Heriotza iragarritako baten kronika
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Xalbador Garmendia
Sendoa, 1982

 

 

La caza de amor

es de altanería

Gil Vicente

 

 

        Hil behar zuten egunean, Santiago Nasar goizeko 05:30etan jaiki zen gotzaina heldu zen ontziari itxoitera. Pikondo zuhaiztitik barrena, non euri ezti-eztia ari baitzuen, alderik alde iragaten ari zela egin zuen amets, eta istant batez zoriontsu sentitu zen lotan, alabaina itzarri zenean txori zirin zipriztinez arrunt zipriztindurik nabaritu zuen bere burua. «Beti arbolak ametsetan», esan zidan Plácida Linero, bere amak, 27 urte geroago astelehen esker gaizto hartako zertzeladak gogora ekarriz. «Almendro tartean bazterrik jo gabe hegaka zihoan paper eztainuzko abioian bakarrik zihoala egin zuen amets astebete lehenago», esan zidan.

        Baldin eta barau gorrian kontatzen bazitzaizkion, besteren ametsen adierazle zorrotza zelako fama eta aipu ongi merezia zuen, hala ere ez zuen hauteman inolako augurio beltzik semearen amets bi horietan, ez hil aurreko goiz haietan, arbolak beti ametsetan, kontatu zizkion besteetan.

        Santiago Nasar-ek berak ez zion igarri presagioari. Lo gutxi eta arina eginik zen, arropak bere horretantxe erantzi gabe, eta buruko minez eta ahosabaian kobrezko estriboaren sedimentu lirdinga zuela esnatu zen, eta gauerdia jo eta gero arte luzatu zen ezteiondoko parrandaren hondamendi natural bezala interpretatu zituen. Etxetik 06:05 orenetan irten eta handik ordubetera zerri baten antzera zehatu zutenera arte berorrekin topo egin zuen jende askok zioen erdi-lo bezala zela, hala ere umore onez, eta guzti-guztiei komentatu zien noraezean bezala oso egun ederra egiten zuela. Inork ez zekien seguru eguraldiaz ala beste zerbaitez ari zen. Askori gauza bera gogoratzen zitzaion, alegia, goiz distiranta izan zela platano sailetatik barrena heldu zen itsas haizea eta guzti, garai hartako otsail suertosoan espero zitekeen modukoa. Halarik ere gehienek besterik zioen, hots eguraldi hitsa zela, zeruan lainoak arre eta beheiti, eta iztingietako urgeldien usain dentsoa nonahi, eta zorigaitza gertatzen ari zen momentuan euria zirimiri ari zuela, Santiago Nasar-ek ametsetako oihanean ikusi zuen bezalakoa. Ni neu ezteiondoko parrandaz suspertzen ari nintzen Maria Alejandrina Cervantes-en altzo apostolikoan, eta errepika hasi zen kanpan hotsarekin apenas itzarri nintzen, uste izan nuen eta gotzainaren gorazarretan ari zirela dilin-dalan.

        Santiago Nasar-ek liho zurizko galtzak eta alkandora jantzi zituen, almidoirik gabe biak, aurreko egunean bodarako halaxe. Inoiz behin, egun seinalatuetan jantzi ohi zen honela. Gotzainaren etorreragatik izan ez balitz kakia eta zamari-botak jantzi zituzkeen El Divino Rostro-ra astelehenero joan ohi zenetan bezala, aitagandik heredatu zuen ganadu etxaldea, taxu handiz, haatik etekin handirik gabe administratzen zuena. Mendian zenean 357 Magnum zeraman gerrikoan, eta kontatu ohi zuenez horren bala blindatuez gerritik bi puska eginda utzi zitekeen zaldi bat. Eper garaia heldu zenean ehizarako tresnak ere eramaten zituen. Armairuan bestalde 30.06 Malincher Shönauer fusil bat zuen, 300 Holland Magnum fusil bat, 22 Hornet bat bi tiroko begi teleskopioduna, eta Winchester bat bi txandatakoa. Aitak egiten zuen bezala egiten zuen beti lo, burko azalaren barrenean arma ezkutatuta, halarik ere egun hartan etxetik kanpora egin baino lehen barruko jaurtigaiez hustu eta gau-mahaiko kutxatilan utzi zuen gorderik. «Egundaino ez zuen beterik uzten», esan zidan bere amak. Hori guztia banekien, eta jakin banekien gainera armak batean eta munizioa bestean leku ezkutuan zituela gordetzen, inork ezustez eta txiripaz etxe barruan kargatzeko tentazioari amore eman ez ziezaion. Aitak zuen ohitura burutsu hori ezarri, izan ere, behin goiz batean neskameak azala kentzeko burkoa astindu eta pistola lurrera jautsi eta lehertu egin zen, eta balak gelako armairua apurtu zuen, salako pareta alderik alde iragan eta aldeko jangelatik gerra-hots burrunbaz pasa eta plazaren beste muturrean zegoen elizako aldare nagusiko santu bat, tamaina naturalekoa, igeltsu hauts bihurturik utzi. Santiago Nasar-i, artean oso umea bazen ere, ez zitzaion inoiz gehiago ahaztu ezbehar haren ondorio txarra.

