TEOGONIA
Gata Cattana

Teogonía
euskaratzailea: Gotzon Barandiaran
armiarma.eus, 2020

 

Mundua ez dago prestatuta

zuk eta nik bat egin dezagun.  

 

Badakizu,

gauzak diren bezalakoak dira eta

egon behar duten lekuan daude.

Eta horri aurka egitea,

legeei aurre egitea,

norbere burua jainkotzat hartu eta

gizaki legez dugun patu dohakabea manipulatzeak

gaztigurik gogorrena dakar:

betiereko zigorra.

 

Onenean, armiarma edo matxinsalto

bihurturik biziko zara,

edo, umoreko badago,

Narciso bihurturik.

 

Txarrenean, Luzifer

izendatuko zaituzte

eta munduaren amaiera arte

gizonak pairatuko dituen

gaitz guztien erantzulea izango zara.

Aingeru eroria, belaunikaturik.

 

Mundua ez dago prestatuta.

Jainkoak ez daude prestatuta

eta horregatik elkartzen dira

mendeku hartzeko

eta antolatzen dituzte mekanismoak

eta behar besteko tarteak,

ingurumenari buruzko

logaritmo eta formulak fabrikatzen dituzte,

sua eta ura nola,

elkar baztertu eta bateraezin bihur gaitezen.

 

Bai bizkorrak.

Bai bizkorrak jainkoak.

 

Beste mende batzuetako

antzinako iragarpenei

kasu egin zieten,

Prometeo eta Pandora berrien jaiotza

iragartzen zuten haiei,

Maien sinesteen arabera

munduaren akaberaren ondorengo

bigarren urtean Daliten matxinada berria

iragartzen zuten haiei.

Hasieratik zekiten.

 

Bazekiten zure estrategia napoleonikoak

eta nire Dalilaren antzeko dantzek

bat egingo balute

Olinpoaren zimenduek dar-dar egingo luketela

Atonenaren neurriko botere sortzaileaz

erdituko ginatekeela,

bigarren teogonia abiaraziko genukeela,

hamargarren gurutzada,

kristau-ikasbideak eta geopolitikak

asmatutako kontzeptu guztiak

desegingo genituzkeela.

 

(Santa Teresa dakusat, belauniko

porrota onartu beharrean)

 

Pentsa.

 

Pangea berrezartzeaz ari natzaizu,

Gea eta Urano adiskidetzeko, Kronos erailtzeko

gai den botere bati buruz ari natzaizu.

Putakume hori behin betiko erailtzeaz ari natzaizu.

Hasieratik zekiten.

 

Bazekiten zure Laokonteren gisako suminak

eta nire amazona formek eta suge-mihiak bat egingo balute,

eurek porrot egin dezaten aukera oso txiki bat izango genukeela,

Ovidio bera berpiztuko litzatekeela

gure historia kontatzeko.

 

Bazekiten zuk eta nik,

bai, zuk eta nik talde gisa,

AEBetako burtsak eta petrodolarrak

krak egitea lortuko genukeela.

Eta hori bai ezetz.

 

Horregatik asmatu zituzten

mugak eta hizkuntzak,

orduak eta mendeak,

eta horregatik jarri zizkiguten faraoiak

hondamendiak ekidin eta gu goberna gaitzaten;

egunen batean, ustekabean,

zuk eta nik bat egingo bagenu ere.

Zuk eta nik, talde gisa,

ez dezagun sekula bat egin.

Horretarako.

 

Ez horrela begiratu

ez nuen nik asmatu.

Aspaldi asmatu zuten.

Ni etorri nintzenerako

horrela zen.

 

Eta hala ere

oraindik bada Parnasoa leherrarazteko

aukera ñimiño bat,

jainkoen aurka borrokatzeko,

bigarren teogonia,

eta galdu dezaten.

Arranditsuki galdu dezaten.

 

Lortu genezake.

Horixe lortu genezakeela.

 

Betiko zigortuko bagaituzte

eta mundua, oraindik,

prestatuta ez badago ere.

 

TEOGONIA
Gata Cattana

Teogonía
euskaratzailea: Gotzon Barandiaran
armiarma.eus, 2020