1871ko martxoaren l8an proletargoak boterea hartu zuen Parisen eta hamar egunen buruan Komunaren gobernua finkatu zelarik iraultzaren bandera 72 egunez atxiki zen mundu burgesaren hiriburuan haizetara. Zein izan zen iraultza proletarioaren lehen entsegu hari buruz idazleen jokabidea? Idazle kontsakratu gehienak Komunaren aurka posizionatu ziren, bai monarkiko eta kontserbadoreak, bai errepublikano eta apolitikoak ere, eta gainera gogortasun ezezagun batekin. Iraultzari buruzko beren testuen erradikaltasuna harrigarria egiten da. Zelan konpreni daiteke, esate baterako, Komuna bentzutuaren ondoren, errepresioak 30.000tik gora gizon, andere eta haur erahil ondoren, presondegietara eta herbestera kondenatuak ere hamar milaka kondatzen zirenean Gustave Flaubertek esana?
«Je trouve qu'on aurait dû condamner aux galères toute la Commune et forcer ces sanglants imbéciles à déblayer les ruines de Paris, la chaîne au cou, en simples forçats» (George Sandi eginiko gutuna, 1871 urtean).
Zelan azal daiteke tamainako ernegua eta gorrotoa? Erantzuna ematen edo erantzunarentzako datuak biltzen entseiatu zen Paul Lidsky Les écrivains contre la Commune (François Maspero, Paris, 1970) liburuan, literaturaren historia sozialaren aldi garrantzitsu bat ezagutarazi eta iraultza sozialaren egoera limitean idazleek har dezaketen jokabidea ikertuz. Liburuan zehar transkribitzen dituen garai hartako testu ugariak esanahiez gainezka daude.
Idazle gehienak Komunaren aurka posizionatu zirela esan da. Salbuespenak guti izan ziren: Paul Verlaine communard izan zen, eta Londresen herbesteratuko zen gero; Arthur Rimbaud, norenak diren Les mains de Jeanne-Marie eta Paris se repeuple poemak; Jules Vallés, Cri du peuple kazetaren zuzendaria; Gustave Flourens, 1871ko apirilaren 3an versallesdar jendarmeek hila; Jean-Baptiste Clement, poeta, musikoa, Komunan militar gisa iharduna; Eugène Pottier, Internazionala izkiriatu zuen igeltsaria. Salbuespen bitxiago bat zen Philippe Auguste Mathias Villiers de l'Isle Adam, aristokrata eta ipuin krudel famatuen autorea. Victor Hugo, bere aldetik, Iraultza aldian ez zen posizionatu, baina ondoren errepresioa salatzeko altzatu zen.
Baina idazleen jokabidea, gainerako jendearena bezala, entelegatzeko beharrezkoa da urteak lehenagotik errepasatzen hastea. 1848 urteko iraultza ezagutu gabe ezin dira XIX. mendearen ondorengo urteak ulertu. Karl Marxek bere Brumarioak 18an esaten zuen hiruzpalau gauza inportante argitu zirela 1848ko burruka hartan: populua, nahiz eta aski eratu eta heldu gabe, errebelatzeko kapaz zela; klase dominanteek populuaren errebeldia horren arriskuaz ohartu eta defendatzeko gertatu behar zutela; intelektualak, burruka politikoan engaiatu ondoren, desilusionatu eta beren klase interes partikularretara makurtu zirela; eta, batez ere, hurrengo iraultzak karakter proletarioa ukanen zuela. Garai hartan, oraindik, idazle gehienak aktibitate politikoan sarturik zeuden, iraultzaileak ziren Alphonse de Lamartine, George Sand, Victor Hugo, Alfred de Vigny, Charles Leconte de Lisie, Charles Baudelaire, Gustave