        Logelatik barrena haren joate iheskorra zen amak hartaz bere baitan gorderik zuen irudia. Bainuko botikinean aspirina itsuka aurkitu nahiz ari zenean ama iratzarri zuen, eta honek argia piztu eta ate ondoan agertzen ikusi zuen eskuan ur basoa, honelaxe geratu zitzaion betiko gogoan. Santiago Nasar-ek ametsa kontatu zion orduan, baina amak ez zion kasu izpirik egin arbolen istorioari.

        —Txoriz egiten den amets oro osasun onaren seinale da —esan zuen.

        Memoriaren ispilu hautsia honenbeste ezpal sakabanatuz berrosatzeko asmotan ari, herri ezezagun-galdu honetara itzuli nintzenean, zahartzaroko azken argiek jota ni neuk hantxe ezindurik eta hebaindurik aurkitu nuen hamaka hartatik bertatik eta postura hartantxe ikusi zuen. Eguzki bete-betean apenas zituen formak bereizten, eta azkeneko aldiz logelatik pasatu zenean semeak sakatu zion burukomin amaigabeari eusteko sendabelarrak zituen betondoetan. Saiheska zegoen etzanik, hamaka buruko pitei helduta zutik jarri gogoz, eta krimena burutu zen goizean ezustez jo ninduen ponteko usaina usnatzen zen ilunpetan.

        Ateondoan azaldu orduko Santiago Nasar-ez zuen oroitzapenarekin konfunditu ninduen. «Hortxe zegoen», esan zidan. «Uretan beste inon ikuzia izan ez zen liho zurizko janzkiz jantzirik, ze hain azal fina zuen almidoi hotsari minbera baitzitzaion». Hamakan eserita luzaz egon zen, kardomina pepitak ahogozatuz, harik eta semea itzuli zitzaiolaren ilusioa urtu arte. Orduan hasperenka: «Nire bizitzako gizona izan zen».

        Haren memorian ikusi nuen. Urtarrilaren azkeneko astean zituen bete 21 urte, eta segail eta zurail zen, bere aitaren betazal arabiarrak eta ile kizkurra. Inoiz zorion izpirik izan ez zuen komenientziazko ezkontzaren seme bakarra, hala eta guztiz aitaren ondoan pozik zirudien berori derrepente hil arte, hiru urte lehenago, eta halaxe ama bakarkariarekin pozik bizitzen segitu zuela zen itxura bere heriotzako astelehenera arte. Amagandik heredatu zuen sena. Aitagandik ttiki-ttikidanik ikasi zuen su-armen domeinua, hartu zuen zaldienganako amodioa eta zeru goiko hegazti harraparien heziketa, bidenabar harengandik zituen ikasi ausartziaren eta zuhurtziaren arte bikainak. Elkarren artean arabieraz mintzo ziren, ez hala ere Plácida Linero-ren aitzinean honek bere burua bazter senti ez zezan. Inoiz ez zituzten armaturik ikusi herrian, eta aztore hezitakoak behin bakarrik ekarri zituzten hartan karitatearen aldeko bazar-ean hegazti-ehiza nola egin ohi den azaltzeko izan zen. Eskola sekundarioa burutu ondotik ikasketak uztera behartu zuen aitaren heriotzak, honela etxaldearen gobernua bere gain hartzeko. Berez zen Santiago Nasar gizon alai eta baketsua, eta bihozpera.

        Hil behar zuten egunean zuriz jantzirik ikusi eta, egunez huts egin zuela uste izan zuen amak. «Astelehena zela gogarazi nion», esan zidan. Baldin bait ere gotzainari eraztunean muin egiteko aukerarik izaten bazuen, horrexegatik jantzi zela pontifikalez esplikatu zion hark. Amak ez zuen arreta izpirik ipini ipuin horietan.

        —Untzitik lehorrera ere ez du egingo —esan zion—. Konpromisoz bedeinkazioa bota, ohi bezala, eta etorri bidetik alde egingo du. Herri honi gorroto dio.

