GORA KOMUNA!
Louise Michel

Louise Michelen epaiketaren kontrako pasarteak.
Erbesteko gutunak Victor Hugori, Katakrak 2020
Euskaratzailea: Hedoi Etxarte
armiarma.eus, 2021

 

Louise Michelen epaiketaren kontrako pasarteak, VI. gerra kontseilua (Versaillesen)
1871ko abenduak 16ko bista

 

Bere ama ez larritzeko Louise Michelek pentsarazi zion anbulantzia gidaria zela. Berez, Komunaren lehenengo egunetik armekin aritu zen. Gehiago izan zen soldadua sendalaria baino Montmartreko 61. oinezkoen batailoian. Arriskua non bera han, Issy-les-Moulineaux-en ala Clamarteko hilerriko lubakietan. Versailleseraino iritsi zen burgesez mozorrotuta Komunaren aldeko gizonek emakumeen kuraia onar zezaten.
Michel topatu ez eta ama atxilotu zuten, orduan «Birjina gorriak» bere burua eskaini zuen aska zezaten. Ez zuten fusilatu harrapakin ona zelako: justizia militarrek gerra kontseilua egitea erabaki zuten.

1871ko ekainetik aurrera, behin eta berriro egin zizkioten galdeketak, eta bere defentsan esan zuen ez zela pétroleuse inoiz izan: zaurituak artatu zituela, baina bere pasioa Iraultza zela eta herriaren ongizatea.

Azaroaren 28an Théophile Ferré communard nabarmena fusilatu zuten. Louise Michelek bizitzen jarraitzeari uko egin zion orduan, defentsa sistema aldatu zuen eta guztiaz akusatu bere burua. Briot kapitainari, aste luzez bere kontrako akusazioen txostena egin zuenari, ekintza iraultzaile guztien deskribapena egin zion.
Abenduaren 16an, beltzez jantzita, doluz, gerra kontseiluaren aurrera doa. Keinu bortitzez epaimahaiari aurre egingo dio. Victor Hugok idatziko du:

   Zure begi aldagaitza epaile zurbilen aurrean zenuen
   Betetako areto handia izututa zegoen.
   Epaileek murmurikatzen zuten: ‘Hil dadila’ Justua da. Zitala da! Baldin eta ez den zirkuko aktore bat
   Esaten zien kontzientziak.

Prozesuaren amaieran, heriotza ukatuko diote.  2182. zenbakidun presoa bihurtuko da. 

 

Prozesuaren kaieretik:

Haussmann andrea ofizioz izendatu dute, akusatua sorotsiko du nahiz eta akusatuak abokatuen lana ukatu duen. Duplan andrea idazkari judizialak honako ikerketa irakurri du:

[...] Irakasle iluna, ia ikaslerik gabekoa, ezin izan dugu jakin zenbateraino egozten ahal zaizkion gure zorigaiztoko herrialdea ikaratu duten atentatu nardagarrien aurreko gertakizunak.

Zalantzarik gabe, ez du zentzurik osoki segitzea martxoaren 18aren aurreko gertakizunak, eta akusazioaren abiapuntu gisa erreferentzia egingo diogu Montmartreko eta Rosiers karrikako eszenarioetan gertatutako drama odoltsuan Louise Michelek izan zuen partaidetzari.

Atxiloketaren konplizeak Lecompte eta Clément Ghomas jeneralek alde egingo zutela pentsatu zuen. «Ez itzazue askatu!» oihu egin zien jeneralak inguratzen zituztenei.
Eta beranduago, hilketa gauzatu eta gero, hilotz mutilatuen aurrean, bere poz guztia adierazi zuen isuritako odolarengatik eta aldarrikatu zuen «ongi egina zegoela»; gero, egun onarekin distiratsu eta asebete Bellevillera eta La Villettera joan zen, segurtatzeko «auzo horiek armatuak daudela».

[...]
Azkenean «herriaren etorreraren ordua iritsi da». Paris, atzerritarren aldeko eta mundu guztiko ezdeus lasterkariekin deitu zuten Komuna.

