BERE IZENA NABARRA
Gabriel Insausti

Bassarai, 2006
euskaratzailea: Jose Luis Padron
armiarma.eus, 2022

 

Kontakizuna

 

 

      Bere izena Nabarrak kontatzen duen istorioa gerra zibilak itsasoan izan zuen testuinguruan kokatu beharra dago. Errepublikar flotak Itsasartea eta Mediterraneoa menderatzen zituen matxinadaren garaian, baina nazional flota txikiaren nagusitasuna ia erabatekoa zen iparraldean. Nazionalek korazatua(España izenekoa, motela eta zaharra, baina zortzi kanoiduna,30'5 zm.takoak), gurutze-ontzia (Almirante Cervera), destruktore bat, bi torpedo-ontzi (haietako bat konpontzeke) eta kostazaina zituzten, denak Ferrolgo portuan, haiekin batera, lau mina-ontzi, eta Canarias eta Baleares gurutze ontziak eraikitzen amaitzeko gertu zeuden. Bestalde, errepublikanoek torpedo-ontzi bat eta sei destruktore zituzten noiz amaituko zain, baita bi arazo larri ere: aurrena, esperientzia falta eta ofizial batzuen susmopeko leialtasuna, kartzelatik atera izanagatik Errepublikaren alde jarriak, ordainetan edo*, bigarrena, ekintzak zuzentzeko erdigune falta, Cartagena-Mahonekoa baitzen errepublikar gudarostearen esku zegoen bakarra.

      Nazionalek bat-batean antolatu zuten ordena nolabait: Cervera ontzia konpondu, errebolta menderatu, Salvador Moreno buru jarri, berehalako errepresioa lortu Ferrolen eta modu autonomoan antolatzen hasi ziren, ez baitzegoen Estatu Nagusirik oraindik ere. Canarias ontziari dagokionean, gure istorioko protagonistetako bat, alegia, dena zen irrika eta ezinegona haren eraikuntza amaieraren zain, handia baitzen haien baliabideen eskasia, ez zuen tripulazioa osatzeko jende nahikorik, eta haien tokia Ferrolgo ofizialek hartu zuten, eta itsas-mutilek eta falangista boluntarioek ere bai. Abuztuaren hogeita bian bonba batek eztanda egin zuen ontziolan, eta handik sortutako berriak uretaratze data atzeratuko zen ustea zabaldu zuen errepublikanoengan, baina leherketak Baleares ontzia baino ez zuen jo. Ondorioz, 1936ko abuztuaren hamabian Cervera ontzia itsasoan zen, eta Canarias ontzia ere bai irailaren erdialdean, Itsasartera bidalia hasiera batean, zenbait ontzi hondoratu eta Almeriako petrolio gordelekuak bonbardatu zituela, oso arrakastatsua izan zitzaion egitekoan. Kanoiak eta tiro direkzioa konponduta portugaldar bateria bati esker (Vickers ingeles etxeak ezetza eman zuen), aurreikusitako 40 mm.tako antiaereoak falta zituen ordea, baita torpedoak jaurtitzeko hamabi tutuak ere, eta katapulta hegazkina ere bai. Hala eta guztiz ere, nazionalen nagusitasuna suposatzen zuen Kantaurin zuen autonomia handia zela eta, baita ere 34 korapiloko abiadura, eta20 3 zm.tako kanoiak ere bai, 20 Km.tako tiramenarekin haiek, ordea Cervantes eta Libertad gurutze-ontzi errepublikanoena 18 Km.takoa zen.

      Errepublikar gobernuak denbora gehiegi eman zuen Kantauri itsasoraino indar nahikoak bidali baino lehen. Malagan,1936ko uztailan jarritako ontzi guneak ez zion iparraldeari behar laguntza eskaintzen, inkomunikatuta jarraitzen baitzuen.Eta base posible bakarra, Bilbo, zain zegoen. Izan ere, eta nahiz eta Alemanaren eskutik nazionalentzako hornikuntza bideak iparraldean aukera izan, flotaren parte bat 1936ko udazkenean Kantauri itsasora bidali bazen, onartu ohi da ez zela arrazoi estrategikoengatik izan, baizik eta gune hartan ziren agintari leialen aldetik egin sokorruzko eskaria etengabeengatik: gertatutakoa gertatu orduko, Bidasoako muga galdua zen, jada Gipuzkoaren gehiengoa nazionalen esku, Pasaiako flotak atzera egin behar izan zuen Bilboraino, eta Mola jenerala Deba ibaiko ertzean zegoen. Gainera, egindako maniobrak ondorio oso txarrak ekarri zituen errepublikanoen asmoetara: Francok galera aprobetxatu eta bere tropak Afrikatik Espainiara ekarri zituen Itsasartean barrena, ondorioz, flotaren nagusia laster itzuliko zen Mediterraneora, eta Jose Luis Díez destruktorea, T-3 torpedo-ontzia eta C-2 eta C-5 itsaspekoak baino ez ziren han geratu. Zerrendatze horrek errepublikar egoeraren larria ez duela argitzen esatea komeni da: Jose'Luis Det ontzia ezagunagoa zen Pepe el del puerto izenez, eta Bilbotik mugitu ezinda zegoen, buruzagitzaren susmopeko leialtasuna zela eta*, T-3 ontziak, berriz, behar zen buruzagitza profesionala falta zuen, C-2 itsaspekoak, berriz, bi ordu baino ezin zituen ur azpian eman eta berandu baino lehen hondoratu zen, haren egoera akastuna zela eta, seguruenik, eta C-5 ontziko komandanteari kausa nazionala begiko zitzaion.

      Laburtuz, behar guztia lortzeko premiak eta Errepublikako Gobernuaren eskutik zetorren laguntza ez nahikoak berehalako erabakia hartzera bultzatu zuten Euskal Gobernua: urriaren30ean Euzkadi Sokorruzko Armada sortu zuen eta ur handitako hiru bakailao-ontzi konfiskatu, 101'6 mm.tako kanoiak jartzeko egokitua, eta gerora gehituko zitzaizkion unitate txikiekin osatua, modu apalean armatuak beti ere. Bakailao-ontzi haiek, Cecil Day Lewisen poeman protagonistak, Gipuzkoa (aurreko bere izena Mistral), Bizkaia (aurreko bere izena Euzkal-Herria), Araba (aurreko bere izena Hispania), Naharra (aurreko bere izena Vendaval), Galerna (urriaren 15ean harrapatua eta Pasaiaraino zuzendua, Aitzol barruan zekarrela) eta Tramontana ziren, azken hori bere egitekoarekin hasi orduko gauzaez bihurtua. Komandanteak Manuel Galdos Uzkanga, Alejo Bilbao, Beltran de Gebara, Enrique Moreno Plaza, Santiago Abasolo eta Francisco Elontegi ziren. Ekintzarik gogoangarriena 1937ko martxoan izan zuten.

 

Matxitxakoko bataila 

 

      Sokorruzko Armadak borrokatxo zenbait egin zituen1936ko azken hilabeteetan, baita ere 1937ko aurrenekoetan.Azaroaren 16an, Velasco ontziak borrokatzeko gauza ez zela utzi zuen Bizkaia, eta Gipuzkoa ontziaren suntsiketa garrantzitsua ekarri ere bai, abenduaren 20an Bizkaiak merkataritzako Pluto ontzia geldiarazten du, baina alde egiten utziko eskumeneko hiru itsas miliako mugatik kanpora egonagatik, hiru egun beranduago, germaniar merkataritza-ontzi berri bat harrapatzen du, Palos, eta Bilboraino gidatzen; abenduaren 28an Koenigsberg teutoi gurutze-ontzia Abran agertu eta Palos itzultzeko exijitzen du, baita ere hala gertatu zamaren zati bat atzeman eta berehala;urtarrilaren 1ean Koenigsberg berberak kanoiak Sotón ontzirantz zuzentzen ditu, Xixonetik Bilbora zihoala, baina tripulazioak hondartu egingo du Berriako hondartzan, ihes egin eta ur azalean jarriko dute berriz geroago, mareagorarekin batera.