Flaubert. Iraultzaren etsai bakarrenetako bat Theophile Gautier zen, eta mesfidatzeko arrazoi konkretoak zituen, bere aitak 15.000 liberako errentak galduak baitzituen iraultzatan, iraultzak bere boltsari egiten zion kaltearen kontzientzia osoa zuen. Gainerako idazle guzi haiek herriagana jetsi eta beren hitzez Edertasuna, Egia eta Justizia transmititzeko ilusioa zuten. Alphonse de Lamartinek, esate baterako, 1831 urtean Ode sur les révolutions izkiriatu eta progresoaren alde ekiteko aldarrikatzen zuen, poesia herriaren alde egin behar zelakoan. Alfred de Vignyk, bere aldetik, 1932 urtean esaten zuen jende pobre eta ahularen alde ekin behar duela poesiak. George Sand, ia beti ezkertiar gisa ihardunen zuen idazleak, bere Second dialogue familier sur la poésie des prolétaires (1842) obran abisatzen zuen: krisi gogor batera ari gara hurbiltzen eta ideia berriak kantatuko dira aurrerantzean, espiritu, imajinazio, kontzientzia eta jenio berri proletarioek asmatu eta poetizatuak. 1834 urtean, Lyon hiriko insurrekzioan, Marceline Desbordes-Valmore langile martirien abotsa izan zen. 1841 urtean ideario saint-simonianoaren aldeko bankero batek, Olinde Rodrigues izeneko batek, Poésies sociales des ouvriers liburua argitaratu zuen, oskigile, brodatzaile, erlojeru eta enparauen poemak bilduz; Charles Leconte de Lislek bere La Phalange aldizkarian jaso zituen batzu eta Victor Hugok «denok gara obreroak, Jainkoa bera ere bai —esaten zuen— eta zuengan pentsamenduak eskuek baino gehiago lan egiten du». Charles Baudelaire ere, 1848ko erreboluzio aldian, langile poeten eta progresoaren aldeko poesian ari zen, geroan bere jokabideak, aingeru errebeldearenak legez, guziz aldatuko ziren arren: joera poetiko guzietatik iragan eta, finean, sinbolismoaren bideak urratuko zituen. 1830-1850 aldian, oro har, ideologia utopisten bilakaera eta langilegoaren formazio garaian, erromantizismoa progreso sozialaren alde posizionatu zen. Baina idazle erromantiko haiek, esperientzia desatsegin eta arrazoi ilunagoak medio, berehala galduko zituzten beren ilusio herrikoi eta iraultzaileak. Charles Leconte de Lisie, esate baterako, errepublikano gaztea eta sozialista, esklabotzaren aurkako burrukaria, gobernuaren delegatua Bretanian eta hizlari iraultzailea edozein plazatan. Behin batean, Dinan hirian, populua harrika hasi zitzaion eta, ihes egiteko, leiho batetatik salto egin behar ukan zuen. Eta honela mintzatuko zen 1848ko apirilaren 30ean:
«Que l'humanité est une sale et dégoûtante engeance! Que le peuple est stupide! C'est une éternelle race d'esclaves qui ne peut vivre sans bât et sans joug. Aussi ne sera ce pas pour lui que nous combattrons encore, mais pour notre idéal sacré. Qu'il crève donc de faim et de froid, ce peuple facile à tromper qui va bientôt se mettre à massacrer ses vrais amis!».
Testua oso adierazgarria da. Urte batzu geroago, berriz, ideal sakratua ere ez da geratuko, honela izkiriatzen baitzuen 1852 urterako:
«La poésie réalisée dans l'Art n'enfantera plus d'actions héroïques, elle n'inspirera plus de vertus sociales...».
