Heriotza iragarritako baten kronika
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Xalbador Garmendia
Sendoa, 1982

 

 

        Ohorearen defentsio legitimoaren aldeko homizidio tesiari eutsi zion abokatuak, zeina ontzat eman zuen kontzientzi auzitegiak, eta bikiek judizioa buka ondoan deklaratu zuten, hori eta horrenbestez milaka aldiz gauza bera egin zuketela. Krimena burutu eta minutu batzuk barru beren eliz aurrean errenditu eta berehalaxe hauteman zioten defentsa errekurtsoari beroriek. Oldarka hatsik gabe sartu ziren erretore etxean, arabiar multxoa su eta gar amorrazio bizian segika atzetik, eta ganibetak, altzairu garbi-garbikoak, aita Amador-en mahai gainean utzi zituzten. Hilketak suposatu zuen lan ankerraz ahiturik ziren bata zein bestea, eta arropak eta besoak blai eginda eta aurpegia izerdiz eta oraino berorik zegoen odolaz mazkilduta, baina parrokoak duintasun handiko egitatetzat zuen horien errendizioa.

        —Jakinaren gainean kontzientziaz hil genuen —esan zuen Pedro Vicario-k, baina inuzente errugabeak gara.

        —Jainkoaren aurrean agian bai —esan zuen aita Amador-ek.

        —Jainkoaren eta gizonen —esan zuen Pablo Vicario-k—. Ohore kontua izan zen.

        Are gehiago: gertakariaren xehetasunak ematerakoan itxurak egin zituzten errealitatean gertatu zena baino askoz ankerkiago aritu zirela aditzera emanez, ze, honelatan, ganibeta kolpez matxuraz beterik utzi zuten Plácida Linero-ren etxeko atariko atea diru publikoaz konpontzea beharrezkoa izan baitzen. Askatasun baldintzapekoa lortzeko fidantza ezin pagaturik judizio zain hiru urte egon ondoren, Riohacha-ko panoptikoan, beren izaera-jite jator eta izpiritu sozialagatik zituzten gogoan hango preso zaharrenek, alabaina ez zuten horiengan nabaritu inolako damu zantzurik. Hala ere, bazirudien Santiago Nasar berehalako baten eta inongo ikuslerik gabe hiltzeko egitea komeni zena ez zutela Vicario anaiek egin, urrik ere, aldiz ezin eta gehiago saiatu ziren norbaitek hiltzen galeraz ziezaien, eta ez zuten kontsegitu.

        Urte batzuk geroago esan zidatenez, Maria Alejandrina Cervantes-en etxera jo zuten lehen-lehenik haren bila; hantxe egonik ziren harekin ordu biak arte. Datu hau, beste asko bezala, ez zen sumarioan erregistratu. Errealitatea besterik zen, bikiek haren bila joan zirela esan zuten orduan ez zen han jadanik Santiago Nasar, serenata jira bat egitera joanik ginen eta, baina, dena dela, bila joan zirela ere ez zen egia. «Ez ziratekeen hemendik gehiago irtengo», esan zidan Maria Alejandrina Cervantes-ek, eta honen ongi ezagutzen nuen ez bainuen duda izpirik izan horretaz. Aitzitik, Clotilde Armenta-renera joan ziren, bazekiten eta ia guztiak haraxe joango zirela Santiago Nasar izan ezik. «Huraxe bakarrik zegoen zabalik», deklaratu zioten instruktoreari. «Goiz edo berandu, hortik irten beharrean zen», esan zidaten niri, absolbituak izan ondoan. Hala ere edonork ere bazekien Plácida Linero-ren etxeko ate nagusia barrutik atalaga emanik egoten zela, baita egunez ere, eta atzeko ateko giltzak beti berekin zituela Santiago Nasar-ek. Etxera zenean handixe sartu zen, hain zuzen, eta ordurako ordubete eta gehiago bazen Vicario bikiak bestaldetik zain zegozkiola, eta gero gotzainari ongietorri egitera plazako atetik irten baldin bazen ere ezusteko arrazoiren batengatik izan zen, sumarioko instruktoreak inoiz konprenitu ez zuena bestalde.

        Honenbeste iragarri zen heriotzarik ez zen egundaino izan. Arrebak izena ezagutarazi ondotik, Vicario bikiak zerritegiko gordailutik pasatu ziren, non txikiketako tresnak gordetzen zituzten, eta hango bi ganibeta onenak aukeratu: bata zehatzekoa, hamar hazbete luze eta bi eta erdi zabal, eta bestea garbitzekoa, zazpi hazbete luze eta bat eta erdi zabal. Traputan bil eta haragi merkatura joan ziren zorroztera, non orduantxe zenbaixka hasirik zen saltokiak zabaltzen. Artean bezero gutxi zen, baina hogeita bi pertsonak, bikiek esandako guztia aditu zutela deklaratu zuten, eta guztiek aho batez zioten han ziren denek entzuteko moduan aditzera eman beste gibelasmorik ez zutela izan anaiek. Faustino Santos, adiskide harakinak, bere errai-mahaia zabaldu eta orduantxe 03:20etan sartzen ikusi zituen, eta ez zuen konprenitu zergatik zetozen astelehen gorrian eta hain goizik, anartean eztei-eguneko ehunezko janzki ilunekin jantzirik. Ostiraletan bai ikusi ohi zituen, zerri hiltzea egiteko larruzko mantalak jantzita. «Hain mozkorturik ikus iruditu zitzaidan —esan zidan Faustino Santos-ek—, ze orduz eta egunez huts egin zutela pentsatu nuen». Astelehena zela adierazi zien.

