POETA BARROTE ARTETIK
Dareen Tatour

euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2018

 

Zenbatzeko ere gehiegi ziren

jendeak topatu nituen espetxean:

Hiltzaile eta gaizkileak,

lapur eta iruzurtiak,

ondraduak eta eszeptikoak,

galdu eta nahastutakoak,

dohakabeak eta gosetuak.

Orduan, nire herriminak,

oinazetik jaioak,

uko egin zion injustizia onartzeari,

harik eta haiek denak inozentzia bortxatu zieten haurrak bilakatu arte.

Munduaren oldarrak zur eta lur utziak zituen.

Hazi egin ziren.

Ez, haien tristezia hazi zen,

errepresioak gogortuta,

arrosak lur gazituetan bezala.

Ikararik gabe, maitasuna besarkatu zuten

eta zigortu zituzten adierazteagatik:

“Gure lurra maite dugu betiko…”,

euren ekintzei ezaxola.

Eta maitasunak aske egin zituen.

Hara, espetxea maitaleentzat da.

Zalantza eta noraez unetan

Nire arimari galdetu nion:

“Eta zure delitua?”

Esanahiak ihes egiten dit orain.

Esatekoak esan eta

Nire pentsamenduak plazaratu nituen;

Tintaz idatzi nuen egungo injustiziaz,

Eta desioez,

Poema bat idatzi nuen…

Salaketak gorputza higatu dit,

Behatzetatik buru gaineraino,

Naizelako poeta bat espetxean,

Poeta bat artearen lurraldean.

Hitzengatik salatu naute,

arkatza da nire lanabesa.

Tintak —bihotzaren odolak— lekukotzak jasan

Eta karguak irakurtzen ditu.

Entzun, ene patua, ene bizitza,

epaileak esan zuena:

Poema bat da auzipetua,

Nire poema delitu bilakatu da.

Askatasunaren lurraldean,

sortzailearen patua espetxea da.

 

POETA BARROTE ARTETIK
Dareen Tatour

euskaratzailea: Mikel Elorza
armiarma.eus, 2018