Maketo
Georges Moustaki

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013

 

Mutur beltzeko maketo

judu arrotz, artzain greko

ilea lau haizetara...

Eta bi begiak heze

ameslarien antzeko

ametsik ez badut ere...

Eskuok zakar eskeko

musikari eta lapur

lorategi guztietan...

Ahoa ezpain urragarri

maitale izan edo zakur

goseak bainau ekarri...

 

Mutur beltzeko maketo

judu arrotz, artzain greko

arlote noraezeko...

Larrua dut marraskatu

bost udaren eguzkian

bost gonadunen eztian...

Bihotzaren minenean

nuke min emana damu

neuk minik hartu ez banu...

Bekatuok kitatzeko

purifikatuko naute

infernupeko labean...

 

Mutur beltzeko maketo

judu arrotz, artzain greko

ilea lau haizetara...

Helduko naiz ene maite

ene gogo, ene iturri,

gazte uraren edale...

Eta printze izanen naiz

ameslari edo nerabe

zerorrek dezazun hauta...

Gaua dugu bihurtuko

betirainoko maitatze

biok gara bat urtuko...

 

Gaua dugu bihurtuko

betirainoko maitatze

biok gara bat urtuko...

 

              Le métèque, 1969

 

Maketo
Georges Moustaki

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013