      Gertakizun guzti horiek euskal bous-en ausart ospea alde guztietara zabaldu zuten, hizpide hartu dugun lanean nabari bezala, rapsodaren berotasunak kronistaren zehaztasuna gailentzeraino. Horregatik da ez gaituela alferrik ohartarazten Alberto Reig Tapiak (1999, 30) bertan egon ziren lekukoen ezin ukatuzko testigantzaz. Esaterako, Mauricio Oliveirak (Marinos de España en guerra. Cadiz: Ceron, 1938) Jose Luis Diez ontzia Matxitxakoko batailan parte hartzen jartzen du eta bousak «torpedo-ontzi» bihurtzen bere irudimeneko kontaeran, errepublikar aldeko arma gaitasuna puztuz horrela, nazional gerlarien heroismoa goraipatzeko asmo nabaria sumatzen zaiolarik; Sarriak (De arrantzales a gudaris del mar. Bilbo: Loroño,1978) irudi beilariak eskaintzen ditu, Nabarraren tiroarena bezalakoa, «ontzi etsaiaren baterietako bat desarmartzerainokoa» izan omen zena. Bestalde, Vicente Talonek (1988, 809-811) dokumentazio berria eta balio handikoa ematen digu:Canarias ontziko komandantearen informea, Day Lewisen kontaera gaingiroki berresten duena, hildakoen kopuruarekin bat baitator, baita ere Nabarra ontziko tripulazioaren adore eta trebetasunaren laudorioarekin, eta Jose Luis Díez ontziaren parte ez hartzerekin ere bai. Interesgarria da, hein berdinean, Francisco Valles Collantesen testigantza, peritu agronomoa, makinista ohia eta Canarias ontzian boluntarioa, zeinek han jazotako zehaztasunaz nahikoaz deskribatzen duen bere Esbozo de la gloriosa actuación de la Marina Nacional de España idatzian, eta Nabarra ontziko tripulazioaren kemena argi eta garbi onartzen: «Nik, espainola izanagatik/ zure etsaia behar duenaren/, diot lekuko izan naizela/ zuen kemenaren» (cfr. Etxezarraga 2003,19). Kontrako tokitik, Alejo Bilbaok, «Betarra» goitizenez, Bizkaiako komandante ohia, bere Apuntes de la guerra en el Mar Cantábrico lana idazten du Burgosko kartzelan, eta bertan egiten duen batailaren kontaera Day Lewisena indartzen du.

      Bataila horren atarikoak 1937ko martxoaren 3an hasten dira, Agirre lehendakariak Bilboko lau bous armatu Baionara joan eta Galdames ontzia, Euskal Gobernuko korreo-ontzia hain zuzen, lagundu dezatela agintzen duenean. Lau bous horiek Gipuzkoa, Bizkaia, Donostia eta Nabarra dira. Galdames garraiatu zamak,173 bidaiari, Belgikan landutako nikel txanpon hiru tona eta sekretu-peko posta- bizkaitar hiriburua ixten zuen blokeoa gainditu beharko zuen, han baitziren zeregin horretan España korazatua, Canarias, Velasco, Galerna eta egonlekua Pasaiako portuan zuten hainbat alemaniar urpeko ontzi. Aldi berean, Canarias ontziak, Itsasartetik Ferroleraino etorria otsailaren 27an, greziar merkataritza-ontzi baten kontrako talka egitean hartu zuen zartada konpontzera, Mediterraneorako bidea hartu zuen martxoaren 3an, itzultzeko agindua jaso zuenean: Mar Cantábrico merkataritza-ontziaren harrapaketan parte hartu beharra zuen, informazio zerbitzuek Baionatik irtendako Galdamesen berri eman zutenean, eta konboia suntsitzea agindu zitzaion.

      Egia zen, Galdames Baionatik irten, martxoaren 4ko arratsaldeko zortzietan irten zen, berrogeita hamar minutu geroago Gipuzkoa, Bizkaia (korreo-ontzitik ababor aldera jarriak), Nabarra eta Donostia (istribor aldera jarriak) ontziekin bat egiten zuen. Lainoa dela eta, Galdames istribor aldera okertzen da eta Nabarra eta Donostia ontziak iparralderantz aldentzera behartu, gainerako eskoltarekin harremana galtzeraino. Martxoaren4ko arratsaldeko ordu batetan, Canarias ontziak begiz jo zuen Gipuzkoa kostatik 10 itsas miliara, Bilborako bidean, eta tiro egin zion; hari erantzunez, bouak guretze-ontziko popako kanoia jo zuen, hildako bat eta zauritu bat eraginez. Jazarpena Punta Galeatik ikusi ahal izan zuten, eta handik ikusi zuten ere bai nola Canarias ontziak estoniar banderadun bapore-ontzi txiki bat lagun zekarren, Yorkbrook izenekoa hain zuzen*, kostaldeko baterien zigorra saihestearren, iparralderantz bira egin eta Bizkaia eta Gipuzkoa ontziekin topo egin zuen, laino-gunetik irten berriak horiek.

Bousak, 101 mm.tako lau kanoi zituztela guztira, gurutze-ontziaren kontra su egin, eta hark erantzun, bere kanoia kalibre handiagoekin. Orduan bertan agertzen dira Nabarra eta Donostia laino-gunetik, eta pixka bat geroago, Galdames. Berehala, Canarias ontziak tiro egin eta lau aldiz jotzen du, emakume bat eta lau haurren heriotza eraginez, zauritu asko ere bai.Kapitainak bandera zuria erakustea erabakitzen du, Canarias ontziak seinaleak bidaltzen dizkio estoniar ontziari, itxaron dezan, eta Galdames ontzirantz hurbilduko da abiadura biziz, Gipuzkoa eta Nabarra ontzien tiro egite banatuaren erditik, eta hark artilleria astunarekin erantzun. Lehenbizikoak hiru inpaktu jasotzen ditu. Bien bitartean, Bizkaia, egoerari etekina atera nahian, estoniar ontziari gerturatzen zaio eta jarrai diezaiola agintzen zeinuen bitartez; horrek ezetz ordea, baina Bizkaiak kanoia harengana zuzendu eta, azkenean, men egiten du. Biek Matxitxakoko itsas muturra igaroko dute, eta Bermeoko portuan sartzen dira.

Gipuzkoa eta Nabarra ontzien egoera larria da: suak hartuta dago bata, eta lau inpaktu jaso ditu besteak, nahiz eta erantzuten ahalegintzen diren. Arratsaldeko hirurak eta laurak bitartean, Gipuzkoak atzera egiten du suak munizio bilgunea mehatxatzen duelako, makinaria hondatua du ere bai, eta baita ere tripulazioaren hiru laurdenak galdu. Donostia txikia, 75 mm.tako bere kanoiekin, zer egin zain dirauen bitartean, Nabarra ontziak Galdamesen ihes egitea babesten jarraitzen du. Bere bi kanoiak erabiltzearren, bere hegala erakusten dio Canariasi, eta honek, berriz, zenbait inpaktu jaso ostean, zirkuluaren erdia marrazten duen moduko mugimendua egiten du Nabarra ontziaren jomugan, eta tarteka tiro egiten dio, bouaren bizkarrean sua piztu araziz. Aurretik jasoak zituen inpaktuek ez zioten bouari minik eragin apenas: makadura bat, zeharkako kolpea mastan eta antenan... Hala ere, metrailak hildako bat eragiten du eta inpaktu berri batek lemazainaren bizitzari amaiera ematen.Sagailoaz baliatuta, Naharrak gurutze-ontzia saihestea lortzen du ordu betez, tiroa makina gelan jasotzen duen arte, makinista guztien heriotza ekarriz.

      Bostetan, Nabarrako bote ontzia arraunean hurbiltzen zaio Donostiari, ihes doazela ematen duen maneran; baina atzera egin ordez, ur baldeak eta bendak eskatzen dituzte, eta euren buruak babes ditzatela aholkatu ere bai bestei, kapitainak baita onartu ere, hunkituta, Arcachonerako bidea hartuko duelarik.Borroka bi ordu gehiagoz luzatuko da. Nabarra ontziak ehun eta laurogeita hamar inpaktu jasoko ditu, eta brankako kanoia ez gauza dela geratzen denean, buelta eman eta popan duena erabiliko du, hondoratu egingo den arte, azkenik; bizirik irtendakoek ihes egiten dute bote ontzietan eta, nekeak jota, granadekin Canarias ontziko txalupatik babesten saiatzen dira eta, azkenean, preso hartuko ditu. Galdames harrapatu eta Pasaiaraino gidatzen dute. Nabarra ontziko kapitaina hil da, bere ofizial guztiak ere bai, bat ezik; hogei gizon baino ez -hamalau, hainbat testigantzen arabera-, herio zigorrera zigortuak. Hala ere, Salvador Moreno eta Manuel Calderonen bitartekotzari esker, Canariasko kapitaina eta tiro zuzendaria hurrenez hurren, indultua jasoko dute azaroaren 30ean.

 

Literatur gerra

 

      Nabarra ontziko gertaera gerra zibilak izan zituen kapituluetan gogoratuenetakoa da Euskadin. La estela de los ahogados, Edorta Jimenezena, El último árbol de Guernica, Castresanarena, edota La batalla de Matxitxako, Fernando Mariasena, nobela hiru horietan islatua izan da; Inazio Mujikaren «Matxitxako, cuestión de seis cigarrillos» bezalako narrazio laburretan ere bai;baita ere lehen aipatu kronika eta testigantza pertsonaletan.Hala ere, eta bitxia bada ere, Nabarrako kondairaren zabaltzeari lagundu zion narratzailea ez da euskalduna, baizik eta britainiar poeta: Cecil Day Lewis (1904-1972), 270 bertsodun poemaren egilea, eta 1937ko martxoan bizkaitar kostaldearen parean gertatua jasoko duena.

