ELKARRIZKETAK ETXEAZ
(KANPORATZE ZENTROAN)

Warsan Shire

Conversations About Home (At The Deportation Centre)
euskaratzailea: Garazi Ugalde Pikabea
armiarma.eus, 2018

 

 

Tira, uste dut etxeak egotzi ninduela, itzalaldiak eta etxeratze-aginduak mihia hagin galduaren aurka bezala. Jainkoa, ba al dakizu zer zaila den egun horretaz mintzatzea, zeure hiriak iletik arrastaka eraman zintuenekoaz, espetxe zaharra igaroz, eskolako ateak igaroz, banderak nola hagetan zut erretzen ziren gorputz-enborrak igaroz? Nire modukoak topatzean ezagutzen ditut nostalgia, galera, haien aurpegietako errautsaren gomuta. Inork ez du etxea uzten etxea marrazo-aho izan ezean. Hain luzaro eutsi izan diot himno zaharrari ahoan ezen ez baitut lekurik beste kanta batentzat, beste mintzaera batentzat, beste hizkuntza batentzat. Ezagutzen dut estaltzen, guztiz irensten zaituen lotsa. Neure pasaportea puskatu eta jan nuen aireportuko hotel batean. Ahaztu ezin dudan hizkuntzak gainezka egitear nauka.

 

 

Galdetzen didate, nola iritsi zinen hona? Ez duzu nire gorputzean ikusten? Libiako desertua immigranteen gorpuez gorri, Adengo golkoa gainezka, Erromako hiria jakarik gabe. Miliak baino gehiago izango ahal zen bidaia, nire seme-alaba guztiak uretan baitaude. Uste izan nuen itsasoa lurra baino seguruagoa zela. Maitasuna egin nahi dut baina nire ileari usaina dario, guda usaina, lasterka eta lasterka ibiltzearena. Etzanda egon nahi dut, baina herrialde hauek gaztetan lo zaudela ukitzen zaituzten osaben modukoak dira. Begira muga horiek guztiak, gorputz puskatu eta etsiekin, bitsa ahoan. Aurpegiko eguzki beroaren kolorekoa naiz; nire amaren hondarrak ez zituzten sekula ehortzi. Egunak eta gauak eman nituen kamioi baten urdailean, irtendakoan ez nintzen berbera. Batzuetan badirudi besteren batek daramala nire gorputza.

 

 

Ezagutzen ditut egia bakar batzuk. Ez dakit nora noan, natorren lekua desagertzen ari da, ez naiz ongi-etorria eta nire edertasuna ez da edertasun hemen. Gorputza erretzen dit inongo ez izatearen lotsak, irrikaz desiratzen du gorputzak. Ni naiz memoriaren bekatua eta memoriarik eza. Albisteak ikusi, eta odol putzu bihurtzen zait ahoa. Ilarak, formak, jendea mahaietan, telefono-txartelak, immigrazio agentea, kaleko begiradak, hezur-muinetan arrasto hotza, ingeleseko gau eskolak, etxerainoko distantzia. Baina Alhamdulilah, hau guzti hau hobea da su-garretan dagoen emakume baten usaina baino, edo nire aitaren eiteko kamioikada bat gizon, nire hortzak eta azazkalak erauztea baino, edo hamalau gizon nire hankartean, edo fusil bat, edo promesak, edo gezur bat, edo haren izena, edo haren gizontasuna nire ahoan baino.

 

 

Entzuten ditut esaten, zoaz etxera, entzuten ditut esaten, immigrante zikinak, errefuxiatu zikinak. Benetan al dira hain harroputzak? Ez al dakite egonkortasuna zer den, segundo batez maitale baten aho gozoa duzula gorputzean eta segidan lurrean datzan ikara bat zarela, zaborrez eta moneta zaharrez bildua, etekinaren zain. Soilik esan dezaket, behin zu bezalakoa izan nintzela, apatia, errukia, kokaleku eskergabea, eta orain nire etxea marrazo-aho bat da, orain nire etxea arma baten kanoia da. Beste aldean ikusiko dugu elkar.

 

ELKARRIZKETAK ETXEAZ
(KANPORATZE ZENTROAN)

Warsan Shire

Conversations About Home (At The Deportation Centre)
euskaratzailea: Garazi Ugalde Pikabea
armiarma.eus, 2018