1848ko iraultzako faktore inportante bat proletargoaren parte hartzea izan zen. Ez zen harrezkero gobernu aldaketa soila entseiatuko, baizik eta aldaketa soziala, hurrengoa klase iraultza izanen zen. Karl Marxek bere Brumarioak 18an, 1852 urtean, esaten zuen Iraultza egiteko estatu burgesaren makinaria burokratiko eta militarra suntsitu egin behar dela proletargoaren estatu berria eraikitzeko. Eta idazle askok horrekin beren jabegoak arriskuan somatu zituzten, Alfred de Vignyk esate baterako, bere morroiak armatu zituen komunistek etxeko atea botako ziotelakoan; aldi berean, beren liburuen salmenta urriturik zegoen, bere balnearioak errenta guti ematen zion, ez zuen, bidenabar, gatazka giroan batere atarramendurik. Beraz, ordura arteko sugar iraultzailea itzaliz joan zen idazleengan. Asko, lokarriak askaturik, bidaia urrinetara abiatu zen: Gustave Flaubert ekialderantz, Concourt anaiak mundua inguratzera, Ernest Renan Italiak erakarri zuen. Ez ziren bidaia hutsak, alde egiteak ziren. Eta azken finean, mapako kolore bat zein bestea aukeratu, idazle gehienengan populuarekiko mesprezu berbera nagusitu zen, eta ia denak apartatu bide ziren aktibitate politikotik.
Inperioaren aldian idazleak egoera berezi batetan zeuden. Oposiziokoak, Victor Hugo erbestean, Jules Michelet irakaskintzatik apartatuta, George Sand Nohant delako herrixkan gordea, edo Alphonse de Lamartine bezalako jendea bazter egoeran geratu ziren. Gainerako idazleak, fede politikoa galtzen zuten heinean, Inperioaren larderiara hurbiltzen hasiko ziren. Charles Leconte de Lislek, esate baterako, 300 libera kobratzen zuen Inperioaren eskupeko legez. Idazleak, atarramendu eta loria bila, urteen buruan errejimen inperialaren inguruetara integratu ziren, eta aristokraziaren saloietan biltzen ziren Gustave Flaubert, Théophile Gautier, Concourt anaiak, Ernest Renan, Hippolyte Taine, Jules Barbey d'Aurevilly eta enparauak. Denak ez zetozen ados ideologian, Ernest Renan, Hippolyte Taine, Jules Barbey d'Aurevilly, Alphonse Daudet monarkikoak ziren; Alexandre Dumas semea, Maxime du Camp kontserbadoreak; Anatole France, George Sand, Emile Zola, François Coppée, Catulle Mendés errepublikanoak; azkenik, Charles Leconte de Lisle, Théophile Gautier, Concourt anaiak, Gustave Flaubert, Charles Baudelaire, Stephan Mallarmé apolitikoak omen ziren, arte hutsaren aldekoak. Alabaina, guzien artean ideia uniformitate bat formatuz joan zen, ezagugarri arras definituekin. Aktibitate politikoarekiko mesprezua aipatu dugu eta, ondoren, Paul Lidskyren materialean oinarrituz, beste leku komun batzuk errepasatuko ditugu.
XIX. mendean zehar leku komun legez finkatu zen poeta/burgesa oposizioa. Poeta funtsean antiburgesa da, burgesa funtsean antipoetikoa den bezala. Zer da poeta? Honela erantzuten zuen Alfred de Vignyk:
«L'homme spiritualiste étouffé par une société matérialiste, où le calculateur avare exploite sans pitié l'intelligence et le travail».
Burgesak poeta eta langilea esplotatzen ditu, ez du jakinminik, ez desirarik eta bere bizitza ekonomikoa eta prosaikoa da beti. Baina burgesiaren definizioak, idazle hauentzat, bere ezagugarri ekonomiko sozialak galtzen ditu, esanahi etiko eta estetikoa besterik ez du eusten.
«Je comprends dans le mot de bourgeois, les bourgeois en blouse comme les bourgeois en redingote. C'est nous, et nous seuls, c'est-á-dire les lettrés, qui sommes le peuple ou, pour parler mieux: la tradition de 1'humanité» (Gustave Flaubert, Geroge Sandi gutuna, 1867).
