KOMUNA
Louise Michel

La Commune, 1898
[La vie en Caledonie ataletik]
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016

 

      Pinuen Uhartean deportatuei guri baino zorrotzago zizkieten kenduak gutunak, hogeitaka legoatan baitzeuden itsaso barruan, administrazioak igortzen zizkietenak besterik ez zutela.

      Batzuk erotu egin ziren, Albert Grandier bezala, Rappel-eko erredaktorea, bere krimena zenbait artikulu idaztea izan zen; besteek pazientzia galtzen zuten, suminkorrak bihurtzen ziren. Heriotzaren zigorra hartu zuten horrelako lauk, eta tiroz josi zituzten beren ordezkari bat zafratu zutelako; haietarik bat beste hiruen adiskidea zen, ez zuen ezertan eskurik hartu.

      Beren hilkutxen aitzinetik pasarazi zituzten, eta irri eginez ziren pasatu, bizitzatik liberaturik.

      Exekuzio pelotoia dardara batean zen, kondenatuek berek lasaitu behar izan zituzten.

      Agur egin zieten deportatuei eta zurbildu gabe itxaron zuten.

      Administrazioak ez zituen haien gorpuak eman nahi izan. Lotu zituzten posteak gorriz agertu ziren margotuak, eta halaxe iraun zuten, leku berean, deportazioaren aldi osoan.

      Pinuen Uharteko deportatuek, presondegiaren zigorra ere baldin bazeukaten, Ducos izeneko lur-muturrera zetozen zigorra betetzera; horrela jabetu ginen haien bizimoduaren tristeaz.

      1875eko martxoak 11 zituela, Pinuen Uharteko hogei deportatuk Australiara ihes egiteko saioa egin zuten beraiek egindako txalupan; urte hartako martxoak 18 zituela itsasertzean azaldu ziren ontziaren puskailak: batere arroparik ez, batere estalkirik ez, batere gorpurik ez.

      Tiburoiek edo itsasoan ziliportaka dauden uhartediren batekoek irentsi ote zituzten, uhartetxo ezezagun haietakoren batera eraman ote zituzten lehorrera ezin egin ahal izateko adina urrun? Rastaoul, Sauvé, Savy, Demoulin, Gasnié, Berger, Chabrouty, Roussel, Saurel, Ledru, Leblanc Louis, Masson, Duchêne, Galut, Guignez, Adam, Barthélemy, Palma, Gilbert, Edat ziren hogei horien izenak.

      Txaluparen puskailak aurkitu zituzten martxoaren 18 horretan bertan hil zen Maroteau, Nu uharteko eritegian.

      Nu uhartea infernuko zirkulurik ilunena da.

      Bertan zeuden Allemane, Amouroux, Brissac, Alphonse Humbert, Levieux, Cariat, Fontaine, Dacosta, Lisbonne, Lucipia, Roques de Folhol, Trinquet, Urbain, e. a. Zigortuenak izaki, bihotzekoenak zitzaizkigun; kate bikoan lotuak, kriminalik gogorrenen artean zeramaten bola herrestan; hasieran irainak jasan behar izan zituzten, gero errespetarazi zuten beren burua.

      Bi beso elkarren aurrean biribila eginez baina ez buru baten gainetik, baizik badia txipi batetik, horixe dira Ducos lur-muturra eta Nu uhartea bi bizkarren artean, Numea dutela badiaren zolan.

      Mendebaldetik Nu uharteko eraikinak ageri dira, bizitegia, kanoi bateria bat bazterrean. Zeinen luze egoten ginen itsasertzean, lur mortu hari beha!

      Deportazioaren azken aldera, Nu uhartekoak Ducos lur-muturrera aldatu zituzten. Festa alaia izan zen, 71z geroztik izan genuen bakarra, baina balio handikoa.

     Gainerakoak baino basatiagoak diren kanakoak baliatzen ditu administrazioak ihesaldien aurka, trebatuak dira iheslariak bi gizonen artean daramaten makilan lotzen, hankak batera estutuak, urdeekin egiten duten gisa berean; polizia indigena esaten zaie. Harrigarria da Parisek ez etorraraztea konpainia diziplinatu batzuk halakoei laguntzearren, eta hemengo batzuk ber gisan ez bidaltzea Frantziara.

      Kanako guztiak ez daude horren ustelduak: ezin izan zituzten haboro pairarazten zizkieten afruntuak, eta zenbait tribu batu zuen matxinadan abiatu ziren.

      Kolonoek (administrazioak babesten zituenek, noski) emakume kanako bat bahitua zuten. Haien abereek etxolen ateetaraino etortzen ziren bazkan, tribuek ereindako lurrak banatzen zizkieten: triburik adoretsuenak, Atai buruzagiarenak, berotu zituen besteak.

    Igorri zituzten emakumezkoak eraman zitzaten lur sagarrak, taroak, ñameak leizeetara, atera zuten gerlaren harria lurpetik eta hasi zuten altxamendua. Kanakoen aldetik habailekin, lantzekin, buruapurtzekoekin; zurien aldetik mendiko kanoiekin, fusilekin, Europaren arma guztiekin.

