ALDI GORRIA ALDI LARANJA
Katerina Rudcenkova

období rudé, období oranžové
euskaratzailea: Leire Bilbao
armiarma.eus, 2015

 

I

 

ume zuri zurbila, umezaro berde eta urdin kulunkaria

fitxak, buztin eta beirazko kanikak, marmolezko harrobia,

ostean nerabezaroa: iraultza beltza, zilarrezko azazkal eta ezpainak,

marroi, bularrean belatz bat garrasika

 

II

 

hurrengo hamar urteetan gorriaren premia sakona,

genitalen karminaren erakarpena, bidaiak baporezko ontzietan,

marinel sentsualak

lurrin magnetiko sexualez jantziak,

itsasbazterrean ainguratua, odol eta zamatik ihesi

emetasuna gurdi zaharretan,

lurpean arrakastatsu lurperatzea lortu duzuna,

nekatutako arbasoen hezurrak estali

eta ez da bakerik izango

gorpua hobitik atera arte

 

III

 

hurrengo hamar urteetan: laranjaren premia

itsaso urdin aldakorra eta distantzia,

turkesa, amatista, zafiroa, akuamarina,

itxaropenez beteriko olatuen kulunkan

kostaldeko eguzkiaz epeldua

urrutiko kalatxorien estalki abegikor baten azpian

eta gero?

horia sorbalden gainetik

non intsektu bat bost urtez debozioz pausatu den atseden hartzen:

bere indarrak eusten dion heinean,

hanka iletsuekin zure denbora orrazten

 

IV

 

eta klasiko bat zahartzaroan: arrosa, uf!

zure buruan maitagarri bat-batean

belarri handi, brokoli sudur eta ile urdina,

maila bat beherago kokots maiztua

eta angorazko bularraldea

eta etengabeko adeitasun zaharkitu bat

ezin bestela izan

ona izan behar nahitaez, erakargarri eta usain gozoko ezin izanez.

 

V

 

hodei beltzak, sumendi hautsa Europa gainean,

hil-oihala eta burusi-txatalak,

krepezko estalkia,

franelazko eta lumazko izara

edozein egoeratarako

kometaren haserre ia antzemanezina

eta zeruaren festa joan dira

 

ALDI GORRIA ALDI LARANJA
Katerina Rudcenkova

období rudé, období oranžové
euskaratzailea: Leire Bilbao
armiarma.eus, 2015