Amodiozko hogei poema
eta kanta bat bakar-mindua

Pablo Neruda

1924
euskaratzailea: Jose Luis Padron
Baigorri, 2004

 

VIII

Erle zuria burrunban darraizu —eztiz edana— ene ariman
eta jarduten zara zuzen-gabe kezko kiribil moteletan.

Oinazearen gatibua naiz ni, hitza oihartzun gabekoa,
oro galdu zuena ere naiz, eta oro ere izan zuena.

Azken lokarri, zugan da zapuzten nire azken larri-aldia.
Zu zara nire lur deus gabean arrosetan azkena.

Ai eme isil-zalea!

Bildu zure sakon baitara begiak. Gaua da han hegaldi.
Ai beldur-irudi antzeko zure gorputza biluztu.

Begi sakonak dituzu. Hantxe da gaua hegaldatzen.
Lorez beso freskoak eta arrosa itxuraz magala.

Barraskilo zuriak bezala ohi dituzu bularrak.
Zure sabelean egingo du lo itzalezko tximeletak.

Ai eme isil-zalea!

Hona hemen zu ez zareneko bakardadea.
Euria ari du. Itsas haizea dabil kaio errari ehizean.

Ura jarri da hankautsik kale bustietan.
Hostoak, gaixoak bailiran, kexu dira zuhaitz harena.

Erle zuria, joate-alde egina, oraindik ere burrunban ene ariman.
Denboraren jabe zara beti biziko, mehea eta mintzo gabea.

Ai eme isil-zalea!

 

Amodiozko hogei poema
eta kanta bat bakar-mindua

Pablo Neruda

1924
euskaratzailea: Jose Luis Padron
Baigorri, 2004