IDAZLE BATEN OHARRAK
W. Somerset Maugham

A Writer's Notebook, 1949
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015

 

      Nobelagileari azaltzen zaizkion zailtasunen artean dago nola deskribatu bere pertsonaien itxura. Erarik naturalena, noski, katalogoarena da: tamaina, gorpuzkera, aurpegiaren forma, sudurraren luzea eta begien kolorea. Hau hasieran egin liteke edo aukera dagoenean, eta ezaugarri nabarmen bat, une jakinetan errepikaturik, irakurlearen oroimenean finkatzen ahal da. Pertsonaia aurkezten dugunean egin liteke, edo harenganako interesa piztutakoan. Nolanahi ere, ez dut uste irakurleak antzik emango dionik. Nobelagile zaharrek xehetasun handiz ematen zituzten pertsonaien ezaugarri fisikoak, eta esango nuke, hala ere, irakurleak hezur-mamiz ikusiko balitu, ez lituzkeela ezagutuko horren zehazki deskribatu dizkioten horiek. Uste dut oso gutxitan sortzen dugula gure buruan deskripzio hauen araberako irudirik. Fikziozko irudi hauen koadro argi eta zehatza izateko ilustratzaileek sortutakoa behar izaten dugu, Phiz-ek Mr. Pickwick edo Tenniel-ek Alice proposatzen dizkigutenean bezala. Deskripzioak zerrenda moduan irakurtzea amorragarria da, eta idazle asko saiatu izan da pertsonaiari bizia ematen era inpresionistan. Baina ez dakite zer gertatzen den. Dotore jarduten zaizkigu gutxi-asko pertsonaien itxurari buruz, ustez eta zenbait esaldi epigramatikorekin, irakurlea hunkitzeko era horrekin, gizaki bat sor genezakeela gure buruan. Ezaugarrien izendatze hutsekin hartzen ez dugun plazerarekin irakurtzen ahal dira horrelako deskripzioak gehienetan, baina zalantza egiten dut irakurlea askoz aurrerago eraman ote lezaketen. Susmoa hartzen diot bizitasun honek estali egiten duela sarritan idazleak ez daukala sortu duen pertsonaiaren itxura zehatzik. Iduri luke idazle batzuk ez direla konturatzen ezaugarri fisikoen garrantziaz. Saihestu egiten dute zailtasuna. Mundua zeharo desberdina da sei oineko garaiera duenarentzat edo bost oinekoa duenarentzat.

 

      Nire lehen liburuak, Liza of Lambeth, 1897an argitaratua, izan zuen arrakasta apur bat. Edmund Gosse-k aipatu eta laudatu egin zuen. Honen ostean argitaratu nituen Of Human Bondage (1915) eta The Moon and Sixpence (1919). Urtean bitan ikusten nuen Gosse, eta bidaia askotan topatu ginen, baina inoiz ez ninduen utzi zeukan koipekeria hartan esan gabe: O, Maugham, nola gustatzen zaidan zure Liza of Lambeth...! Ongi egin duzu besterik ezer ez publikatuta...!

 

      Idazleak jostalaria eta seriosa izan behar du aldi berean.

 

IDAZLE BATEN OHARRAK
W. Somerset Maugham

A Writer's Notebook, 1949
euskaratzailea: Koldo Izagirre
armiarma.eus, 2015