        Honelaxe zela ondotxo zekien Santiago Nasar-ek, halaz guztiz ere elizako ospeak ezin eta gehiago liluratzen zuen. «Zinea bezalakoxea da», esanik zidan behin edo beste. Amari, aldiz, gotzainaren etorreraz interesatzen zitzaion gauza bakarra semea euritan ez bustitzea zen, doministikuka sentitu baitzuen lotan zen bitartean. Aterkia eraman zezala kontseilatu zuen, baina kontseiluaz kontu gutti eginez eskuaz agur egin eta gelatik irten zen. Ez zuen geroztik gehiago ikusi.

        Victoria Guzmán, sukaldariak, egun hartan ez zuela euririk egin seguru zioen, ez otsail guztian ere. «Aitzitik», esan zidan bera hil baino lehentxeago ikustera etorri nintzaionean. «Abuztuan baino goizago hasi zen eguzkia berotzen». Santiago Nasar su aldean sartu zenean, bazkaltzeko hiru koneju puskabanatzen ari zen, zakur hats-handituz inguraturik. «Lo xuhur egin duenaren aurpegia zuen beti jaikitzen zenean», zitzaion gogoratzen amodiorik gabe Victoria Guzmán-i. Divina Flor, bere alabak, zeina apenas zen loratzen hasirik, katilukada bat kafe garratz kanabera-alkohol xorta batekin zerbitzatu zion Santiago Nasar-i, astelehenero ohi zuenez, gaueko zama nolabait eztitzen laguntzeko. Su alde tzar handian, argiaren murmurika eta oiloak kotan lotan, hats-hartze mutua zen. Beste aspirina bat mastika eta Santiago Nasar kafe katilukada txurrutaka emeki-emeki hartzeko eseri egin zen, astiro pentsatuz, su aldeko labean konejuak puskabanatzen ari ziren emakumeei beti so. Urteak goiti-beheti, galantik kontserbaturik zen Victoria Guzmán. Neskatoak, aski menditar oraino, glandulen oldarraz hatsanturik eta itolarririk zirudien. Katilu hutsa biltzera hurbildu zitzaionean eskumuturretik heldu zion Santiago Nasar-ek.

        —Eskurakoiagoa izateko garaia baden oraintxe —esan zion.

        Victoria Guzmán-ek ganibeta odoleztatua erakutsi zion.

        —Utzak, zuri —agindu zion zorrotz—. Ni bizi naizeino ez duk ur horretarik edango.

        Oraino gaztetxo hutsa zenean liluratu zuen Ibrahim Nasar-ek. Zenbait urtez isilean amodioa eginik zuten etxaldeko ukuiluetan, eta harenganako onerizkoa bukatu zitzaionean etxera eraman zuen neskame. Divina Flor, senar berriagoaren alabak bazekien noiz edo behin Santiago Nasar-en ohe ezkutura beharko zuela, eta pentsu horrek larritasun goiztiarra sortarazten zion. «Hori bezalako gizonik ez da geroztik jaio», esan zidan dena gizen eta betilun, beste amurusietatik etorri zitzaizkion seme-alabez inguraturik. «Aitaren irudikoa zen», ihardetsi zion Victoria Guzmán-ek. «Ez-deus bat». Baina koneju baten gibelerraiak zuztarretik erauzi eta tripotxak ketan zakurrei jaurtiki zizkienean Santiago Nasar-ek sentitu zuen lazturaz oroitu zenean ezin izan zion izialdura ufadari itzuri egin.

        —Zu zara basazia —esan zion—. Emazu gizakietarik dela.

        Animalia defentsarik gabeak hiltzen hain usaturik zen gizonak bat batean honenbesteko izu-ikara agertzea konprenitzeko, 20 urte behar izan zituen Victoria Guzmán-ek. «Jainko maitea —egin zuen oihu asaldatuta —guztiura egiazki errebelazio bat gertatu zitzaidan!». Halarik ere, krimena egin goiz hartan honenbeste errabia zuen bere baitan bildurik, ze, besterik gabe Santiago Nasar-i gosaria mintzeko eta gozo-gaizteko, beste konejuren erraiez zakurrak bazkatzen segitu zuen. Honelakoetan zirenean, gotzaina heldu zen baporearen orroa ikaragarriarekin herri osoa esnatu zen.