«Lanaren bidez emakume langileei morala emateko» elkartearen idazkaria zen, Louise Michelek Emakumeen Batasunaren batzorde zentral ospetsua antolatu zuen, baita zaintza batzordeak ere anbulantzia gidariak errekrutatzeko eta, une gorenean, emakume langileak barrikadetarako; baita, agian, su-emaileak ere.

X. barrutiko udalean aurkitutako manifestu baten kopiak adierazten du batzorde horiek eragin zuten rola borrokaren azken egunetan. Hitzez hitz errepikatuko dugu idatzitakoa:

[...] Ez da bakea baizik eta gehiegizko gerra Parisko emakume langileek aldarrikatzen dutena.

Gaur adiskidetze bat traizioa litzateke. Gizartearen erabateko berritzearen eskariari, emakume langileen aspirazio guztiei, uko egitea litzateke. Ezerezean geratuko lirateke: egungo harreman juridiko eta sozial guztiak; pribilegio guztiak bertan behera gelditzeko aukera; esplotazio guztiak; lanaren erreinua kapitalaren erreinuak ordezkatuko luke; hitz batean, langileak bere burua askatzea!

Setioaren bitarteko sufrikarioen eta traizioen sei hilabeteok, zapaltzaileen koalizioaren kontrako sei asteko borroka erraldoiak, askatasunaren aldeko odol uhinak dira gure loriaren eta mendekuaren tituluak!

Egungo borrokaren soluzio bakarra kausa herritarraren garaipena da... Parisek ez du atzera egingo, etorkizunaren bandera daramalako. Ordu gorena iritsi da! Utzi tokia langileei! Atzera beren borreroak! Ekintzak! Energia! Askatasunaren zuhaitza hazten ari da bere etsaien odolarekin ureztatuta!...

Guztiok elkarrekin eta ausart, krisi sozialen ondorenak utzitako sufrimenduak handituta eta argiztatuta, sakonki konbentzituta Komunak, herrien printzipio internazionalak eta iraultzaileak ordezkatzen dituenak, daramatzala iraultza sozialaren haziak, Parisko emakumeek erakutsiko diete Frantziako eta mundu guztikoei beraiek ere, arrisku gorenaren unean, barrikadetan, Parisko harresietan, erreakzioak ateak bortxatuko balitu, beren nebek bezala emango luketela odola eta bizitza Komunaren garaipenaren defentsan, alegia herriaren defentsan! Orduan garaile, elkarrekin egingo diete beren interes komunei aurre, langile gizon eta emakumeak, denok solidario azken ahalegin batean...
Gora Errepublika unibertsala! Gora Komuna!

 

Bere ogibide guztiak batuta, eskola bat zuzentzen zuen, Oudot karrikako 24an. Handik bere katedraren muinotik, bere aisialdi arraroekin, pentsamendu librearen dotrinak irakasten zituen eta ikasle gazteei berak idatzitako olerkiak abesteko esaten zien, besteak beste «Mendekatzaileak» deitutako abestia.

Iraultzaren klubeko presidentea zen, Saint-Bernard elizan, Louise Michel maiatzaren 18ko saioan (LXXIX urteko lorailaren 21a) eta beren helburua zen:
«Epailetzaren kentzea, Legedia ezerezean geratzea, justizia batzorde batekin ordezkatzea.

Gurtzen debekua, apaizen berehalako atxilotzea, beren aberastasunen salmenta eta baita Versaillesko miserableekin bat egin duten iheslariena eta traidoreena.
Bahitu garrantzitsu baten exekuzioa hogeita lau orduero, Blanqui herritar eta Komunako kidea aske Parisa iritsi arte.»

Ez zen nahikoa, alabaina, arima kartsu horrentzat (txostenean daukazuen albiste irudimentsu baten egileak hala kalifikatu zuen) jendaila altxatzea, erailketak txalotzea, haurrak galtzea, borroka fratrizida bat predikatzea, hitz bakarrarekin, krimen guztiak bultzatzea, etsenplua eman nahi zuen oraindik eta bere buruarekin ordaindu!

