GAGARIN ETA BIOK MUNDUARI BIRA EMATEN
Catharina Gripenberg

Gagarin och jag på en sista jordisk resa
euskaratzailea: Leire Bilbao
armiarma.eus, 2015

 

Yuri Gagarini laguntzen ari naiz. Zerbait ez doa ondo Gagarinen grabitatearekin eta bizitzeko aste batzuk baino ez ditu. Baina hil aurretik, munduan zehar bidaian eramateko eskatu dit. Elektrosthal, Orsk, Baikal lakua, Gobiko desertua eta Bohaiko badian zehar bidaiatu dugu. Autoan egiten dugu lo, leihoak irekita. Gau baterako hartu dugu ostatu langilerik ez duen motel batean, makinak baino ez daude. Txartelarekin izena eman, igogailua hartu eta logelako atea desblokeatzen duzu ordainagiriak dakarren kodearekin. Atea klaskada batekin ixten da. Gagarinek film bat ikusi nahi du non, protagonista hilezkorra den giza haragia jaten duelako, pertsonaiak labar batetik botatzen du bere burua, alperrik. Bohaiko badian edari energetiko bat erosten du. Olatuetan barneratzen da.

Yuri Gagarin ez da bueltatzen, ur ertzerantz egiten dut igeri. Egun batzuez moilan egiten dut lo, etorriko ote den zain. Hondartzan zehar egiten dut oinez. Noodles-ak jan. Bizitza distantzia batetik ikusten saiatzen naiz, gertuagotik. Arrantzaleekin mozkortuaz, Yuri Gagarin hor zehar igeri ari dela esaten diet. Arrain bat ote den galdetu. Gagarinen poltsa atontzen dut, autoan eseri eta bere edari energetikoak edaten ditut, kanpora begiratu. Etxera bueltan gidatzen dut gero, bere kaseteak entzunez. “ Espazioan pentsamenduek elkar jotzen dute eta sedimentu batean biltzen dira. Bueltatzen zarenean pentsamendu ezkorrak ezaba ditzakezu.” “ Espazioan zauriak lehenago sendatzen dira, baina arima ezin da eguneratu. Bueltatzen zarenean gorputza zurrun duzu eta zaila da bertatik sentimenduak ateratzea”. Hondartza ertzetik 50 milioi urtez fosilizatutako intsektu eta anbar bila ibiltzen direnak, harri zuri txiki distiratsuak aurkitzen dituztenean, ez dute uste Gagarinen hortzak izan daitezkeenik.

 

GAGARIN ETA BIOK MUNDUARI BIRA EMATEN
Catharina Gripenberg

Gagarin och jag på en sista jordisk resa
euskaratzailea: Leire Bilbao
armiarma.eus, 2015