        Garai bateko depositua zen etxea, bi pisutakoa, ohol zakarrez eginiko paretak eta zinkezko teilatua gailurretik ura alde banatara, nondik zelatatzen baitzuten portuko zaborreria gallinazoek. Ibaiak hain zerbitzu handia egiten zuen garaian eraikia izan zen, non anitz gabarra, are alturako ontziak menturatzen baitziren estuarioko iztingietatik barrena. Gerra zibilei buru eman ondoren Ibrahim Nasar azkeneko arabiarrekin etorri zenean, ibaian izan ziren ur-aldaketak zirela kausa, ez zen gehiago itsasontzirik heldu, ez deposituaz zen inor baliatzen. Huskeria baten erosi zuen Ibrahim Nasar-ek inportaziorako denda hantxe ipintzeko asmotan, inoiz jarri ez bazuen ere, eta ezkontzekotan zenean orduantxe soil prestatu zuen etxe-bizitzarako. Beheko plantan saloi bat muntatu zuen zernahitarako on, eta hondoan zamalde egia lau abererentzat, zerbitzu gelak, eta etxaldeetan ohi diren bezalako su aldea, leihoak porturat, nondik egun oroz uraren kiratsa gau eta egun sartzen zen. Noizbaiteko naufragiotik erreskataturiko eskailera espirala izan zen, salan zegoen zegoenean, utzi zuen gauza bakarra. Goiko bizitzan, garai batez aduanako bulegoak izan ziren hartan, bi gela handi prestatu zituen, berebat bost ganbarote, noizbait izan asmo zituen seme-alaba frankorentzat, eta plazako almendroen gainetik zurezko balkoia eraiki zuen, non Plácida Linero, bere bakardadearen kontsolamendurako, eserita egoten zen martxoko arrats apaletan. Aurrealdean lehen-lehen bezala ate nagusia, hala ere bi leiho berri zabaldu zizkion bolatxo torneaturekin. Atzealdeko atea ere bere horretantxe utzi zuen, alabaina zaldi gainean pasatzeko zerbait goititurik, eta garai bateko kaiaren puska bati martxan eutsi zion. Ate horretaz baliatzen ziren gehienik, ez bakarrik ganbela eta su alderako sarbide naturala eta berezkoa zelako, plazatik iragan gabe portu berriko kalera jotzen zuelako baizik. Aurreko atea, jaiegunetan izan ezik itxirik egon ohi zen, atalaga emanda. Hala ere, han ez atzeko atean ziren Santiago Nasar hilko zuten gizonak zain jarrita, halaber handik irten zen hura gotzainari ongietorri egitera, hori eta horrenbestez portura ailegatzeko etxeari inguru osoa egin behar izan bazion ere. Honenbeste kointzidentzia galgarri ezin zezakeen inork konpreni.

        Riohacha-tik etorri zen epaikari instruktoreak usnatu bide zituen, nahiz eta ez zuen onartzeko ausardiarik izan, izan ere, sumarioan egiazko esplikazio arrazoizkoa emateko ipini zuen arreta oso nabarmena zen. Plazarako atea behin eta berriro aipatzen zen, folletinetan usatzen den izenaz: Ate zorigaiztokoa. Aintzat hartzeko esplikazio bakarra bazirudien Plácida Linero-rena zela; ama izateak berekin ohi duen senaz erantzun zuen: «Dotore jantzirik zenean ez zen nire semea inoiz atzeko atetik irteten». Hain zirudien egia nabarmena, ze instruktoreak alboko oharrean idatzi zuen, baina sumarioan ez zuen sartu.

        Victoria Guzmán-ek, bere aldetik, ezin eta zorrotzago erantzun zuen, esanez, ez berak ez bere alabak zekitela Santiago Nasar hiltzeko inor zain zegoenik. Urteak joan urteak etorri onartu zuten ordea hura su aldera kafea hartzera sartu zenean biek zutela guztiorren berri. Bostak jo ondoan karitatez esne pixka baten eske pasatu zen emakume batek esan zien, horretarako ziren arrazoiak azaldu zizkien gainera, bai zain jarrita non zeuden aditzera eman ere. «Moxkortzio baten berriketak zirelakoan, ez nuen inor jakinaren gainean jarri», esan zidan. Ordea, geroztik egin nion bisitan, ordukoz bere ama hilik zen, Divina Flor-ek aitorra eman zidan, hil zezaten benaz nahi zuelako ez ziola amak ezeren berririk eman Santiago Nasar-i. Alabak ere ez zion ezeren berririk eman artean neskato izuti bat baizik ez zen eta, bere kabuz erabakirik hartzeko ez-gauza, eta are gehiago izutu zen eskumuturretik eskuaz heldu zionean, esku hotz eta harrizkoaz, hilotzarenak iduri.