      Gerra gertaeraren eta hizpide hartu dugun Cecil Day Lewisen poemaren artean ematen den denbora tartea nabarmena da.Badira, hura zeharkatzeko, aurretik gogoratu beharreko xehetasun batzuk. Lehenik, poeta hartzen duen belaunaldia -30. urteetako idazleak edo «Audenen taldea» gisa ezagunagoa- politika kezkak hasiera hasieratik markatu zuela kontuan hartu beharra dago. 1926ko grebak hainbaten kontzientziak piztu zituen, beste batzuk haserre arazi ere bai*, baina esan daiteke, orokorrean, Isherwood, MacNeice, Spender, Auden eta Day Lewis, Joyce, Pound eta Elioten modernismotik aparte zeudela, baita ere Gascoyne eta Dylan Thomasen surrealismotik. Hamarkadako politika tentsioaren gorakadak, kontinentearen osora zabaldua, idazlanaren kontzepzio «autotelikorako» leku gutxi uzten zuen, eta gehiago egiten zuen errealismorako deia, non hitzak erreferentzi funtzioa argia eta garbia bete beharra zuen: gaurkotasunaren aginduak marxista estetikatik oso gertu jartzen zituen poetak, eta kronika eta salaketa erako tonua aholkatzen zuen ere bai*.

      Horrela, gertaeren premiak konpromiso exijentzia eskatzen zuen, baita familia onen unibertsitateko jauntxoen aldetik ere, Marx gutxi irakurritakoak eta, noski, fresatzeko makina bakar batere ez ikusi gabekoak bizitza guztian. Spenderrek logika hori garatu zuen «The Left Wing Orthodoxy» artikuluan, 1938anidatzia: britainiar idazleak arazo larri bi ikusten zituen, batetik, bere lankide alemanak eta italiarrak ostrazismoak eta kartzelak hartuko zituztela eta, bestetik, bere lagun espainiarrak «fusilatuak izango dira Francok garaipena lortu eta berehala». Laburtuz, faxismoaren aurrera egiteak britainiar idazleek babesten zuten liberal kultura arriskuan jartzen zuen, eta euren lerroak biltzea behartzen zituen kontrako muturrean, kontrajarritasun lege hutsa izan ere. Gainerakoa —Gidek bere Retour de l'URSS lanean abisua eman zuelarik ere— epelkeria eta desertzioa baino ez.

      Espainiako Gerra Zibila aipatu jarrera eta konpromiso horien froga lekua izan zen hain zuzen ere, errealitate historikoaren babesa jasotzera deitua zegoen erretorika iraultzaile guzti haren ekintzarako laborategia. «Une honetan —adierazi zuen Orwellek— ez naiz hori ez beste ezertaz idazteko gauza». Berrogei urte beranduago, Spenderrek (1978, 16) gogoratzen zuen oraindik ere «Espainiako Gerra Zibila izan zela faxismoaren kontrako ezker alderdien batasun agerraldi gehien ekarri zuena». Are gehiago, baita ere esan daiteke gerrak bere baitan zekarrela belaunaldiko poetek hamarkadaren hasieratik bertatik lantzen aritu ziren asmo belikoaren kutxa parez pare zabaltzeko aukera: Day Lewisek, bere From Feathers to Iron (1931) lanean giza gatazka «estrategia», «ofentsiba», eta abar, bezalako terminoak erabiliz aztertzen zuenak, metafora guzti haiek literal egiteko abagunea oihuka eskatzen ari zela zirudien.

      Azken horren kasuan, zeinen 30. urteetako bere poesiak —berak propio «nire garaia politikotzat» jotzen zuena— garaian garaiko lekuko bihurtzea zuen helburua, Bigarren Mundu Gerraren atarikoa gisa azaltzen da Espainiako Gerra: aurreikuspen beltza, eta txepelkeriak egiten du gizakia irakurtzeko ezgauza, akatsa izugarri nabarmena, eta gizakia behin eta berriz errepikatzera kondenatua. Ezin ahaztu daiteke Bere izena Nabarra poetaren libururik hoberenen artean dagoela —Overtures to Death (Londres: Jonathan Cape, 1938)— eta hura osatzen duten poemetatik asko piztu berri zen Espainiako Gerra Zibiletik sortu ziren. Bertan «The Volunteer» moduko adierazpen bihotzberoak aurki ditzakegu, non boluntario batek Ingalaterrak olibondoen artean borondatez borrokan ari direnen heroismoa gogora dezala eskatzen duen; baina «Newsreel» gisako desengainu adierazpenak ere bai, non gerraren krudela aberatsen aisialdirako ikuskizuna baino ez den, albistegiari begira zinematokian. Azken bertsoek profeziaren oihartzuna dute: «Fire-bud, smoke blossom, iron seed projected/ Are these exotic? They will grow nearer home»*. Urruti zirudien gerra hark berandu baino lehen joko zuen britainiar biztanleria lokartua.

      Hala ere, idazle britainiarrek Gerra Zibilarekin izan zuten harremana ezberdina izan zen*. Gatazkarengan bidaia exotikoa egiteko edota emozio pixka bat bizitzeko aukera ikusi zuten bisitariak egon-egon ziren, Auden, MacNeice, Sylvia Townsend, David Gascoyne bezala, besteak beste. Kausaren martiriak ere izan ziren, John Cornford eta Julian Bell antzekoak, askatasunaren alde atzerritar gerran borrokatzeagatik hildako poeta gaztearen irudia mitikoak bildutakoak, Byron eta Rupert Brooke antzera. Izan ziren sutsuak ere bai, Ralph Bates bezalakoak, baita ere desilusioak jotakoak, George Orwell haien artean. Izan, maitaleak izan ziren ere bai frontean galdutako amodioa galduaren bila, Stephen Spender gisakoak. Eta baita ere konprometitutako poetak, Day Lewis kasu. Idazle horien gehiengoak gerrako beren esperientzia literatur espresioarengan islatu zuen, izan nobela, kazetari artikulua edota poema lirikoa. Day Lewis salbuespena da, arrazoia birengatik: batetik, ez zuen islatzeko nahikoa zen esperientzia batere, fusilen deiari ezezkoa eman zion gutxiengoen artean baitzegoen; eta bestetik, bere ikuspegia jasoko zuen bertso moldea poema epikoa izan zen. Nondik dator bada Nabarra ontziko istorioa? Nola iritsi zen haren idazgelaraino?

 

Gernikako arbola 

 

      Erantzuna George Steerren El árbol de Guernica nobelan dago. George Lowther Steer, britainiarra Hegoafrikan jaioa,1909an, sendi kristau eta liberaleko semea, gerra korrespontsala zen eta Etiopiako gatazkaren berri ematen aritu zen Times egunkarirako, 1935ean, Evelyn Waughekin elkar lehian aritu ere, azken horrek Letters from Abyssiniarentzat lanean ziharduela gatazka bereko berri emaile gisa. Kazetari ausarta eta konprometitua, bere lanbidearen historiak 1937ko apirilaren 28an egin zuen kronikari esker nabarmendu zuen, bertan Gernikaren kontra bonbardaketan aritu ziren hegazkinak alemanak zirela esan baitzuen lau haizetara, aliatuen ezin egona piztuz. Baina gerrak garratzagoak ere ekarriko zizkion: emaztea hil zitzaion haurdun zela 1937ko urtarrilean, Steer (sendiak jakinaren gainean jarria) Baionako bidean zela, minaketari bateko bidaiakide, argiak itzalita blokeoa gainditu nahi bazuten. Paun jaioa, aita espainiarra eta ama ingelesa zituela, Margarita Steer baltsamatu egin zuten eta Biarritzen lurperatu, martxoan, haren alarguna Euskadiko gerrara itzuli aurretik. Gerra horren ostean, errusiar-finlandiar gerraren berri eman zuen, eta kazetaritza lanak 1940an utziko zituen, bizitza kenduko zion borroka luzean Alemaniaren kontra gudari aritzeko, 1944an*.

      Atzera, 1936ko udaran, Steerrek denboraldi labur bat eman zuen gune nazionalean, kanporatu zuten arte, litekeena da Caesar in Ahyssinia bere saiakeraren erruz, bertan italiarrek Afrikan izan zuten parte hartzearen kontra adierazten baitzen. Steer gerraren lekukoa izan zen Euskadin, lau egonaldi ezberdinetan zehar: 1936ko abuztuak eta irailak bitartean mugan izan zen;1937ko urtarrilean, Bilbon; apirila, maiatza eta ekainean, Molaren erasoan; eta abuztuan, Santoñako kapitulazioan. Guztietan nahi bezala ibili ahal izan zen, eta bazuen fronteko edozein puntutaraino joateko aukera, ez eragozpenik ez bizkartzainik gabe, lekuko pribilegiatua bihurtu zuena. Bere liburuak Euskadiko gerra narratzen du 36 kapitulutan barrena, eta haietatik XI.ak, detailez oso aberatsa, Matxitxakoko bataila. Laburtuz, Steerrek zuen Day Lewisi falta zitzaion gerrako esperientzia guzti-guztia.