        —Ez dakienik ba al da, kaiku —erantzun zion modu onean Pablo Vicario-k—. Ganibetak zorroztera gatozak, horretaraxe soilik.

        Dezderan zorroztu zituzten, betiko eran: Pedro bi ganibetei eutsiz aldiko bat aldizkatuz harri gainean, eta Pablo eskutokiari eraginez. Bien bitartean eztei-egunaren ederraz mintzo ziren beste harakinekin batean. Ofiziokide izan eta pastel puska bat hartu ez zutelako zenbait kexu zen, eta haiek agindu zieten bestegunez bidal eraziko zituztela. Azkenean ganibetak dezderan kantuz jarri zituzten, eta Pablok berea lanpara ondoan ezarri zuen altzairuak distira zezan.

        —Santiago Nasar hil behar dugu —esan zuen.

        Jende onaren fama ondo merezia zutenez gero, inork ez zien kontutan hartu. «Mozkorren berriketak zirela uste izan genuen», deklaratu zuen zenbait harakinek, orobat Victoria Guzmán eta handik gero ikusi zituzten beste honenbestek. Harakinei inoiz behin galdetu izan nien ea matarife ofizioa izateak ez ote zuen arima gizakia hiltzera gertarazten. Protesta jo zuten: «Norbaitek ganadua hiltzen duenean ez du horiei begira begiratzeko kemenik». Hil zuen ganaduaren haragia jateko ez zela gauza esan zidan batek. Lehendik ezagutzen zuen behia hiltzeko ez zela gauza esan zidan beste batek, are gutxiago haren esnea edanik baldin bazen. Vicario anaiek berek hazitako zerriak zituztela hiltzen oroitarazi nien, eta etxekotuak izanik izenaz eta guzti berexten zituztela. «Egia —errepikatu zidan batek—, baina egizu kontu lore izenak ipintzen zizkietela ez pertsonenak». Pablo Vicario-ren mehatxuan egiaren zantzu apur bat sumatu zuen bakarra Faustino Santos izan zen, eta txantxetan galde egin zion lehenbizi hil beharreko honenbeste aberats izanik zergatik hil behar zuten Santiago Nasar.

        —Santiago Nasar-ek badaki zergatik —erantzun zion Pedro Vicario-k.

        Dudatan geratu zela kontatu zidan Faustino Santos-ek, eta, geroxeago, alkateak gosaltzeko, libra bat gibel erostera joan zen polizi agente bati eman ziola guztiorren berri. Agenteari, sumarioan zetorrenaren arabera, Leandro Pornoy zeritzan, eta herriko festaburuetan zezenak adarra jugularrean sar eta hilik gertatu zen hurrengo urtean. Beraz ez nuen harekin hitz egiterik izan, baina Clotilde Armenta-k baieztatu zidan Vicario bikiak jadanik eserita zain jarririk zirenean huraxe izan zela dendan sartu zen lehenbizikoa.

        Senarraren orde orduantxe zen jarririk mostradorean Clotilde Armenta. Honelaxe ari ziren egunero. Goizaldean esnea saltzen zen dendan eta jakiak egun guztian, eta behin arratsaldeko seiak geroztik kantina bilakatzen zen. Goizaldeko 03:30etan zabaltzen zuen Clotilde Armenta-k. Bere senar guztiz on Rogelio de la Flor egiten zen kantinaren kargu berori itxi arte. Baina gau hartan ezteiondoren honenbestexe bezero bidegaldutako izan zen, ze goizeko hirurak jota gero etzan zen zabalik utzita, eta dagoeneko Clotilde Armenta bestetan baino goizago jaikirik zen, gotzaina herrira baino lehen esnea saldurik nahi zuen eta.

        Vicario anaiak 04:10etan sartu ziren. Tenore horretan jakiz aparte ezer gehiago ez zegoen salgai, baina Clotilde Armenta-k kanaberaz egin pattar botila saldu zien, estimu handitan izateaz gainera, bidali zioten eztei pastel puska eskertu nahi baitzien. Bi zurrutada luze jo eta botila hutsik utzi zuten, hala ere haiek lehen bezain zutik. «Kuzkurturik zeuden —esan zidan Clotilde Armenta-k—, eta horretaraz gero ontziko petrolioaz beraz ere ezin zuten presioa altxatu». Gero ehunezko jakak erantzi zituzten, kontu handiz aulki bizkarrean zintzilik utzi eta beste botila bat eskatu. Izerdi lehorrez alkandora zikinik zuten eta aurreko egunaz geroztik bizarrik egin gabe, dena basa itxura. Polikixeago hustu zuten bigarren botila, eserita, leihoak itzalita aurreko espaloian aurkez aurke zegoen Plácida Linero-ren etxeari lehia bizian begiak zorrotzik. Balkoiko handiena Santiago Nasar-en logelari zegokion. Leiho horretan argirik ikusi zuenez galde egin zion Clotilde Armenta-ri Pedro Vicario-k, eta ezetz erantzun zion, baina jakingura horri oso harrigarri iritzi zion.

