ze batetik bestera pasatu zuen eta pankrea apurturik utzi zion. Beste sei perforazio txikiago zituen heste lodi zeharrekoan, eta era askotako zauriak heste luzean. Atzealdean zuen bakarrak, hirugarren orno lunbarraren parean, eskuineko giltzurruna zulatu zion. Hutsune abdominala odolbildu handiz beterik zuen, eta urdaileko nahaspila gastriko eta kaka mordoaren artean Santiago Nasar-ek lau urte zituenean irentsi zuen urrezko medaila azaldu zen. Hutsune torazikoan bi perforazio ageri ziren: saihets-arte eskuineko bigarren gunean bata zeinak birika ukitu baitzion, eta ezkerreko axilaren ondo-ondoan bestea. Gainera bazituen sei zauri tikiago beso eta eskuetan, eta bi ebakiondo horizontal: eskuineko izterrean bata eta abdomenaren muskuluetan bestea. Ziztada sakona zuen eskuin eskuko ahurrean. Informeak dio: «Gurutziltzatuaren estigma zirudien». Masa entzefalikoak edozein ingeles normalenak baino hirurogei gramo gehiago pisatzen zuen, eta aita Amador-ek txostenean konsignatu zuenez Santiago Nasar-ek adimendu goi-goikoa zuen eta etorkizun bikain-distiranta. Hala ere azken oharrean aditzera ematen zenez gibeleko hipertrofia zuen eta esaten zen erdipurdi sendatutako hepatitis bati zor zitzaiola. «Dena dela —esan zidan—, nolanahi ere urte gutxi barru hil beharra zen». Hain zuzen Dionisio Iguaran doktorea arduratu zen Santiago Nasar-ek hamabi urterekin izan zuen hepatitisaz, eta haserre bizian jartzen zen egin zitzaion autopsia gogoratzen zitzaionean. «Apaiza izan behar hain kirtena izateko», esan zidan. «Tropikokook gibela galegoek baino handiagoa dugula buruan sartzeko modurik ez zen izan». Zazpi zauri handi horietarik batek eraginiko hemorragia masiboak kausatu zuela heriotza, horra, azken batean, txostenean esaten zena.

        Bestelako gorputz bat bihurtu ziguten. Burezurraren erdia trepanazioarekin xehaturik, eta heriotzak jagon zuen galaiaren aurpegiak bere identitatea arrunt galduta. Gainera, parrokoak errotik erauzi zituen errai zatikatuak, baina guztien buruan beroriekin zer egin ez zekiela geratu zen, eta errabia bizian bedeinkazioa eman eta zakar ontzira jaurtiki zituen. Eskolako leihoetatik ikusmiran zauden azken begiluzeen kuriositatea bere horretantxe bukatu zen, laguntzaileak konortea galdu zuen, eta honenbeste errepresio masakre ikusi eta kausatu zuen Lazaro Aponte koronela, espiritistaz gainera landarejale-bejetariano bilakatu zen. Oskol hustua, trapuz eta kare biziz inbututurik, eta lizta arruntaz eta paketeak josteko jostorratzaz zernahi gisaz ankerki josirik, zeta capitonada-zko hilkutxa berrian ezarri genuenean barreiatzeko zorian zen. «Honela luzaz gehiago kontserbatuko zela uste izan nuen», esan zidan aita Amador-ek. Alderantziz gertatu zen: egunsentian presaka ehortzi behar izan genuen, izan ere hain egoera deitoragarrian zegoen, ze engoitik ez baitzen etxe barruan jasangarri.

        Astearte arrea ari zuen zabaltzen. Egun opresibo horren ondotik ez nuen bakarrik lo egiteko kemenik izan, eta Maria Alejandrina Cervantes-en etxeko ateari bultza egin nion, agian morroiloa eman gabe izango zuela eta. Argi calabazoak arboletan zintzilik pizturik zeuden, eta dantzarako patioan egurrez sututako zenbait su lapiko lurruntsu handi, non mulatak lutoz tindatzen ari ziren beren parranda-arropak. Egunsentitan ohi zen bezala betiko moduan itzarrik aurkitu nuen Maria Alejandrina Cervantes, eta etxean ezezagunik ez zenetan ohi zen bezala betiko moduan erabat biluzik. Erregina-ohe gainean turko erara zetzan jakiz beteriko plater handi babilonikoaren aurrean: zekor saiheskiak, oilo egosi bat, zerri solomoa, eta platano eta barazki hornizioa bostentzat aski eta sobera. Neurriz gora jatea izan zen beti negar egiteko bere era bakarra, eta ez nuen inoiz ikusi honenbesteko atsekabez egiten. Ondoan etzan nintzen, arropa eta guzti, ia hitzik ez mihian, ni ere negarrez nire erara. Santiago Nasar-ek izan zuen azken-fin patu gaiztoan pentsatzen ari nintzen, zeinak heriotzaren bitartez eta, gainera, gorputzaren zatikatzeaz eta beronen banatzeaz eta sarraskiaz 20 urteko ditxa kobratu baitzion. Emakume bat neskatoa besotan zuela gelara ari zela egin nuen amets, eta ninia arnasarik hartu gabe krisk-krask ahoan zerbait marruskatzen ari zela eta artaleak erdi murtxikaturik gorontzera jausten zitzaizkiola. Emakumeak esan zidan: «Burugabe ari da murtxikatzen, narras antxean, oso kuxidade guttirekin». Bat batean alkandoraren botoiak askatzen ari zitzaizkidan behatz gutiziosoak sentitu nituen, eta sentitu nuen bizkar ondoan etzanik zegoen amodiozko piztiaren usain perilosoa, eta sentitu nuen berorren harea higikor deliziosoetan hondoa jotzen ari nintzela. Supituki tenk egin zuen ordea, eta urrundanik eztul egin eta ene bizitzatik itzuri.