Poetak ez du gizartearen eraketa ekonomiko soziala zalantzan jartzen baizik eta bizimodu burgesaren baloreak eta ohiturak, utilitarismoa, edo konformismoa, edo banalitatea. Burgesiaren definizio hori lejitimisten kreazioa zen, aristokraten bisio zuhur, garratz eta etsitutik sortua. Honoré de Balzac bera ere bere kritika antiburges azartatuan pundu atzerakoi horretatik abiatzen zen eta, azken finean medio intelektual burgesetan ere bisio lejitimista hori asumitu zen. Dena dela, antiburgesak direnagatik, idazleek ez dute orden soziala arriskuan jarri nahi, gizarte burgesa zalantzan jartzen duten indar sozialak burgesia bera baino gaiztoagoak direlakoan, proletargoa batipat. Orduan, idazleek errebeldia sinboliko bat mantenduko dute, burruka politikoa arbuiatuz, épater le bourgeois hura egiazko erasoa sekula bihurtu gabe. Gustave Flaubertek bere ohizko manera esaktoan adierazi zuen guzi hau:
«Je soutiens, et ceci doit être un dogme pratique de la vie d'artiste, qu'il faut faire de son existence deux parts: vivre en bourgeois et penser en demi-dieu. Les satisfactions du corps et de la tête n'ont rien de commun».
Idazleek, burgesia bezainbeste mesprezatzen zuten populua. Areago, beldurra zioten. Barbaroak auzoan zituzten, hiri industrialetan, eta obrero haiek ez zituzten larrosak maite, ez zuten pintura errenazentista estimatzen, ez ziren liburu onen miresleak eta, gainera, orden soziala zangoz gora bota zezaketen. Idazleak, nahiz eta orden burgesa ez maite, orden burgesari loturik daude, orden horixe da beren errenten medioa eta, dudarik gabe, azken batetan gertu egonen dira ziudadea barbaroen inbasiotik defendatzeko. Idazle gehienak eredu aristokratikoetarantz tolestu ziren. Alfred de Vigny, Jules Barbey d'Aurevilly, Charles Leconte de Lisle, Arthur de Gobineau, Ernest Renan, Hippolyte Taine, Gustave Flaubert bera ere aristokratak ziren sortzez edo espirituz. Beren ustez oreka aristokratikoa naturala da, berdintasuna antinaturala den artean. Munduan deus ere ez omen da berdina, arau logiko, natural eta zilegi bakarra desberdintasunarena da, pribilejioarena. XIX. mendearen bigarren aldean aristokratismoa nagusituz joan zen. Ernest Renanek izkiriatzen zuen:
«II faut un centre aristocratique permanent, conservant l'art, la science, le goût contre le béotisme démocratique et provincial» (La Réforme intellectuelle et morale de la France, 1871).
Charles Baudelaire ez da leku komun honetatik aldentzen:
«Chez un peuple sans aristocratie, le culte du beau ne peut que se corrompre, s'amoindrir et disparaître».
Beren aburuz, arteak eta edertasunak iraun dezan, aberatsek nobleak behar dute izan, eta nobleek artearen babesleak, artistak prolema materialik gabe artegintzara guziz dedikatzeko. Behar ere, arteak klase desberdintasuna eta beheko espezieen sakrifizioa beharrezko bide ditu. Aristokratismorako inspirazioa Ernest Renanek naturatik jasotzen du:
«L'essentiel est moins de produire des masses éclairées que de produire de grands génies et un public capable de les comprendre. Si l'ignorance des masses est une condition nécessaire pour cela, tant pis. La nature ne s'arréte pas devant de tels soucis; elle sacrifie des espéces entiéres pour que d'autres trouvent les conditions essentielles de leur vie».