Berdin topatzen dugu Issy-n, Clamart-en eta Montmartren lehen lerroan borrokan, tiroak jotzen edo iheslariak batzen. [...]

Ondorioz, gure iritziz Louise Michel epaitu behar dugu honengatik:

 

  1. – Gobernua aldatzeko helburuarekin egindako atentatua.
  2. – Herritarrak elkarren aurka armatzeko gerra zibila bultzatzeko atentatua.
  3. – Insurrekzio mugimendu batean armak eta uniforme militarra eramatea, eta armen erabilera.
  4. – Mezu pribatuen faltsutzea.
  5. – Txanpon faltsuen erabilera.
  6. – Komunak bahitutako pertsonen erailketa sustatzean konplize izatea.
  7. – Atxilotze ilegalen eta osteko gorputzeko torturen eta heriotzen konplizitatea, ekintza burutu zuten egileak lagundu zituen egingo zutena zer zen bazekienean.


Akusatuaren galdeketa

Presidentea: Entzun dituzu akusazioaren jazoerak. Zer esango duzu zure defentsan?

Louise Michel: Ez dut neure burua defendatu nahi, ez dut defenda nazaten nahi. Iraultza sozialarena naiz, eta nire ekintzen arduradun naizela onartzen dut. Guztia onartzen dut eta mendratzerik gabe. Jeneralen erailketan parte hartzea egozten didazue? Horri baietz esango nioke, baldin eta Montmartren banintzen herriari tiro egin nahi izan ziotenean. Nik neuk egingo nieke tiro halako aginduak ematen zituztenei. Baina preso egin zirenez, ez nuen ulertu zergatik fusilatu zituzten, eta ekintza hori koldarkeria gisa ulertzen dut! Paris erretzeari dagokionez, bai, parte hartu nuen. Garrezko hesi batekin aurre egin nahi nien Versaillesko inbaditzaileei. Ez nuen konplizerik izan horretarako. Neure bulkada soilaren aginduz ekin nion. Esan izan da Komunaren konplize naizela! Bai noski, zeren Komunak oroz gain iraultza soziala nahi zuen, eta iraultza soziala da nire gogorik kuttunena. Askoz gehiago, nire ohorea da Komunako bultzatzaileetako bat izatea eta ez dut zerikusirik, guztiok jakin dezatela, erailketekin eta suteekin. Herriko Etxeko saio guztietara joan nintzen ni, eta adierazten dut inoiz ez ginela aritu ez erailketez ezta su emateez ere. Ezagutu nahi dituzue benetako errudunak? Poliziako agenteak dira, agian aurrerago argituko da nortzuk izan diren, orain hain modu naturalean iraultza sozialaren aldekoak errudun egiten direla esaten den bitartean. Egun batean, Ferréri proposatu nion Asanblada inbaditzeko. Bi biktima nahi nituen, Thiers jauna eta ni neu, zeren nire bizitza sakrifikatu nuen eta bera kolpatu nahi nuen.

Presidentea: Proklamazio batean esan zenuen 24 ordutan bahituak fusilatzeko?

Louise Michel: Ez, mehatxu egin nahi nuen bakarrik. Baina zertarako defendatuko dut neure burua? Honezkero aitortu dizuet, egitea ukatzen dut. Gizonak zarete, epaituko nauzue. Nire aurrean aurpegia estali gabe zaudete. Gizonak zarete eta ni emakume bat besterik ez naiz, eta ordea aurpegira begiratzen dizuet. Badakit esango dizuedanak ez duela ezertan aldatuko epaia. Beraz, eseri aurretik azken hitz bat. Iraultzaren garaipena besterik ez genuen nahi. Satoryko landan hil diren gure martiriengatik zin dagit, oraindik dei egiten diedan gure martiriengatik, eta egunen batean mendekatzaile bat aurkituko dute. Berriz ere, zuena naiz. Egin nirekin nahi duzuena. Hartu nire bizitza, nahi baduzue; ez dizuet une bakar batean lehiarik egingo.
Presidentea: Diozunez ez zenuen onartu jeneralen erailketa eta ordea, diotenez, gertatu zela esan zizutenean, oihukatu zenuen: «Fusilatu ditugu, ongi egina!»
Louise Michel: Bai, hori esan nuen, onartzen dut. Gogoan dut gainera Le Moussu eta Ferré herritarren aurrean izan zela.

