LEHEN MUXUA 12 nituela uste dut baina agian berak zituen 12 ta nik 13 gogoratu uste baitut apur bat lotsatuta nengoela “emakume zaharragoa” izate horrekin (urteekin ez da hori askorik aldatu) oakland auditorioan izan zen gure gurasoak tribu-arteko taldeetan sartuta zeuden zeinetan montanako erreserba urrunetatik kaliforniako rancherietatik nevadako kolonietatik etendako ekialdeko maizter lurretatik deserriratutako amerikar indioak batzen baitziren denak elkartuta hirietan amerikar arrago handiarekin bat egin nahian baina erabat lortu gabe hauts egindako bikorrak saltsan bezala ta beraz elkarteak osatu zituzten ile ilun eta azal ilunak eroso mugi zitezen “indiartasun” komun bat partekatuz nahiz eta bakoitzak bere tribuaren kultura propioa mantendu europar guztiak zaku bakarrean sartzen saiatzearen pareko zerbait frantziar eta italiarren artean bereizketarik egin gabe edo espainiarren eta suediarren artean dantza powwowak edukitzen genituen navajoak yei-be-chai dantzekin pomoak saski dantzekin puebloak arrano dantzekin chippewak belar dantzekin siouxak, txerokeeak, seminoleak, iroquoiak denak elkartuta dantza biribiletan gure batasuna lotzen gure kulturak danbor baten bueltan ta ahotsak kantuan harik eta nahasi ginen arte ta salerosketetan sartu ta gure artean ezkondu baina pixka bat aldentzen ari naiz zeren gauza garrantzitsu horiek guztiak gertatzen ziren bitartean beheko solairuko auditorioan berak eta nik isilean egin genuen alde zementuzko eskailera haietan gora iluntasunerantz gorako hegaldietarantz ta istorio kontaezinetarantz harik eta gelditu ginen arte pixka bat hitz egitera lotsatiak baikinen gure belarrietaraino heltzen ziren danborren oihartzunak horma hotzen kontra jarrita geundela gertu besoaz inguratzen dit gerria ta beregana hurbiltzen nau gogoratzen dut bere jertse gris iletsua nire besoekin bere 12 urteko sorbaldak inguratzen nituen bitartean nireak baino handiagoak zirenak jada nahiz eta ni 2 hazbete altuagoa izan gogoratzen ditut bere ezpain ilun lodiak nireen kontra bultzaka ta ni muturra luzatzen arrain ergelen pare oratzen genituen gure ezpainak ta sudurra non zihoan asmatu nahian genbiltzan orain horrela ta gero hala ezpain oratzearen norabidearen arabera listua gogoratzen dut pentsatuz o, hau nazka listuka ari zait ahora jakin gabe bere listu-guruinak eta guruin pituitarioa eta gainontzeko guruin guztiak ziur aski bosgarren direkta sartuta zirela gogoratzen dut bere eskua nire bizkarrean ta nire eskua bere bizkarrean elkarri tiraka elkarrekiko ezpain oraketa gehiagori bide eginez hau guztia 5 bat minutuz-edo ta bereizi egin ginen orduan pozarren zorabiatuta egin genuenagatik tta itzuli egin ginen behera nire chippewa aita ta shoshone ama eta bere pomo ama eta miwok aitaren begi distiratsuetara zeinen ametsak tribu arteko arragoetan indartzen baitziren zeinen ametsak eskutik baitzihoazen gure esku gazteetan.
LEHEN MUXUA |