Beraz, esplotazio soziala zilegia eta, areago, naturala da, artea sortzen duen heinean bederen. Aristokratismoarentzat arte obra herria baino garrantzitsuagoa da. Stephan Mallarmék hitzez hitz espresatu zuen ideia hau:
«Est-ce que l'homme qui a fait la Vénus de Milo n'est pas plus grand que celui qui sauve un peuple, et ne vaudrait-il pas mieux que la Pologne succombât que de voir cet éternel hymne de marbre à la beauté brisé?» (Henri Cazalisi gutuna, 1863).
Hortik pausu bat besterik ez dago, obra estetikoak egoera sozialetan ematen direnez gero, esplotazioan oinarritzen den artea benedikatzeko, edota esplotazioa benedikatzeko artearen oinarri legez.
Errepasatu behar den beste leku komun bat marfilezko dorrearena da. 1848ko esperientziatik idazleek ikasi zuten beraien helburuak eta populuarenak ez zirela berberak, baizik eta arras desberdinak eta, arestian esan denez, berehala abandonatu zuten aktibitate progresista, batzuk orden burgesaren instituzioetara integratu ziren, beste batzuk marfilezko dorre etsitu batera erretiratu bide ziren. Hauxe da Gustave Flauberten jokabidea:
«Je me fous dans mon trou et, que le monde croule, je n'en bougerai pas. L'action (quand elle n'est pas forcenée) me devient de plus en plus antipathique».
Bi mundu omen daude, politikarena ala artearena, ekintzarena ala ametsarena. Munduko zoriona dongea da, hobeto idazlea bere ametsetara, bere artera erbesteratzen bada, ezen eta bi mundu antagonikoon artean bata ala bestea behar baita aukeratu. Ernest Renanen eritziz:
«L'homme d'action est toujours un faible artiste car il n'a pas pour but unique de refléter la splendeur de l'Univers».
1866 aldean fundaturiko Parnasokoek, Theophile Gautier eta Charles Leconte de Lisle inguruan bilduak, Jose Maria Heredia, Sully Prudhomme, François Coppée, Catulle Mendés eta bestek l'art pour l'art defendatzen zuten, poesia deshumanizaturaino. Moralista tradizionalen, utilitarista modernoen eta sozialista utopikoen kontra, artea politikatik eta moraletik apartatzearen aldeko joerak nagusitu ziren, edertasunera eta unibertsaltasunera iristeko inguruko arazoak alde batera utzi behar direlako tesian oinarrituz. Gustave Flaubertek izkiriatu zuen:
«Ce qui me semble beau, ce que je voudrais faite, c'est un livre sur rien, un livre sans attache extérieure, qui se tiendrait de lui-même par la force interne de son style, comme la terre sans être soutenue, se tient en l'air, un livre qui n'aurait presque pas de sujet, ou du moins où le sujet serait presque invisible, si cela se peut. Les oeuvres les plus belles sont celles où il y a le moins de matiére...».
Idazleak ez ornen du gizartea gehiago begiratu behar, bere ofizioa obsesio bat legez bizi, erlijio bat bezala konplitu behar ornen du.
«Il faut, abstraction faite des choses et indépendamment de l'humanité qui nous renie, vivre pour sa vocation, monter dans sa tour d'ivoire et là, comme un bayadere dans ses parfums, rester seuls dans nos rêves» (Gustave Flaubert, Louise Coleti gutuna, 1852).
Urteak lehenago Theophile Gautier parnasianoak aburu hauek modu zehatzean adieraziak zituen:
«II ny a vraiment de beau que ce qui ne peut servir à rien; tout ce qui est utile est laid, car c'est l'expression de quelque besoin, et ceux de l'homme sont ignobles et dégoûtants, comme sa pauvre et infirme nature. L'endroit le plus utile d'une maison, ce sont les latrines...».
Victor Hugo izan zen joera honetatik aparte geratu zen idazle famatu bakarrenetako bat. Bere eboluzioa ia alderantzizkoa izan zen, geroago eta literatura herrikoiago baten alde. 1864 aldean izkiriaturiko Vie et oeuvre de Shakespeare entseguan, ideala eta erreala bat direla, artea eta zientzia bat datozela, amets bat amestea ederra bada utopia amestea ederragoa dela, artea arterako ederra dela baino artea progreso sozialerako ederragoa dela defendatu zuen.
