BENEDIKATUA IZAN BEDI Baina ez naiz joanen haize arinik entzutera ez eta musikarik erdiesteko libre den bidean murgildurik baizik, (etengabe, sable patar gorria igotzen nuen Historiaren urratsak aztalpean ezabatuz) nire mihiseetan luzaz borrokatuz baizik Bilatzen nuena zen berdinki inozentea, aihena bezain ikaratsua, eta sakona eta zimurrik gabeko zeruaren bestaldearen gisa zenbait arima klixka buztinezko ganga batean
Orduan erran zuen eta itsasoa kantu ugariena izan zen eta ikusi nuen eta urdindu nintzen eta barnean, nire itxurako, nire eiteko mundu ttikiak erein zituen.
Zaldi harrituak ile gogorrekin kalmea lotan dagoen anforak delfin makurren bizkarrak eta Ios, eta Sikinos, eta Seriphos, eta Milos “hitz bakoitzetik jalgi ainara batek udaren minean, ekar diezazula udaberria” zioen eta olibeira asko argia beren besoez bahetuko dutena, ezin hunkia, zure loan elur egin dezan eta ttirrita asko ez dezagun entzun esku ukaiko pultsua entzuten ez den eran baina ordea, arras ur gutti, jainkotiar dagizun, eta ikus dezazun erran nahi duen sentsua eta arbola bere itxuralat zatikatua berdinki eskasez zure lagun bihur dadin bere izenaren prezio samurra ezagut dezazun buztin hautsaren meharra zure oinpean erroak non bana ukan ez dezazun ondorioz gero sakonago lurpera zaitezen eta hor goian, zerua soa galtzeraino zeronek infinituaren muga irakur dezazun.
Orobat Unibertsoa, Ttikia, Sondaezina.
Hizkuntza bezala greziar mintzaira eman didate etxe bezala, Homeroren leiharretan aterpe pobre bat Nire kezka bakarra Homeroren leiharretan eraiki hizkuntza hori Han daude, haizepean ikaratzen diren hagak eta sardeak azurean zehar beren orlegitasuna altxatuz horrenbeste non nire erraietan pizten ikusi ditudan esponjak eta medusak itsasnesken lehen himnoekin batera urre arrosazko txirlak beren lehen sukar beltzekin. Nire kezka bakarra, bere lehen sukar beltzekilako hizkuntza nori. Han dira, jainko beltzaranak koinatzeak, grenadatzeak, koinak eta jende batuak pegar erraldoietara olio uhargia ixurtzen dutenak eta hats jainkotiarrak, arroiletarik igotzen direnak, lentixka eta mimena usainduz gozoki, jengibrea eta otea txori ttikien pipiamenduekin, aurren-aurreneko gloriekilako hizkuntza hori. Han dira erramuak eta palmondoak laudorio eta intsentsukadak gure borrokak eta gure fusil zahar luzeegiak benedikatuak. Lurrean, aihen mantalin baten eran estalirik, axuri errekiak, arroltze gogor kolpeak “Kristo berpiztu da” Helenoen lehen salboekin. Himnoaren lehen perpausekin amodiozko mistizismoak Nere kezka bakarra, hizkuntza hori, himnoaren lehen perpausekin.
Nere erroak mendien minean eta mendi horiek, herriek beren sorbaldetan jasaten dituzte, eta memoria beren kaskoetan erretzen da sasi sutar baten gisara. Nere herriaren memoria deitzen zaituzte Pinde eta deitzen zaituzte Athos. Garaia, nahasmen handi batek hartu du eta zangotik egunak urkatzen hasi da hersturetan direnen hezurrak zarata motzaz ixuriz. Zeinek, noiz, nola igo ote dituzte leizeak? Zeinek, noren, zenbat armadak? Zerua aurpegiz aldatzen da, eta hona etsaiak urrunean desagertzen zaizkidala. Nere populuaren memoria deitzen zaituzte Pinde eta deitzen zaituzte Athos. Gizakia aztaletik ezagutzen duen bakarra zara Harria bidez mintza zaitzakeen bakarra zara. Zuk dituzu sainduen bisaiak zorrozten eta zuk dituzu geroko berpizkundearen koloreak mendeen uhinetara garraiatzen. Nire izpiritua doi-doia hunkitzen duzun bezain laster udaberriko haurrak sufritzen du! Nire eskua gaztigatzen duzun bezain laster argitzen du gau zurian! Sua trebeskatzen duzu beti distira lortzeko Beti-beti distira zeiharkatzen duzu ospearen mendi elurdunen punta lortzearren. Baina zer dira mendiak? Zer dago mendien bihotzean? Nere erroak mendien bihotzean eta mendi horiek, herriek beren sorbaldetan jasaten dituzte eta memoria beren kaskoetan erretzen da sasi sutar baten gisara.
Laudatua bedi lurra, sufrearen antzeko ortzantz usaina altxatzen den lekuetan hilak loratzen diren mendien matriza: biharamunen lorea
instintuaren legea, sekula dudatzen ez duena bizitzaren solista trebea den pultsua odol ttantta lehorra, eguzkiaren parekoa neguen gainean balantzan dagoen huntzostoa
Laudatua bedi eskarabe atejole ongi ikasia eguzki hormatuaren haragian hortz lotsagabea sexuaren aldaketa sumatzen duen apirila justu loratzen den iturriaren muskila
tematsuki bazterrera makurtua den karriota geroari begira haizatzen duen ulu urrea ur azalean palpitatzen duen sorta ezin aurkitu hori zeinen graziaz gardeniak bizirik dirauen nostalgiaren pentsionero diren lore goxoak xendran barna, eurien ondorengo diren lore ahulak lau pattaka ikaratzen duten ttikiak handiak eguzkiei nahasiak edo ametsez kulunkatuak pudikoak beren amodiozko erraztasun gorriekin axolagabeak pentzeen erdian galopan dabiltzanak zeru garbiaren ekaiez moldatuak pentsalariak eta kimeraz brodatuak.
BENEDIKATUA IZAN BEDI |