        —Zerbait gertatzen al zaizu? —galdetu zuen.

        —Ezer ez —erantzun zion Pedro Vicario-k—. Berori hiltzeko berorren atzetik gabiltzala, besterik ezer ez.

        Tipus-tapas honelaxe erantzun zuen eta, ezin zuen sinetsi egia izan zitekeenik. Baina eskutraputan bildurik bikiek matarifeek ohi dituzten bezalako bi ganibeta zituztela konturatu zen.

        —Hain goizik zergatik hil nahi duzuen jakin al daiteke?, galdetu zuen.

        —Berak badaki zergatik —erantzun zuen Pedro Vicario-k.

        Clotilde Armenta-k sakon miatu zituen. Hain ongi ezagutzen zituen eta, biak ederki berexten zituen, Pedro Vicario kuarteletik itzuli ondotik bereziki. «Ume itxura zuten biek», esan zidan. Gogoeta horrek ikara sartu zion, beti pentsatu zuen eta umeak bakarrik direla edozer gauza egiteko prest diren bakarrak. Horiek horrela esne ontzien prestaketa lana buka eta senarra esnatzera joan zen, dendan gertatzen ari zenaz berri ematera. Rogelio de la Flor jaunak erdi lotan entzun zion.

        —Ez zaitez txolina izan —e s a n zion—, horiek ez dute inor hilko, are gutxiago aberatsik.

        Clotilde Armenta dendara itzuli zenean, alkatearentzako esne bila zihoan Leandro Pornoy agentearekin hizketan ari ziren bikiak. Zer zioten ez zuen hartu, baina irteterakoan ganibetak nola zeramatzaten ikusiz, beren asmoen berri emango ziotela uste izan zuen.

        Goizeko laurak baino lehentxeago jaiki zen Lazaro Aponte koronela. Bizarra kendu berri zen Vicario anaien asmoez Leandro Pornoy agenteak hitz egin zionean. Barda adiskideen arteko honenbeste auzi konpondurik zen, ze bat gehiago goiti beheiti axola guti hari. Patxadan jantzi zen, behin eta berriro saiatu ondoren guztiz egoki geratu zitzaion pajarita, eta gotzainari ongietorri egiteko Mariaren Alaben eskapularioa jarri zuen lepotik zintzilik. Gibel gisatua tipula eraztunez estalita gosaltzen ari zen bitartean, emazteak bere senetik aterata Bayardo San Román-ek Angela Vicario atzera bere etxera bihurtu zuela kontatu zion, baina hark inolako dramatismorik gabe jaso zuen berria.

        —Alafede! —esan zuen isekaz—, gotzainak zer pentsatu behar du?

        Baina, oraindik ere gosaltzen ari zenean ordenantzak arestian esan zionaz oroitu zen, notizia biak elkarrekin lotu zituen eta berehalaxe ohartu zen bata bestearekin ederki konpontzen zirela, halaxe asmakizuneko bi pieza. Orduan portu berriko kaletik barrena plazara joan zen, non gotzaina zetorrela eta etxeak biziberritzen hasirik ziren. «Gogoan dut seguru ia bostak zirela eta euria hasi berri zela», esan zidan Lazaro Aponte koronelak. Vicario anaiak Santiago Nasar hiltzeko zain-zain jarrita zeudela isilgordeka kontatzeko, hiru pertsonak gerarazi zuten bidean zihoanean, baina non ziren adierazteko gauza bat bakarra izan zen.

        Clotilde Armenta-ren dendan aurkitu zituen. «Ikus eta hortik honako harropuzkeriak zirela pentsatu nuen —esan zidan bere berezko logikarekin—, ez baitziren uste nuen bezain hordi». Egin asmotan zirenaz galdetu ere ez zien egin, horra, ganibetak ken eta lotara bidali zituen. Emaztearen alarma txuliatu izan zuen bere buruaren atseginaz berberaz zituen haiek tratatzen.

        —Otoi, pentsa —esan zien—: zer dioke gotzainak egoera horretan aurkitzen bazaituzte!

        Alde egin zuten haiek. Are alkatearen arinkeriaz desilusio bat gehiago izan zuen Clotilde Armenta-k, egia argitu arte bikiak atxilotu egin behar zirela uste baitzuen. Guztien buruan, azken argudio bezala ganibetak erakutsi zizkion Aponte koronelak.

        —Gaur goiti ez dute zerekin hilik inor —esan zuen.

        —Ez da hori kontua —esan zuen Clotilde Armenta-k—. Buru gainera erori zaien konpromiso ikaragarri horretatik mutil gaizo horiek libratzeko besterik ezertarako ez da.

