SINESTUNEN ELKARRIZKETA
Subhro Bandopadhyay

Soria, 2008
euskaratzailea: Miren Agur Meabe
armiarma.eus, 2019

 

Igarri egiten da Jainkoaren eta patrikan musuzapi malenkoniatsua duen gizon argalaren arteko elkarrizketa begien azpiko orban beltzetan gertatzen dela. Eliza horitik irtetean katu urdindu geldo bat ikusi du berari zelatan bazterrik narrasenetik.

Sinestunarentzat denbora beti dago bere oinetara. Guk, kantu beltzen jendeak, ez dugu uda freskoan eguratsa sentitzen. Urtxintxak. Atso-agureak aluminio koloreko eguzkiaren argia haztatzen. Ilobak ohituraz daude haiekin.

Gizon argal horren esku aldrebestutik bere nerabezaroko kaleak jausten ari dira. Hor geratzen da, baita ere, jaiotzako lurrina. Jausten dira, halaber: igandeetako harana, Dehesa parkea berde bizi-bizitan, jendetza. Goizak amore eman du indusketak egitean aurkitutako liburu sakratu baten orrien antzera.

Letrek ezin dute gizakiaren emozio osoa bildu. Soinuen abstrakzioan pentsatzen badugu, mututu egiten gara. Orduan, nora doaz hegaldi txikiko irudi hauek? Hasperen hauek, malko hauek egin al dezakete zulorik sikiera hormetan edota hizkuntzaren fresko koloretsuetan? Zaharberritze lanetan dabiltzan artistek esango luketenez: gatz aztarnak…

 

SINESTUNEN ELKARRIZKETA
Subhro Bandopadhyay

Soria, 2008
euskaratzailea: Miren Agur Meabe
armiarma.eus, 2019