        —Ezin dut —esan zuen—: haren usaina hartzen dizut.

        Ez niri bakarrik. Egun hartan guztiei zerien Santiago Nasar-en usaina. Vicario anaiek leotzean usandu zuten non alkateak sartu zituen haiekin zer egin behar zen burutaziotan ari zen bitartean. «Xaboiaz eta estropajoaz azala marruskatzen eginahalak egin arren, usaina ezin nigandik hastandu», esan zidan Pedro Vicario-k. Hiru gau zituzten lorik gabe, baina ezin atsedenik har lokartzen hasi bezain pronto berriro krimenari lotzen baitzitzaizkion. Zahartuxerik zenean, egun bukaezin hartako egoera esplikatu nahiz, batere behartu gabe esan zidan Pablo Vicario-k: «Birritan itzarrik egotea bezalatsu zen». Esaldi honek gogoeta egin erazi zidan leotzean haientzat gauzarik pairaezinena buruko argitasuna izan zela.

        Hiru metroko aldea zuen gelak, sabaileiho handia burdin haberekin, kakategi mugikor bat, ikuztegi bat palangana txarro eta guzti, eta harlanezko bi ohe esterazko koltxoirekin. Aponte koronela agintaritzan zen bitartean eraiki zen leotza eta berorrek zioenez inoiz ez zen hotel gizatiarragorik izan. Nire anaia Luis Enrique-k hori bera uste zuen, izan ere musikarien arteko errieta batengatik gau baten kartzelan sartu zuten, eta alkateak, karitatez mulatetarik batek lagun egiten uzi zion. Goizeko zortzietan arabiarren atzaparretatik beren burua salburik ikusi zutenean hori bera pentsatu bide zuten Vicario anaiek. Beren legeaz betetzeak ematen zien prestigioak kontsolatzen zituen momentu horretan, eta berorien kezka bakarra usainaren iraunkortasuna zen. Ura oparo, mendiko xaboia eta estropajoa eskatu zituzten, eta besoetako eta aurpegiko odola ikuzi, eta gainera alkandorak, baina halarik ere atsedenik ezin har. Bere purgazioak eta diuretikoak ere eskatu zituen Pedro Vicario-k, bai benda aldatzeko erroilu bat ere gasa esterilez, eta goiz hartan txiza bi aldiz egin ahal izan zuen. Halaz guztiz ere eguna pasa arau bizimodua hain gogorra egin zitzaion, ze usain kontua erdi ahazturik geratu zen. Arratsaldeko ordu bietan, beroak eman logurak urtu zitzakeenean, hain zegoen nekaturik ze Pedro Vicario ohean etzanda egoteko gauza ez baitzen, ordea nekeak berak galarazten zion zutik egotea ere. Izterrondoetako mina leporaino barreiatu zitzaion, eta segurantza ikaragarria pairatu zuen bizitzan gainerako guztian ez zuela gehiago lorik egiterik izango. «Hamaika hilabete esnaik egin nituen», esan zidan, eta ondotxo ezagutzen nuen zioena halaxe zela seguru izateko. Ezin izan zuen bazkaldu. Pablo Vicario-k, berari zegokionez, eraman zionetik puska hau eta hura jan zuen, eta ordu laurden bat geroxeago berako higuingarria jasan. Arratsaldeko seietan, Santiago Nasar-en gorpuari autopsia egiten ari zitzaizkion bitartean, presa handiz deitu zitzaion alkateari Pedro Vicario etsita zegoen-eta bere anaia pozoatua izan zela. «Urez husten ari nintzen —esan zidan Pablo Vicario-k—, eta guztiori turkiarren axioak ez zirenik ezin kendu genuen burutik». Ordura arte bi aldiz egin zuen gainezka kakategi mugikorrak, eta guardia zaintzaileak beste sei aldiz eraman zuen udaletxeko komonera. Komunean aterik ez, guardia arma hari zuzenduta, honelaxe aurkitu zuen Aponte koronelak, eta halakoxe ur jario handiarekin ze pozoatua izan zela uste izatea ez zen burugabekeria. Baina Pura Vicario-k bidali zien ura edan eta puska lehorra bazkaldu zutela jakin zenean, istorio guztiok bertan behera utzi ziren. Hala ere oso hunkiturik geratu zen alkatea, eta presoak har eta bere etxera eraman zituen zaingo bereziaz lagundurik; hantxe egon ziren epaikari instruktorea etorri eta Riohachako panoptikora eraman zitzaten agindu arte.

