Antologia
Joan Brossa

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2019

 

AROAK

Fases, 1968

 

 

      Kataluniako frontean hasi nintzen idazten Herri Armadan nintzela; esku hartu nuen segadan eta haren kontakizuna egin nuen. Nik, oro har, komunikatzea helburu daukan barne bulkada batek behartuta idazten dut; bulkada honen asmoak alde bat baino gehiago ditu, bizitzan bizi ditugunak bezala: gauak egunari ematen dio aldi. Baiki, ahal izango banu, berriro idatziko nuke. Pintura ikusteak eta musika entzuteak areago kitzikatzen nau irakurtzeak baino; beraz, literaturatik hurre diren eremuetatik datoz nire eraginak. Askatasunerako ostertza zabaltzeko aukerak bezala ikusten ditut artea eta literatura; giza ezagutzan sakontzeko tresnak bezala, eta ildo honetan askoz gehiago interesatzen zait egiteko dagoena egin dena baino. Gure literaturaren esparruan, ni ere okitua naiz higatutako formula aspergarriak errepikatzeaz, hitzak idazlearen mende egonik ere. Uko egiten diot literatur ikusmolde konbentzionalari; bizitzan bezala, norberetasuna defenditu behar dugu teknika jendea menperatzeko tresna bihurtu duen gizartearen aberetzea dakarren hainbeste propaganda ergelen aurka. Editore gehienei aski zaie mozkina. Batean pena, bestean nazka ematen didate. Literatur sariak ere, antolatuak dauden gisan, arrunkeriaren arrunkeria direla uste dut. Eta egungo antzerkia literaturaz betea dagoela, benetako irudimen sortzailearen eskasean. Leopoldo Fregoli —antzerkigile miretsienetakoa dut, Meyerholdekin batera— honela mintzo zen 1900 inguruan: “Ohartua naiz publikoak, behin eta berrizko komediez gogait eginda, bat-bateko efektuak eskatzen dituela, eta asmazio sorta bat taula gainean”. Indarrean dagoen iritzia deritzot.

      Arriskutsua ikusten dut zein sei edo zazpi autore aterako nituzkeen naufragiotik aipatzea. Inguruabarrek agintzen dute. Une honetan, berbarako, Eskilo, Khayyam eta Mallarme hautatuko nituzke. Antzerkian, Strindbergen zer edo zer eta, agian, Wagnerren Tristan. Zinezko merituen azpitik dauden obra ospetsuak? Ez da samurra labur erantzutea, obra bat epaitzerakoan kontuan hartu behar dira egina den garaiko premiak. Alabaina, gertatzen ahal da haren garaia ez egokitzea gure premietara, baina, aldiz, obrak irautea. Ez dut uste bidaiek izugarri kutsatu nautenik. Frantzia besterik ez dut ezagutzen, eta apur bat Belgika eta Holanda, eta, erran gabe doa, gehiago kutsatu naute oldarrean, azken helburuan baino. Orain liburu esperimental batean dihardut: poema multzo bat, batzuk baliabide literario ez-poetikoekin eginak eta beste batzuk baliabide poetiko ez-literarioekin. Oroit ikusizale samarra naizela.

      Sinetsia nago arteak eta literaturak bat egiten dutela elkar, eta ez ditut ulertzen genero bakar batez interesatzen diren kritikoak. Artearen generoek bide desberdinak dakartzate errealitate berdina adierazteko. Gorenean bat egiten duten piramide beraren aldeak dira.

      Idatzi ezingo banu, harroaldietan gerrillari izanen nintzateke, makalaldietan prestidigitadorea. Poeta izateak biak ditu barne.

 

Antologia
Joan Brossa

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2019