Heriotza iragarritako baten kronika
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Xalbador Garmendia
Sendoa, 1982

 

 

        Bayardo San Román, emaztea bihurtu zuen gizona, aurreko urteko abuztuan etorri zen lehenbiziko aldiz: ezkondu baino sei hilabete lehenago. Asteroko ontzian ailegatu zen, alforjak zilarrez horniturik gerriko belarri eta katiusken zirgiloekin joko eginez. Hogeita hamar urte hortxe-hortxe zituzkeen, nahiz eta itxuraz ez zuen ematen adin hori zuenik, izan ere novilleroen gerri estua zuen, begiak urrezko, eta gesaletan ezari-ezarian kiskalirik azala. Jaka motzez eta galtza estuz jantzita etorri zen, bata eta bestea zekor larru egiazkoak, eta antxume larruz eginiko eskularruz denak kolore berdinekoak. Magdalena Oliver harekin batera etorri zen ontzian eta bidaia garaian begiz jan zuen. «Marika zela zirudien», esan zidan. «Eta pena zen, gurinez igurtzi eta bizirik irensteko modukoa zegoen eta». Hori pentsatu zuen bakarra ez zen izan, Bayardo San Román lehen begi kolpean ezagutzen ez zenetarikoa zela konturatzen ere ez azkena.

        Abuztuaren hondarrean kolegiora idatzi zidan amak eta ohar ustekabekoan hauxe ziostan: «Oso gizon arraroa etorri da». Hurrengo eskutitzean bide beretik: «Gizon arraroari Bayardo San Román deritza, eta jende guztiak dio oso xarmanta dela, baina ni neuk ez dut ikusi». Zertara etorri zen inork inoiz ez zuen jakin. Galde egin gabe ezinegonik zen bati, ezkondu baino lehentxeago, erantzun zion: «Herriz herri nenbilen ezkontzeko norbaiten bila». Posible zen egia izatea, baina hori bezala beste edozer erantzun zezakeen, bere hizketa modu bereziaz zerbait azaltzeko baino gordetzeko gehiago baliatzen baitzen.

        Ailegatu zen gauean zineman trenetako inginiaria zela eman zuen aditzera, eta ibaiaren aldarteei aurrea hartzeko lehorrean barruraino trenbidea eraikitzea oso premiazko gauza zela esanez aritu zen hizketan. Hurrengo egunean telegrama bat igorri beharrean izan zen, eta berorrek helarazi zuen manipulatzaileaz baliatuz, eta gainera bere formula bat erakutsi zion telegrafistari pila amaituez nola balia azalduz. Hilabete haietantsu leva egiten aritu zen mediku militar bati, ohi zuen zehaztasunez, muga ondoko eritasunez mintzatu zitzaion. Festa zaratatsuak eta luzeak gustatzen zitzaizkion, baina edan onekoa zen, auzi konpontzaile, eta prestidigitazioaren etsai. Igande batez meza ondoan igerilari bizkorrenei herronka jo zien, asko ziren igerilari trebeak, eta ibaian barrena egin zuten joan etorrian hogei paladen aldea kendu zien onenei. Guztiorren berri igorri zidan amak eskutitzean eta azkenean hark ohi zuen bezala iruzkina: «Urretan ere igeri bizi dela dirudi». Gauza guztiak egiteko eta oso ongi egiteko gauza ez ezik aberastasun bukaezinak zituela zabaldu zen fama garaiz aurrekoari erantzuten zion guztiorrek.

        Urrian igorri zidan eskutitzean eman zion azken bedeinkazioa nire amak. «Jendeak oso maite du —ziostan—, ondradua delako eta bihotz onekoa eta joan den igandean belauniko komulgatu zuen eta apaizari latinez lagundu zion mezatan». Garai hartan ez zen zutik komulgatzeko baimenik eta latinez bakarrik ohi ziren elizkizunak, alabaina, nire amak gauzen muina bete-betean ukitu nahi izaten duenean orduan bakarrik ematen ditu honelako xehetasun axalekoak. Hala ere, epai sagaratu horren ondotik beste bi gutun idatzi zizkidan zeinetan ez zidan ezer esaten Bayardo San Román-i buruz, Angela Vicario-rekin ezkondu nahi zuela horixe bera ere ez, nahiz eta berria oso zabaldurik zegoen. Zorigaiztoko ezkontza pasa eta handik puska batera urriko gutunean zioena zuzentzeko oso berandu zenean bakarrik aitortu zidan ezagutu zuela, eta bere urrezko begiek halakoxe izu zirrara kausatu ziotela.

        —Deabru itxura hartu nion —esan zidan—, baina zu zeuk esanik zenidan, kontu horiek ez direla idatziz zabaldu behar.

        Amak ezagutu eta handik laster ezagutu nuen, Eguberrikari bakazioetara etxera nintzenean, eta ez zitzaidan iruditu kontatzen zuten bezain arraroa. Xarma handikoa iruditu zitzaidan, egia, ez hala ere Magdalena Oliver-ek bisio idilikoan ikusi zuenaren parekoa, urrik eman ere. Bere bihurrikeria eta guzti, iduri zukeen baino serioagoa zen, eta barne tentsio gordea zuen ateraldi demasaz apenas disimulatua. Batez ere ordea, oso gizon tristea iruditu zitzaidan. Ordurako formalizaturik zuen Angela Vicario-rekin ezkontzeko hitza.