      Ez da zaila Steerren libururaino garamatzaten aztarnak aurkitzen Nabarra liburuan. Esaterako, ontzien izenak (b. 291), beren pisua (b. 61), beren kanoien kalibrea (b. 63), eta toponimiako xehetasun guztiak (Baiona, Bilbo, Bermeo, Nerbioi, Matxitxako, Area) eta borrokaren kronologia (b. 190). Baita ere zeharkako zenbait aipamen, euskal iberiartasuna (b. 22), «ibarzahar lasaien» paisaia (b. 35) eta emakumeen alarma deia merkatura edota elizara bidean (b. 84-85), Steerren testutik hartuak daude zuzen zuzenean. Esan dezakegu, beraz, Day Lewisek El árbol de Guernica liburuko gidoiari leialtasun handiz jarraitzen diola, asmo politikodun aldaketa esanguratsu pare batean izan ezik, aurrerago ikusiko dugun bezala. Beste aldaketa batzuk arrazoia estetikoaren eskutik datoz: Nabarrako gudarien erretratu fisikorako, Day Lewisek txapela jantzita deskribatzen ditu (b.164), eta hori euskaldunaren ikonografia topikoan guztiz sinesgarria den zerbait da, baina gero konboiko kapitainak deskribatzen ditu «belarritako bana jantzita», beren ausardia eta bukanero nobeletako irudia bat egin nahi duen birkreazio bitxian.

      Euskal gudarien giza eraren erretratua baino interesgarriagoa da beren erretratu morala. Day Lewisek bizitza umileko gizonak lez aurkezten ditu (b. 18), handinahikeriarik gabekoak(b. 23), inolako «goraipamen mitikorik» nahi ez dutenak (256), eta heroiak izan nahi ere ez (b. 18). Zeintzuk dira beren izaera definitzen duten ezaugarriak? Zein da haien izateko moduan nagusia den grina? Ausardia handia (b. 20) eta askatasunarekiko maitasun neurgaitza, batez ere beren legeak eta beren independentzia maite dituztelako (b. 24) eta jakin badakite askatasuna hitz soil-soila baino gehiago dela (b. 1, 135, 199, 261), testuaren leloetako bat esaldi esanguratsuan.

      Poemaren aipuak —Nahi izan zuten nahiago, hain ziren izan kemeneko, hil amore eman baino— erretratu morala horren ezaugarri biak laburbiltzen ditu eta klabe oso adierazgarriak eskaintzen. Euskaldunen eta ingelesen artean 1350ean gertatu itsas borrokari dagokion esaldia da eta Walsingham ingeles historialariaren eskutik dator. Day Lewisek Steerren liburutik jasotzen du: Matxitxakoko batailari eskaini kapitulua ixten duten hitzak dira zehatz-mehatz. Bitxiena da, Juan Pardo San Gilek berretsi duen bezala (1998, 95), esaldiak poemak kontatu gertaerekin bat datorrela erabat: borrokaren hartu emana behin hasia zegoela, eta Canarias ontziak bere artilleria guztia lanean jarri baino lehen, Nabarrako komandanteak bere ofizial guztiak bildu eta amore ematea baino ontzia hondoratzea nahiago zuela jakinarazi zien. Gerora gertatuko ziren gertaerek haren emandako hitza berretsi zuten egia-egiatan.

Laburtuz, Volkgeist autoktonoaren berehalako ahotsetik urruti, Bere izena Nabarrak atzerritarraren begirada suposatzen du bitartekotza serie batean barrena: Day Lewisen poemak eta euskaldunaren irudiaren birkreazioak historiko-legendazko bertsio zaharrean hartzen dute oinarria (Walsingham), gaur egungo kronista batek berreskuratua, osatua eta jendarteratua (Steer), eta azken horrek, berriz, ahozko tradizioa, literatur foruzalea eta Arteta, Zubiaurre edota Arrue bezalako pintoreen euskal ikonografia hartzen ditu oinarri: euskaldun menderaezina, eten ezinezko borondateduna, Naturarekiko eguneroko borrokan hazia, arrantzalearen bertsio heroiko modukoa. Steer Euskadira iristen den unean ikonografia hori guztiz hedatua zegoen eta nazionalista ideologiaren nortasun eraikuntzarako zutabeetako bat zen. Eta harrigarria da kontaeran idazleak Euskadiko kausarekin (bigarren zatian pluralezko lehengo pertsonan erabiliko duen arteraino: «gu», «gurea») eta nazionalista ideologiarekin berarekin norainoko gogoz bat egiten duen. Hori egiaztatzeko liburuko lehenbiziko orrialdea irakurtzea nahiko da, printzipio aitortza benetakoa:

            «Euskalduna, liburu honek haien kontrako sarraskia hartzen du hizpide, herri erlijiotsua da, bikain edarizalea eta isekaren etsaia, Bizkaiko golkoko hego ekialdeko mendietan bizi dena. Itsas gizon apartak dira, Kantauri itsasoan igerian eta arrantzan ari dira zorabiatu gabe sekula (...)

            »Gutxi dira euskaldunaren pazientziak onartzen ez dituen gauzak, haietatik bat hura espainiartzat jotzea da. Harentzat, iberiarra terminoa jasankorragoa da; antzinatasun horren ideia nolabait azaltzeko joera du, euskaldunak iturburu duen Penintsularen aurreneko egunsenti harena (...).Hotza da giroa, harkaitzek inguratzen dute, glaziarrek marratutako haranez gainezka, urrutikoa, aurre mediterraneoa, harrien artean, Europa mendebaldeko gainerako herriak ez bezala, euskaldunak ez du sekula garai feudalik pairatu: berea izan da bere lurra beti eta ez du behartsu gizatalderik izan inoiz ez. Erabateko demokraziaren jabe izanda beti, harentzat klasearteko borroka ideiak, kapitalismo edota proletalgo basati baten ideiak ez dute zentzurik (...).Euskaldunak bere lurraren barne baitan ditu bere sustraiak, horregatik mintzo dira hari buruz beren abizenak, Mendiaraz, Epelaran, Sagarna, Aranondo, Arrieta edota Ibarguren.Bere hizkuntza eta bere herria, klasistak ez diren bere lege demokratikoen antzera, mendi lainotsuren batean sortuak dira, gure zientzi berrien jauzien begietara ezezagunak(...)' Euskalduna giza taldeen askatasunaren aldekoa da, kidetasunaren eta leialtasunaren aldekoa; gerrako zorietan gizaldekoak eta muturrekoa edota bortitza den edozein doktrinaren kontrakoa» (Steer 1978, 9-10).

      Pasarte horrek, banan-banan birsortzen ditu literatur foruzaleen topiko guzti-guztiak: euskaldun fededunaren elizkoitasuna, juramentuekiko laztura, itsasoan trebetasuna, euskal iberiartasuna, lur gogorraren kontra egin borrokatik ateratako bikaintasun morala, nekazaritza idilikoa eta giza konkordia, tubalismoaren edenismo linguistikoa eta, batez ere, askatasunarekiko grina. Berehalako esperientzia batetik urruti eta tabula rasa oinarri harturik, Steerren ideia Arana, Domingo Agirre, Garibai, Trueba, Fernán Caballero eta Chaoren eskutik jasotako iruditegi guztiaren proiekzioa suposatzen du. Horrela, britainiar nobelagileak hasieratik bertatik argi eta garbi adierazten du nazionalista tesiekiko bere atxikimendua eta hortik jaioa den gerraren interpretazioa:ez da klasearteko borroka kontua, ezta erlijiosoa ere, baizik eta bi proiektu nazionalen arteko lehia, eta haren identitate-iturburua bistako esentzialismoz definitzen du. «Euskaldunak langileak dira —esango du nobelaren hitzaurrean— eta espainiarrak nagiak». Era horretako adierazpenek Orwellen kritika gogoa pizten zuten, eta liburuaren harira esango du: «Steer jaunak guztiz euskaldun zalea den ikuspuntutik idazten du, eta argi eta garbi nabari zaio oso ingelesa den ezaugarria, alegia arraza bat goraipatzeko beste bat behar duela kondenatu. Euskal zalea izan badenez, espainolen kontrakoa izatea beharrezkotzat jotzen du».