        Ilunpetan pauso luzez alderik alde iragan zuen etxea Santiago Nasar-ek ontziko bozkariozko orroak atzetik segika. Atea zabaltzeko asmotan aitzindu zitzaion Divina Flor, jangelan kaioletan lo zeuden txori, saloiko zumezko altzaria eta zintzilik zeuden iratze mazeten tartetik hark ez atzemateko kontu handi eginez, baina oraingoan ere ateko atalaga baztertu zuenean ezin izan zion itzuri gabirai harrapariaren eskuari. «Bete-betean heldu zidan artaburutik», esan zidan Divina Flor-ek. «Etxeko zokoren batetan bakarrik aurkitzen ninduen bakoitzean horixe bera egiten zuen beti, hala ere egun hartan ez nuen bestetan bezalako ikararik sentitu, negar egiteko gogo bizi-bizia baizik». Kanpora irteten uzteko apartatu egin zen, eta erdi zabalik zegoen ate zirriztutik plazako almendroak zituen ikusi elurretan egunsentiko leinuruak jorik, alabaina ezer gehiago ikusteko kemenik ez zuen izan. «Orduantxe zen ontziko tutua isildu eta oilarrak ziren kukurrukuka hasi», esan zidan. «Hain zen handia hango karakotxa, ze pentsaezina zen herrian honenbeste oilar behar zenik, eta gotzainaren ontzian heldu zirela uste izan nuen». Berea inoiz izango ez zen gizonaren alde egin izan zuen gauza bakarra ateari atalaga eman gabe uztea izan zen, Plácida Linero-ren aginduen kontra beti ere, baldin baita ere premia gorrian izan eta berriro sartzerik izan zezan. Sekula nor zen aditzera eman ez zuen norbaitek gutun-azal barruan paper bat pasatu zuen atepetik, non Santiago Nasar-i gaztigatzen zitzaion bera noiz hilko zain jarrita zeudela, non eta zergatik esaten zitzaion bidenabar, bai intriga honen beste zenbait zehetasun xehe-xehe ere. Mezua lur gainean zetzan Santiago Nasar etxetik irten zenean, baina ez zuen ikusi, ez Divina Flor-ek zuen ikusi ez beste inork, harik eta krimena burutu eta luzaz geroztik ikusi zuten arte.

        Goizeko seiak jota ziren eta anartean argi publikoak pizturik. Almendroen adarretan, eta zenbait balkoitan, artean hantxe zeuden eztei-eguneko txirikorda koloretakoak, eta pentsa zitekeen pentsa gotzainaren ohoretan zituztela zintzilik jarririk aiztintxe. Baina eliz atariraino baldosaz estalirik zegoen plazak, non baitzegoen ezarririk musikarien taulatua, zakartegia zirudien parranda publikoaren ondotik dena botila hutsez eta zaborrez beterik. Santiago Nasar etxetik irten zenean, zenbait hantxe zihoan portura korrika, ontziko orroek presaturik eta hartaraturik.

        Plazan zabalik zegoen leku bakarra, esne-denda zen eliz saihetsean; hantxe zeuden bi gizonak Santiago Nasar hiltzeko zain. Clotilde Armenta, denda-jabeak ikusi zuen lehen-lehenik egunsenti leinuruaren argitan, eta aluminioz jantzirik zela iruditu zitzaion. «Engoitik fantasma itxura zuen», esan zidan. Hil behar zuten gizonak jarlekuetan lo, egunkaritan bildurik ganibetak estu-estu altzoan, eta Clotilde Armenta-k arnasari eutsi zion beroriek ez esnatzearren.

        Bikiak ziren: Pedro eta Pablo Vicario. 24 urte zituzten, eta elkarren artean halakoxe antza ze nekez baizik ez baitzitekeen bereiz nor zein zen. «Kaizuz lodi eta astun baina jite eta izaera onekoak», zioen sumarioak. Eskolaurretik ezagutzen nituen honexek, horixe bera idatzi nukeen. Eztei-eguneko ehun ilunezko janzkiak soinean oraino goiz hartan, ezbairik gabe sobera astun eta formalak Karibe-rako, eta honenbeste ordu bizitza txarrean sartu ondotik itxura galdua, ordea bizarra kentzeko eginbidea beterik zuten. Parranda eguneko bezperaz geroztik zurrutari utzi ez bazioten ere, hirugarren egunaren buruan ez ziren hordi, baizik eta sonanbulu logabetu ziruditen. Oilaritean loak hartu zituen, Clotilde Armenta-ren denda ondoan ia hiru ordu zain egon ondoren, eta huraxe zen larunbataz geroztik beren lehenbiziko loaldia. Ontziko lehen orroaz apenas itzarri ziren, baina senak hartaraturik arrunt ziren esnatu Santiago Nasar bere etxetik irten zenean. Egunkarien zorroari heldu zioten orduan biek, eta Pedro Vicario altxatzen hasi zen.

        —Jainkoarren —esan zuen hortz tartean Clotilde Armenta-k—. Utzazue geroko, gotzain jaunari zor zaion errespetuagatik benik ere.