        Izan ere Clotilde Armenta-k intuiturik zuen. Segurtasun osoa zuen ezen Vicario anaiek sententzia betetzeko baino are gutizia handiagoa zutela hori berori galarazteko mesedea egingo zien norbaitekin topo egiteko. Ordea Aponte koronela honenbestez kito zen bere arimarekin.

        —Susmoak direla eta ez da inor besterik gabe atxilotzen —esan zuen—. Santiago Nasar jakinaren gainean jarri behar da orain, ez da besterik, eta urteberri on.

        Clotilde Armenta-k beti esango zuen Aponte koronelaren itxura potoloak halakoxe nolabaiteko malurra kausatu ohi ziola, nik aldiz zoriontsutzat neukan, halaxe bururatzen zitzaidan, nahiz eta kaskoa zertxobait nahasirik postaz ikasirik zuen espiritismoaren praktika bakartiaz. Astelehen hartan azaldu zuen portaera, haren arinkeria eta utzikeriaren froga zehatza izan zen. Portuan ikus arte Santiago Nasar-ez ez zen gehiago oroitu, hori da egia, eta, orduan, erabaki bidezkoa hartu zuelakoan bere buruari zorionak eman zizkion.

        Esnetara joan ziren hamabi pertsonari baino gehiagori beren asmoen berri emanik zieten Vicario anaiek, eta haiek guztiorren berri zabaldurik zuten bazter guztietan seiak baino lehen. Aurrez aurre zegoen etxean horren berri ez izatea ezina zitzaion Clotilde Armenta-ri. Santiago Naser ez zela etxean pentsatu zuen, haren logelako argia pizten ez baitzuen ikusi, eta ahal zuen guztiari galde egin zion nonahi ikus zezaten gaztiga ziezaioten. Aita Amador-i berari ere esan ziezaion agindu zion mojentzat esne bila joan zen zerbitzuko nobiziari. Laurak jota geroago, Plácida Linero-ren etxeko su aldean argia ikusi zuenean karitatez esne pixka bat galdezka egunero joan ohi zen emakume eskalearekin bidali zion Victoria Guzmán-i azken errekadu hertsakorra. Gotzainaren ontzia orroizka hasi zenean ia herritar guztiak itzarrik ziren haren errezibitzeko, eta Santiago Nasar hiltzeko Vicario bikiak zain-zain jarrita zeudela ez genekienok banaka batzuk besterik ez ginen, eta horretarako zituzten arrazoiak guztiz xehe-xehe ezagutzen ziren gainera.

        Clotilde Armenta-k esne saltzeari utzi zionekoxe azaldu ziren berriro Vicario anaiak beste ganibeta bi periodikotan bilduta. Bata zatikatzekoetarik zen, hamabi hazbete luze, hiru zabal, aho herdoildu gogorrarekin, gerraren kariaz aleman ganibetik sartzen ez zen garaian eskuzerraren metaleaz Pedro Vicario-k fabrikatua. Bestea motzagoa zen, zabala eta kurboa ordea. Deskribatzeko gauza izan ez zelako agian, epaikari instruktoreak sumarioan marraztu egin zuen, eta doi-doi arriskatu zen seinalatzera miniaturetako alfanje baten itxura hartzen ziola. Krimena ganibeta horiekin egin zen, eta bata zein bestea latzak eta usatuak ziren.

        Gertatu zena ezin konpreniturik zen Faustino Santos. «Berriro ganibetak zorroztera etorri ziren —esan zidan— eta jendeak entzun zezan Santiago Nasar-i hesteak atera behar zizkiotela egin zuten oihu, eta beraz txuliatzen ari zirela uste izan nuen, ganibetei begia eduki ez nielako bereziki, eta lehengoak berak zirela pentsatu nuen». Oraingoan, hala ere, sartzen ikusi orduko ohartu zen Clotilde Armenta lehen bezainbateko oldarrik eta ausartziarik gabe zirela.

        Egia esan, elkarren arteko lehen diskrepantzia izan zuten. Kanpoz itxura zen baino barnez askoz desberdinago ez ezik, herstura gaiztotan oso izaera kontrasta zuten. Haien adiskideok eskolaurreaz geroztik konturaturik ginen. Pablo Vicario anaia baino sei minutu zaharragoa zen, eta irudikorragoa eta bipilagoa nerabetasunera arte. Beti iruditu zitzaidan Pedro Vicario sentimentalagoa, eta beraz autoritarioagoa. 20 urte zituztenean biak batera presentatu ziren soldaduskara, eta Pablo Vicario berex eman zuten familiaren kargu egiteko.

