ETXEA
Warsan Shire

Home
euskaratzailea: Garazi Ugalde Pikabea
armiarma.eus, 2018

 

 

inork ez du etxea uzten

etxea marrazo-aho izan ezean

mugarantz egiten duzu korri soilik

hiri osoa ere korrika ikusten duzunean

 

bizilagunak zu baino azkarrago korrika

eztarrietan odoltsu arnasa

eskolara zurekin joan zen mutila

lata fabrika zaharraren atzean mozolo musu eman zizuna

gorputza baino handiagoko fusila eskuan

etxea uzten duzu soilik

etxeak geratzen uzten ez dizunean

 

inork ez du etxea uzten etxea jarraika izan ezean

oinpean sua

odol beroa sabelean

inoiz ez zenuen halakorik egiterik pentsatu

erre zizun arte labana-ahoak lepoa

mehatxuz

eta orduan ere himnoari eutsi zenion

ahopean

pasaportea aireportuko komunetan negar-zotinka puskatzeak

paper ahokada bakoitzak baino ez zuen argi utzi

ez zenuela atzera egingo

 

ulertu behar duzu

inork ez dituela seme-alabak ontziratzen

ura lurra baino seguruagoa izan ezean

inork ez ditu esku-ahurrak erretzen

trenen azpialdean

bagoipean

inork ez ditu egunak eta gauak ematen kamioi baten urdailean

egunkariak janez, egindako kilometroak

bidaia baino zerbait gehiago izan ezean

inor ez da hesi azpitik arrastaka igarotzen

inork ez du jipoirik

errukirik nahi

 

inork ez ditu errefuxiatu-eremuak

edo gorputza minberaturik uzten duten

arroparik gabeko miaketak hautatzen

edo espetxea,

seguruagoa delako espetxea

suzko hiri bat baino

eta espetxe-zaindari bat

gauean

hobe delako zure aitaren eiteko

kamioikada bat gizon baino

inork ezingo luke jasan

inork ezingo luke pairatu

inoren larrua ez litzateke hain sendo

 

zoazte-etxera

beltzak

errefuxiatuak

immigrante zikinak

asilo-eskatzaileak

gure herrialdea xurgatzen ari zaretenak

eskuak kanpoan dituzten beltzak

usain arraroa dute

basatia

beren herrialdeak hondatu eta orain

geureak hondatu nahi dituzte

nola erortzen ote zaizkizue hitzak

begirada zikinak

bizkarrean behera

akaso kolpea leunagoa delako

gorputz-adar erauzi bat baino

 

edo samurrago direlako hitzak

zure hankartean

hamalau gizon baino

edo errazagoak irensten

irainak

zaborra baino

hezurrak baino

zure haur gorputz

zatikatua baino.

etxera joan nahi dut,

baina etxea marrazo-ahoa da

etxea arma baten kanoia da

eta inork ez luke etxea utziko

etxeak kostaraino jarraitu ezean

etxeak esan ezean

azkartu hankak

utzi atzean arropak

zoaz arrastaka desertuan

igaro ozeanoak

ito zaitez

salbatu

izan gose

ibili eskean

ahaztu harrotasuna

kontuzkoago zaizu bizirautea

 

inork ez du etxea uzten etxea belarrian ahots izerditu izan artean

esanez:

zoaz,

zoaz orain nigandik urrun

ez dakit zer bihurtu naizen

baina badakit seguruago zaudela

hemen baino beste inon

 

ETXEA
Warsan Shire

Home
euskaratzailea: Garazi Ugalde Pikabea
armiarma.eus, 2018