      Nire iritziz, Steerren joerak Day Lewisen poeman dagoen zera bikaina eta ezohikoa esplikatzen du. Esteban Pujalsek(1989, 20) gogoratu bezala, kontuan hartu behar da britainiar gazte iraultzaileek ez zutela beren herrian iraultzarako gune pizgarririk, Erresuma Batua zenbait hamarkada atzeragotik ongi antolatutako herria baitzen, gobernu sendokoa eta administrazio osasuntsukoa, eta aldaketak pitinkako moduan ematen ziren hala beharrez. Horrela, Day Lewisen belaunaldiarentzat, Espainiako Gerra mito iraultzailea gauzatzeko aukera gisa azaltzen zen edota, Niall Binnsek (2004, 13) definitu bezala, «utopiaren aldeko bere borrokaren haragitzea»*: Espainiako Gerra Zibila ez zen soil-soilik espainola izan, harengan faxismoaren kontinente osoan barrena aurrera egitea gelditzeko aukera ikusi baitzen, baita ere ideal «unibertsalagoen, Justizia, Iraultza, Berdintasuna bezalako goi asmoen» alde borroka egitekoa.

Hori bai, irakurleak Bere izena Nabarra lanean aurkituko duena irakurketa topikoki marxistaren oso bestelakoa da: ez etorkizunerako itxaropenezko zeruertz argitsua, baizik eta iragan lainotsuan hondoratzen diren sustraien berrespena; ez ideal unibertsal horien gora-jotzea, baizik eta bertakoagoak eta etxekoagoak diren baloreen apelazioa; ez borroka sozialaren episodio bat, baizik eta gatazka etnikoarena, ez Utopia mitoa, baizik eta Arkadiako irudia.

      Horrela, iraultza edozein ideiarekin zerikusirik ez dutela, Nabarrako gizonek arbasoen garaitik eskuratu askatasunaren alde egiten dute borroka, beren lur, sendi eta etxearengatik, «komunitate organikoaren» nozio inplizitu batean, Steerrengan ematen den euskaldunaren irudi mitikoaren birkreaziotik datorrena, dudarik gabe*. Ortodoxia marxistaren «abstrakzio» ideologiko eta alegoriazkotik urruti —Spain bezalako poemetan irakur gai, Audenena—, Day Lewisen kontaketan duda ezinezko zehaztasuna dago, eta kronikaren egiatasuna eta giza gorputzaren detaile horiek guztiak harekin batera, lehen aipatu dugun bezala. Ondorioz, estilo literarioak ontzat ematen du aurreneko bertsoetako baieztapena: askatasuna hilkorra da, harengandik bizitza ematen duten gizonen hala berean.

 

Epikarako arrazoiak 

 

      Heterodoxia horren ezohikotasuna kontuan hartu beharra dago: Cecil Day Lewis, bere belaunaldiko idazleetatik marxista doktrinari argien atxikia zegoen idazlea zen. Ikuspuntu soil-soilik ideologikotik, tradizio foruzalearen apologia, pribilegioei eusteko lagun ona, ez zuen berdintasunaren aldeko gizartearekin bat egiten, eta berezitasunaren azpimarratzearekin ere ez, gutxiengo baten nazionalismoaren ezaugarria hura, eta komunismoaren funtsean dagoen unibertsaltasun gogoa. Gainera, propaganda estrategiaren ikuspuntutik, poema argitaratu zeneko urteak inkongruentzia are deigarriagoa azpimarratzen zuela zirudien: El árbol de Guernica lanaren barne baitan dagoen nazionalista tesien onarpenak komunista oinarrietatik eta, oro har, ezker alderdietatik oso urruti dagoen konklusiora behartzen zuen Day Lewis: gatazka etniko soil-soila baldin bazen, eta ez faxismoaren kontrako borroka, Santoñako kapitulazioa eta gerraren uzteak justifikatuak geratzen ziren erabat. Euskal Gudarostearen amore emateak ez zuen desertzioa suposatzen, baizik eta gertaeren amaiera naturala: bere gerra galdua zen, bere aberria hartuta.

      Heterodoxia horren harrigarriena da Day Lewisek testua John Lehmanni, irakur zezan, behin eskuratu zionean, Alderdi Komunistako burukideetako bat berau, Alderdiaren oinarri ofizialari jarraitzen ziola esan zuela duda izpirik gabe. Esan gabe doa, oinarri horrek faxismoaren kontra lerroak ixtea behartzen zuela eta, ondorioz, Serge Salaün (1985, 241) poetak «epikaren arau-emate infantila» bezala definitu duen horretara: zorroztasun aise hauskorra, kontaketa errealitate historikoarekin egiaztatu egingo bazen, baina bai estetikoki bai politikoki justifikatuta. Hori bai, eta Day Lewisek aukeratu bertsio etniko zalearekin bat etorriz, bere poemak epika tradizionalaren ezaugarriak hartzen ditu gehiago ideologia marxistarekin etorri berrikuntzak baino: poetak bere burua bardotzat jartzen du, heroi anonimoei zor zaien zilegizko ordaina ematera doana (b. 199-200); etsaiaren indarren deskripzio hiperbolikoa egiten du, heroismoa zuzenki proportzionala baita arma edota gizon kopurua ahalik eta gutxiagoa izatearekin (b. 62), eta etsaia azpikaria eta larderiatzailea gisa karakterizatu zuen, Galdames babesgabeari tiro egin ziolako eta zibilen heriotza eragin ere bai (b. 91-100).Horrela, arrazoia moralak armen baliabide guztiak erabiltzea justifikatuko luke.

Kontaketaren heroismoa eta bere izaera epikoa areagotzen duten beste hainbat osagai gogoratzea ere merezi du: borrokaren hartu emana ez da bakarrik ezberdina, baizik eta Jose Luis Díezek egin traizioarekin alderatuta bestelakoa den leialtasun ekintza; baita ere kemen eta trebetasun demostrazioa, Bizkaiak egoerari etekina ateratzen baitio Yorkbrook bereganatuz. Bestalde, ezin ahaztu daiteke Bere izena Nabarra istorioa porrota baten istorioa dela: ontzia hondoratu egiten da eta misioak kale egiten du, Galdamesa nazionalen esku geratzen baita. Gainera, poema aurkezten duen aipuaren patuak amaiera nolakoa izango den iragartzen du, eta 5, 19, 71 eta 250-251 bertsoek ere bai:gudari adoretsuek borrokari ekiten diote hilko direla jakin badakitela, jakin badakite ezin uko egin diezaioketela historiarekin hartu konpromiso horri, eta egun hark zekarren egia bakarra herioaren gertutasuna zela. Laburtuz, alferrikako keinu goi mailakoa da, posible ez den heroismoa —Steerrek esan bezala—, gerraren nondik norakoa aldatuko ez duena. Fatum baten halabeharrezko konplitzea.

      «Alferrikako historiko» horrek eta determinismo horrek Bere izena Nabarrako heterodoxia baieztatzen dute ikuspuntu marxistatik. Hala ere, Day Lewisen poeman bada bere militantzia komunistarekin eta bere estetika konpromisarioarekin bat datorren ezaugarria: talde protagonista, ontziek beraiek pertsonaien izaera hartzen dutenean bikain lortua hor. Prosopopeia etengabearen bitartez, kontaerak Bizkaia Yorkbrook ontziaren atzean jartzen da «Canariasen begietatik» ezkutatzeko eta, boua hondoratzen denean, Nabarraren «mingaina mutu geratzen». Behin ere ez da ofizial edota soldadu bakar baten izenik aipatzen. Kontaketa guztian zehar, ontziak dira ikusten, pentsatzen, sentitzen, hitz egiten eta ekintzari ekiten diotenak (salbamendu-txaluparen pasartean izan ezik, logikoa den bezala). Haiek haragitzen dute giza banakoaren borondate baterakoia, errusiar iraultzaren epikak hamar urte lehenago irudikatua zuen izaera korporatibo bera, Eisensteinen filmografian hain zuzen: kaleko jendetza, bai, baina Potemkin korazatuaren irudi boteretsua ere bai*.