        Elkar nola ezagutu zuten ez zein inoiz oso ondo finkatu. Bayardo San Román bizi zeneko gizonezko soilen ostatuko ostalertsak kontatu ohi zuenez siesta egiten ari zen salako kulunkarian, irailaren hondarrean, Angela Vicariok eta beronen amak bi otarra lore artifizialekin plaza alderik alde iragan zutenean. Bayardo San Román erdizka esnatu zen, beltz-beltz jantzirik ikusi zituen bi emakumeak zeinak arratsaldeko ordu bietako marasmoan zitezkeen bi izaki bizi bakarrak zirela ziruditen, eta gaztea nor zen galde egin zuen. Ondoan zuen emakumearen alaba gazteena zela, erantzun zion ostalertsak, Angela Vicario izenez. Plazaren beste muturreraino segitu zion soaz Bayardo San Román-ek.

        —Izen egokia du —esan zuen.

        Gero burua kulunkariaren bizkarrean etzan, eta berriro begiak itxi zituen.

        —Esna nadinean —esan zuen—, oroitaraz iezadazu berorrekin ezkondu behar dudala.

        Bayardo San Román-ek amodioa errekeritu baino lehenago eman ziola episodio honen berri ostalertsak, kontatu zidan Angela Vicario-k. «Arrunt ikaratu nintzen», esan zidan. Ostatuan ziren hiru pertsonak halaxe gertatu zela baieztatu zuten, baina beste lauk ez zuten episodioa egiazkotzat. Ostera bertsio guztiak batera zetozen honetan, esanez Angela Vicario eta Bayardo San Román-ek urriko aberri egun jaietan ikusi zutela elkar lehenbizikoz, karitatea egitearen aldeko berbenan neskak errifa zenbakiak kantatzeko enkargua zuenekoan. Bayardo San Románek berbenara ailegatu eta zuzenean jo zuen salmahaira, goitik behera guztiz lutoz jantzirik errifa saltzaile hildua bertan, eta nacar inkrustazioak zituen ortofonikoak zenbat balio zuen galdetu zion, zeina baitzen feriako atraktiborik handiena. Ez zegoela salgai, errifatzeko zela erantzun zion neskak.

        —Hobe —esan zuen hark—, honela errazagoa izango da, merkeagoa gainera.

        Inpresionaturik uztea lortu zuela aitortu zidan neskak, baina amodioaren kontrako arrazoiengatik izan zen. «Jende harroputza erdeinu nuen, eta artean ikusi gabe nintzen honenbesteko hantustez betetakorik», esan zidan, egun hura gogaraziz. «Gainera, poloniarra zela uste izan nuen». Horren harridura handiagotu zen ortofonikoaren zenbakia oihuztatu zuenean, hantxe jende guztia zain-zain jarrita zegoela, eta hain zuzen Bayardo San Román-i egokitu zitzaion. Ezin burura zitzaion, inpresionatzeagatik soilik, hark numero guztiak erostea.

        Gau hartan bertan, etxera itzuli zenean, erregaloa paperean bildurik eta organtza-bibistaz apaindurik aurkitu zuen ortofonikoa Angela Vicario-k. «Nire urtebetetzea zela nondik nora atera zuen ez nuen behin ere jakiterik izan», esan zidan. Bayardo San Román-i honelako erregaloa bidaltzeko motiborik txikiena ere ez ziola eman gurasoen buruan sartzea ederki kostatu zitzaion, are gutxiago guztien bistan, den-denak konturatu ziren eta. Honelatan Pedro eta Pablo, anaia zaharrenek ortofonikoa har eta ostatura eraman zuten jabeari bihurtuz, eta halakoxe zalapartarekin ibili ziren ze ekartzen ikusi zuen orok orobat ikusi zuen eramaten. Bayardo San Román-en xarma jarkiezina ez zuen kontutan hartu ordea familiak. Hurrengo goiz artera arte ez ziren azaldu bikiak, hordi arraila, ortofonikoa berriro galtzarbean eta Bayardo San Román beraiekin zutela parrandari etxean segida emateko prest.