        Kaleko giroaren ziren beldur bikiak. Arabiarren errepresalia oso kontutan izatekoa zen, baina Vicario anaiek izan ezik, beste inork ez zuen pentsatu pozoi kontuan. Sabaileihotik gasolina bota eta leotz barruko presoei su emateko gaua etorri arte zain egongo zirela gehiago uste zuen jendeak. Suposizio hori bera ere gehiegikoa zen. Mendearen hasieran Karibeko herrietan, are urruneko eta pobreenetan ere, finkatu zen immigrante baketsuen komunitatea osatzen zuten arabiarrek, eta hortxe geratu ziren koloretako trapuak eta ferietan ohi diren purtxileriak salduz. Elkartasun ederrean bizi ziren, langile eta katoliko bide batez. Elkarren artean ezkontzen ziren, garia inportatzen zuten, patioetan arkumeak hazten eta oregano eta berenjena kultibatzen, eta horien grina grinatsu bakarra karta jokoak ziren. Sorterritik ekarri zuten baserriko arabieraz mintzo ziren zaharrenak eta halaxe kontserbatu zen hondatu gabe familian bigarren azaldiraino, baina hirugarrengoek, Santiago Nasar-ek izan ezik, gurasoei arabieraz entzun eta gaztelaniaz erantzuten zieten. Agian guztiok hobenduri ginen heriotzaren mendekatzeko bat batean beren artzaintza izpiritua alteratuko zutela uste izatea, pentsaezina zen beraz. Aldiz Plácida Linero-ren etxekoen errepresaliaz inork ez zuen susmo txarrik; jende ahaltsu eta gerraria izaki ondasunak ahitu arte, eta taberna zuloko matoi bat baino gehiago ekarriak mundura beti ere beren izen onaren gatzetan ongi preserbatuak izan zirenak.

        Aponte koronela, zabaldu ziren zurrumurruez kezkaturik, etxez etxe ibili zen arabiarren artean, eta behingoz bederen ondorio zuzena atera zuen. Txunditurik eta tristerik aurkitu zituen, dolu intsigniak beren aldareetan ezarririk, eta batzuk negarrez intzirika lurrean eserita, baina ez zen inoren baitan mendeku asmoren zantzurik. Goizeko erreakzioak krimenak piztu zuen beroaldiari zor zitzaizkion, eta protagonistek berek aitortu zuten gehienez ere kolpe pasadaren bat izan zitekeela, besterik ezer ez. Are gehiago: Suseme Abdala, matriarka ehun urtekoa izan zen Pablo Vicario-ren diarrea moztu eta bide batez beronen anaiaren iturri loretsua jaulkiarazi zituen pasio-lore eta asentsio-belar loreen infusio harrigarritsua gomendatu zuena. Pedro Vicario orduan lozorro logabean murgildu zen eta anaiak, engoitik susperturik, bere lehenbiziko loa lo egin zuen barne zimikorik gabe. Honelaxe aurkitu zituen Purísima Vicario-k astearte goizeko hiruretan, alkateak haiei azken adioa ematera eraman zuenean.