        «Izpiritu Santuaren ukitua izan zen», errepikatu ohi zuen sarritan Clotilde Armenta-k. Zinez burutazio probindentziala izan zen, baina behingoko bertutea izan zuena. Aditzean, Vicario bikiek gogoeta egin zuten, eta jadanik zutik zena, berriro eseri egin zen. Santiago Nasar plaza gurutzatzen hasi zenean batak zein besteak soaz segitu zioten. «Lastimaz bezala begiratzen zioten», zioen Clotilde Armenta-k. Mojen eskolako neskatoak orduantxe iragan ziren alderik alde plazaz bestaldera tiki-taka desordenatuan umezurtz janzkiak soinean.

        Arrazoi zuen Plácida Linero-k: gotzaina bere horretantxe geratu zen lehorrera gabe. Agintari eta eskolaumez bestalde jendeteria handia zen bildurik portuan, eta orotan ikusten ziren kaiolatan oilarrak ongi gizendurik gotzainarentzat esku-erakutsi, jakirik estimatuena galdor salda zuen eta. Kargarako kaian honenbeste egur zamakatu zen, ze guztiori kargatzeko bi orduko lana zukeen kargaontziak. Ez zen geratu ordea. Ibaiaren bihurgunean azaldu zen, herensugearen pare orroizka, eta une berean musikarien banda gotzainaren himnoa jotzen hasi zen, eta oilarrak otarretan kukurrukuka hasi ziren eta hori eta horrenbestez herriko beste oilar guztiak aztoratu zituzten.

        Garai hartan, egur suaz erruedei eraginez batetik bestera zebiltzan arrodazko ontziak azkenetan ziren, eta zerbitzua prestatzen ari ziren banaka horietan ez zen gehiago pianolarik ez eztei-egun gauerako ganbaroterik, eta ur korronteari buruz nabigatzeko gauza apenas ziren. Hau ordea berrietarik zen, eta baten ordez bi tximini zituen brazalete itxuraz banderak pintaturik, eta itsasontzietarik bailitzan popako oholezko erruedak oldar bizian eragiten zion. Goiko barandan, kapitainaren ganbarotearen ondoan, sotana zuriz jantzita gotzaina, espainol segizioa inguruan. «Eguberrikari honelakoxe eguraldiak izan ohi dira», esan du nire arreba Margot-ek. Hauxe gertatu zen, honen ustez, portu aurretik pasatzerakoan presio-bapore purrustada jaurtiki zuen ontziko tutuak, eta itsasertzetik hurbilen zeudenak busti-busti blai eginda utzi zituen. Ilusio iheskorra izan zen: kaiko jende oldearen aitzinean gotzaina airean gurutze santuaren egiten hasi zen, eta gerora ere bere kabuz egiten segitu zuen, ez malezia ez inspirazio, harik eta ontzia begi bistatik galdu eta oilarren karakotxa ezer besterik geratu ez zen arte.

        Defraudaturik sentitzeko motiborik bazuen Santiago Nasar-ek. Aita Carmen Amador-ek egin eskari publikoari erantzunez zenbait egur zama bidali zuen, eta gainera gandorrik gozoenak zituzten oilarrak aukeratu. Baina nahigabea ez zen luzaroko izan. Nire arreba Margot-ek, zeina harekin batera kaian zegoen, umore onez ikusi zuen eta festa egiten segitzeko amorrazio bizian, nahiz eta aspirinek ez zuten deus arindu. «Ez zuen marfundi zenik itxura, eta ezteia zenbat kostatu ote zen horixe bakarrik zerabilkien gogoan», esan zidan. Cristo Bedoya-k, haiekin batera zen, eman zituen zifrez harridura areagotu egin zen. Goizeko laurak arte abantzu Santiago Nasar eta nirekin ibili zen parrandan, baina ez zen lotara gurasoen etxera joan, baizik aitona-amonenean geratu zen txutxu-mutxuka. Parrandaren kostua zenbatekoa zen kalkulatzeko falta zitzaion datu asko bildu zuen han. Kontatu zuen inbitatuentzat berrogei indioilar eta hamaika zerri eho zirela, eta lau txahal zeinak senargaiak herriko plazan herritarrentzat erre erazi zituen. Kontatu zuen kontrabandoz ekarritako 205 kaxa alkohol edan zirela eta ron kanaberaz eginiko ia 2.000 botila, jendartean zabalduak izan zirenak guztiak. Herrian sekula ezagutu zen parrandarik zaratatsuenean aldez edo moldez parte hartu gabe ez zen ez pobrerik ez aberatsik inor geratu. Santiago Nasar ametsetan ari zen ozenki.

        —Honelakoxea izango da nire ezkontza ere —esan zuen—. Bizia labur dukete kontatzeko.