      Behin testuaren iturri epikoa onartu ostean, eta bere helburu propaganda-politikoa ere bai, badaukagu honako galderak egitea: zein da zehazki bere asmoa? Nola esplikatu bere ustezko heterodoxia marxista erako inspirazioa duen propaganda moduaren barne baitan? Lehengo bertsoak —Askatasuna ez da hitz hutsa errepikatuz eta errepikatuz leloa bihurtzen den arte— klabe bat eskaintzen digu: Bere izena Nabarra Erresuma Batuak mendebaldeko demokraziek hitzartu parte ez hartzeko hitzarmena sinatzen duen garaian idatzia dago. Poemaren arkitektura ziklikoa argigarria da: lehenengo ahapaldiko konkretua, benetakoa eta heroikoa den askatasun horri euskaldunen deiak azken aurreko politikoen erretorika abstraktua, keinuzkoa eta hutsa den askatasunarekin kontrastatzen du. Ondorioz, Lehmannek Bere izena Nabarra onar zezakeen Alderdiko norabide ofizialaren barruan, baldin eta parte ez hartzeko hitzarmena zalantzen jartzen zuelako. Euskaldunaren arketipo foruzalearen baliabidea, bere askatasunaren defendatzaile sutsua, salaketa bikoitza horren haragitze estetikoa gisara geratuko

litzateke justifikatua horrela: Madrildik etorri beharreko laguntzaren berandutzearen kontra (b. 132) eta beren bulegoetako mahaien atzealdean gordetako britainiar politikoen inhibizioaren kontra (b. 262)*, gudariaren ekintzak historiarekin konpromisoa adieraziko luke. Tradizio foruzalea oinarri zuten askatasun guzti haien defentsak —19. bertsoak sugeri bezala— faxismoaren kontrako jarrera xaloenenganako kontrasterik gogotsuena haragituko luke.

      Propaganda-izaera ortodoxo hori Day Lewisek Steerren kontaketan sartzen dituen aldaketa bik azpimarratzen dute: poemak artillero almenak jartzen ditu Canarias ontzitik tiro egiten, eta ez du Nabarra ontzitik bizirik irten zirenen indultua aipatzen. Bietan, gezur historikoak Salaünen «haur-arautegi» horretara garamatza, baita ere propaganda aparatuaren manikeismora, eta britainiar biztanleria bere Gobernuak babestu doktrinarengatik zigortzeko beharra: batetik, esan nahi zaigu —herri demokratikoen guztiz kontra— «Eje»ko potentziek alderdi nazionalarekin konprometitzeko dudarik ez dutela; bestetik, ez da aipatu ere egiten gatazkaren edota bando frankistaren gizatiartzeko aukera bakar bat ere ez. Bietan, premia dagoelako mezua areagotzen da, alderdi errepublikanoaren laguntza eskaera.

      Horrela, Bere izena Nabarra militantzia politikoaren lehenengo fasearen barruan dago oraindik ere, eta mundua aldatzeko gauza den hitzaren ahalbidearekin sinesten duen nolabaiteko fedea irauten du bere barne baitan: Word Over All (1943) tituluak sugeri duen inuzentekeria hori, Poems for Spain bezalako egitasmoek faxismoa geldi arazi zezaketela pentsatzera eraman zituen —Spenderrek urte batzuk geroago aitortu bezala— argi dirdira hori bera. Esan gabe doa idazlanaren kontzepzio zuritzailea edo subsidiario hori ez zela 30. urteetako gazteen entusiasmotik eta gerrako zirkunstantzia oso berezietatik areago iritsi. Adibidez, poemako 259-260 bertsoetan, egileak «hilkor» deklaratzen ditu bere kantu epikoaren hitzak eta gogoratzen duten gertaera, baina mundu berri baten lehen alea direla baieztatzen du, non «askatasuna gizakia sortuko duen hitza izanen da»: lengoaia neotestamentarioa eta utopista, idazlanarekiko fedeari baliozko lan tresna gisa eusten diona eta britainiar poetek Espainian «hizkuntza eskatologikoa» erabili zutelako Valentine Cunninghamen (1988, 422) tesia berresten. Ordea «Where are the War Poets?» lanean, lau urte beranduago baino ez idatzia, etsipenaren aurpegia nabaritzen da. Poetaren betekizuna han «txarra okerrenaren kontra defendatzea» izango da soil soilik, etsaiaren kontra lerroak ixteko behar nekagarrian, eta poetaren hitzaren ustelkeria onartu, jada askatasuna kantatzera bultzatzen dieten haien eskuetan:

 

They who in folly or mere greed

Enslaved religion, markets, laws,

Borrow our language now and bid

Us to speak in freedom's cause.

 

It is the logic of our times,

No sbject for immortal verse-

That we who lived by honest dreams

Defend the bad against the worse (1992, 335).

 

      Ez da kasualitatea Day Lewis, Mundu Gerra iraun bitartean, Informazio Ministerioko Publikazio Zerbitzuan lanean ibili izana: irakurleak «Where Are the War Poets?» idazlanean sumatu dezakeena politikaren zirrikituak eta zitalkeriak utzitako desengainua da, soldaduek beren bizitza frontean ematen ari ziren unean bertan gainera. Day Lewisengan errealismo sozialaren bere militantziatik aurki daitekeen azpimarragarriena «The Escapist» bezalako poemetan agertu salaketa da, zer gertatu baino lehen, poeta «jada idaztera eseri da», bizitza gainetik artearen nagusitasunaren gai sinbolistaren karikatura modukoan. Hala eta guztiz ere, uler daitezke poema horiek bere buruaren kontra jarritako zigorra bezala ere bai: bere Selected Poems lanaren hitzaurrean poetak adierazi bezala, «nire politika garaian idatzi nituen poemetako askok, egia esatera, maitasuna eta heriotza zuten hizpide» (1951, 10). Day Lewisek sarritan aipatu zuen Stephen Spenderren ideiekiko bere kidetasuna, saiakera anitzetan adieraziak, hala nola, The Creative Element edota The 30's and After saiakeratan, besteak beste: batetik, engagement doktrinak idazlea propagandista huts bihurtzen duen indar hertsatzailea suposatzen du; bestetik, idazlearen beraren jarrera isilpeko indibidualista batena baino ez da, izan ere «poesia giza egiteko guztien artean iraultzailetik gutxien duena baita» (Spender 1978, 32). Laburtuz, arazoa ez zen mundua gaizkiaren indarrengandik salbu jartzea bereziki, baizik eta poesia arinkeriagandik salbatzea.

      Cecil Day Lewisek konpromisoari buruzko bere ideiak Poetry for You eta Revolution in Writing saiakera bietan argitu zituen: poesia konprometitua «asmo poetikoaren bat, bestelako bat ere duena» litzateke, paperetik kanpora salto egiteko bokazio etikoa, irakurlearen munduan eragiteko. Baina aipatu hitzaurrean da, dudarik gabe, Day Lewisek bere eboluzio estetikoaren eta ideologikoaren berri ematera eta bere poesia konprometitua birbalioztatzera bere burua behartzen duela. Gogoratu behar da 30.urteetako militante amorratu hura Oxfordeko poeta saritua zela ere bai, 1951n, eta bizirik zeuden poeten artean bere antologia Penguin bilduman kaleratzen zuen lehena. Hau da, ospearen eta ofizialtasunaren gaindia da hori: bihurriaren keinuak atzera utzi zituen, eta poetak lotsa izpirik gabe onartzen zuen kritikari asko1945az geroztiko bere poesia «okerrera egindakotzat», «modu tradizionalei atxikia» eta «antisozialtzat» jotzen zuela, hogeita hamarreko hamarkadan gertatukoaren guztiz kontrako modukoan. Zer zen iraganean idatzi guzti hartaz geratzen zena? Dena delakoa izanda ere, estetikoki baliozkoa izango zena beti. «Poesia modernoa —Selected Poems (1951, 9) laneko hitzaurrean esaten zuen— edozein poema da, iaz edota orain bost urte idatzitakoa, guretzat zerbait esan nahi duena oraindik ere».

 

Bere izena Nabarrako lengoaia

 

      Irizpide horri jarraituz, zer da Bere izena Nabarran bizirik dirauena? Zer esan diezaguke gaur egun? Zer nolakoak dira irakurlearengan piztu ditzakeen emozioak? Kontaketaren eraikuntza epikoak duen alde ideologikoa behin erabakita, errazagoa da Day Lewisen ekarpen soil-soilik estilistikoak ikusi ahal izatea. Harengan eragin gehien izan zuten poetak, hark aitortu bezala, Yeats, Wordsworth, Robert Frost, Virgilio, Valery, Auden eta Hardy ziren. Izen zerrenda horretako dualismo inplizitua bere poesian aurkitzen erreza da. Day Lewisek egin poesiaren aurreneko lanean, eta The Matfnetic Mountain (1933) lanaren ondorengoko parte txiki batean ere bai, tradizio erromantiko-sinbolistari eusten zaio, Wordsworth, Robert Frost eta Valery poeten lanarekin lotu daitekeena. 1933. eta 1945.urteen bitartean egin poesian, lirikoa den Ni oso bereizgarriaz idatzia, poeta kaleari begiratzen dio eta bere garaiko gertaerak aztertu, Responsibilities lanaren ondorengo Yeats poetarekin eta 30etako urteetako bigarren erdialdeko Audenekin lotu daitekeena. Hardyrekiko begiruneak bere Dorset jaioterriarengan jarri duen maitasunean du oinarri, eta Virgilio —Georgicas itzuli zuen1940an—, dudarik gabe, bere poema epikoen inspirazio iturria da, hemen aztertzen ari garena bezalakoan.