        Familia osoak alde egin zuen, alaba zaharrenek ere bai beren senarrekin, guztia Aponte koronelaren iniziatibaz. Inor konturatzeke joan ziren, abaildura publikoaren anparoan, egun erremediaezin hartan itzarrik bizirik geratu ginen bakarrok Santiago Nasar-i lurra ematen ari gintzaizkion bitartean. Gogoak baretzen ari zirenean joan ziren, alkateak halaxe erabakirik, eta ez ziren santa sekulan gehiago sorterrira itzuli. Etxera bihurtu zioten alabari, belaunak inork ikus ez zekizkion, traputan bildu zion aurpegia Pura Vicario-k, eta gorri-gorri jantzi amorante isilekoagatik lutoa zeramala inork pentsa ez zezan. Alde egin aurretik kartzelan semeak konfesa zitzan eskatu zion aita Amador-i, baina Pedro Vicario-k uko egin zion konfesioari, eta anaia konbentzitu ez zuela zertaz damuturik. Bakarrik geratu ziren, eta Riohacha-ra eraman behar zituzten egunean arrazoi guztia berena zela hain seguru eta konbentziturik zeuden, ze ez zuten gauez atera zitzaten nahi izan, etxekoekin egin izan zen bezala, egun bistan baizik eta buruhas. Poncio Vicario, aita, handik berehala hil zen. «Pena moralak eraman zuen», esan zidan Angela Vicario-k. Bikiak absolbituak izan zirenean, Riohacha-n finkatu ziren, Manaure-tik egun bateko bidean, non etxekoak bizi baitziren. Haraxe bildu zen Prudencia Cotes Pablo Vicario-rekin esposatzera; ordukoz urrea lantzen ikasirik zen bere aitaren tailerrean eta halako batez oso zilargin fina izan zen. Pedro Vicario, ez enplegu ez amodio, hiru urte geroago Armadan sartu zen, sarjentu lehenaren intsigniak merezi izan zituen, eta goiz zoragarri argitsu batez bere patruila gerrilla-lurraldean barrena puten kantuak kanta kantari sartu, eta ez zen haien berririk gehiago izan.

        Gehien gehienentzat biktima bakarra izan zen: Bayardo San Román. Bizitzak seinalatu zien beren alderako partea tragediako beste protagonistek duintasun eta, nolabait esan, handitasun handiagoz jokatu zutela uste zuten. Santiago Nasar-ek ordaindurik zuen laidoa, Vicario anaiek gizon zirela frogaturik, eta arreba trufatua berriro ere bere ohoreaz jabeturik. Zuen guztia galdu zuen bakarra Bayardo San Román izan zen. «Gaixo Bayardo», honelaxe iraun zuen luzaz haien oroitzapenean. Alabaina, inor ez zen hartaz oroitu ilargiaren eklipsea buka eta geroago arte, hurrengo larunbatean, non Xiux-en alargunak alkateari kontatu zion bere garai bateko etxe gainetik hegaka txori fosforo-argitsua ikusi zuela, eta emaztearen arima ote zen pentsatu zuen berea zuena galde eginez. Alkateak esku-zartakoa erantsi zion bere bekokiari, baina ez zuen horrek alargunaren bisioaz zer ikusirik.

        —Mila deabru! —egin zuen oihu—. Ahazturik zitzaidan gizagaixo hori!

        Patruila batekin mendixkara igo zen, eta etxalde aurrean biribil irekia aurkitu zuen, eta argi solitario-bakartia ikusi logelan, baina ate kolpeei inork ez zien erantzun. Alboko ate bat behartu eta eklipsearen txingarrekin argitan diz-diz zeuden gelak arakatu zituzten. «Gauzak urpetan ziruditen», kontatu zidan alkateak. Bayardo San Román inkontziente hantxe ohe gainean, astearte goizean Pura Vicario-k ikusi zuen bezalaxe oraindik, fantasiazko galtzak eta zetazko alkandora soinean, ordea zapatarik ez. Botila hutsak barreiaturik lurrean, askoz gehiago ireki gabe ohe ondoan, jaki aztarrenik ez alabaina. «Intoxikazio etilikoa gradurik altuenean zuen», esan zidan Dionisio Iguaran doktoreak, emergentziaz artatu ondotik. Ordu batzuk barru baina suspertu zen, eta bere senera etorri bezain azkar ahal izan zuen erarik onenean jaurtiki zituen etxetik guztiak.

        —Ez dut inork izorratzerik nahi —esan zuen—. Ezta nire aitak berak ere bere arrautza kozkor beteranoekin.

        Gertatu zenaren berri eman zion alkateak Petronio San Román jeneralari, azkeneko esaldi literala barne, telegrama alarmagarri baten bitartez. Badirudi San Román jeneralak hitzez hitz hartu zuela semearen borondatea, zeren ez baitzen horren bila abiatu, aldiz emaztea alabekin bidali zuen, bai beste bi emakume larri ere itxuraz bere arrebak. Kargaontzian etorri ziren. Bayardo San Román-en zorigaitzak eraginik lutoa lepazamarreraino, eta ileak minaren minez banatuta. Lehorrera baino lehen zapatak erantzi zituzten eta kalean barrena mendixkaraino oinez oinutsik abiatu eguerdiko hauts kiskalgarrian tiki-taka, ile xerloak zainetatik atereaz eta hain heiagora lazgarriz negarrez, ze pozezkoak ziruditen. Magdalena Oliver-en balkoitik nituen pasatzen ikusi, eta oraindik gogoan dut nola pentsatu nuen lotsagabekeria handiagoak ezkutatzeko soilik finji zitekeela tamaina hartako bihozmina.