        Eskuarte urriko familiako alabarik gazteena zen Angela Vicario. Aita, Poncio Vicario, pobreen zilargina zen, eta etxeko ohoreari eusteko egin behar izan zuen honenbeste urrezko edertasunez bista galdu zitzaion. Purísima del Carmen, ama, maistra izanik zen harik eta betiko ezkondu arte. Bere itxura otzan eta zerbaixka penatuak ederki disimulatzen zuen haren izaera zorrotz sendoa. «Moja itxura hartzen zitzaion», gogoratzen zaio Mercedes-i. Etsi-etsian guztiz emana senarraren onari eta seme-alaben hazierari, halako moduz, ze bizi ote zen antzematea ere ez zen gauza erraza. Bi alaba zaharrenak oso berandura arte ez ziren ezkondu. Bikiez bestalde, tartean beste alaba bat izan zuten goiztiriko sukarraz hila, eta handik bi urtetara ere etxe barruan luto arina zeramaten, benetakoa eta zorrotza kalean. Gizon izateko haziak izan ziren anaiak. Ezkontzeko hazi zituzten neskak. Bazekiten bastidorearekin bordatzen, makinaz josten, bolillozko farfailak ehotzen, ikuzi eta plantxatzen, fantasiazko gozokiak eta lore artifizialak egiten, eta konpromisozko eskelak idazten. Heriotzaren kultuaz arduratzen ez ziren garai hartako neskatxak ez bezala, zientzi zaharraren esanetara gaixoak beilatzen, hilzorian zirenak kontsolatzen eta hilak janzten laurak ziren oso iaioak. Nire amak haientzat zuen aitzakia bakarra lotara baino lehen orrazteko zuten ohitura zen. «Neskok —esan ohi zien—: ez zaitezte gauez orraztu itsasgizonei berantetsi egingo zaie eta». Hori izan ezik, haren ustez hobeto hazitako alabarik ez zen. «Akatsik gabeak dira», esaten maiz entzun nion. «Edozein gizon delarik ere horiekin pozik dateke nekerako haziak izan dira eta». Halaz guztiz ere bi zaharrenekin ezkondu zirenei inguruan sartzea asko kostatu zitzaien, edozein modutara ere bi neskak beti elkarrekin joaten baitziren zoko guztietara, eta dantzak organizatzen zituzten emakumezkoentzat soilik eta gizonezkoen pentsu eta xedeen gibelasmuei antzemateko aurretik gerturik zeuden.

        Lauretan ederrena Angela Vicario zen, eta nire amak esan ohi zuenez egiazko erregina handi antzo jaio zen zila lepoan bihurrituta. Eskutik utzitakoa iduri zuen eta izpirituz pobrezi handikoa etorkizun badaezpadakoa auguratzen zitzaiolarik. Eguberrikari, bakaziotan, urtero berrikusten nuen, eta gero eta on-beharrago zirudien hantxe bere etxeko leihoan, non arratsaldean eseri eta auzokoekin batera trapuzko loreak egiten eta neskazaharren vals-ak kantatzen aritzen zen. «Alanbrean zintzilik jartzeko modukoa zegok —esan ohi zidan Santiago Nasar-ek—: hire lehengusina txolina». Halako batez bat batean, ahizpa zela eta lutoa jantzi baino lehentxeago, lehen aldikoz ikusi nuen kalean emakumezkoz jantzirik eta ilea kizkurtuta, eta hura ote zen ez ote zen jarrita egon nintzen. Istant bateko bisioa izan zen: haren izpiritu eskasia gaizkoatzen ari zen urtetik urtera. Hainbestexe, ze Bayardo San Román-ek harekin ezkondu nahi zuela zabaldu zenean, arrotza gaiztoz ari zela pentsatu baitzuen askok.

        Oso seriotan ez ezik, alegrantzia handiarekin hartu zuen berria familiak. Pura Vicario-k ez bestek, zeinak Bayardo San Román-ek identitatea kreditatu behar zuela jarri baitzuen baldintza bezala. Ordura arte inork ez zekien nor zen. Artista janzkiz lehorrera egin zuen arratsalde hartaz aurrekorik inork ez zuen, eta bere jatorriaz hain isila zen ze itxuragabekeriarik desitxuratuena egiazkoa zatekeen. Tropako komandantea zelarik herriak erraustu eta Casanare-n izu-ikara eta terrorea sakatu zituela eta guzti esan zen, Cayena-tik profugo alde egina zela, hartz bi hezitakorekin medratu nahiz Pernambuco-n ikusirik zutela, eta Vientos izeneko kanalean urrez kargaturiko galeoi espainol baten hondakinak erreskatatu zituela. Honenbeste aieruri errekurtso sinple batez eman zien azkena Bayardo San Román-ek: familia osoa herrira ekarri zuen.

