Amodiozko hogei poema
eta kanta bat bakar-mindua

Pablo Neruda

1924
euskaratzailea: Jose Luis Padron
Baigorri, 2004

 

XVII

Bakardade barrengoenean itzalak arindu ezin, pentsatzen.
Zu bai urrutirik zaude ere, ai beste inor baino urrutiago.
Pentsatzen, txoriak askatzen, irudiak desagertarazten, lanparak lurperatzen.
Itsas-lainoen kanpai-dorrea, zein urruti, han goian!
Aieneak itotzen, itxaropen ilunak ehotzen, errotari goibela,
gaua datorkizu ahuspez, hiritik urrun.

Zure egotea inorena zait, nirean arrotz gauza bat bezain.
Gogoan dut, luze jarraitzen, zu baino lehenagoko nire bizitza.
Nire bizitza beste inor baino lehenagoko, nire bizitza gazia.
Itsasoaren aurrez aurre oihua, harkaitzen artean,
korrika libre, ero, itsas lurrunean barrena.
Sumindura tristea, oihua, itsasoaren bakardadea.
Zoro, bortitz, zeruraino luzaturik.

Zu, emakume, zer zinen han, zer marra, zer hagaxka
haizemaile erraldoi horretakoa? Orain bezain urrun zinen.
Basoan sutea! Sua dario gurutze urdinetan.
Sutan, sutan, sugarretan, argi zuhaitzetan su-izpika.
Zutik ezin eutsi, txinpartaka. Sutea. Sutea.

Eta dantzan da ene arima suzko-txirbilaz zauritua.
Nor da deika? Zer isiltasun ohiartzun gainezka?
Nostalgia ordua, alaitasun ordua, bakardade ordua,
ordu nirea ordu guztien artean!
Haizea kantari zeharkatzen duen bozina-hotsa.
Norainoko negar-mina nire gorputzari korapilatua.

Sustrai guztien errotik atera nahia,
olatu guztien lur nahia!

Jira-biraka zen, alai, triste, buka-ezin, ene arima.

Bakardade barrengoenean lanparak lurperatzen, pentsatzen.
Nor zara zu, nor zara?

 

Amodiozko hogei poema
eta kanta bat bakar-mindua

Pablo Neruda

1924
euskaratzailea: Jose Luis Padron
Baigorri, 2004