        Muinoko etxeraino lagundu zien Lazaro Aponte koronelak, eta ondotik Dionisio Iguaran doktorea igo zen premia gorritarako mandagainean. Eguzkia apaldu zenean, udaletxeko bi gizonek hamakan haga batetik zintzilik beheiti ekarri zuten Bayardo San Román, mantatan bururaino tapa-tapa eginda, gibeletik erostarien segizioa. Hilik zetzala uste izan zuen Magdalena Oliver-ek.

        —Collons de deu —egin zuen oihu—, hori zaborreria!

        Berriro ere alkoholaren poderioz lur jota zegoen, bizirik zeramatela sinesteak lanak zituen, izan ere eskuineko besoa arrastaka zuen lurrean, eta amak hamakan sartzen zion bezain agudo berriro ere hantxe zintzilik lorrean, halako moldez ezen amildegiko erlaitzetik has eta ontziko plataformaraino arrastoa egin zuen lurrean. Hartaz gogoan geratu zitzaigun azkeneko gauza hauxe izan zen: biktima oroitzapena.

        Zegoen zegoenean utzi zuten etxaldea, ukitu gabe. Bakaziotan herriratzen ginenean neure anaiekin batera parranda gauetan bertara jotzen nuen zokoak miatzera, baina gero eta balioko gauza gutxiago aurkitzen zen gela abandonatuetan. Eztei-egun gauean Angela Vicario-k amari eskatu zion esku-maletatxoa erreskatatuta genuen gau batean, baina ez genion gehiagoko arretarik jarri. Emakumeen higiene eta apaingarrirako afeite naturalak zirela uste izan genuen barruan aurkitutakoa, hala ere, luzaz geroztik Angela Vicario-k gizona engainatzeko erakutsi zitzaizkion emaginen arteriak zein izan ziren kontatu zidanean, orduantxe jabetu nintzen horien baliagarritasunaz. Bost orduz bere ezkon etxe izan zenean utzi zuen aztarren bakarra horixe izan zen.

        Urte batzuk geroago, kronika hau idazteko asmotan testigantza berriren bila berriro bertara egin nuenean, ez zen han Yolanda de Xiux-en ditxaren aztarrenik ere geratzen. Lazaro Aponte koronelak etxaldea setatiro begiratu zuen arren, hango traste guztiak poliki-poliki desagertuz joan ziren, baita etxaldeko atetatik sartzen ez eta Mompox-eko maisu kantariek etxe barruan armatu behar izan zuten gorputz osoko sei lunatako eskaparatea bera ere. Lehen hasiera hartan Xiux-en alarguna pozez zoratzen zegoen, ustez eta berea zuena eramateko emaztearen errekurtso postumoak zirelakoan. Lazaro Aponte koronelak iseka egiten zion. Gau batean ordea burutik eman zion misterio hori argitzeko meza espiritista eman behar zuela, eta Yolanda de Xiux-en arimak bere eskuaz baieztatu zion bera zela bere heriotza-etxerako zorionaren zirtzileria berreskuratzen ari zena. Etxaldea apurtzen-apurtzen hasi zen. Eztei-eguneko biribila atarian hondatzen, eta azkenean kanpoan egoteak karkasa ustel bilakarazi zuen. Luzaz geroztik etxagunaz ez zen gehiago berririk izan. Sumarioan bada berorren deklarazio bat, baina hain llaburra eta konbentzionala da, ze formula utziezin batekin nolabait bete behar eta azkeneko orduan adabatua dirudien. Behin bakarrik saiatu nintzen ari hitz egiten, handik 23 urtetara. Gazi errezibitu ninduen, erresuminduta, eta draman parterik izan zuenez jakin nahi eta, daturik ttikiena emateari uko egin zion. Dena dela, haren gurasoek ez zuten hartaz gu geuk baino askoz berri handiagorik, inoiz ikusi ez zuen emakume batekin ezkontzeko beste asmo agerikorik gabe herri estrabiatu-galdu hartara zertara ote zen ezin asmaturik ziren.

        Angela Vicario-z, aldiz, imajina idealizatua iradoki zidaten ufakoen berri beti izan nuen. Nire arreba moja aldi batez Guajira garakoan ibilirik zen, bazter horretan oraino ziren idolatra bakarren batzuk konbertitzeko asmotan eta inoiz hitz-aspertu bat egiten zuen harekin Karibeko gatzaz kiskalitako herri hartan, non bizitza guztirako ehortzi nahi izan zuen bere amak. «Lehengusinaren partetik goraintziak», esaten zidan beti. Nire arreba Margot-ek, zeinak aurreneko urteetan behin baino gehiagotan bisitatu baitzuen, haize gurutzatuak zituen patio handi eta guzti harrizko etxe bat erosi zuela kontatu zidan; akats bat bazuen alabaina, marea gora zenetan komonek gainezka egiten zuten eta arrainak egunabarretan logeletan jauzika itzartzen. Sasoi hartan ikusi zuten guztiek ahotan zuten bordatzeko makinari arrunt emana zela eta guztiz abila egiteko horretan, eta langintza honen bitartez iraganaz ahanztea lortu zuela.