        Aingerua pasatzen nabaritu zuen nire arrebak. Flora Miguel-en zori onean pentsatu zuen behin eta berriro, bizitzan honenbeste ondasun zuena bera, eta urte hartan Eguberritan Santiago Nasar gainera berarekin izango zuela. «Bat batean konturatu nintzen hura bezain etekin onik inondik ezin zatekeela», esan zidan. «Honelakoxea zenuen: eder, serio, eta ondasun propioak 21 urterekin». Yucaz-ko carimañolarik izaten zenean etxera inbitatu ohi zuen gosaltzera, eta goiz hartan nire ama halakoxeak prestatzen ari zen. Santiago Nasar-ek entusiasmaturik onartu zuen.

        —Arropaz alda eta zurekin naiz —esan zuen, eta erlojua gau-mahaian ahaztu zitzaiola konturatu zen—. Zer ordu da?

        06:25ak ziren. Santiago Nasar-ek Cristo Bedoya-ri besotik heldu eta plazara eraman zuen.

        —Ordu laurden bat barru zure etxean nauzu —esan zion nire arrebari.

        Lehiatuki esan zuen arrebak biak batera berehalaxe joateko, gosaria zerbitzaturik zela eta. «Oso insistentzia arraroa izan zen», esan zidan Cristo Bedoya-k. «Hain ere handia, ze inoiz pentsatu izan baitut Margot-ek bazekiela hiltzekotan zirela, eta zure etxean ezkutatu nahi zuela». Hala ere, Santiago Nasar-ek buruan sartu zion berak zaldi gainerako arropak jantzi bitartean, aitzindu zekiola, txahalak irentzeko goizean goiz behar zuen-eta El Divino Rostro-n. Amari adioa eman zion esku-seinale berberaz eman zion adioa hari ere, eta plaza aldera urrundu zen Cristo Bedoya besotik zuela. Geroztik ez zuen gehiago ikusi.

        Portuan zenetarik asko jakinaren gainean zen Santiago Nasar hiltzekotan zirela. Lazaro Aponte jauna, erretiro bikainaz gozatzen zuen akademiako koronela eta azkeneko hamaika urtetan herriko alkate zenak, behatzez salutatu zuen. «Egiazko arrazoi zinezkorik banuen orduz geroztik inolako arriskurik ez zuela uste izateko», esan zidan. Aita Carmen Amador ere ez zen kezkatu. «Onik eta salburik ikusi nuenean guztia gezurrutsa izan zela pentsatu nuen neure baitan», esan zidan. Ezta inortxok ere ez zion bere buruari galdetu Santiago Nasar jakinaren gainean jarria izan zenez, halaxe ez izatea ezinezkoa zitzaien eta.

Egia esan hiltzekotan zirela jakin gabe zegoen bakarrenetakoa nire arreba Margot zen. «Jakin izan banu etxera eraman nukeen, lotuta ezin bestez», deklaratu zion instruktoreari. Harritzekoa zen ez jakitea, baina are harrigarriagoa zen nire amak berak horren berri ez izatea, etxeko inork baino lehenago jakiten baitzituen gauza guztiak, nahiz eta urte mordoa zuen kalera gabe, mezatarako ere ez zen irteten eta. Eskolara joateko goiz antxean jaikitzen hasi nintzenetik nuen estimu handitan haren dohain hori. Garai hartan zena bezalatsukoa nekusan, zurbil eta isil, egunsentiko argitasun hauskaran erratzaz patioa garbitzen ari, eta kafea txurrutaka hartzen ari zenean gu lotan ginen bitartean munduan zer berri kontatzen zigun. Herriko besterekin komunikapen isilezko hariak zituela zirudien, bere adinekoekin bereziki; eta inoiz behin ustekabean harrapatzen gintuen berri goiztiarrekin zeinak ezin baitzitzakeen ezagut aztikeriaz baliatuz baizik. Goiz hartan, guztiarekin ere, goizaldeko hirurak ezkero zertzen ari zen tragediaren pilpira ez zuen nabaritu. Patioa orduantxe garbiturik zuen. Nire arreba Margot gotzaina errezibitzera irteteko zenean, carimañola-k prestatzeko yuca ehotzen aurkitu zuen. «Oilarrak kukurrukuka ari ziren», esan ohi zuen nire amak egun hura gogoratuz. Zalaparta urrun haiek ez zituen ordea gotzainaren etorrerarekin juntatu, eztei-eguneko erreusekin baizik.