        Lau ziren guztitara: aita, ama eta bi ahizpa ero-bero. Ford T baten etorri ziren plaka ofizialekin bere ahate tutuaz kaleak goizeko hamaiketan inarrosiz. Ama, Alberta Simonds, Curazao-ko mulata handi bat zen zeina mintzo zen gaztelaniaz dena papiamentoz nahasita; gaztetan Antillaseko 200 neskatxarik ederrenetan ederrena eritzi zioten. Bi ahizpek, aiztintxe loratuak, bi behoka bero umale ziruditen. Hala ere aita zen hor norbait: Petronio San Román jenerala iragan mendeko gerra zibiletako heroia, eta Tucurinca-ko hondamendian Aureliano Buendía koronela antzarak ferratzera bidali zuelako errejimen kontserbatzailearen osperik handienetakoa. Nor zen jakin eta gero ongietorri egitera joan gabe geratu zen bakarra nire ama izan zen. «Elkarrekin ezkontzea oso ondo iruditu zitzaidan», esan zidan. «Gauza bat da hori ordea eta oso besterik Gerineldo Márquez-i atzetik tiroa jotzeko agindu zuen gizonari eskua trukatzea». Kapela zuriaz autoaren leihatilatik agurka azaldu zenexetik, honenbeste argazkitan ikusirik zuten eta, berehalaxe ezagutu zuten. Traje ehunezkoa gari kolorekoa, kordobanezko botinak lokarri gurutzaturekin, eta urrezko betaurrekoak sudur hezurrari pintzaz eratxekirik eta kateaz txalekoko botoi-zuloari loturik. Adore-Domina paparrean eta bastoia ezkutu nazionala zizelkatuta eskutokian. Aurren aurrenik berorixe jaitsi zen autotik, gure kamio kaxkar txarretako hauts kiskaliaz guztiz estalirik, eta autoaren aurrealdean azaltzea aski izan zuen gogoak emango zionarekin guztiarekin ezkonduko zela Bayardo San Román jende guztia konturatzeko.

        Angela Vicario zen harekin ezkondu nahi ez zuena. «Gizonegi zitzaidan», esan zidan. Bestalde, Bayardo San Román ez zen saiatu ere egin neska liluratzen, bere xarmaz etxekoak sorgindu eta txoratu zituen, horra zer egin zuen. Gurasoek eta ahizpa zaharrenek beren senarrekin batera, etxeko aretoan bildurik, apenas doi-doi ikusi zuen gizonarekin ezkontzera behartuz sentitu zuen gau hartako zarrada ez zitzaion gehiago ahaztu Angela Vicario-ri. Bikiek ez zuten parterik izan. «Andereskilen kontuak zirela iruditu zitzaigun», esan zidan Pablo Vicario-k. Apaltasunaz duindurik ageri zen familiak patuak eta halabeharrak eskainiriko premioa erdeinatzeko eskubiderik ez zuela, hori izan zen gurasoen argudio dezisiboa. Elkarrekiko amodio ezaren oztopoa aipatzea apenas ausartu zen Angela Vicario, amak ordea esan batekin mozturik utzi zuen:

        —Maitatzen ere ikasi egiten da.

        Garai hartako nobiazgo luze eta begiratuak ez bezala, horiena lau hilabetetakoa izan zen Bayardo San Román-ek halakoxe presa zuen eta. Etxeko lutoa bukatu arte Pura Vicario-k itxoiteko exijitu zuelako ez zen laburragoa izan. Baina izan zen nahikoa eta gehiegi denbora, Bayardo San Román-ek gauzak konpontzeko zuen taxua eta era jarkiezinezkoak ziren eta. «Gehien gustatzen zitzaidan etxea zein zen galde egin zidan gau baten», esan zidan Angela Vicario-k. «Eta nik erantzun nion, zertarako zen jakin gabe, Xius-en alargunaren etxaldea zela herriko politena». Ni neuk gauza bera esango nuen. Haizeak bazter guztietatik jotzen zuen muinoan zegoen kokaturik etxea, eta terrazatik anemona morez betetako iztingien paradisu azkengabea ikusten zen, eta udako egun argitsuetan Karibeko horizonte gardena eta Cartagena de Indias-eko turistekin zihoazen transatlantikoak. Gau hartan bertan Club Social-era joan zen Bayardo San Román eta Xius-en alarguna zegoen mahaian eseri zen domino partidua jokatzeko asmotan.

        —Alarguna —esan zion—: etxea erosiko dizut.

        —Ez da salgai —esan zuen alargunak.

        —Barrenean dagoena eta guzti erosiko dizut.

        Xiux-en alargunak ohiko gizabide jatorraz azaldu zion etxeko gauza guztiak emazteak erosi zituela, bizitzan xuhur-xuhur jokatuz eta neke handirekin, eta beretzat harenak bailiren zirela. «Bihotzondotik mintzo zen», esan zidan Dionisio Iguaran doktoreak, besteekin jokoan ari hau ere. «30 urtez eta gehiagoz zoriontsu izan zen etxea saltzea baino hiltzea nahiago zuela seguru nintzen». Bayardo San Román-ek berak ere konprenitu zituen haren arrazoiak.

        —Ongi da —esan zuen—. Etxea hutsik sal iezadazu beraz.

        Baina partidua buka arte ezezkoari eutsi zion alargunak. Hiru gauen buruan, ordukoz hobeto prestaturik, Bayardo San Román domino mahaira hurbildu zen berriro.

        —Alarguna —hasi zitzaion berriro—: Etxeak zenbat balio du?

        —Ez du preziorik.

        —Edozein delarik ere jar iezaiozu bat.

        —Asko sentitzen dut, Bayardo —esan zuen alargunak—, baina zuok gazteok ez dituzue konprenitzen bihotzaren arrazoiak.

        Bayardo San Román-ek ez zuen pentsatzeko betarik hartu.

        —Demagun bost mila peso —esan zuen.