        Ordenu publikoko patruiletan hamaika hilabeteko zerbitzua egin zuen Pedro Vicario-k. Tropako errejimenak, hiltzeari zion beldurra areagotuz, agintzeko tirria eta anaiaren partez erabakitzeko zuen ohitura umotu zion. Blenorragia de sarjentu deitu gaitzak jota itzuli zen zeina militar medikuntzaren metodo basatienei, eta Dionisio Iguaran doktorearen artseniko injekzioei eta permanganato purgazioei menperaezinezko gertatu zitzaien. Inon ez eta kartzelan erdietsi zuten sendatzea. Pedro Vicario arima kuarteleko kutsuz kutsatuta etorri zenean eta gauza berri bezala ikusi nahi zuen guztiari alkandora jaso eta ezkerreko saihets aldean balak sedalean alderik alde utzi zion zauriaren orbaina erakusten zionean, Pablo Vicarioren baitan anaia gaztearekiko dependentzia estrainioa garatu zela uste izan genuen haien adiskideok. Gerrako kondekorapen gisa anaiak erakusten zuen gizon handien blenorragia zela eta, halakoxe bihotz berotasuna eta guzti sentitu zuen bere barrenean.

        Egin zuen deklarazioaren arabera, Pedro Vicario-k hartu zuen Santiago Nasar hiltzeko erabakia, eta hasiera hartan bere anaiak hari segitu besterik ezer ez zuen egin. Alkateak desarmatu zituenean ere ordea bera izan zen konpromisoa engoitik burutarat ekarria izan zela uste izan zuena, eta orduan Pablo Vicario-k bere gain hartu zuen agintea. Instruktorearen aurrean bederazka egin zituzten deklarazioetan ez batak ez besteak zuen aipatu bion arteko desakordioa. Alabaina anaia azken erabakira makur eraztea ez zela gauza erraza izan behin baino gehiagotan esan zidan Pablo Vicario-k. Agian izu bolada baino gehiago ez zen izango, baina egia hauxe da, alegia, Pablo Vicario beste bi ganibetaren bila zerritegira bakarrik sartu zela, bien bitartean anaia apurka-apurka hil-hurren tamarindopean txiza egin nahi eta ezin. «Hori gertatzea zer den ez zen inoiz jabetu nire anaia», esan zidan Pedro Vicario-k elkarrekin izan genuen elkarrikusketa bakarrean. «Beira zehatua txiza egitea, halatsu». Arbolaren kontra besarkaturik aurkitu zuen Pablo Vicario-k bi ganibetak eskuan horra egin zuenean. «Minaren minez izerdi hotzetan zegoen —esan zidan— eta inor hiltzeko kondiziotan ez zegoela eta bakarrik joan nendila esaten saiatu zen. Eztei-eguneko oturuntzarako arbolapean kokatu zituzten zurgin mahai baten gainean jarri zen, eta galtzak belaunetaraino erantzi zituen. «Zakila gasetan bildurik zuen eta huraxe aldatzen ordu erdi bat inguru aritu zen», esan zidan Pablo Vicario-k. Egia esan ez zen aritu hamar minutu baino gehiago, baina hain gauza nekosoa eta hain gauza misteriosoa iruditu zitzaion Pablo Vicariori, ze egunsentira arte denbora luzatzeko asmotan anaiaren trikimaina berriren bat ote zen bezala interpretatu baitzuen. Beraz eskuan ganibeta ezarri zion eta ia indarka behartuta eraman zuen arrebaren ohore galduaren bila.

        —Honek ez du erremediorik —esan zion—: dagoeneko gertatu balitzaigu bezala da.

        Ganibetak inon bildu gabe zerritegiko ate handitik irten ziren, patioetako zakurren ahausi-soinua atzetik segika. Eguna zabaltzen ari zuen. «Ez zuen euririk ari», halaxe zioen Pablo Vicario-k. «Aitzitik —zioen Pedrok—: itsas haizeak jotzen zuen eta zeruko izarrak oraindik ere konta zitezkeen behatzaz». Baina berria ordurako hain zabaldurik zen, ze Hortensia Baute-k bere etxe aurretik pasatzen ari zireneantxe orduantxe zabaldu zuen atea, eta Santiago Nasar-ez negar egin zuen lehena, bera izan zen. «Hilik zutela uste izan nuen —esan zidan— posteko argitan ganibetak ikus eta odola dariola zirela iruditu baitzitzaidan». Kale galdu horretan zabalik zegoen bakarrenetakoa Prudencia Cotes-en etxea zen, Pablo Vicario-ren andregaia bera. Ordu horretan bikiak handik pasatzen zirenean, eta bereziki ostiraletan merkatura ohi zirenetan, beti hantxe sartzen ziren lehenbiziko kafea hartzera. Egunsentiko argi zirrintan usnatu zituzten zakurrak inguruan ahausika, patioko ateari bultza egin zioten, eta su aldean Prudencia Cotes-en amari diosal egin. Kafea prestatu gabe zen oraino.

        —Gero hartuko dugu —esan zuen Pablo Vicario-k—, presaka gara orain.

        —Semeok, halaxe uste dut —esan zuen amak: ohorea zain duzue.

