Irudiak
Georges Moustaki

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013

 

Badoan Paris hori...

 

Ezagutzen duzu Paris gaua,

Paris kantaria, argiz zaituena

zipriztintzen.

 

Ezagutzen duzu Paris gosea,

espaloi gainean edo zubi azpian

hiltzen den Paris.

 

Ezagutzen duzu Paris eguna,

zure beharrari ez ikusia

egiten dion Paris.

 

Badoa presaka, ongi dakizu,

Paris dirua eta aferak

Eta zu azpian.

 

Ezagutzen duzu Paris pipazalea,

kedarrez estaliriko tximiniak,

Paris nekatua.

 

Ezagutzen duzu Paris gaua,

presondegian, isilean

eta hotzean.

 

Ezagutzen dituzu azkenik gabeko egunak,

etorkizunik ez duten egun bereziak,

etsipengarriak.

 

Ezagutzen duzu irri egiten dizun ura,

erakarri egiten zaituzten promesez betea

bere irrian.

 

Ezagutzen duzu Paris erahila,

Paris odolekoa,

Paris garrasia.

 

Ezagutzen duzu Paris ametsa,

Paris amodiozko hitzen esale,

Paris maitale.

 

Ezagutzen duzu badoan Paris hori...

 

                                        Images, 1970

 

Irudiak
Georges Moustaki

euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2013