        —Joka ezazu garbi —ihardetsi zion alargunak bere duintasunaz jabetuz—. Etxe horrek ez du horrenbeste balio.

        —Hamar mila —esan zion Bayardo San Román-ek—. Oraintxe bereon, billeteak bata bestearen gainean.

        Begiak malkotan urtu beharrean begiratu zion alargunak. «Amorrazioz ari zen negarrez», esan zidan Dionisio Iguaran doktoreak, medikuaz gainera gizon ikasia. «Kontu emazu: dirua eskumenka esku ahurrean izan eta izpirituaren ahulezia xinple bategatik guztiorri uko egin behar». Xiux-en alargunari ez zitzaion bozik jaulki, baina buru keinuaz zalantzarik gabe eman zuen bere ukoa.

        —Otoi, beraz, egidazu mesede bat, azkenekoa —esan zuen Bayardo San Román-ek—. Zaude hementxe bost minutu nire zain.

        Halaxe, bost minutu barru, Club Social-ean zen berriro alforja zilarreztatuekin, eta hamar billete bala, guztiak milakoak, ezarri zituen mahai gainean Estatuko Bankuaren xingola inprimatuez inguraturik oraino. Handik bi hilabete barru hil zen Xiux-en alarguna. «Hortik hil zen», esan ohi zuen Dionisio Iguaran-ek. «Gu baino sanoago zegoen, baina norbaitek auskultatzen zuenean bihotz barruan malkoak borborka nabaritzen zitzaizkion». Izan ere barruan zegoen guztiarekin etxea saldu ez ezik, apurka-apurka pagatzeko eskatu baitzion Bayardo San Román-i honenbeste diru gordetzeko kontsolaziorako kutxatila bat bera ere ez zitzaion geratzen eta.

        Inork ez zukeen pentsatu, eta inork ez zuen esan, Angela Vicario ez zenaz birjina. Aurreragoko senargairik ez zuen izan, eta ahizpekin batera larderia handian hazia izan zen ama zorrotzaren manupean. Nahiz eta artean bi hilabete falta ziren ezkon egunerako, biziko ziren etxea ezagutzera Bayardo San Román-ekin bakarrik joaten ez zion utzi Pura Vicario-k, aitzitik ama eta aita itsuak lagunduta joan zen, lotsa gal ez zekion. «Neure buruaz beste egiteko kemena eman ziezadala horixe bakarrik erregutzen nion Jainkoari». Hain burtzoraturik zegoen ze martirio hartatik jaregiteko egia amari esatea erabaki zuen; honetan, leiho ondoan trapuzko loreak egiten laguntzen zioten bi konfidentek, bere intentzio onak burutik kendu zizkioten. «Itsu-itsuan egin nuen haien esana —esan zidan— gizonen jukutriak ezagutzen guztiz iaioak zirela sinets erazi zidaten eta». Ia emakumezko guztiek haurtzaro garaian izan akzidenteetan galtzen zutela birjintasuna segurtatu zioten. Senarrik zorrotzenek ere, inork ez jakitekotan beti ameto ematen zutela adierazi zitzaion behin eta berriz etengabe. Eta, azkenik, konbentzitu zuten, hain asaldaturik joaten zela gizonezko asko eztei-egun gauean ohera, ze emaztearen laguntzarik gabe ez baitziren bere gisa ezer egiteko gauza, eta behar zen tenorean ez ohi ziren beren zerako zeraren jabe izaten. «Mihisean dakusatenari dagozkio, horrekin aski», esan zioten. Beraz, emaginen trikimainak azaldu zizkioten jantzi galduen plantak nola egin behar ziren jakiteko, halaber eztei-egun ondoko bere lehen goizean, etxeko patioan eguzkitan zabaldurik ohorezko mantxaz harizko mihisea nola erakuts jakiteko.

        Ilusio horrekin ezkondu zen. Bayardo San Román, aldiz, bere botere eta bere ondasunen pisu alimalearekin zoriona erosteko ilusioaz ezkondu bide zen, izan ere festarako zenbat eta plan gehiago egin, orduan eta amets handiagoak zituen are eta handiagoa egiteko. Gotzaina heldu zela zabaldu zenean, eta honexek ezkontzeko, eztei-eguna egun bat atzeratu nahi zuen, baina Angela Vicario kontra atera zitzaion. «Egia hauxe da —esan zidan— saldatarako bakarrik gandorrak moztu eta oilarraren gainerakoa zakarretara botatzen zuen gizonaren bedeinkaziorik ez nuela nahi». Halaz guztiz, gotzainaren bedeinkapenik gabe ere, festak halakoxe indar propio menperagaitza hartu zuen, Bayardo San Román-i berari eskutatik alde egin baitzion eta gertaera publiko bilakatu.