Literaturaren territorioko gauzak horrela, 1871ko martxoaren 18an Pariseko Komuna heldu zen. Gertaerak zelan agitu ziren ezagutzeko bada, besteak beste communard baten liburu interesgarri bat: Prosper Olivier Lissagaray, Histoire de la Commune de 1871. Ordura arte eginiko iraultzek, hala 1830ean, 1848an edo 1870ean, Napoleonek eraikiriko makinaria burokratiko-militarra ukitu gabe utzi zuten, eta Pariseko Komunan, berriz, estatu burgesaren makinaria deuseztatu eta estatu berri demokratiko bat eraikitzea entseiatu zen. Hauteskundeak egin eta martxoaren 28an proklamatu zen gobernu berria:
«Le soutien des faibles —esan zuen deputatuen buruak—, la protectrice des travailleurs, l'espérance des opprimés dans le monde, et le fondament de la république universelle».
Estatu demokratiko berriak, langilegoaren emanzipazioa eta organizazio komunala oinarritzat harturik, erreforma politiko eta sozioekonomiko ugari frogatu zituen, iraun zueneko hirurogeita zenbait egunetan. Zein izan zen idazleen jarrera iraultzaren aurrean? Ernest Renan, Hippolyte Taine edo Jules Barbey d'Aurvilly bezalako aristokrata atzerakoiek, dudarik gabe, aurkako jarrera erredikala hartu zuten. Baina Anatole France, George Sand, Emile Zola bezalako errepublikanoek ere, orden burgesarekiko hain kritikoak izanik, proletargoak orden burges hori zalantzan jartzeaz batera erreakzio bortitz bat erakutsi zuten iraultzaren aurka. Harrigarriagoa liteke idazle apolitikoen jokabidea, ezen eta Gustave Flaubert, Théophile Gautier, Concourt anaiak eta enparauek beren estetizismoak eta marfilezko dorreak aldi baterako abandonatu eta orden burgesa defendatzera heldu ziren, monarkiko eta atzerakoiek baino are bortitzago. J.B. Clément zuzen mintzatu zen idazleen Komunarekiko jokabideaz:
«La germination extraordinaire des idées nouvelles les surprit et les terrifia, l'odeur de la poudre troubla leur digestion; ils furent pris de vertige et ils ne nous le pardonneront» (La Revanche de la Commune).
Baina ez Komunarekiko oposizioan bakarrik, Komunaren aurkako argumentazio motan ere, salbuespen eta desberdintasun guti batzuk kenduta, idazleak bat heldu ziren. Beren argumentazio mota arras interesgarria da. Funtsean, ideia honetan oinarritzen da: iraultzak ez du erro historikorik ez arrazoi sozialik, ez da iraultza politikoa, baizik eta ero edo barbaro batzuren obra. Idazleek ez dute sekula Komunaren argumentazioa aztertzen, eztabaidatu gabe deuseztatzen dute, gaia tratatzeko modua bera medio. Hain zuzen, bisio logiko eta politikoaren ordez esplikazio metaforikoak ematen dituzte.
Metafora edo analogia erabilienetako bat animaliena da. Errebeldeen jokabidea portaera zoologikoekin berdintzen dute. Théophile Gautier honela mintzo zen:
«Il y a sous toutes les grandes villes des fosses aux lions, des cavernes fermées d'épais barreaux où l'on parque les bêtes fauves, les bêtes puantes, les bêtes venimeuses, toutes les perversités réfractaires que la civilisation n'a pu apprivoiser, ceux qui aiment le sang, ceux que l'incendie amuse comme un feu d'artifice, ceux que le vol délecte, ceux pour qui l'attentat à la pudeur représente l'amour, tous les monstres du coeur, tous les difformes de l'âme, population inmonde, inconnue au jour, et qui grouille sinistrement dans les profondeurs des ténèbres souterraines. Un jour, il advient ceci que le belluaire distrait oublie ses clefs aux portes de la ménagerie, et les animaux féroces se répandent par la ville épouvantée avec des hurlements sauvages. Des cages ouvertes, s'élancent les hyenes de 93 et les gorilles de la Commune».
