V.W.
Catharina Gripenberg

V.W.
euskaratzailea: Leire Bilbao
armiarma.eus, 2015

 

Norbaitek hil egin behar du nire nobelan, ondorioztatu du Virginia Woolfek.

Horrela bigarren mailako pertsonaia bat lerro bakarrean hil, eta Virginia Woolfek

kanpora atera eta bere burua ito ahal izan zuen.

V.W. ur jarioan.

Ez da lurretik altxatzen, paperaren garratza,

bere ahotsa hirugarren pertsonan V.W.gatik negarrez ari da.

 

Lorategian arrosa haziak eta makalak daude.

Terrazan daude nobelako beste pertsonaiak

beraien buruei galdetuz non jarri behar dituzten komak orain.

 

Pertsonaia printzipalak bizirik dirau.

Oinak busti gabe esertzen da eskailera gainean, orrietatik ura astindu

eta ikuspuntua lehen pertsonan mantentzen saiatzen da.

 

                (NN)

                Ez zenuke hil behar, ene protagonista.

                Ez hil nigan, lehen pertsonan.

                Hileta guztietarako kafea, zigarroak eta soineko bat

                behar zenituzke.

 

Idazteko dirua eta norbere gela behar dira, esaten zuen Virginia Woolfek.

 

                (NN)

                Zure logela daukat. Zure mahaian esertzen naiz.

                Aulkia zure mahaiaren hotsekin.

                Leihoan erle batek dio

                “Abuztua da, ez dut hil nahi.”

                Erle txiki, norbaitek hil behar du poema honetan.

 

 

Virginia W.,

pertsonaia bat baino ez zara poema honetan

Paper gainean eguna moztetik libre zaude, urertza negarrez zure ostean

zure pentsamenduetan barrena zoazelarik, itsas algak.

Diozu: “Behar dudana daukat: norbere heriotza, norbere logela.”

 

Baina nire poeman ez zinateke hilko.

Ez dut diru askorik. Txiroak izango ginateke.

Abentura bat izango litzateke. Egurra batuko genuke

tabernetan sartu eta esan.” Denbora galtzen ari naiz”.

Eta bigarren mailako pertsonaia batek, harriz beteko lituzke poltsikoak bueltako bidea aurkitzeko eta bidea errekaren gainetik joango litzateke.

Eta nor da hemen erretzen eta kafea hartzen eserita dagoena?

Noski, zu, nire pertsonaia printzipala ere hemen dago

nahiz eta berez ezin diodan onartu. Hemen sosa batzuk

kafea eta zigarretetan xahutzeko, bizirik mantentzeko.

Gure atzean bizirik diraute pertsonaiek. Iraila da,

adarrak jasotzen ari dira, sagarrak baldeetan batzen, eta esaten

beraientzat, galdetuz gero, iraila dela esango luketela, eta pentsamenduak-, orduak-,

baldeak-, pentsamenduak-

 

Virginia, atera zaitez uretatik

inoiz izan duzun egunik arruntena izango da: bizirik dauden pertsonaiak,

hildakoak ere zenbait, logela bat eta bazkariak, eta kontseiluko ordainsaria.

 

V.W.
Catharina Gripenberg

V.W.
euskaratzailea: Leire Bilbao
armiarma.eus, 2015