SUDUR HAUTSIA AFALORDUAN
Catharina Gripenberg

Broken nose during dinner
euskaratzailea: Leire Bilbao
armiarma.eus, 2015

 

                                                                              14/3

 

Idazten jarri nintzen garajean.

Lorategiko artaziak balantzaka hasten dira etxeko atea ixten denean.

Eta konbustio tekniketan espezializatutako ingeniari errusiarra

etxera etorri da. “Benda bat!” egin du oihu saunaren bentilazio zulotik.

Ingeniaria gutxitan iristen zen afaltzera sudurra osorik zuela. Beragana hurbildu eta sudurrean benda jartzen diot. Negarrez ote dago?

…Arrosa haziak kanpoan

eta txoriak txoriak,

mamuak, mamuak…, errezitatzen dut

“Horren ordez, idatzizu poema bat Sudur hautsia afalorduan”, deritzona esan dit berak.

 

                                                                              15/3

Garajean eseri eta idaztera.

Baina ingeniaria etxera dator. Burdinazko angelu bat erortzen da iltzetik.

Zirriborro bat irakurtzen du, benda jartzen diodan bitartean (berriz hautsia).

“Poema txarra”, dio berak. “Nire sudurra ez da inoiz sendatuko.”

 

                                                                              16/3

 

Garajean. Paperak beirak adina distira egiten du. Torlojuaren euskarria al da hau?

Sudurra, idatzi dut. Kanporantz gurutzatu. Telefonoa joka hasi da. Plataformatik atera da ziria.

Afaltzera gonbidatua nago.

 

                                                                               (Gaua)

Etxera sudur hautsi batekin etorri naiz, garajera sartu, idatzi,

sudurraren taupadak (ilargia distiraka). Poema irakurri diot ingeniariari

nire sudurra bendatzen duen bitartean:

 

Sudur hautsia afalorduan

 

18:30

Eta Irina R.-k azak maite ditu

nobelak bezain astunak. Elurra sartu da, eta nik:

“Irina, hemen: aza bat. Badirudi iluntzean nobela bat daukagula!”

Mahai gainean ijito-sardinak daude, saltxitxak, okela errea, okela ketua, txerrikia, pastelak, sagarrak. Nola da posible sudurra haustea halako mahaikadaren aurrean? Edozer gertatu daiteke nobela batean!

Eseri egin ginen: lur-jabea, tren-geltokiko arduraduna. Dashing Romanov. Irina Romanova. Eta ni.

Irinak hitz-aspertua egin zuen, gerra eta elurraz mintzo zen istorio triste bat.

“Baina hemen gaude gure zorionagatik!” egin zuen topa Irinak.

“Nortzuk dira, lur-jabe eta geltokiko-arduradun hauek?” hasi zen Romanov.

“Bai, nor naiz?” galdetu zuen geltokiko arduradunak.

“Nobela honetako tren-geltokiko arduraduna zara zu“ erantzun nion.

“Nobela baten barruan al gaude?” galdegin zuen lur-jabeak.

“Nire bizitza nobela bat da” egin zuen eztanda Irinak.

“Nik poesia idazten dut” esan nuen.

 

Orduan Irinak sudurra hautsi zidan ukabilkada batez.

Ezustean harrapatu ninduen, nire platerari begira bainengoen

portzelana errusiarra benetakoa zen edo ez egiaztatzen. Hala zen.

Baina odolak dagoeneko marraztuak zituen nire ezpainak.

Ez lur-jabeak ezta tren-geltokiko arduradunak ere, ez zuten ni konbentzitzea lortu. Iluntze berezi hura eskertu nien,

baina etxera idaztera joan behar nuela esan nien.

 

Zapiarekin nire sudurra estaltzen nuelarik etxeari begiratu bat eman nion:

D. Romanov leihoan zegoen. Irina aza mozten. Lur-jabea, tren-geltokiko ardunadunari landa eremu bat deskribatzen? Alyona eta Autoninak

deitu dute berriak emateko, Irinak ezpainetan darabil bere ahizpen izena, besteak

harrera-gelara erakartzen ditu.

Amaraun honetan zaurituak izateko! Etxeratzeko ordua zen niretzat.

 

-edo lur-jabea korrika etorri zen elur-erauntsia zeharkatuz

bere lur eremuek ez dutela ezer balio esanez, poema, edo sudur hautsia

bere bihotzaren lurretan mugitu izan banintz bakarrik, eta elur eta odol artean musukatu banindu?

Edo Romanov zen oihuka ari zena patioan: “Ez zaitez joan, nire umea zara!”

Era askotan izan zitekeen, ingeniaria, benda. Hementxe nago, garajean.

 

SUDUR HAUTSIA AFALORDUAN
Catharina Gripenberg

Broken nose during dinner
euskaratzailea: Leire Bilbao
armiarma.eus, 2015