ZUHAITZ GENEALOGIKOA
Elena Medel

euskaratzailea: Leire Bilbao
Ea-ko Poesia Egunak, 2011

 

Bihotz biodegradagarria duten emakume arraza batekoa naiz ni.

Gutako bat hiltzen denean

parke publikoetan egoten da erakusgarri hilotza, umeek latorrizko eztarria kuxkuxeatzen diote, euli eta har festa ospatzen da, ez zait ondo jausten, barre eragin zidan-eta niri, hain tristea naizen honi.

Hil eta juxtu hogeita hamar egunetara, arraza berezi honen gorpua

berez suntsitzen da, eta zuen etxeetako atea jotzen dute naturaz gaindiko emakumeen arimek,

zuen hormekin egiten dute talka, beren enpasteek eta azazkalek zuen leihoak zulatzen dituzte

harik eta lurrean iltzaturiko gure aortak odoletan hasi arte, sustraien gisa.

Hiltzen garenean urdaila zabaltzen digute, hatzekin barrua ikuskatu, erraietan altxorraren mapa bilatu,

beren hatzak belzturik ateratzen dituzte, urteen poderioz barruan geratu zaizkigun poema guztien erruz.

 

Ikuskizun hutsa.

Pulpituez haratago doan arraza garatu batekoa naiz. Haietako bat naiz, nire bihotzak zikindu egiten duelako eskuetan hartzean, hormako hilobi baten hutsune berbera duelako;

freskoa eta gozoa animalia batena bezalakoa, miazka ezazue nire bihotza, hartara, elkarrekin egon ginela jakingo dute hiltzen naizenean.

Haietako bat naiz, nire bihotza ongarri izanen delako. Nire odola, berea dena, gora eta behera doalako nire gorputik, eskailera mekanikoetan legez;

Nire izatearen zergatia, deskonposatu ahala, espezie basati batean biltzen delako

zaunka eta min egiten duena eta bere eremura eramanen zaituena, ez dakiena irainez, sekula ahituko ez dena.

 

ZUHAITZ GENEALOGIKOA
Elena Medel

euskaratzailea: Leire Bilbao
Ea-ko Poesia Egunak, 2011