        Dena dela hantxe geratu ziren, eta orduan Pedro Vicario izan zen bere anaia denbora berariaz galtzen ari zela pentsatu zuena. Kafea hartzen ari ziren bitartean su aldean azaldu zen Prudencia Cotes gaxte-gaxterik hornillako suari eragiteko periodiko zahar mordoa eskuan. «Ondotxo nekien zertan ari ziren —esan zidan— eta oso konforme ez ezik gizon bezala jokatu izan ez balu ez nintzatekeen harekin sekula ezkonduko». Su aldea hustu baino lehenago, periodikotik atal bi kendu zizkion Pablo Vicario-k eta batto anaiari utzi zion ganibetak biltzeko. Patioko atetik irteten ikus arte hantxe su aldean itxoin zuen Prudencia Cotes-ek, eta harik eta Pablo Vicario kartzelatik irten eta harekin betiko ezkondu arte halaxe segitu zuen itxoin eta itxoin sekula etsi gabe hiru urtez.

        —Zabiltzate kontuz —esan zien.

        Bikiak lehen bezain irmo eta tinko ez zeudela uste izan zuenean ez zitzaion arrazoirik falta Clotilde Armenta-ri, eta hantxe bertan errematatzeko esperantzarekin lurrunezko apobelar botila bat atera zien. «Emakumeok munduan zein bakarrik bizi garen —esan zidan— egun horretantxe konturatu nintzen». Senarraren bizar tresnak maileguz eskatu zizkion Pedro Vicario-k, eta hark brotxa, xaboia, ispilu txikia eta bizar-makina bizar-labanatxoa eta guzti ekarri zizkion, alabaina zatikatzeko ganibetaz kendu zuen hark bizarra. Matxismoaren akabua zela hori pentsatu zuen Clotilde Armenta-k. «Zineko matoien antza hartu nion», esan zidan. Hala ere, gerora berak esplikatu zidanez, eta egia hutsa zen, kuartelean bizarra kentzen bizar labainaz ikasi zuen, eta geroztik inoiz ez zuen bestela egin ahal izan. Anaiak, bestalde, era umilagoan Rogelio de la Flor jaunak utzi zion bizar-makinaz kendu zuen. Santiago Nasar hiltzeko zain jarrita ote zeuden jakin asmotan, beharrik gabe esnea erosi, eta izan ez zen janariez galdezka plantak eginez bezero izunak pasatzen ziren bitartean, azkenik botila hustu zuten isilik, astiro-astiro, goizeko goiztiarren xoxo-itxurarekin aurkez zuten etxeko leiho argi gabeari begira.

        Vicario anaiek ez zuten leihoan argia pizten ikusiko. 04:20etan sartu zen etxean Santiago Nasar, baina logelara egiteko ez zuen argirik piztu beharrik izan eskaileretako fokua gauetan pizturik egon ohi zen eta. Ilunpetan buru belarri egin zuen ohe gainera, arropak erantzi gabe, ordu bat soilik zuen eta lotarako, eta gotzainari ongietorri egitera joateko iratzartzera igo zenean horrelaxe aurkitu zuen Victoria Guzmán-ek. Elkarrekin izanik ginen Maria Alejandrina Cervantes-enean goizeko hirurak eta piko jo arte, eta orduan horrexek berak bidali zituen musikariak eta zituen patioko dantza lekuko argiak itzali honela plazererako muletak inoren laguntzarik gabe ohera zitezen. Hiru egun eta hiru gau zituzten lanean atsedenik hartu gabe, lehen lehenik ohorezko gonbidatuei sekretuan kasu, eta gero erreserbarik gabe agerian ateak zabalik eztei-eguneko parrandarekin ase gabe geratu ginenokin. Alejandrina Cervantes, zeinari buruz esan ohi genuen behin bakarrik lo egin beharrekoa zela eta, orduan, hiltzeko, ezagutu nuen emakumerik dotoreena eta samurrena izan zen, eta ohean zerbitzurik onena prestatzen zuena, bai zorrotzena ere ordea. Hementxe jaio eta hazi zen, eta hementxe bizi, ateak zabalik zituen etxe baten zenbait gela alokagarrirekin eta dantzarako patio handi bat Paramaribo-ko txinatar bazar-etan erositako argi kalabazoekin. Horrexek errautsi zuen nire azaldikoen birjinitatea. Ikasi behar genuena baino askoz gehiago irakatsi zigun, baina bereziki irakatsi zigun bizitzan ez dela lekurik ohe hutsa baino tristeagoa denik. Santiago Nasar-i lehenbizikoz ikusi zuenetik burua galdu zitzaion. Aldez aurretik esanik nion: Aztore, koartza borrokalariari ez badiok ematen amore, garbituko hau dotore. Entzungor egin zuen Maria Alejandrina Cervantes-en txilibitu kimerikoez txoraturik. Hura izan zen bere amodio itsua, 15 urte zituenean bere maistra malko xukatzailea, harik eta Ibrahim Nasar-ek uhal kolpeka ohetik erauzi eta El Divino Rostro-n urtebete eta piko sartuta eduki arte. Geroztik atxikimendu sakona zioten elkarri, baina amodio desordenaturik gabe, eta emakumeak honenbesteko itzala zion ze hura presente zelarik ez baitzen inorekin inoiz gehiago etzan. Azkeneko bakazio haietan nekaturik zela eta aitzakia itxuragabe horrekin besterik gabe goiz bidaltzen gintuen, baina ateko atalagari ez zion ematen eta karrerako argia pizturik uzten zuen ni isilka berriro barrura nendin.