Presidentea: Erailketarekin ados zeunden beraz?

Louise Michel: Barkatu! Hori ez da froga bat. Nik esandako hitzen helburua bulkada iraultzailea ez gelditzea zen.

Presidentea: Egunkarietan ere idazten zenuen, Le Cri du Peuplen, adibidez?

Louise Michel: Bai, ez dut ezkutatzen.

Presidentea: Egunkari horiek egunero eskatzen dute elizaren ondasunen konfiskazioa ala antzeko neurri iraultzaileren bat. Horiek al ziren zure iritziak?

Louise Michel: Hala da! Baina kontura zaitez inoiz ez ditugula ondasun horiek guretzat hartu. Herriaren ongizateari ematea izan da gure helburua.

Presidentea: Epailetza bertan behera uztea eskatu duzu?

Louise Michel: Begien aurrean akatsen adibideak besterik ez nituen. Lesurques2 afera gogoratzen dut eta beste hainbat.

Presidentea: Onartzen duzu Thiers jauna erail nahi zenuela?

Louise Michel: Noski... behin eta berriz esan dut.

Presidentea: Antza denez, arropa bat baino gehiago zeneraman Komunan?

Louise Michel: Ohi bezala janzten nintzen. Jantziei gehitzen nien bakarra gerriko gorri bat zen.

Presidentea: Ez zenuen behin baino gehiagotan gizonen arropa jantzi?

Louise Michel: Behin, martxoaren 18an: guardia nazionalez jantzi nintzen, jendeak niri ez begiratzeko.

Oso lekuko gutxi izendatu zituzten, Louise Micheli egotzitakoak ez zituen eztabaidatu. [...]

Haussmann andreak adierazi zuen akusatuak defentsarik nahi ez zuenez epaileen zintzotasuna soilik eska zezakeela.

Presidentea: Akusatu, zerbait esango duzu zure defentsan?

Louise Michel: Gerra kontseilua zarete, nire epaileak zarete, ez zarete ezkutatzen indultuen batzordea bezala, eta guztien aurrean epaitzen duzuen militarrak zarete eta eskatzen dizuedan bakarra da begiratzeko Satoryko landara, gure anai-arrebak hantxe erori ziren! Gizartetik lubakitu behar nauzue. Hala egiteko eskatu dizuete.

Bada Errepublikaren komisarioak arrazoi du. Irudi luke askatasunaren aldeko bihotz taupada dutenek berun pixka bat merezi dutela, nire puska eskatzen dut nik! Bizitzen uzten badidazue, mendekua besterik ez dut eskatuko, eta nire anai-arreben mendekurako salatuko ditut indultuen batzordeko hiltzaileak...

Presidentea: Ezin dizut hitza utzi tonu hori erabiltzen baduzu!

Louise Michel: Bukatu dut! Ez bazarete koldarrak, hil nazazue!

Azken hitzok epaitegia hunkitu zuten eta kontseilua deliberatzera joan zen. Une batzuen ondoren, epaiketa gelara sartu ziren epaiarekin, Louise Michel aho batez kondenatu zuten deportaziora esparru harresitu batera. Akusatuari epaia jakinarazi zioten. 24 ordu zeuzkala  helegiteak jartzeko esan zion idazkari judizialak.

Louise Michel: Ez! Ez dut helegiterik aurkeztuko; baina nahiago nuke hil!


 

GORA KOMUNA!
Louise Michel

Louise Michelen epaiketaren kontrako pasarteak.
Erbesteko gutunak Victor Hugori, Katakrak 2020
Euskaratzailea: Hedoi Etxarte
armiarma.eus, 2021