MENDA HOSTOTXUA
Gata Cattana

Hojita de menta
euskaratzailea: Gotzon Barandiaran
armiarma.eus, 2020

 

Gu beti izan gara

sekula izango ez garena.

 

Kopa hustu eta karkaxa bota dugu,

mediokritatea hegemonia bailitzan

janzten ikusi dugu,

harrokeriaz begiratu dugu,

burgoi,

eta barkatu egin diegu,

eta hori ez digute sekula barkatuko.

 

Menda hostotxua, menda hostotxua,

ezjakintasunean leriatu ginen,

ezaguerarengan sinetsi genuen

statu quoaren kalterako,

Akilesek antzera epopeia hautatu genuen

sagarra aukeratu genuen,

eta hori ez digute sekula barkatuko.

 

Guk historiaurreko ohiturak genituen,

sutondoan irakurtzen genituen

aldirikoak zein abangoardiak

testu sakratuak eta arrakalak,

goragaleraino ginen jakintsu,

sasimaistra, higuingarrienetan higuingarri.

 

Putatzarrak izan ginen

eta arean serora,

gizatiarregiak jainkotzeko,

pentsamendu lar eta haragi gutxi,

horren hegoaldeko izan ginen ezen

irauli egin genuen berau,

horren ezezagun izan ginen ezen

geuk ere ez genekien.

Eta badaezpada, errebolberra.

 

“Garrantzitsuena ez da azkarra izatea

garrantzitsuena pertsona ona izatea da”,

zioen gure amak eta ondoren zuk,

inoiz baino gezurtiago.  

 

Gu agian ez ginen horren azkarrak

baina are gutxiago ginen pertsona onak.

Gu ez ginen pertsona,

eta hori ez digute sekula barkatuko.

 

 

Gu martxoko idusak ginen,

azpijokoa, disidentzia,

egilea edo inperioa zirena zirela

disidentzia beti,

gu jomuga hobezina ginen

herri xeheak gurutziltzatuak eskatu

eta hor eskainiko genizkion guk besozabalik,

norbaitek profanatu behar zuen

kaka guzti hura.

 

Ez ziren garai samurrak izan

inorentzat,

guretzat geure burua hiltzearen antzeko

zeozer izan zen,

orpoan gezia,

mende berriaren hastapena

eta Pangeara itzultzea.

 

Gizakiak birkokatu egiten ziren

eta dolar bila egiten zuten korrika, izuturik.

Enpresa gizonek lan erreformak sustatzen zituzten

eta gobernuek esklabutza legeztatzen zuten.

 

Eta bien bitartean, zuk

bazoazela diostazu,

eta joan zoaz,

ni hemen utzita, planoak amaitzeke,

asko maite omen dituzun

filosofiari buruzko apunteekin.

Eta aho bete hortz.

Hori gutxienekoa da.

 

Osterantzean, neuk hartu behar neure gain

zalantza existentzial, tripipoetiko, xelebre guztiok

eta entzun nola gezurtatzen duzun nik esandakoa eta

nola aholkatzen didazun zein bide hartu,

offeko ahots baten gisa,

mamu baten antzera.

 

Bi zoro beti dira zoro bakarra baino

zoramen gutxiago,

bi zoro ohiko zerbait da,

baina zoro bakarra

kopa hustu eta karkaxa botatzen,

ahotsak entzuten, erreguka,

Deleuze irakurtzen zure azalpen barik

eta zu ahotan hartuz

agerpen bat bazina legez?

Horixe ez.

Hori ez dizut sekula barkatuko.

 

MENDA HOSTOTXUA
Gata Cattana

Hojita de menta
euskaratzailea: Gotzon Barandiaran
armiarma.eus, 2020