        Maskarak egiteko ia talentu magikoa zuen Santiago Nasar-ek, eta berorren denbora-pasarik gogozkoena mulaten identitatea itxuraldatzea zen. Batzuen jantzi-arasak sakeatzen zituen besteak maskaratzeko, eta honela norbera berez zenaz gisa guztiz desberdin sentitzen zen eta berez ez zenaz berdin. Behin batean, horietarik bat hain itxuros itxuraturik ikusi zen besterenean, ze negar krisiak jo zuen. «Ispilutik irten nintzela sentitu nuen», esan zuen. Gau hartan ordea, Maria Alejandrina Cervantes-ek ez zion Santiago Nasar-i azkeneko aldiz bere transformista arteriotan bere gustua egiten utzi, eta hain aitzakia ergelak izan zituen horretarako ze oroitzapen horren keru gaiztoak bizitza aldarazi zion. Hori eta horrenbestez musikariak eta guzti serenata erronda egitera joan ginen, eta festa giroan segitu geure kontura, bien bitartean Vicario bikiak Santiago Nasar noiz hilko zain jarrita zeuden. Horrixe burura zitzaion, ia lauretan, Xiux alargunaren muino kaskora igo behar genuela ezkonberriei toberak jotzera.

        Leihoetan kantatu ez ezik txapliguak bota genituen eta petardoak lehertu, alabaina etxalde barruan ez genuen bizi zantzurik sumatu. Ez zigun buruak eman han inor behar ez zuenik, auto berria atarian zegoelako batit-bat, kapota tolestatuta eta festa garaian zintzilik jarri zizkioten arrasozko xingola eta parafinazko azahar mordoekin artean. Nire anaia Luis Enrique-k, zeinak gitarra profesional batek bezain ongi jotzen baitzuen, ezkonberrien ohoretan kantu bat inprobisatu zuen, dena zirto eta zimardika. Ordura arte ez zuen euririk egin. Aitzitik, ilargia zeru erdian zen, eguratsa garbi-garbi, eta malkarraz beheiti sasi-suaren argi zirrinta ikusten zen hilerrian. Beste aldean ilargi argitan platano urdinen kanpoak ziren nabari, zingira tristeak eta Karibe-ren marra fosforo-argitsua horizontean. Santago Nasar-ek argi aldizkako bat seinalatu zuen itsasoan, eta Cartagena de Indias-ko itsasadarraren aurrean Senegal-eko esklabo kargamenduarekin hondoa jo zuen ontzi belzketari baten arima erratua zela esan zigun. Ez bide zen zuzen pentsatzea kontzientziako karga zuenik, nahiz eta artean ez zekien Angela Vicario-ren ezkon bizitza hutsala bi ordu lehenago amaiturik zenik. Bere zoritxarra garaiz aurretik motorraren hotsak sala ez zezan Bayardo San Román-ek oinez eraman zuen gurasoen etxera, eta berriro ere bakarrik zen argiak itzalita Xiux alargunaren etxalde zoriontsuan.

        Mendixkaz beheiti egin genuenean, merkatuko ostatuetan arrain frijitua gosaltzera gonbidatu gintuen nire anaiak, baina Santiago Nasar-ek ez zuen nahi izan gotzaina bertara baino lehen ordubeteko loa egin nahi zuen eta. Cristo Bedoya-rekin batera joan zen, ibai bazterretik portu zaharrean argiak pizten hasirik ziren pobreen txabolak zeharkatuz, eta izkinaz bestaldera jo aurretik agur egin zigun eskuaz. Geroztik ez genuen gehiago ikusi.

        Cristo Bedoya-k, biek elkarrekin geroago portuan topo egiteko erabakirik zuten, bere etxe atzealdeko ate-sarreratik eman zion azken adioa. Usaian sartzen sumatu orduko zaunkaka hasten zitzaizkion zakurrak, baina hark ilunpetan giltza soinu hotsaz ematzen zituen. Sutondoan kafegailua begiratzen ari zen Victoria Guzmán hura su aldetik etxe barrura pasatu zenean.

        —Zuri —hots egin zion: kafea laster prestik da.

        Santiago Nasar-ek geroago hartuko zuela erantzun zion, eta bostak eta erdietan esnarazteko esan ziezaiola Divina Flor-i, eta soinean zituen moduko jantzi-erantzi garbiak eramateko. Etzauntzan etzatera sar eta berehalaxe, esne eske joan zitzaion eskalearekin Clotilde Armenta-k bidali zuen errekadua hartu zuen Victoria Guzmán-ek. 05:30etan esnarazteko harturik zuen agindua bete zuen, baina ez zuen Divina Flor bidali baizik bera igo zen logelara lihozko jantziarekin, boyardoaren atzaparretatik alaba gordetzeko abagune guztiak on baitzitzaizkion.