        Luzaz geroztik, ni neu zer eta nolakoa ote nintzen jabetu nahiz Guajira aldeko herrietan medizina entziklopedia eta liburuak saltzen ibili nintzen garai desegur hartan, ezustez bezala indioen hiltegi hartaraino iritsia nintzen. Itsasoari muturrez mutur etxe bateko leihoan, berorik handiena egiten zuen tenorean, emakume bat makinaz bordatzen ari zen, erdi lutoz jantzita, alanbrezko betaurrekoak eta ilea hori, eta buru gainean kaiola bat zintzilik non kanari txori bat isildu gabe txorrotxioka ari zen. Bere horretan ikusiz, leihoko paraje idilikoan kokaturik, emakume hura nik uste nuena bera izatea ezina zitzaidan, azken batean bizitzak literatura txarraren honenbesteko antza hartzea nekez baizik ezin nuen onartu eta. Ordea berbera zen: Angela Vicario, drama gertatu eta 23 urte ondotik.

        Beti bezala tratatu ninduen, izter-lehengusu bainintzen, eta nik egin galdera guztiei zentzuz eta umoretsu erantzun zien. Halakoxe pertsona heldua eta burutsua zen, ze berbera zela sinesteak lanak ematen zituen. Bere bizitza konprenitzera nola etorri zen, horrexek harritu ninduen gehien. Harekin minutu batzuk pasa eta ez zitzaidan lehen begi kolpean bezain zahar iruditu, aitzitik ia oroitzapenean gorderik neukan bezain gazte, eta ez zuen urrik eman ere 20 urterekin maitasunik gabe ezkonarazi zuten neskatxa harekin komunean ezer. Bere amak, zahardadea nolabait konprenitzen zuenak, kontuz ibili beharrezko iratxoa bainintzen errezibitu ninduen. Behialako kontuez ez zuen hitzik esan nahi izan, eta kronika hau idazteko nire amarekin izan zituen hitz-aspertuetan hari jaulki zitzaizkion zenbaixka esaldi solterekin eta neure oroimenetik erreskatatu nituen banaka batzuekin konformatu behar izan nuen. Lerrenak egin zituen Angela Vicario hil zedin, baina haren usteak ustel aterarazi zituen alabak berak, bere xoritxarra zela eta ez baitzen sekula isilgordeka ibili. Aitzitik. Entzun gogoz zen guztiari kontatzen zion xehetasun guztiekin, inoiz argituko ez zen sekretua salbu: kaltea egiazki egin ziona nor izan zen, eta nola eta noiz, izan ere inork ez baitzuen benetan eta zinez uste Santiago Nasar izan zenik.

        Bi mundu dibergentetan bizi ziren. Inork inoiz ez zituen elkarrekin batera ikusi, are gutxiago bakarrik. Santiago Nasar altiboegia zen neskari begia edukitzeko. Hartaz aritu behar izaten zuenean «hire lengusina txolina», esaten zidan. Gainera, orduan esan ohi genuenez, gabiroi oilandazale zen. Bakarrik ibili ohi zen, aitaren antzera, mendi horietatik barrena noraezean bide urratzen hasten zen dontzeila orori kukulua bihurrituz, alabaina herrian bertan Flora Miguel-ekin zuen harreman konbentzionalaz eta Maria Aleiandrina Cervantes-ekin hamalau hilabetez izan zuen harreman grinatsuaz bestalde beste inolakorik ez zitzaion inori gogoratzen. Bertsiorik zabalduena, agian ere tzarrena bera zelako, hauxe zen, alegia, Angela Vicario zinez maite zuen norbait gerizatzen ari zela, eta Santiago Nasar-en izena aukeratu zuela ustez eta anaiak horren kontra ausartuko ez zirelakoan. Nik neronek bigarren aldiz bisitatu nuenean egia horixe atera nahi izan nion argudio guztiak egoki prestatuz, baina horiei kontra apenas bista jaso zuen begia beti bordatuari so.

        —Dagoen dagoenean utzazu, lehengusu —esan zuen—. Hura izan zen.

