LAGUN JANTZITA ETORRI ZIREN
Odisseas Elytis

euskaratzailea: Koldo Ruiz de Azua
Senez, 46, 2015
armiarma.eus, 2021

 

Etorri ziren
“lagun” jantzita
milaka aldiz nire etsaiak
antzinako lurra zapalduz.
Eta lurra ez zitzaien inoiz orpoetan atxiki.

 

Ekarri zituzten Jakintsua, Arkitektoa eta Geometra,
letra eta zenbakietako Bibliak,
Men Egite eta Indar osoa
antzinako argiaz jabetuz.
Eta argia ez zitzaien inoiz teilatuetan atxiki.

Erle batek ere ez zion, trufaturik, jolas urrekarari ekin
eta mendebaleko haize batek ere ez zituen
amantala zuriak hauspotu.

Eraiki eta fundatu zituzten
gailurretan, haranetan, mendateetan,
dorre boteretsuak eta etxaldeak,
txalupak eta itsasontziak,
Legeak, ona eta komenigarria
agintzen dutenak,
antzinako neurrira doituz.

Eta neurria ez zitzaien
inoiz pentsamoldera atxiki.
Jainkoaren aztarna batek ere
ez zuen seinalerik utzi beren ariman:
lamina baten begirada batek ere
ez zien hitza eraman.

Heldu ziren “lagun jantzita”
milaka aldiz nire etsaiak
antzinako opariak eskainiz.
Eta beren opariak
burdina eta sua ziren, besterik ez.
Esku zabalduetan
armak eta burdina eta sua, besterik ez.

 

LAGUN JANTZITA ETORRI ZIREN
Odisseas Elytis

euskaratzailea: Koldo Ruiz de Azua
Senez, 46, 2015
armiarma.eus, 2021