IDAZLE BATEN OHARRAK
W. Somerset Maugham

A Writer's Notebook, 1949
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015

 

      New York. Hemen izan da H. G. Zahartua, nekatua eta dardara haize batekin. Beti bezain panpinatua, baina eginahalak eginda bezala. Porrot hutsa izan dira bere hitzaldiak. Jendeak ezin zuen aditu esaten zuena, eta ez zuen entzuten ezin adi zezakeena. Bakarrik utzi zuten. Jota geratu zen dohakabea. Ez zuen ulertzen zergatik zeuden haserre berarekin, azken hogeita hamar urteotan esaten ari den horixe esan zuen gizonak. Itsasbeherak lehorrean utzi du, bazterrean eta bakar. Idazleak bere garaia izaten du (adur onekoa baldin bada) baina garaiak arin doaz. Azken finean, berak eduki zuen berea, eta pozik egon behar luke. Zentzuzkoa da besteek ere berea eduki dezaten. H. G.k aski behar luke belaunaldi honen gainean nola eragin duen eta pentsamenduaren giroa zenbateraino aldatu duen jakitearekin. Baina sobera lan ibili du beti esku artean filosofoaren arrastorik batere edukitzeko.

 

      Estiloaz arduratzen zara. Hobeki idazten saiatzen zara. Leherrenak egiten dituzu sotila, argia eta laburra izaten. Oreka eta erritmoa bilatzen duzu. Kuku jota amaitzen duzu. Baina horra non munduko lau nobelagilerik handienek, Balzac, Dickens, Tolstoi eta Dostoiewski horiek ezeren axolarik gabe idatzi duten zein bere hizkuntzan. Horrek frogatzen dizu lot litezkeela istorioak, sor litezkeela pertsonaiak, asma litezkeela istripuak grina eta zintzotasuna baldin badaukazu, eta ez duela ardura nola dauden idatziak. Halarik ere, hobe ongi idatziko bagenu, eta ez txarto.

 

      Irakurlearen sineskortasuna irabazten ez badu, nobelagilearenak egin du. Baina guztiz sinesgarria izanagatik, gerta liteke aspergarria. Hau izaten da publikoak nobela beltza hautatzearen arrazoietako bat. Zer-gertatuko batean edukitzen du, jakin-mina sustatzen du, zirrara eragiten du; eta horren guztiaren truke, publikoak ez du eskatzen gaia gertagarri izatea. Egindakoa nork egin duen jakin nahi du, eta prest dago sinesteko arrazoirik bihurrienak izan dituela egindakoa egiteko.

 

      Idazleak ez du axuri oso bat jan beharrik haren okelak nolako gustua duen esan ahal izateko. Aski du txuleta bat jatea. Baina jan egin behar du.

 

      Zalantzan egoten naiz istorio baten forma ez ote den gure oroimenak gordetzen duen memoria teknikoaren antzeko bat. Zergatik gogoratzen dugu hain garbi Guy de Maupassanten nobelarik onenak, Mari Gizen, Tellier etxea, Herentzia, berrogei urteren buruan? Ez da anekdota kontua bakarrik. Anekdota ez da irakurri eta ahaztu ditugun beste ehun liburutakoa baino hobea. Hausnarketa hau G.ren arazo batek eragina da... Antologia ugaritan sartu izan dute eta uste dut haserretu egin zitzaidala ez nuelako neuk egindakoan sartu. Dotore idazten du eta badauka amerikarren esku on horretatik sentimendua, lurrina, hunkidura eta giroa deskribatzeko. Istorioa konplikatua eta interesgarria da, baina bi zati ditu, biak ere istorio on bana zitezkeenak, eta ez zuen nahikoa esku izan biekin bat egiteko.

      Nik uste, arta handia eduki behar da argumentuarekin, atentzioa barreiatu gabe. Txekhovek, zenbaitetan berriketan ari dela dirudien arren, ez du inolaz ere barreiatzen. Funtsez, nobela batean, komedian bezala, ongi finkatu behar da zein den puntu nagusia, eta hari eutsi behar diogu kosta ahala kosta. Hau dena obrak forma eduki behar duela esateko modu bat baino ez da.

 

      Espantu handiz galdetu dit Nola eramaten da ospetsua izate hori?

      Esango nuke hogeiren bat bider egin didaten galdera dela, eta sekula ez dut jakin izan zer erantzun, eta gaur, ez bat eta ez bi, etorri egin zait.

      Perlazko lepoko bat oparituko balizute bezalako zerbait. Atsegina da, baina handik puska batera, hartaz oroitzen bazara, perlak onak ote diren edo kultibokoak ote diren jakiteko besterik ez da izaten.

      Eta hemendik aurrera, erantzuna hitzetik hortzera baitaukat emateko, espero dut ez didatela ostera inoiz galdetuko.

 

      Arau on bat idazleentzat: ez sobera esplikatu.

 

IDAZLE BATEN OHARRAK
W. Somerset Maugham

A Writer's Notebook, 1949
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015