      Uste dut Bere izena Nabarra aztertzeko orduan ez zaigula oso baliagarria britainiar azken ahaleginekin epikaren eremuan izan dezakeen antzekotasunari kasu handiegirik egitea (Arnold, Kipling, Hopkins, Chesterton), baina bai komeni da Day Lewisen Wadham Collegen Literatura Klasikoko ikasle bere iragana gogoratzea, Oxforden. Heroismoari gurtzea eta itsas gaia, esate baterako, ez daude virgiliar erako inspirazio horretatik aparte eta, Spenderrek (1963, 173) egin klasifikazioaren arabera, Day Lewis poeta ez-borrokalariaren epitometzat seinalatuko lukete, eta latindar olerkariak bezala, zibilizazioaren patuaz hausnarketa egiten du bere langelako beroan. Adibidez, perspektiba baliabideek, tradizio epikorik hoberenean, patetismoa areagotzeko laguntzen dute, Eneidaren irakurlea agerian uzten duen etekinaz: Day Lewis salbamendu-txalupako pasartea Donostia ontziko tripulazio txundituaren ikuspuntutik azaltzen du, bizirik irten direnak borraka egiteari utziko diotela espero zain daudela, eta hondoratzea, berriz, kostaldetik borrokari begira adi-adi dauden lagunen eta sendikoen ikuspuntutik eta, ondorioz, pasarteari bertan parte hartzailea den lekukoaren osagai emozionala nahikoa ematen dio.

      Badago Bere izena Nabarrako bertsoetan epikarik zaharrenaren oihartzuna entzunarazten digun ezaugarri bat: Naturak hartzen duen egitekoa. Mundu-ikuskera animistara garamatzan baliabidea da, eta gizakiaren eta munduaren arteko anaitasun telurikora ere bai, eta biek bat egiten dute poemak Steerren eskutik jasotzen duen primitibismo etnikoarekin. Lehenik, homeriko konposizioetan edota epika anglosaxoiaren kennings haietan gertatu bezala, hainbat perifrasi-espresio ematen dira osagai naturalak izendatzeko: 292. bertsoan, adibidez, eguzkia «zeruaren begia» da. Bigarrenez, ez da natura soil-soilik eszenatoki inertea, baizik eta draman parte hartzen du: istorioaren hasieran, itsasoak bataila aurresentitzen du eta tenkatzen, zain, «animaliaren azala antzean» (b. 42); gero lainoa «zaindaria, arriskutik urruntzen dituen jarraibidea» (b. 53) da; Nabarra eta Canarias ontzien arteko aurreneko tiroen elkar trukean, zirrara biziak eta barne dardarak hartzen du itsasoa (b. 179-180); eta azkenik boua hondoratzen denean, zerua ilundu egiten da eta gaueko ihintza «errauts malko erako zizpurua lez» (b. 234) erortzen.

      Batzuetan, Naturaren karakterizazio antropomorfiko hori alderantzikatu egiten da, eta giza ekintzak irudi zoomorfikoen bitartez aurkezten, ontziak irudikatzen dituen prosopopeia hori behin eta berriz azpimarratuz sarritan: Bizkaia abiadura biziz abiatzen da bandera seinaleak egin bitartean, «zezenaren bizkarrean aurrez aurre sartuko diren banderillak bailiran» (b.117-119); Canarias «leviathan» bat da (b. 30 eta 112), «piztia» (b. 55), bousen mugimenduak zelatatzen dituena adi-adi eta harrituta «hontza ur-gainean pausatua bezala» (b. 136), edota txalupa bat itsasoratzen duela bere ehizakinaren atzetik «halako txakur zakar beldurgarria balitz bezala» (b. 242) segika doana; bere kanoien sugar intermitenteak «tigre azal itxura marrazten du kearen baso basatian» (b. 145-146); Nabarra, trebea eta kementsua, Canarias ontziari agertzen zaio «euli hark ziztada egin zezakeela» (b. 172) bezala, eta Donostia ontziaren bidean abiatzen den txalupa «karramarro nekatu bat» (b. 203) bezalakoa iruditzen zaie. Irudi zoomorfiko horien elokuentzia efikaza da oso: Donostiaren abiadura, Canariasen basakeria beldurgarria, Nabarraren bere ahalbidetik haratago dagoen adorea bikain sujerituak jartzen dira. Konparatiboki eskasak badira ere, irudi geologikoek badute beren interesa ere bai; itsasora erortzen diren balak «geyser bihur itsasoa ur-aparrez bor-bor» (b. 109), nolabait espero daitekeen lotura eginez, baina Canarias, tximiniaren kearekin eta bere sekulako pisuarekin, sumendi uhartea da (b. 58), metafora zoragarria.

Amaitzeko, homeriko lengoaia horrek Day Lewisek jaso zituen ikasketa klasikoetan oinarri aurkitzen badute, irudietako zenbait bere belaunaldiko estiloaren tipikoak dira. Canarias ontziari atxikitzen dizkion leviathan, piztia, sumendi irudiak garaiko literatura politikoak gustuko zuen erraldoitasunaren adibideak dira: The Olive Fieldeko kolosoa, Ralph Batesen nobela porrot egindako espainiar iraultzari buruzkoa; kateak apurtzen dituen Prometeo The Mind in Chainsen, Day Lewisek1937an argitaratu zuen saiakera sozialista bilduma; edota Gulliver proletarioa burges liliputiar jendetzaren gainetik zutitzen dena World Within a Worlden, Spenderrena. Berrikuntza hemen ez da bere presoalditik askatzen den heroia dela erraldoia, baizik eta arerio izugarria dela eta bere nagusitasuna parekorik gabea.

      Bere belaunaldiari dagokion beste irudi tipikoa, eta Espainiako Gerra Zibilari buruz ingeles literaturarena zehazki, odolarena da, kolosalismoarekin partekatzen duena bere sorburu goieskoa. Adibideak ugariak dira: «Bombing Casualties in Spain», Herbert Readena, «Christmas Present 1937», Ruthven Toddena, «Notes for a Letter», Peter Hewettena... Bere izena Nabarraren kasuan poemaren hirugarren fasean ematen dira, tripulazioaren sakrifizioa jazotzen deneko denbora tartea markatuz: 182-185 bertsoetan, oraindik ere borrokan ari direnek lagunen odolaz zipriztindurik egiten dute, holokaustoaren eta marinelen arteko anaitasuna iradokitzen duen irudi dionisiakoa eta izugarria; 206. bertsoan txalupako arraunak dira odolaz ari direnak, poetak ontziaren figura gizatartzeko duen prosopopeiaren erabilera azpimarratzera datorren hiperbolea, 219-220 bertsoetan, txalupak ur gainean uzten du odol lerroa bere itzuleran, «ibar odoletan joanik, haien arnasaren azkena», ikus-indar handiko irudian, azkenik, 243. bertsoan, Canarias ontziak ihesi doan txalupa harrapatzen duenean, bertakoak «mamu-itxurako tripulazioa» baino ez dira borroka luzea eta desberdintza handikoaren ostean.

Gerraraino hurbiltzen diren poeta britainiarren artean hirugarren irudi komuna zezenketa metafora da: «The Bombed Happiness» liburuan azaltzen da, Spenderrena; baita ere «A Moment of War» Iiburuan, Laurie Leerena; eta «Elegy on Spain» liburuan ere bai, George Barkerrena. Kolosalismo goieskoaren gisa edota Aste Santuko iruditegian inspiratu irudi odoltsuan bezala, Espainiari buruzko ideia arketipikoari erantzuten dion topikoa da: oraingo honetan, zezenketa. Day Lewisen kasuan historiaren esperientzia zuzenaren falta salatzen duen susmoa pizten du. Hein berdinean, 227-229 bertsoetako suzko irudi zirraragarria —Gipuzkoa ontzitik eroritako tripulazioa sugarretan da erretzen, gorpu-arimak argizkoak balitu bezala pizten zituen heriok— edota zeru koloreen aldaketari aipamena (b. 179) Steerren kontaketatik jasoak dira zuzen-zuzenean (1978, 151-152).