      Bazen Atairen ondoan bardo zuri-olibakara bat, Andia izenekoa, dena makur, batailan kantari aritzen zena; takata zen, alegia, mediku, azti, apez. Sinesteko da inguru hauetan Cookek ikusi omen zituen albinoak azkenetan zen arraza baten ereduak izatea, arioak menturaz, bidaiaren batean galduak edo iraultza geologikoren batek harrapatuak, eta Andia haietarik izatea.

      Andia takata, Atai ondoan kantatzen zuena, borrokan hil zuten; niaulien enborrak bezala zeukan gorputza makur, baina fierra zen haren bihotza.

      Gertakariaren harrigarria! Andiak kornamusa bat zeukan egina, bere arbasoen usantzan. Baina basatien artean bizirik haiek bezalako basatia izaki, etoi baten larruazalarekin moldatua zuen. Andia, alimaleko burua eta ipotxaren garaiera, leinuruz beteriko begiak zeuzkan bardoa, etoi baten eskuak hil zuen.

      Atai bera etoi batek jo zuen.

      Kanakoen legean, buruzagia ez da jotzen ahal buruzagi eskuz besterik, edo ahalorde batez.

      Nondok, administrazioari saldutako buruzagiak, bere ahala eman zion Segoni, Atai hil behar zuen arma emanik.

      Bazihoan Atai beltzen etxolen eta Amboa artean lagun batzuekin bere kanpalekura, noiz ere, zurien lerrotik jalgita, Segonek buruzagi handia salatu baitzuen, ileak elur zuri nabarmen.

      Habaila buruaren itzulian bildua, eskuinean jendarmeei kendu sabre bat, ezkerrean tomahawka, hiru semeak inguruan eta lantza eutsiz, Andia bardoa berarekin, Ataik aurre egin zion zurien lerroari. Segon ikusi zuen.

      —A, hemen haiz! —esan zion.

      Dardara egin zuen etoiak buruzagi zaharraren behakoaren pean, baina, finitu nahirik, eskuin besoa alderik alde pasatu zion lantza jaurti zion. Ataik ezker eskuan zeukan tomahawka jaso. Semeak jausten dira bata hilik besteak zauriturik. Andiak oldar egiten du oihuka:

      —Tango! Tango! Madarikatua, madarikatua! —eta hura ere lurrera, hiltzeraino kolpatua.

      Orduan, haritz bat botatzen den bezala, aizkora ukaldiz jotzen du Segonek Atai. Buruzagi zaharrak eskua erdi moztua daukan burura, eta beste ukaldi batzuk behar ditu hala ere kantitu ez dadin.

      Kanakoek oihartzun batean bezala egin zuten mendirik mendi heriotzaren garrasia.

      Gally Passeboc ofiziale frantsesa hil zelarik ere, heriotzaren garrasi honekin berarekin agurtu zuten kanakoek, zeren, oroz gain, adoretsuak maite baitituzte.

      Atairen burua Parisera igorri zuten; ez dakit zer agitu zen Andiarenarekin.

 

      Oroimenak kanta dezala Atairen balada hau:

      Takatak bildu du oihanean aduekea, gerla belarra, espektroen adarra.

      Gerlariek banatu dute aduekea, adorea ematen du eta xarmatu egiten ditu zauriak.

      Espirituek putz egiten dute galerna, gurasoen espirituek, lagun izan edo etsai izan adoretsuen beha daude, adoretsuak ongi etorriak dira bizitzaz harat.

      Bizi nahi dutenek alde egin dezatela. Hona hemen gerla, ura iduri behar da isuri odola; aduekeak ere odolez behar du gorri.

      Atai mendekatua da egun; matxinadan zurien alde egin duen etoiak, desjabetua, deserritua, aitortzen du bere krimena.

      Deportatuen artean, batzuek kanakoen alde zeuden, besteak aurka. Ni neu haien alde nengoen guztiz. Halako eztabaidak izaten genituen geure artean, behin, mendebaldeko badian, postuko zaindari guztiak jaitsi ziren zer ote genuen. Bi baino ez ginen, hogeita hamar bagina bezala oihuka.

      Sehiek, kanakoak ziren zaindariek ekartzen zizkiguten hazkurriak badian barrena; hagitz otzanak ziren, ahal zuten ongiena janzten ziren pilda txarretan eta erraz har zitezkeen, zeukaten xalotasunagatik eta azerikeriagatik, Europako laboraritzat.

      Kanakoen matxinadan, ekaitza genuen gau batez, ate joka entzun nuen bizitegiko neure konpartimentuan.

      —Nor da hor? —nik galde.

      —Taiau —erantzuna.

      Hazkurriak ekartzen zizkiguten gure kanakoen ahotsa zen (taiauk adiskide esan nahi du).

      Haiek ziren, izan ere; adio esatera zetozkidan ekaitzaren erdian igeri alde egin baino lehen zuri gaiztoak zafratzeko, jakinarazi zidatenez.

      Orduan, Komunako exarpe gorria, milaka neketan gorde izan nuena, bitan zatitu eta eman egin nien oroigarri.

      Odoletan ito zen kanakoen matxinada, tribu mutiriak bakandu egin zituzten; iraungitzen ari dira, kolonia, alta, aberatsago egin gabe.

 

KOMUNA
Louise Michel

La Commune, 1898
[La vie en Caledonie ataletik]
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2016