Kanta zure mina
Georges Moustaki

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013

 

Kanta zure mina

isil egon ordez

gezurra esan ordez

irri zimel batean.

Kanta zure mina

alferrean gabe

patar gogorreko

koparen aurrean.

 

Kanta zure mina

askatu oinazea

askatu malkoa

isil zazu lotsa.

Kanta zure mina

kendu hil-oihala

kendu bekozkoa

eta altxa bihotza.

 

Aski duzu gitarra

edo eskusoinua

hitz batzuk josi eta

badator doinua

 

Kanta zure mina

berak jan ez zaitzan

berak ito ez zaitzan

azken oihuraino.

Kanta zure mina

garrasiz otoitzez

malenkoniaren

infernutik ihes.

 

Kanta zure mina

egin zazu topa

utzi zaituenaz

saldu zaituztenez.

Kanta zure mina

nahiz egon oker

nahiz dena asmatu

nahiz dena atzendu.

 

Aski duzu gitarra

edo eskusoinua

hitz batzuk josi eta

badator doinua

 

Kanta zure mina

zu eta ni, horra bi

biak tantiruri

eta euliak euli.

Kanta zure mina

nola nik neurea

biak tantiruri

euri edo ateri.

 

Kanta zure mina

gor baten antzera

garrasi garratzez

herraz eta maitez.

Kanta zure mina

minak hil ez zaitzan

egin dezazun irri

egin dezazun bizi.

 

Aski duzu gitarra

edo eskusoinua

hitz batzuk josi eta

badator doinua

 

     Chante ta nostalgie, 1981

 

Kanta zure mina
Georges Moustaki

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013