ARRAINA
Elena Medel

euskaratzailea: Leire Bilbao
Ea-ko Poesia Egunak, 2011

 

Gure platerik gogokoenak lanketa berezia eskatzen zuen. Amonak bertikalean zabaltzen zuen arraina, eta nire etorkizuna irakurtzen zuen bertan.

Azal zaurituan arretaz zabaltzen zuen betegarria: heriotzaren markak ezin dira zornetu.

Bitartean, hitz egiten zidan. Oraindik umea nintzen; eskolatik bueltan, jateko zer zegoen galdetzean, nire graziak milikatzen zizkidan eta esaten:

Arrainak, udakoak bezala. Orduan hotz egiten zuen. Eta bazkalondoan elkarrekin esertzen ginen, elkarrekin ikusten genuen telebista, elkarrekin hartzen genuen arnasa arratsaldero.

Bizitzea, bion arteko ohitura zen.

Eta udan ernegatu egiten nintzen ikusten nuenean nola zihoan

urertzean gora

urertzean behera:

haserretu egiten nintzen olatu batean galduko nuelakoan, hoztuko zelakoan edo minutu batzuez bere ondoan ez egote hutsagatik.

Bueltatzean, bere hamakan esertzen nintzen eta oinetako hondarra kentzen laguntzen zidan, poltsan nire argizariak bilatzen, edo kresala eta bekarrak desitsasten.

Negua , orain, atsegina da etxe honetan. Sartzean lasai aurkitu nahi izan zaitut, zure istorioak errepikatzen, garai onei irribarrez, beti lez, nire umetako ohiturei adi.

Baina orain ez zaude. Biok ez gara bizi, eta hotzak bizkarretik heltzen dit, eta kolpatu; hainbat gauzaz oroitzen da, beldur bainaiz berriro,

eta neure begiek

labain egiten didate eskuetan

umel

neguko arrainak bezala.

 

ARRAINA
Elena Medel

euskaratzailea: Leire Bilbao
Ea-ko Poesia Egunak, 2011