MONOGRAMA Dolua ekarriko dizut beti ―aditzen?―, zuri, bakarrik, Paradisuan.
I
Aldatuko die Destinoak norabidea Eskuko lerroei, orratzain batek bezala Etsiko du istant batez denborak
Nola ba bestela, gizakiek elkar maite dutenez gero?
Taularatuko ditu zeruak gure erraiak Eta zafratuko mundua inozentziak Herio beltzaren lakarrarekin.
II
Dolua dakarkiet eguzkiari eta gu gabe etortzekoak Diren urteei eta kantatzen diet igaro diren besteei Baldin egia bada
Gorputzak aiputan hartuta eta talka dultzean barkuak Gitarren argia keinuka urpean «Sinets niri» eta «ez ezazu» guztiak Behin airean, beste behin musikan
Bi animalia ttikiak, gure eskuak, Gorde-gordeka bata besteari gaineratu nahirik Geranio loreontzia jardineko ate irekien ondoan Eta elkarrekin topo egindako itsaso-txatalak Harrizko murruen gainean, itxituren bestaldean Zure eskuan pausatu zen anemona eta malba hiru bider dardaratu ur-jauzietan hiru egunez
Hori egia bada, kantatzen ditut Zurezko habea eta ehun karratua Horman, Sirena adats-soltea Katemea guri so ilunduran
Mutikoa intsentsua eta gurutze gorria hartuta Harkaitz urrutian gautzen hasi den tenorean Dolua dakarkiot ukitu eta mundua eman zidan janzkiari.
III
Honela mintzo naiz zutaz eta nitaz
Ezen maite zaitut eta amorean dakit Sartzen Ilargi Betea bezala Bazter orotatik, zure oin ttikiaren bila izara nasaietan Jasmina orriultzen ―eta badut indarrik Putz eta putz zu lokarturik lekutzeko Pasabide argitsuetara eta itsasoaren galeria gordeetara Zuhaitz hipnotizatuak eta amaraun gero eta zilarragoak
Olatuek aditua daukate Nola duzun laztantzen, nola musukatzen Nola xuxurlatzen «zer» eta «e» Badiaren lepoaren bueltan Argi-itzalak gu beti
Zeu beti izar ttikia eta neu beti barku ilunkara Zeu beti portua eta neu eskuineko argiontzia Moila hezea eta arraunen distira Goian, etxe aihenzuriz josian Arrosa lotuak, hozten utzitako ura Zeu beti harrizko estatua eta neu beti itzal gero eta luzeagoa Kontraleiho erdi itxia zeu, huraxe irekitzen duen haizea neu Ezen maite zaitut eta maite zaitut Zeu beti txanpona eta neu trukean hartutako adorazioa
Hainbeste gaua, hainbeste haizearen marmarra Hainbeste aireko ihintza, hainbeste isiltasuna Itsaso despotikoaren inguruan Zeruaren ganbera bere argizagi eta guzti Hainbeste zure arnasaren arina
Ez baitaukat besterik Lau pareta, sabai, zoru artean Zuri deiadar egiteko, eta neure bozak jotzen nau Zure usaina aditzeko, eta amorratzen dira gizakiak Ezen probatu gabeko hura eta beste inondik ekarria Eramanezinak zaizkie gizakiei eta goiz da, aditzen Goiz da oraindik mundu honetan, ene maitea
Zutaz eta nitaz mintza nadin.
MONOGRAMA |