Testurik testu, etenik gabe agertzen dira suge, ximino, otso, zakur amorratu, txakal, sai eta beste analogia zoologiko ugari.
Bigarren esplikazio mota eritasun fisiologiko edo moralarena da, patologien hiztegitik ateratako kalifikatiboekin. Arrazoi sozial eta politikoak ez bide dira iraultzaren oinarri, halako eritasun, erotasun edo mozkor kolektibo bat baizik:
«Ils sont restés les mêmes, comme si une fatalité organique pesait sur eux et les condamnait à la révolte. Un aliéniste a écrit: "L'homme devient alcoolique, mais il naît ivrogne; l'alcoolique guérit, l'ivrogne est incurable". Il serait peut-être vrai de dire également: l'homme devient insurgé, mais il naît révolutionnaire, l'insurgé guérit, le révolutionnaire est incurable» (Maxime du Camp).
Hirugarren esplikazio edo argudioa analogia historikoarena da. Idazleek, gertaeren zentzu historikoa konprenitu edo onartu nahi ez dutelarik, errealitatea bisean bis begiratu beharrean, iraganeko ereduekin erkatuz gaitzesten dute. Gertaerak historian jartzea originalitatea kentzeko, esperientzia berria iraganekoaren plajio legez definitzeko eta egiteko berriak erreduzitzeko manera bat da. Catulle Mendés poetak esaten zuen:
«C'était Rome sous Tibere, c'est Rome aprés les barbares!».
Analogia historikoak ez dira ematen gertaerak hobeto entelegatzeko, baizik eta gertaeren arrazoi errealak ukatzeko, dena anakronismo historiko legez aurkezteko.
Bada, finean, motibazio sozial eta politikoa onartzen duen esplikazio bat ere. Komunakoa iraultza proletarioa da, baina langileek, jatorrizko motibaziotik at, orden sozialaren suntsidura besterik ez dute nahi. Edmond de Concourt idazlearena da datorren pasartea:
«Ce qui arrive est tout uniment la conquête de la France par l'ouvrier et l'asservissement, sous son despotisme, du noble, du bourgeois, du paysan. Le gouvernement quitte les mains de ceux qui possèdent pour aller aux mains de ceux qui ne possèdent pas, de ceux qui ont un intérêt matériel à la conservation de la société à ceux qui sont complètement désintéressés d'ordre, de stabilité, de conservation».
Argumentazio maneran bezala, hizkuntza mailan ere ezagurrari batzuk nabarmentzen dira testu guziotan. Paul Lidskyren liburuaz gainera, beste estudio on bat dago honi buruz: Jean Dubois, Le vocabulaire politique et social en France de 1869 à 1872. Garaiko lengoaia politikoa, eta Komuna denborakoa batipat, oso pragmatikoa da, hizkerak gizonarengan eta gizartean duen boterea indartu nahi balitz bezala. Pragmatismo edo indar karga hau, esate baterako, izenlagunetan nabaritzen da. Izen bakoitza bere izenlagunarekin dator, izen bakoitzak bere epai afektibo eta morala aldean dakarrela, izenlagun ia konsustantzial horrekin, izenlagun bakoitza izenaren ia definizioa delarik:
«Ah! comme je suis las de l'ignoble ouvrier, de l'inepte bourgeois, du stypide paysan et de l'odieux ecclésiastique!» (Gustave Flaubert).
