BIHAR INDIARRA IZAN BEHAR DUT
nila northSun

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2017

 

nevadara itzuli naiz

norbaitek erabaki duelako

amerikar natibo bat behar dutela

beren irratsaioan

ta nirekin gogoratu dira

ilusioa egin dit

ta nire egoak gidatu nau

200 miliaz elurtutako mendi artean

baina orain

goizeko 8etako

elkarrizketa/irakurketa hastear dela

izuak jota nago

aspaldi baita

ez dudala “poema indiar” bat idatzi

akaso 100 poematik bakar batek

baitauka tribaltasun ukituren bat

uste dute

natiboa izateagatik

idazten dudan

edozer

sustraituta dagoela

natibotasun horretan

baina nire 3 uztaiko karpetan

orriak pasatzen nabilela

ez diot aipamen txikienik topatu

ama lurrari edo lumei edo erreserbei

nahiz eta

banagoen ama lurrean

ta badudan nire autoko ispilutik

arrano luma bat zintzilik

eta elkarrizketa ondoren ere

erreserbara itzuliko naizen arren

nire familia ikustera

baina “aski” indiarra al da hori

haientzat? ez dakit

konformatu beharko dute

bihar

sakonago hausnartuko dut

indiarra izateari buruz.

 

BIHAR INDIARRA IZAN BEHAR DUT
nila northSun

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2017