ETORRIKO DIRA
Gata Cattana

Vendrán
euskaratzailea: Gotzon Barandiaran
armiarma.eus, 2020

 

Ez zaitzatela engainatu.

Etorriko dira, horixe etorriko direna

hautatu ez genituen alternatiba guztiak.

 

Pluraleko lehena. Puntu.

 

Jakina etorriko direna.

Arranditsuki agertuko dira

oasia, delirium tremensa,

paradisu fiskala eta oparotasuna

agertzen diren ber gisa.

 

Kontu eske etorriko dira,

tankera ezberdinetan,

denak apartak, oso merkeak,

gozoak, jainkorik eta ordenarik gabeko mugen

irudi hipnotikoak,

baztertutako bide guztiak,

egin gabeko akats guztiak.

Etorriko dira, kontu eske.

 

Eta urka-bilurrak diruditen

mihiak ekarriko dituzte

eta erretorika errukigabea

eta diskurtso irabazleak

damutu gaitezen .

 

Gupidagabe jokatuko dute.

Apustua igoko dute.

 

Hori gertatzen denean,

deituidazu.

Bikoitza edo ezer ez.

Geuk irabazi .

Ez zaitzatela engainatu.

 

ETORRIKO DIRA
Gata Cattana

Vendrán
euskaratzailea: Gotzon Barandiaran
armiarma.eus, 2020