Eta hainbeste ugaltzen diren izenlagunetik erabilienak dira stupide, hideux, inmonde, affreux, monstrueux, venimeux, pervers, abject, abominable, exécrable, ignoble, infame, horrible, sinistre, terrible, odieux, chimérique, exalté, fou, grotesque, bestial, cruel, fanatique, farouche, furieux... Hizkera pragmatikoaren beste maneretatik bat hitz sustituzioarena da, hitzaren bertsio negatiboak erabiltzea alegia. Idazleak komeni zaion kutsuko hitza aukeratuko du: peuple, populace, tourbe hitzak, adibidez, esanahi berberekoak baina zentzu guziz desberdinekoak dira, eta hizkera pragmatikoak ahalik eta zentzuz kargatuena hautatzen du. Edo beste adibide bat emateko: courage izan litekeena, inconscience edo fanatisme izan daiteke, idazlearen aukeran...
Baina itzul gaitezen Komunara, erreboltaren akabera aldera. 1871ko martxoaren 18an hasiriko iraultzak maiatzaren 8ra arte iraun zuen eta, orduan, Komuna bentzutuaren hondarrak ere desegiteko errepresio gupidagabearen aldia hasi zen. Charles Leconte de Lislek honela eskatzen zuen errepresioa:
«Enfin, c'est fini. J'espére que la répression sera telle que rien ne bougera plus, et, pour mon compte, je désirerais qu'elle fût radicale» (Jose Maria Herediari gutuna, 1871ko maiatzaren 29an).
Eta erradikala izan zen: 30.000 bat pertsona erahil zituzten, kondenatuak hogeinaka jartzen omen zituzten hormaren kontra ametrailadoraz akabatzeko. Victor Hugo izan zen errepresioaren aurka azaldu zen bakarrenetako bat, eta idazle giroaren guziz kontra izkiriatu zuen:
«París sanglant, au clair de lune,
Rêve sur la fosse commune...».
Beste idazleengandik kritika gogorra jaso behar ukan zuen, kalifikatiboetan batez ere: bufoi zaharra, koartza malenkoniatsua, pailaso groteskoa, saltinbanki ahitua, esaerez hanturiko gizagaiso erridikulua... Edmond de Concourt errepresioaren aldeko argia zen:
«C'est bon. Il ny a eu ni conciliation, ni transaction. La solution a été brutale. Ç'a été de la force pure. La solution a retiré les âmes des lâches compromis. La solution a redonné confiance à l'armée qui a appris, dans le sang des communeux, qu'elle était encore capable de se battre. Enfin la saignée a été una saignée à blanc; et les saignées comme celle-ci, en tuant la partie bataillante d'une population, ajournent d'une conscription la nouvelle révolution. C'est vingt ans de repos que l'ancienne société a devant elle, si le pouvoir ose tout ce qu'il peut oser en ce moment».
Gustave Flaubert La tentation de Saint Antoine ari zen izkiriatzen Komuna garai hartan, literaturaren marfilezko dorrean gordelekua eta kontsolamendua aurkitu nahirik. Orden soziala arriskuan jarri ziotenak zigortzeko orduan irtengo zen errepresiorik zehatzena eskatzera, Komuna guzia galeretara eta bortxa lanetara kondenatu behar zela eta...
Kondenatu haietako bat izan zen Louise Michel, militante anarkista, bi urtetako gartzelaren ondoren Kaledonia Berrira erbesteratu zutena, La commune, histoire et souvenirs liburuaren autorea. Han, besteak beste, kanak tribuen errebolta baten lekuko izan zen, Atai buruzagiak frantziar kolonoei aurre egin zien hil arte burrukatuz. Han, deportatuetarik batzuk kolonialismo frantsesaren alde zeuden, Louise Michel kanaken alde. Noumean bizi orduko izkiriatu zituen:
«Pour que soit libre enfin la terre
Les braves lui donnent leur sang...».
Orduko komunisten ez ezik, egungo kanak burrukarien ohoretan diren lerroak.