XXIII Eta kazetari bat etorri zen, ez dakit nongoa, guretzat erbestea zer den galdetzera. Ez dakit kazetaria nongoa zen edo agian ez nion kasurik egin. Gela hezea zen, hotz egiten zuen bi egun ziren ura eta ogia besterik jaten ez genuela gutunek berri txarrak zekartzaten Bestaldetik. “Zer da zuretzat erbestea?” galdetu eta zigarroa eskaini zidan. Etxekoak arriskuan ez jartzeko ez diet gutunei erantzuten “Pedrori bi begiak atera zizkioten kolpeka hil baino lehen, justu apur bat lehenago” “Zuretzat erbestea zer den esatea nahiko nuke” “Alicia bost aldiz bortxatu zuten eta ondoren txakurren gose utzi zuten”. Ondo ikasiak dira militarren txakurrak animalia indartsuak dira egunero jaten dute egunero jotzen diete larrua neska ederrei emakume pertxentei, errua ez da txakurrarena, badakizu, txakur indartsuak dira militarren txakurrak, egunero jaten dute, egunero dute emakumeren bat larrua jotzeko “Zer da erbestea zuretzat?” Ziurrenik ordaindu egingo diote artikuluagatik, guk ez dugu egunetan jan, “Kementsu gaude, burkide, adorea bere horretan dugu, burkide, emakumea bortxatu dute, kementsu gaude oraindik, burkide, ahizpa desagerturik, kementsu gaude, burkide, bi egun dira kemena besterik jaten ez dugula, onenetarikoa, burkide”, “Erradazu, zer da erbestea zuretzat?”
Erbestea kemena jatea da, adiskide.
XXIII |