        Petronio San Román jenerala eta beronen familia Kongresu Nazionaleko zeremoni ontzian etorri ziren oraingoan, eta hantxe kaian atrakaturik egon zen festa burutu arte, eta horiekin batera jende printzipal asko etorri zen, hala ere aurpegi berrien zalaparta hartan tartean zirenik inor ez zen konturatu. Honenbeste erregalo ekarri zuten, ze ikusgarrienak erakusteko lehenbiziko planta elektrikoan zegoen lokal utziari berritu aldi on bat ematea ezinbestekoa izan baitzen; ezkonberriak errezibitzeko prestik zegoen Xiuxen alargunaren garai bateko etxera eraman zuten gainerako guztia. Biribil bihurgarri bat erregalatu zioten senargaiari fabrikako ezkutupean letra gotikoz haren izena grabaturik eta guzti. Kutxatila bat erregalatu zioten emaztegaiari, dena urre hutsezko mahai tresneria hogei gonbidaturentzat. Bailarinen ikuskizun bat ere ekarri zuten, eta baltseorako orkestra bi zeinak desintonatzen zuten herriko bandekin, bai parrandaren bullarekin zoraturik zetozen asko papayera eta akordeoi talderekin.

        Vicariotarrak etxe umilean bizi ziren, adreiluzko paretak eta palmazko teilatua bi txapitulaz errematatuta non urtarrilean enarak biltzen ziren habia egitera. Aurrealdean terraza zuen ia guztia lorapotez beteta, patio handia oiloak batera eta bestera eta frutarbolak. Patio hondoan zerritegia zuten bikiek, ehaiteko harlosa eta zehatzeko mahaia, eta Poncio Vicario itsutu ondotik, etxerako diru iturri oparoa izan zen. Pedro Vicario hasi zen negozio horrekin, baina soldaduskara joan zenean, bere anaia bikiak ere matarife ofizioa ikasi zuen.

        Etxe barruan doi-doi zen bizitzeko adina lekurik. Horregatik festaren handiaz konturatu zirenean etxe bat mailegatuta hartzeko asmotan ibili ziren ahizpa zaharrenak. «Pentsa —esan zidan Angela Vicario-k—: Plácida Linero-ren etxea jo zuten begiz, baina zorionez gure gurasoek bereari eutsi zioten tematsuki, hau da gure neskak ezkontzekotan gure tegian ezkonduko dira bestela inon ez». Beti izan zuen bezalako kolore horiz pintatu zuten etxea, ateak zuzendu zituzten, pisuak txukundu, eta honelako eztei zalapartatsuak merezi zuen eta, ahal bezain itxuros utzi zen guztia. Bikiek zerriak norabait eraman zituzten eta kare biziz saneatu zuten heia, halaz guztiz ere lekua eskas izango zela garbi ikusi zen. Azkenean, Bayardo San Román-ek jarri zuen arretari esker, patioko hesiak eratzan zituzten, dantzarako aldeko etxeak maileguz eskatu ziren, eta zurginek egin mahai handiak ezarri hantxe eseri eta tamarizen hosto pean otordua egiteko.

        Ezusteko larrialdi bakarra senargaiak eragin zuen eztei-egun goizean, Angela Vicario-ren bila bi ordu beranduago etorriz, eta neskak ez zuen emaztegaiz jantzi nahi izan harik eta mutila etxean ikus arte. «Pentsa —esan zidan—: etorri ez balitz poztu eta guzti egin nintzatekeen, baina ez nintzala, otoi, jantzirik utz». Honenbesteko arreta itxurazkoa iruditu zitzaion jendeari, izan ere, andregaiz jantzi eta hantxe planto egin eta uztea baino ezbehar publiko lotsagarriagorik ez baitzen emakume batentzat. Aldiz, birjina izan gabe beloa eta azahar loreak buruan ezartzeko Angela Vicario-k izan zuen atrebentzia garbitasunaren sinboloen profanazio bezala interpretatuko zen gero. Azken hondarreraino bere eskuetako karta koskatuak jokatuz agertu zuen adorea estimatu zuen bakarra gure ama izan zen. «Garai hartan —esplikatu zidan—, konprenitzen zituen Jainkoak gauza horiek». Aitzitik, oraino inork ez daki zer nolako karta motaz jokatu zuen Bayardo San Román-ek. Lebitaz eta txisteraz jantzirik azaldu eta bete penatako kreaturarekin dantzatik alde egin bitartean, senargai zoriontsuaren irudi egiazkoa izan zen.

        Santiago Nasar-ek berak zer nolako karta motaz jokatu zuen ez zen inoiz jakin. Denbora guztian horrekin egon nintzen, elizan eta festan, Cristo Bedoya eta nire anaia Luis Enrique-rekin batera, eta ez genuen inolako aldaketarik nabaritu bere izate moldean. Behin eta berriro berresan behar izan dut gauza bera, laurak batera koskortu baikinen eskolan eta gero lagun-talde berean ibili oporraldietan, eta inork ez zuen pentsatu ere egingo gure artean ez jakinean ezer gorderik zegokeenik, are gutxiago honenbesteko isilgorderik.