      Hala ere, irudien inguruan ari bagara, nagusia Auden zen;unibertsitateko haren lagunak eta ikaskideak colletfeko bere logelatik irizpide berriez jositako haren bakarrizketa luzeetan predikua zer nolako goiztiartasunez sortzen zuen gogoratzen zuten Cecil Day Lewis ez zen salbuespena: Oxforden izan zuten lehen elkar topo egite hartatik poeta gaztearen «aparteko argitasunak eta bizi indarrak» nola hunkitu zuen gogoratzen du; gainera, Auden izan zen Frosten eta Hardyren poesia eskura jarri ziona eta elkarrekin Oxford Poetry publikatzeko gonbidatu zuena, 1927an. Horrela, badago Bere izena Nabarrako irudi asko Audenek gidatutako belaunaldiko hizkerarekin lotzerik, industria paisaiarekiko haren lilurarekin eta bere gazte eta kirol estetikarekin. Adibidez, 61. bertsoan Canarias pisu handiko boxeolaria da, eta 161 .ean, berriz, Nabarra, jada Gipuzkoa eta Bizkaia ontzien laguntzarik gabe, «bakarrik geratu da ringean», boxeo irudia luzatuz horrela. Horrekin bat, txalupatik Donostiarekin mintzo den gizona «pilota partida honi amaiera eman bihar diogu-eta» (b. 214) esaten du, kirol irudi berri batean, Steerrek benetan gertatua bezala idazten duena. Gainera, Steerrek berak era horretako irudienganako joera zuen: Agirre erretratatu zuenean, harekin txundituta, Athleticeko aurrelari moduan margotu zuen, izana zen bezala: «Futbol talde bateko kapitaina izateari heldu zion berriro ere, eta galtzera deituak egon bazeuden ere, men egingo zioten txilibituari eta araudiari».

      Ludiko izaeradun irudi horien eragina, haren aurretik datozenen izugarrikeriaren larritasunarekin alderatuta, batetik, arina eta une batekoa den distantzia ironikoa da, Audenek poetari aholkatu «hotz klinikoaren» ildotik; baina, bestetik, estilo zuzenaren sartzeak ekintzaren heroismo tragikoa areagotzen du, kirol metaforak bere drama propioaren gainetik jartzen dituela moralki heroiak, sosegu eta erabakitasun ikaragaitzaz.Ondorioz, Bere izena Nabarrako kantua premiazko diskurtsoa baino, zor baten kitatzea da gehiago, heroia anonimoei zor zaien omenaldia.

 

Edizioa eta itzulpena 

 

      Dudarik ez dago Cecil Day Lewis The Nabarra lanari zion begiruneaz. 1951ko bere antologiarako aukeraketa egin zuenean, bertan sartzea erabaki zuen aldaketa aipagarririk egin gabe.Egilearen oinordekoen aginduei jarraituz, bere Complete Poems liburuko bertsioa hartu dugu oinarri, Stanford University Press-ek kaleratuta hura, 1969an. Edizio horretan aurkitu akats bakarra zuzendu dugu, b. 69 («astonished» izan ordez «atonished»). Bada The Nabarra lanaren gaztelerazko beste bertsioa, De arrantzales a gudaris del mar (Bilbo: Loroño, 1978) liburuan, eta euskarazko beste bat (Nabarra. Bilbo: Idatz&Mintz, 2003) Luigi Anselmik egindakoa. Edizio honek bere barne baitan hartzen ditu originala eta gaztelerazko zein euskarazko bertsioak.

 

 

Oharrak

 

* Kantauri itsasoko Ontzi-indarraren arduradun nagusiak, Enrique Navarrok, desertatu egin zuen, Frantziara ihes egin eta zigorrik gabe atera zen Burgosen egin zitzaion epaiketatik, kausa nazionalaren interesak zaindu zituela frogatu baitzen. Urpeko ontziei dagokionez, egoera are okerragoa zen: 1936ko abuztuan heldu ziren Kantauri itsasora C-3, C-4 eta C-5 urpeko ontziak; irailean, C-6a, C-2a eta B-6a, baina denek —C-2a eta C-6a izan ezik— bando nazionala begikoa zitzaien buruak zituzten.

* Carlos Moya Blanco kapitaina, bando nazionalari bere ontzia entregatzen saiatu zen, baita ere etsaiak ziren ontziei ihes egiten utzi zien.

* Yorkbrook ontzia bertan izan zuen parte hartzeak misterioa izaten jarraitzen du. Estoniar banderaduna, hiru herri desberdinetako kapitainak zituen, Canarias ontziak harrapatu bazuen, zeraman arma zama bando errepublikanoari zuzendutakoa zela pentsa daiteke; errepublikar agintariek ez zuten haren etorreraren berririk ordea.

* Starting Point (1937), Cecil Day Lewisen aurreneko nobelan, protagonistak, Oxfordeko ikasleak, komunismoa besarkatzen du, greba denboran poliziaren erantzun basatia dela eta. Kontaketak egilearen belaunaldiko klabe asko laburbiltzen ditu.

* Ugariak izan ziren belaunaldi haren artean komunista militanteak (Ralph Fox, Charles Madge, Stephen Spender, eta abar), baina Cecil Day Lewis izan zen iraunkorrena eta ospetsuena. Tbe Magnetic Mountain (1933) lanarekin bere militantzia politikoa idazketan islatzen lehena izan zen, Audenek eta Spenderrek behin baino gehiagotan hartu bidea seinalatuz, diskurtso politikotik aparte jarria baitzuten beren literatur jarduera ordura arte. Bestalde, ezker alderdirako joerak gehiengoa hartzen bazuen ere, eskuin indarra ez zen izen handirik gabe geratu: Eliot monarkia zalearekin eta Pound faxistarekin batera, Wyndham Lewisek, Evelyn Waughek eta Roy Campbellek bando frankistarekiko beren babesa adierazi zuten Espainiako gerran.

* «Suaren pipila, kearen lorea, burdinaren ale haizatua exotikoak aldira gaur? Aise haziko zaizkigu gertuago».

* Niall Binnsek (2004, 32-34) Gerra Zibileko atzerritar idazleen arteko banaketa interesgarria proposatzen du: borrokalariak, kongresistak eta uste gabeko lekukoak.

* Steerri buruz gehiago jakin nahi duenak ikus beza Nicholas Rankinen Crónica desde Guernika. George Steer corresponsal de guerra. Paloma Gil Quindos itzultzaile. Madril: Siglo XXI, 2005.

* Interpretazio horrek E. Alison Peersek The Spanisb Trajedy liburuan jarraitzen duen tesia ulertzen laguntzen digu: gatazkan parte hartu zuten faxismoaren eta ezker alderdiko indarren arteko borroka hartzen zuen eskenatokia baino ez zuten harengan ikusi, herriak dituen bereizitasunak eta historia alde batera utziz.

* Izan ere, Nabarrako tripulazioaren gehiengoak PNVko edota ELAko agiria zuen, eta ez ezker taldekoen txartelik.

* Paralelismoa ez da alferrikakoa. Eisensteinen zinematografia, sinboloaren eta muntaiaren laguna, John Grierson dokumentalista eskoziarrak sartu zuen Britainia Handian, eta Day Lewisen belaunaldiak bat egiten zuen nolabait haren ideologia eta estetikarekin («ez zaizkit pelikulak gustatzen berez, baizik eta beren propaganda baliabidea», esana zuen urte batzuk atzera). Griersonentzat aritu zen lanean Auden, 1935ean eta 1938an.

* Steerren nobelak edota Day Lewisen poemak duten propaganda maila neurtu ahal izateko kontuan hartu behar dugu euskal agintariek, mendebaldeko demokrazia guztien artetik, Britainia Handikoarengan jarria zutela bere itxaropenaren nagusia. Jelkideen arteko anglosaxoizaletasuna aurreagotik zetorren bilbotar burgesiak Ingalaterrarekin zituen harremana komertzialak zirela eta, gogoratu bestela Sabino Aranak lehen ministroa boerren kontrako bere garaipenarengatik nola zoriondu zuen telegramaz, eta nola baita ere Euskadi britainiar protektoratu bihurtzeko proiektua otu zitzaion, independentzia lortzeko.Gerra iraun bitartean, Luis Aranak eta Lezo Urreztietak Londreserako bidaia egiten dute britainiar Gobernuaren laguntza eskatu ahal izateko, baina alferrik. Itxaropen guzti hark, eta egia da, zenbait britainiar ontziek Bilboko blokeoari ihes egin eta janaria ekarri ahal izan zutelako oinarria zuen, ondorioz Londresen Eusko Jaurlaritzak zuen delegatuak «ingeles herriarekiko bere fedea» aitortu zuen, baita ere parte ez hartzeko hitzarmenarekin Britainia Handiak Alemania engainatu baino ez zuela egin nahi interpretatu. Hala eta guztiz ere, Chamberlainek boterea hartu, eta bere kontzesio politikak itxaropen guztiak zapuztu zituen:Gernikako bonbardaketaren ostean ere, Agirre Parisera eta Londresera laguntza eske jotzen duenean, ez dutela harengandik zer egiterik erantzungo diot, ezta politikari eta militarren ebakuazioa ziurtatu ere, amore ematen ez bazuten behintzat.

* Esteban Pujalsek (1989, 58) dokumentazioa nahikoaz argitu du atal hori.

 

BERE IZENA NABARRA
Gabriel Insausti

Bassarai, 2006
euskaratzailea: Jose Luis Padron
armiarma.eus, 2022