        Maria Alejandrina Cervantes-ek atalaga eman gabe utzirik zuen etxeko atea. Anaiari agur egin, mulaten katuak tulipanetan pilaturik lotan egon ohi ziren karrera alderik alde iragan, eta ukitu gabe bultza egin nion logelako ateari. Argiak itzalita ziren, baina sartu orduko usandu nuen emakume epelaren usaina eta ikusi nituen ilunpetan pantera eme logabearen begiak, eta gero harik eta kanpaiak jotzen hasi arte ez nuen nitaz deusen berririk izan.

        Etxe aldera gindoazelarik, zigarriloak erosi behar eta, Clotilde Armenta-ren dendan sartu zen nire anaia. Oka egin arte edanik zuen, honegatik enkontru hartaz zuen oroitzapena dena nahas-mahas zuen buruan gordetzen, halarik ere ez zitzaion inoiz ahaztu Pedro Vicario-k eskaini zion trago hilgarria. «Sua zerion», esan zidan. Orduantxe erdi lo zegoen Pablo Vicario eta hura barrura sartzen sumatu zuenean asaldaturik esnatu zen, eta ganibeta azaldu zion.

        —Santiago Nasar hil behar dugu —esan zion.

        Nire anaiak ez zuen hori gogoan. «Gogoan izango banu ere ezingo nuke sinetsi», esan izan dit askotan. «Zein arraiori burura behar zitzaion bikiek norbait hil behar zutenik, eta are gutxiago zerri hiltzeko ganibetaz». Biak elkarrekin ikusi zituztenez gero, Santiago Nasar non zen galdetu zioten, baina eman zuen erantzuna bera ere ez zitzaion gogoratzen. Clotilde Armenta eta Vicario anaiak harri eta lur geratu ziren ordea erantzuna entzutean, ze nork bere aldetik egin zuen deklarazioa berex idatzi zuten sumarioan. Horien arabera, nire anaiak hauxe esan zuen: «Santiago Nasar hilik datza». Gero gotzain bedeinkazioa eman, ateko petrilean behaztopa egin eta hantxe irten zen zilipurdika dingilin-dangolo. Plazaren erdian aita Amador-ekin gurutzatu zen. Mezatako jantziaz jantzirik portu aldera zihoan, atzetik akolitoa txilina joaz eta zenbait laguntzaile aldarearekin gotzainak beharko zuen landako mezatarako. Pasatzen ikustean, Vicario anaiek aitaren egin zuten.

        Bere etxe aurretik kasurik egin gabe parrokoak aurrera jo zuenean azkeneko esperantzak orduantxe galdu zituztela kontatu zidan Clotilde Armenta-k. «Nire errekadua ez zuela hartu pentsatu nuen», esan zuen. Hala ere mundua utzi eta Calafell-eko Osasun Etxe ilunpetsuan bizi zenean, handik urte askotara aitortu zidan aita Amador-ek, portura joateko prestatzen ari zenean, bada Clotilde Armentaren mezua hartu zuela, baita presakagorik ere. «Egia esan zer egin ezin asmaturik geratu nintzen», esan zidan. «Burura etorri zitzaidan lehenbiziko gauza zera izan zen niri ez agintari zibilei zegokien auzia zela, gero ordea Plácida Linero-ri iragaitzez zerbait esatea erabaki nuen». Dena dela plazatik barrena jo zuenean arrunt ahaztu zitzaion. «Konprenitu beharko zenuke —esan zidan—: zorigaiztoko egun hartan heldu zen gotzaina». Krimena gertatu zen momentuan hain etsitua sentitu zen eta bere buruaz hain doilor, zer egingo ote eta su-kanpaiak jotzeko agindu, besterik ezer ez zitzaion burutik pasa.

        Nire anaia Luis Enrique su aldeko atetik sartu zen etxean; sartzerakoan aita ez konturatzeko nire amak morroiloa eman gabe utzi ohi zuen. Etzan aurretik bainuan sartu zen, eta hantxe bertan kapixtokian loak hartu zuen, eta nire anaia Jaimek eskolara joateko jaiki zenean, baldosa gainean ahozpez etzanik aurkitu zuen, lo eta kantari biak batera. Nire arreba mojak, zeina sekulako biharamuna zuelako gotzainari ongietorri egitera ez zen joan, lerrenak egin arren ez zuen esnatu. «Bostetan puntuan sartu nintzen bainuan», esan zidan. Handik gero arreba Margot-ek portura baino lehen bainuan sartu zenean, heldu eta larri-larri eraman izan zuen logelaraino. Loaz beste aldetik, esnatu gabe aditu zituen gotzainaren ontziaren lehenbiziko orroak. Gero lozorroan geratu zen, parrandak jota, harik eta nire arreba mojak logelan sar eta habitoa presaka eta korrika janzten saiatzen ari zenean, herioan oihu egin zuen arte:

        —Santiago Nasar hil dute!

 

Heriotza iragarritako baten kronika
Gabriel Garcia Marquez

euskaratzailea: Xalbador Garmendia
Sendoa, 1982