        Santiago Nasar oso gizon festazalea zen, eta bere pozik handiena heriotza-bezperan izan zuen, eztei-eguneko kostuak kalkulatzen arituz. Lehen klaseko hamalau hiletaren balioa eritzi zion elizan jarri zuten lore hornizioari. Xehetasun hori burutik ezin kendurik ibili nintzen luzaz, Santiago Nasar-ek maiz-maiz esanik baitzidan leku itxian sarturiko lore usainak bat batean heriotza zekarkiola gogora, eta egun hartan ere elizan sartzean hori bera esan zidan. «Ez dut lorerik nahi neure ehorzketan», esan zidan, burutik pasatu ez zitzaidalarik biharamunean neroni arduratuko nintzela lorerik izan zen zedin. Elizatik Vicariotarren etxerainokoan, kale apaingarri ezarri zituzten koloretako girnalden prezio kontua egin zuen, musika txapliguen prezioa kalkulatu, baita festara eta, errezibitu gintuen arroz egosigabe erauntsiarena ere. Eguerdian, eguzki galdatan, patioko erronda egin zuten ezkonberriek. Bayardo San Román adiskide mina eginik genuen, baxoerditako laguna, orduan esan ohi zen bezala, eta pozik zirudien gure mahaian lagunartean. Angela Vicario-k, belorik gabe eta koroa eta soineko arrasoa izerditan blai, emakume ezkonduaren itxura hartu zuen bat batean. Ordurako eztei festa ia bederatzi mila peso inguru kostatu zela kalkulatzen zuen Santiago Nasar-ek, eta halaxe eman zion aditzera Bayardo San Román-i. Begi bistan dago tentelkeria handia iruditu zitzaiola neskari. «Inoren aurrean diru konturik ez dela aipatu behar irakatsi zidan amak», esan zidan. Bayardo San Románek, aldiz, loriaturik hartu zuen berria baita harro antxa ere.

        —Ia —esan zuen—, baina ia hasi besterik ez dugu egin. Azkenerako doble hortxe-hortxe izango da.

        Azkeneko zentimoraino konprobatzea erabaki zuen Santiago Nasar-ek, eta horixe egiteko doi-doi iraun zion biziak. Egia, hil baino 45 minutu lehenago biharamunean portuan Cristo Bedoya-k eman zizkion azken datuen arabera, Bayardo San Román-en pronostikoa zehatza izan zela egiaztatu zuen.

        Besteren memoriatik puskaka erreskatatzea erabaki nuen baino lehenago festaz oso oroitzapen nahasia nuen gordetzen ni baitan. Urtetan eta urtetan kontatu izan zen geroztik gure etxean gure aita gaztetako biolina jotzeari lotu zitzaiola berriro ezkonberrien ohoretan, nire arreba mojak merenge bat dantzatu zuela bere tornera jantzi eta guzti, eta Dionisio Iguaran doktoreak nire amaren lehengusu propioak, biharamunean gotzaina etortzean bertan ez izateko, ontzi ofizialean joatea lortu zuela. Kronika hau burutzeko berri bila ari nintzenean bibentzia-xehetasun marjinal ugari arrabildu nuen, hala nola Bayardo San Román-en arrebek erakutsi zuten grazia-gustuaren oroitzapena, ze beroriek bizkarrean urrezko pintzaz loturik zeramatzaten tximeleta hegal handiko ile-gurizko soinekoak, aitaren lumazko gangarra eta gerra medailaz jositako koraza baino gogoanago izan baitzituen jendeak. Askok bazekien parrandaren inkontzientzian nirekin ezkonduko ote zen proposatu niola Mercedes Barcha-ri, artean eskola primarioa bukatuxe nuelarik, handik hamalau urtetara ezkondu ginenean berak gogora ekarri zidanez. Poncio Vicario zaharra patio erdian aulkitxo baten bakar-bakarrik eserita, horixe izan zen igande higuingarri hartaz geratu zitzaidan irudirik biziena. Lekurik ohoragarriena zatekeelakoan jarri bide zuten erdian, eta gonbidatuak harekin behaztopatzen ziren, beste norbait ote zelakoan ziren, enbarazu ez egiteko lekuz aldatzen zuten, eta hark bere buru zuria alderoka zerabilen aiztintxe itsutu denaren gisa so itsua noranahi, hari ez zegozkion galderei erantzunez eta inork ez zegizkion agur iheskorrei arrapostu emanez, hantxe urahiz kartonaturiko eta festarako erosi zioten guayacan makilarekin bere inguru ahanzkorrean pozik.

        Arratsaldeko seietan ohorezko gonbidatuek elkarri azken adioa eman ziotenean bukatu zen akto formala. Argiak piztuta eta pianolaz jo vals zerrenda luzea gibelean utziz joan zen ontzia, eta istant batez nora ezean geratu ginen tulunbioaren zalantzan sartuta, harik eta berriro elkar berrezagutu eta parrandaren manglarean murgildu arte. Handik laster azaldu ziren ezkonberriak biribil agerian, zalaparta hartan bidea larri-larri urratuz. Txapliguak sutu zituen Bayardo San Román-ek, jendeak luzatu zion pattarretik hurrupatu zuen, eta autotik jaitsi Angela Vicariorekin cumbiamba-ren ingurutxoan parte hartzera. Bizirik iraungo genueneino haren kontura dantza eginez segitzeko agindu zuen azkenik, eta Xiux-en alarguna zoriontsu bizi izan zen bere ametsetako etxera eraman zuen emazte izutua.