        Plaza nagusitik zegoen gure etxea, ibaiari begiz begi, mango-dian. Nire arreba Margot ibai bazterretik joan zen porturaino, eta herria gehiegixko kilikaturik zen gotzainaren bisitarekin, horrez beste berriez arduratzeko. Atarietan ezarririk zituzten gaixoak Jainkoaren medizina hartzeko, eta patioetatik korrika irteten ziren emakumeak indioilar eta txerrikume eta jaki mota guztiekin, eta ibaiaz bestaldeko ur bazterretik kanoak heldu ziren lorez horniturik. Baina gotzaina lehorrean ezeren aztarrenik utzi gabe pasa eta gero, beste berri erreprimitua eskandalagarri bilakatu zen. Orduantxe izan zuen nire arreba Margot-ek, era guztiz basaz guztiorren ezagutza osoa: Angela Vicario, aurreko egunean esposatu zen neskatxa ederra, berriro atzera gurasoen etxera bihurtua izan zen, senarrak ez zuela birjina atzeman eta. «Hilko zena neu izango nintzela sentitu nuen», esan zuen nire arrebak. «Ordea istorioa inoizko gehien azpikoz gora iraultzen zuten arren, inork ezin izan zidan esplikatu Santiago Nasar nola arraio engaia zitekeen honelako istiluan». Seguru zekitena hauxe zen, Angela Vicario-ren anaiak hura noiz hilko zain jarrita zeudela.

        Barruari kosk negarrari ezin eutsiz itzuli zen etxera nire arreba. Nire ama su aldean aurkitu zuen, gotzaina agur egitera sartzen baldin bazen, zer gerta ere, jaiegunetako soineko lore urdinezkoaz jantzirik, eta mahaia txukuntzen ari zen bitartean amodio ikusezinaren fadoa kantari. Bestetan baino jarleku bat gehiago jarri zuela konturatu zen nire arreba.

        —Santiago Nasar-entzako da —esan zion nire amak—. Gosaltzera gonbidaturik zenuela esan zidaten.

        —Utikan —esan zuen nire arrebak.

        Kontari hasi zitzaion orduan. «Jakinaren gainean egotea bezalaxe zen», esan zidan. «Betikoa, norbait norbaiti zerbait kontatzen hasi, eta kontaria erdira baino lehen badaki besteak kontua nola bukatuko den». Berri txar hura korapilo zifratua zen nire amarentzat. Beronen izena bera ezarri zitzaion Santiago Nasar-i, eta bestalde honen amapontekoa zen, bazuen gainera ahaidetasun odolezkorik Pura Vicario-rekin, gurasoen etxera bihurtu zuten emaztekiaren ama berau. Dena dela, berria entzun orduko zituen jantzi zapata takoidunak eta garai hartan dolu bisitetarako bakarrik eraman ohi zen elizako mantila. Nire aita, ohetik guzti-guztia aditu, eta pijama jantzian azaldu zen jangelara eta norako asmotan zen galde egin zion asaldaturik.

        —Nire amaide Plácida-ri abisatzera —erantzun zuen hark—. Ez da zuzen orotan semea hil behar diotela jakin dezaten, eta bera bakarrik ezjakinean.

        —Harekin adina ahaidetasun dugu Vicario-tarrekin —esan zuen nire aitak.

        —Hilaren aldekoa izan behar da beti —esan zuen amak.

        Nire senide gazteenak beste geletatik irteten hasi ziren. Gazteenei, tragediaren ukituaz hunkiturik, negarra jauzi zitzaien. Nire amak, behingoz, ez zien kasurik egin, ez senarraren esanak zituen kontutan hartu.

        —Zaude eta laster naiz jantzirik —esan zion honek.

        Ama kalean zen jadanik. Orduan zazpi urte soil zituen nire anaia Jaime bakarra zen jantzirik eskolara joateko prestik.

        —Lagun iezaiok —agindu zuen nire aitak.

        Zer gertatzen zen norat abiatu ziren deus jakin gabe amaren ondora egin zuen korri Jaime-k, eta eskutik heldu zion. «Bere gisa hizketan bakarrik ari zen», esan zidan Jaime-k. «Urde tresna tzarrak, zioen boz apalez, zorigaitza zabaltzeko besterik ezertarako ez diren urde gaiztagintzar deabruen arimak». Umea eskutatik helduta zeramanik ere ez zen konturatzen. «Eroturik nintzela pentsatu bide zuten», esan zidan. «Gogoan dudan gauza bakarra urrunean jendeteriaren hots burrunba entzuten zela, eztei-festa berriro hasteko asmotan bailiren, eta jendeak korrika berriro plazara egin zuela». Pausoa bizkortu zuen, tartean bizitza bat zegoela jakiteak ematen zion suarekin, eta horra hor non kontrako bidetik korrika heldu zen norbait bere zorakeriaz urrikaldu zen.

        —Ez zaitez penatu, Luisa Santiaga —jo zion oihu ondotik iragaitean—. Hilik dute jadanik.

 

Heriotza iragarritako baten kronika
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Xalbador Garmendia
Sendoa, 1982