EGUERDIA UDARO
Subhro Bandopadhyay

euskaratzailea: Miren Agur Meabe
armiarma.eus, 2019

 

7

 

Ez dut ulertzen zeren sinbolo diren etxe hauek

Zauri iraunkorrak azalean eta itzulera iraunkorra atalasetik

 

Ikaratu egiten nau jakiteak ezagun dudala neure burua

Hemen jarraitzen dut paper zaharrak

eta artile mordo hura lurperatu eta gero ere

                                   

Parke hau, dena irensten duen sintaxi hautsi hau

Egunero mehetzen den irudimen lerroa

eta altzairuzko gorputz bat dunan

 

Kristalezko esku bat

 

Zoriontsu egiten nau jakiteak                                             

sekula ez dudala egia ikusiko

 

Madril, 2014

 

8

 

Argizarizko hosto guztiak bustitzen dira

Ai! Ibaiertzekoak dira izan lore hau eta bere dardara!

Aita, zurekin elkarrizketa bat izateak esan nahi du

Leninen estatua Danubion behera flotean  

 

Ikusi duzu gainera nola algak ekiten dion

ahots musikal bati

nola bide honek ShudhKalyan ragaren

vistaar luze eta gogorrera eraman gintuen

Arrats garbi batean zu bazindoazen jaiogabeko denbora baterantz

Saiatzen zinen mugitzen,

opioaren eta kromoaren horiz argiztaturiko leihoak

eraikinez inguratutako parke honetara

irekitzen zituen auzo zahar horretan

Mendean hartzen zenuen zeure burua

etxera ez itzultzeko irrika bakoitza

azaro zuen izena

zure aurrean punpa egiten duen 1989ak

 

Nik Raga aldakorren artean itxaroten dut                

Errepide zabal batean eta arropa koloretsuz estaliriko kartzela batean

Ezin dut ulertu zergatik dagoen hainbeste ur

Ez dakit zergatik ari den dizdizka itsasontzi hori arrastiri dirdaitsuaren argitan

 

Gogorarazi didazu sekula ez genuela koloniarik izan

ez geneukalako egur egokirik

bidaia luzeetarako ontzirik eraikitzeko

 

               

Calcuta, 2015

 

EGUERDIA UDARO
Subhro Bandopadhyay

euskaratzailea: Miren Agur Meabe
armiarma.eus, 2019