        Parranda publikoa taldetan sakabanatu zen gauerdi irian, eta Clotilde Armenta-ren negozioa soilik zen geratu zabalik plazaren saihetsean. Santiago Nasar eta biok, nire anaia Luis Enrique eta Cristo Bedoya-rekin batera, Maria Alejandrinaren errukietxera abiatu ginen. Beste askoren artean hantxe izan ziren Vicario anaiak ere, eta gurekin batera edaten aritu ziren eta Santiago Nasar-ekin kantari berau hil baino bost ordu lehenago. Eztei festako erreusen batzuk bazitezkeen oraino hor nonbait barreiaturik, bazter guztietatik musika eta auzi soinu urrutikoen ufakoa heldu baitzitzaigun, eta halaxe segitu zuen gerora ere ailegatzen, gero eta tristeago, gotzainaren ontzia orroizka hasi baino lehentxeagora arte.

        Eztei ondoko nahaspila hartan alaba zaharrenak abelera pixka bat jartzen saiatu ondoren gaueko hamaiketan oheratu zela kontatu zion nire amari Pura Vicario-k. Hamarrak inguruan, oraino patioan mozkorren bat edo beste kantari ari zenean, bere logelako jantzitokian gauza pertsonalekin zegoen maletatxoaren galde egin zuen Angela Vicario-k, eta amak aldi berean eguneroko arroparekin maleta bidali nahi izan zion, baina errekadista presaka zen. Lozorroan zen ate joka hasi zirenean. «Hiru ate kolpe izan ziren, emeki-emeki —kontatu zion nire amari—, baina berri txarrek ohi duten zera hartu nien». Inor ez esnatzearren argia piztu gabe zabaldu zuela atea kontatu zion, eta Bayardo San Román ikusi zuen farol publikoaren dirdirapean, zetazko alkandoraren botoiak lotu gabe eta fantasiazko galtzei tirante elastikoz eutsiz. «Ametsetako kolore berdea zuen», esan zion Pura Vicario-k nire amari. Angela Vicario ilunpetan zegoen, beraz Bayardo San Román-ek besotik heldu eta argitara zuenean orduantxe bakarrik ikusi zuen. Traje arrasoa zarpailez beterik zuen eta gerriraino toallan bilduta. Autoarekin amildu egin zirela uste izan zuen Pura Vicario-k eta amildegiaren barrenean hilik zeutzala.

        —Ave María Purísima —esan zuen izuturik—. Oraino mundu honetakoetarik bazarete erantzun ezazue.

        Bayardo San Román ez zen sartu, baizik eta emeki-emeki emazteari bultza egin zion etxe barrura, hitzik esan gabe. Gero masailean musu eman zion Pura Vicario-ri eta etsipen handiz mintzatu zitzaion baina samurkiro.

        —Eskerrik asko guztiaz —esan zion—. Santa bat zara.

        Ondoko bi orduetan egin zuenaren berri Pura Vicario-k bakarrik jakin zuen, eta sekretua berak eraman zuen beste mundura. «Esku batez iletik eusten zidala eta besteaz errabia bizian kolpeka ari zitzaidala ze uste izan bainuen hilko ninduela, horixe bakarrik dut gogoan», kontatu zidan Angela Vicario-k. Hori berori ere halakoxe sigiloz egin zuen, ondoko geletan lo zeuden senarra eta alaba zaharrenak ez baitziren eguna zabaldu arte ezertaz jabetu, jadanik hondamendia kontsumaturik zegoenean alegia.

        Goizeko hirurak baino lehentxeago itzuli ziren etxera bikiak, amak presa handia eman ondoren. Angela Vicario jantokiko sofa gainean ahozpez etzanik aurkitu zuten eta aurpegia kolpeka belunduta, baina ordurako negar egiteari utzirik zion. «Ez nuen gehiago ikararik sentitzen», esan zidan. «Aitzitik: heriotzaren mehatxua azkenik gainetik uxatu banu bezala sentitzen nintzen, eta desio nuen gauza bakarra den-dena azkar bukatzea zen ohera lotara buru-belarri sartzeko». Pedro Vicario, senideetan jauzkorrenak, gerritik airean jaso eta jantokiko mahai gainean jesarri zuen.

        —Tira, neska —esan zion errabia bizian dardarka—: esagun nor izan den.

        Izena esateko behar zuen denbora baino gehiago apenas hartu zuen. Ilunpetan bilatu zuen, mundu honetako eta besteko honenbeste eta horrenbeste izen nahasgarriren artean lehen begi kolpean aurkitu zuen, eta paretan iltzaturik utzi bere gezi seguruaz, bere sententzia betidanik idatzirik duen albedrio gabeko mitxeleta halaxe.

        —Santiago Nasar —esan zuen.

 

Heriotza iragarritako baten kronika
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Xalbador Garmendia
Sendoa, 1982