ESKUEKIN
Gata Cattana

Con las manos
euskaratzailea: Gotzon Barandiaran
armiarma.eus, 2020

 

Pobreek eta aberatsek

ez dute berdin maitatzen.

 

Pobreek eskuekin maitatzen dute.

Pobreek haragiarekin maitatzen dute eta sabelkeriaz,

irudirik gaiztoenetan,

gosekilik,

dena aurka dutela.

 

Pobreek dekoratu ederrik gabe maitatzen dute.

Ezagun dituzte astelehenak eta igande aspergarriak

eta fakturek eragindako ezusteko gastuak

eta hilero hilero berbertatik oldartzen zaizkien estutasunak.

 

Pobreen maitasunak ez du leihotik alde egiten

dirua atetik sartzen bada ere

(ez da sekula sartzen)

(leihorik ez izan arren).

 

Horregatik ikasi dute pobreek

ilunpetan elkar maitatzen.

Goseturik elkar maitatzen ikasi dute,

zatar jantzirik, gorroto dituztelarik,

goseak adimena areagotzen baitu

eta euren lorategietan ere liliak ernetzen direlako

(lorategirik ez badago ere).

 

Pobreek ikasi dute

Lanegunetan bis a bisak profitatzen

(lanik ez badago ere)

eta badakite elkarri dirutan neurgaitzak  diren

laztanak egiten,

eta ikasi dute bizi duten egoeraz gozatzen

eta sobreko zopaz, lastaira zaharrez

eta urtarrileko maldan goraz.

 

Eta badirudi euren maitasuna suntsiezin tentetzen dela

milaka izurriteren aurrean,

huts egin duten ametsen eta

porrot ibiltarien aurrean,

aldiroko krisien

eta goseteen

eta gerren aurrean,

Herakles baino ausartago

Odiseo baino Odiseoago.

 

Eta badirudi euren maitasuna

hedatu eta biderkatu egiten dela

pobreak biderkatzen diren neurri berean,

beti pobreen etxeak kolpatzen dituzten

hondamendi naturalak eta zorigaitzak

biderkatzen diren neurri berean.

 

Eta maitasun hori Uranoren neurrikoa da,

Gea eta Uranoren baturaren neurrikoa,

eta pobreek babeserako duten

arma bakarra da.

 

Horregatik ikasi dute

liliak hazten,

eta malurak ondo kantatzen.

Eta obrarik onenak eta instrumenturik onenak

asmatu dituzte.

Horregatik ulertzen dute artea

eta badakite non aurkitu,

ez badago ere

(beti dagoen arren).

 

Eta karisma eta jerga profitatzen ikasi dute,

eta maitasun zailei buruzko poema hilezkorrak idazten,

eta badakite kili-kili egiten ,

eta boleroak abesten,

eta badakite dena nola eman,

zeina ez den dutena ematea besterik:

eskuak eta mihia,

hodeiertza begiztatzeko modua

eta ugazabaren aurkako kantak.

 

Nik horrela maitatu izan dut beti.

 

Nik pobreen antzera maite zaitut,

eta uste dut, zoritxarrez,

luzaz, oso luzaroan

horrelaxe maiteko zaitudala.

 

ESKUEKIN
Gata Cattana

Con las manos
euskaratzailea: Gotzon Barandiaran
armiarma.eus, 2020