        Deus isilik gorde gabe kontatu zituen beste guztiak, eztei-eguneko desastrea ere bai. Zentzua galdu arte gizona ohean mozkortzeko nola bere adiskideek eskolatu zuten kontatu zuen, bai sentitzen zuen lotsa baino handiagoa ager zezala ere honela hark argia itzal zezan, gainera birjinitatea finjitzearren alunbre uraz garbitasun drastikoa egin eta biharamunean emazte berriaren patioan erakusteko moduan merkurio kromoz mihisea orbain zezala. Bi gauza zituzten soilik ez gogoan izan tapatzaileek. Bayardo San Román-ek edanari eusteko zuen iraupen harrigarria alde batetik, eta bestetik berorien prejuizioz ezarrita zuen ergelkeriarekin batera Angela Vicario-k ondo ezkutaturik zeraman dezentzia garbia. «Horien esanei ez nien kasu izpirik egin —esan zidan—, izan ere zenbat eta gehiago gogoan irauli usteago bainuen gisa horretako zerrikeriarik ezin zekiokeela inori egin, are gutxiago nirekin ezkontzeko zoritxarra izan zuen gizagaixoari». Beraz logela argiztatuan inolako erreserbarik gabe eranzten utzi zen, bizitza alferrik galarazi zioten beldur ikasi guztietatik burua libre. «Oso gauza erraza izan zitzaidan —esan zidan—, hiltzeko prest nengoen eta».

        Egia hauxe da ordea, beste zoritxarra, egiazkoa, erraiak erretzen zizkiona disimulatzearren ahalkerik gabe mintzo zela bere zoritxarraz. Ez ziokeen inori buruak emango, urrik eman ere, harik eta niri kontatu arte, atzera etxera bihurtu eta gero Bayardo San Román bere bizitzan txertaturik geratuko zenik. Benetan ezustekoa izan zen. «Bat batean, ama joka hasi zitzaidanean, hartaz oroitzen hasi nintzen», esan zidan. Hargatik zela bazekien eta, ukabil ukaldien oinazea eztixeagoa zen. Bere buruaz nahiko harriturik harrengan pentsatzen segitu zuen jantokiko sofa gainean etzanik intzirika ari zenean. «Ez ukaldiengatik ez gertaturiko ezerengatik egiten nuen negar —esan zidan—: hari egiten nion negar». Ama aurpegia arnika konpresak ezartzen ari zitzaion bitartean hura gogoan beti, are gehiago kaleko oihuteria eta dorreko su-kanpaiak aditu zituenean, eta bere ama txarrena pasatu zela eta lotara joan zitekeela esatera etorri zitzaion.

        Ilusio guztiak galdurik zituen arren beti eta beti harekin pentsatzen ari zen eta horra non behin batean Riocha-ko ospitalera amari lagundu beharrean izan zen bista miatzeko. Bide batez Hotel del Puerto-n sartu ziren, nagusia ezaguna zuten eta, eta Pura Vicario-k kantinan baso bat ur eskatu zuen. Alabari atzea emanez edaten ari zenean horra hor non dakusan alabak bere pentsamendua islaturik aretoko ispilu errepikatuetan. Azkeneko hatsarekin batera lepoa bihurtu zuen Angela Vicario-k, eta ikusi gabe ikusi albotik pasatzen, eta hoteletik irteten. Bihotza arrunt xehatuta berriro amari begiratu zion. Pura Vicario-k basoa orduantxe husturik zuen, ukalondoaz ezpainak xukatu zituen eta betaurreko berriekin barre egin zion mostradoretik. Mundura etorri ondotik orduantxe lehenbiziko aldiz ikusi zuen Angela Vicario-k hura zena zen bezalaxe: bere akatsen kultuari kontsakraturik zegoen emakume errukarria zen, horra. «Kakazarra», esan zuen. Hain zorabiaturik zegoen eta, itzulian boz altuan ozenki kantari etorri zen, eta buru belarri sartu zen ohean hiru egunez negar egitera.

        Berriro birjaio zen. «Hartaz arrunt txoratu nintzen —esan zidan—, itsu-itsu txoratu ere». Begiak ixtea aski hura ikusteko, itsasoan arnasa hartzen sentitzen zuen, gauerdian ohean haren gorputzaren suak zuen esnatzen. Aste horren buruan, sosegu izpirik ezin izan eta, lehenbiziko eskutitza idatzi zion. Eskela konbentzionala izan zen, non esaten baitzion hoteletik irteten ikusi zuela, eta hark bera ikusi izateak ere asko poztuko zukeela. Alferrik egon zen erantzunaren zain. Bi hilabeteren buruan, gehiago zain ezin egonez, beste eskutitz bat igorri zion bere lehengo estilo zeharkakoan, zeinaren xede bakarra bazirudien bere kortesia eza aurpegira botatzea zela. Handik sei hilabetetara sei eskutitz zizkion idatzirik eta erantzunik batto ere ez, alabaina, konforme, jasotzen zituela egiaztatu zuenean.

