BASERRIKO ANDRA SEMEAREN DOLUZ
Padraig Mac Piarais

A Woman Of The Mountain Keens Her Son (Bean Sléibhe ag Caoineadh a Mic), 1914
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016

 

Maitea galdu eta ilun dut bihotza:

heriotza dorpeak dolorez bete nau.

Lagunik gabe nago etxean arrotza

ez dakit nola eztitu doluzko samin hau.

 

Menditik nentorrela zeruan arratsa

hegaztiak nigana hitzak ahapeko

istingor leuna eta kurlinta garratza

ene seme kutuna hil zela esateko.           

 

Dei egin nizun beldur, minaren ahotsa

dei egin nizun larri, erantzunik ote.

Musu eman ahoan eta hura hotza!

Hilerri bakartian hotza duzu ohe!

 

Hor belaze maitea semea non datzan

belarrezko ohatze txiki eta meharra!

Bedeinkatua bedi mila eta milatan

ene mutikoaren gaineko belarra!

 

Heriotzaren mina ez liteke goza

berak nahasten digu berdean zimela.

Hau dut mingarriena, ai ene bihotza,

zure gorputza buztin bihurtuko dela!

 

BASERRIKO ANDRA SEMEAREN DOLUZ
Padraig Mac Piarais

A Woman Of The Mountain Keens Her Son (Bean Sléibhe ag Caoineadh a Mic), 1914
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016