        Lehenbiziko aldiz zen bere destinoaren jabe; gorrotoa eta amodioa grina elkarrekikoak direla hauteman zuen Angela Vicario-k orduan. Zenbat eta eskutitz gehiago igorri goritzenago zituen sukarraren txingarrak, baina bide beretik biziagotzen ere zuen amaren aurka sentitzen zuen gorroto zoriontsua. «Ikus orduko hesteak asaldatzen zitzaizkidan —esan zidan—, hala ere ezin ikus hartaz oroitu gabe». Bizi-alargun bihurtuaren bizimodua xinplea zen, solteratan egiten zuenaren araberakoa, behiala trapuzko tulipanak eta paperezko txoriak egiten zituen antzera orain adiskideekin batera beti bordatzen ari zen, baina ama oheratzen zenean gela barruan geratzen zen goizaldera arte etorkizunik izango ez zuten eskutitzak idazten. Argi, aginkor, bilakatu zen, bere albedrioaren jabe, eta berriro ere harentzat soilik birjina, eta ez zuen ezagutu bere aginpideaz beste inorenik ez morrontzarik bere obsesioarenaz besterik.

        Bizitza erdia astero eskutitz bat idatziz pasatu zuen. «Behin baino gehiagotan gertatu zitzaidan ez nuela deus esatekorik —esan zidan barrez leher gaizto egin beharrean—, baina aski nuen jasotzen ari zela jakitearekin». Hasiera hartan konpromisoko eskelak izan ziren, amoros furtiboaren papertxoak gero, andregai iheskorraren billete lurrindatuak, negoziotako memorialak, maitasun agiriak, eta azkenik berriro ondora dakion behartzeko eritasun gogorrak sumatzen ari den emazte abandonatuaren eskutitz gaitzikorrak. Behin gau batean eskutitza idatzi eta tintontzia gainera isuri zitzaion, ordea hautsi beharrean posdata hau erantsi zion: Nire maitasunaren seinaletzat neure malkoak bidaltzen dizkizut. Noizean behin, honenbeste negar egitez asper-asper eginda, bere erotasunari iseka eginez aritzen zen. Postetxeko neska enplegatua sei aldiz aldatu zuten, eta sei aldiz lortu zuen berorien konplizitatea. Behin ere burutik pasatu ez zitzaiona etsitzea izan zen. Halarik ere honen zoramenaz ez-sentikor zirudien hark. Inori idazten ari ez balitzaio bezalatsu.

        Haize egun goiz batean, hamargarren urte inguruan, hura bere ohean biluzik etzanik zegoelako uste osoak iratzarri zuen. Hogei orrialdetako eskutitz sukartia idatzi zion berehalaxe non gau malerus hartaz geroztik bihotzean usteldurik zeramatzan egia mingotsak ahalke zimikorik gabe jaulki zitzaizkion. Gorputzean utzi zizkion matxura betierekoez aritu zitzaion, bere mihiko gatzaz, bere zakil afrikarraren suzko gari-jotzeaz. Eskutitzak eramateko ostiral arratsaldeetan berarekin batera bordatzera joaten zen postetxeko enplegatuari entregatu zion, eta azkeneko bihotz huste hori bere agoniaren azkenekoa izango zela konbentziturik geratu zen. Ordea ez zen erantzunik izan. Handik aurrera idazten zuenaz ez zen kontziente, nori ari zitzaion ere ez zekien garbi, alabaina hantxe segitu zuen hamazazpi urtez jo eta ke gupidarik gabe idatzi eta idatzi.

        Abuztuko eguerdi baten, adiskideekin batera bordatzen ari zelarik, norbaitek ate ondora egin zuela iruditu zitzaion. Nor zen jakiteko begiratu beharrik ez zuen izan. «Gizenik zegoen, burua soiltzen hasita, eta bertatik bertara ikusteko betaurrekoen beharrean», esan zidan. «Baina hura zen, demontre, hura zen!». Ikaratu zen, hark zekusan bezain urritua zekusala berak hura jabetu zen eta, eta ez zuen uste hori jasateko hark barruan berak bezainbat maitasun izango zuenik. Izerditan blai eginik zuen alkandora, ferian lehenbiziko aldiz ikusi zuenean halatsu, eta gerriko bera eta larruzko alforja josigabe berak dena zilarrezko apaindura. Bayardo San Román-ek pauso bat jo zuen aurrera beste brodatzaile txundituei kontu gutxi, eta josteko makina gainean utzi zituen alforjak.

        —Honatx —esan zuen—, hemen nauzu.

        Hantxe bertantxe geratzeko asmotan arropa maleta berekin zuen, bai beste bat berdina ere idatzi zizkion ia bi mila eskutitz barruan. Dataz data ordenaturik, pakete jositakoetan koloretako xingolekin, guztiak artean zabaldu gabe.

 

Heriotza iragarritako baten kronika
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Xalbador Garmendia
Sendoa, 1982